Menditik kale berrira

Ez da erraza hain obra laburrarekin historian sartzea. Bertsolaritzako Juan Rulfo dela esango nuke

 Liburu baten azalari itsatsiak daude nire begiak. Adineko gizasemea ageri da argazkian, baina tentea, nahiz eta eskuineko eskua makuluari atxikia eduki; ezkerra, patrikara bidean, erabat ezkutatu gabe; traje grisa soinean; alkandora zuria; zapata beltzak; buruan txapela, eta betaurrekoak sudur gainean. Artzain eta azeri-harrapatzaile izan zen; bi ofizio, noski, elkarrekin ongi konpontzen direnak: ardiarentzat etsai porrokatua da azeria eta, bidenabar, artzainarentzat ere bai.

Horrez gain, bertsolari izan zen, herri-bertsolari edo, hobeto esan, taberna-bertsolari. Bere garaikoek eta harekin jardundakoek bertsolari ona zela esaten dute. Baina non dira haren bertsoak? Tabernako kearekin batera eraman zituen haizeak lainoetara. Bi dozena eskas dira ezagutzen ditugunak; hori bai, apartak, banan-banakoak. Badakigu bertso horiek gorde izanaren “errua” nork duen: Olaako Lorentxo Sukia, Patxi Iraola, Lazkao Txiki, Florentino Goiburu eta R. Iraolak. Horiek izan ez balira, ahaztua zegokeen gure pertsonajea. Batzuek eta besteek, nork bere erara, asko —asko ez— dena lagundu dute gaurko nire artikuluko protagonista ilunpetik argitara ateratzen. Besteak beste, gogoan izan, bere omenez, bertsolari gazteentzako txapelketa egin zela 1977tik 1989ra. Urte batzuk lehenago, omenaldia eskaini zion herriak bere seme bertsolari eta azeri-harrapatzaileari: 1974ko ekainaren 30ean, hil baino hilabete eta erdi lehenago.

Ez da erraza hain obra laburrarekin, historian sartzea. Norbait egon liteke kezkati, kalea eskaintzerainoko meriturik ba ote duen pentsatzen. Bere jagole izan direnek ere sentimendu kontrajarriak dauzkate: alde batetik, apur bat ahalke sentitzen dira, “apopiloaren” ohore handia dela bide; bestetik, ordea, txit pozik. Egia esan, kale berriaren jabeak ederki sintetizatzen ditu herri honek historian zehar izan dituen bizimodua eta jardunbidea. Gainera, guztiz erabaki demokratiko eta errespetagarria da Udalarena. Dena den, ironia polita, beti mendian ibili zen gizonak kaleari izena ematea.

Bromak aparte, Bertsolaritzako Juan Rulfo dela esango nuke. Mexikarrak nobela pare bat baino ez zuen idatzi; ‘Pedro Paramo’, horietako bat, eta horrekin bakarrik guztiz ospetsu bihurtu zen literatura-munduan. Gure bertsolariaren kasua ere antzekoa da.

Gazte asko hasiko da, hemendik aurrera, “Artxanberri kalean bizi naiz” esaten. Baina ez gogoratu kalearen izena bakarrik, bertsolaria ere aintzat hartu. Bihar da ekitaldia.

Advertisement
Publicado en on diciembre 16, 2011 at 9:25 am  Dejar un comentario  
Tags:

El URI para hacer TrackBack a esta entrada es: http://rufiraola.wordpress.com/2011/12/16/menditik-kaler-berriara/trackback/

RSS feed para los comentarios de esta entrada.

Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

Logo de WordPress.com

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Cambiar )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Cambiar )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Cambiar )

Connecting to %s

Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.