Txango hona, txango hara

Lorentxok utzi zuen modutsuan dago dena, baina atariko pinu alertzea ikaragarri hazi da

Demagun Zaldibiako Goiko Plazan zaudela. Lau bide har zenitzake txango egiteko.  Nik laugarrena hartu nuen aurrekoan, bi ordu eta laurdenekoa.  Parke botanikoa, Olaa eta Olalde kale-baserriak eskuinetara utzi, eta Amondarain ibaiaren ertzetik aurrera egin nuen! Alboko zelaian artaldea, txalaka eta txintxarri, dunbak bere garairako utzita. Errepidearen alde bietan, arraza bereko behi-talde bana; bikainak, alazankoa! Ondoren, Braulio-presa, lehengo itxuraren arrastorik gabe, berrituta, amuarrainen babesleku. Santa Barbara ‘mini-ermita’, eta baserriak bi aldetara: Aiestarangoena, Aierdi, Errekalde, Konporta, Antsusieta… Antsusietan geldialdia. Egurrezko besaulki dotorea atarian. Nagusia falta! Aurrerago, Antxusietatelleri eta Lazkaoetxe, zein baino zein txukunago. Bata txiki eta fin, beste handi eta eder. Hirugarren kilometroan, Joxe Mari zenak bizikleta gordetzen zuen etxolaren ondoan, errepide ertzean, bi pago-tantai. Aspaldiko urteotan egin duten irabazia! Metro banako zirkunferentzia oinarri dutela, horren gainean hogeina metro jaikiko dira; batak sardengo bakarra; besteak, bi besanga. Azpialdeko zelaian, Joxeren behi gorriak larrean.

Hemendik hurrengo geltokira bide laburra dago, 400 metro. Balkoi gisako batean gaude. Handik primeran ikusten da Zentraleko Presa, urez gainezka, eta inguru atsegina jiran, arrantza-eskola eta guzti; egunpasa egiteko toki aproposa. Berdin ikus daiteke, balkoi horretatik, CAFen beheko indar-etxea edo zentrala, kanpotik. Barruan, makinak eta uraren interpretazio-zentroa dauzka. Aureraxeago, Deposituetatik ura dakarten tubo handi eta lodiak.

Kilometro bat eskasera Arkakara iritsiko gara. Handik Olaako Lorentxo zenaren etxolara. Lorentxok utzi zuen modutsuan dago borda zaharra. Baina atariko pinu alertzea ikaragarri hazi eta loditu da. Bikain dago, lerden, lirain, Lorentxok merezi bezala. Iritsi gara goiko kanalera. Kontuz, erori gabe! Bide nahiko estua da. Behealdetik sasia, goitik ura. Gero, Deposituetara ailegatuko gara. Presak erdi beteak daude. Etxea itxia, Joakinen absentzia adierazten duela. Gauza asko lehen bezala, baina han ere nagusia falta. Badira urte batzuk gure artetik joan zela. Gero Ausoegitik behera (a ze obrak egiten ari diren, aerodromoa dirudi), Olarango Saroira; handik Iparragirre eta Bitorioetxera; Gorriñe, Mendizabal eta beste baserri batzuk atzean utzirik, berriro Goiko Plzara. «Ah, urte mordoa kendu dut bizkar gainetik!»

Advertisement
Publicado en on diciembre 1, 2011 at 9:37 pm  Dejar un comentario  
Tags:

El URI para hacer TrackBack a esta entrada es: http://rufiraola.wordpress.com/2011/12/01/txango-hona-txango-hara/trackback/

RSS feed para los comentarios de esta entrada.

Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

Logo de WordPress.com

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Cambiar )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Cambiar )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Cambiar )

Connecting to %s

Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.