Bahator aurten ere

Sagrarioan gorde eta adoratzeak ez dik balio, hire mezua oinperatzen badugu

 Ez gaituk disgresio teologikoetan sartuko. Ezta historikoetan ere. Onartzen diagu, fededun ala ez, borondate oneko gizakume guztientzat haizela eredu, hau da, «Pax hominibus bone voluntatis.» Bahator aurten ere. Gure herriari dagokionez, aldaketa bat aurkituko duk iaztik aurtena: ETAk hitza emana dik biolentziari uko egiten diola. Notizia ona duk.

Olentzerok –dagokion eran– animoso iragarriko dik hire etorrera. Hala ere, problema handiekin egingo duk topo. Etxea kendu, kanpora bota  eta Gabonak non ospaturik ez duen jende askorekin aurkituko haiz. Horiekin solidario izaten irakatsi higun, baina ez diagu oraindik ulertu. Ez duk harritzekoa. Apostoluei ere gauza bera leporatu hien behin baino gehiagotan. Adibidez, «Ez al duzue ulertzen parabola hori? Hortaz, nola ulertuko dituzue beste guztiak?» (Mk 4,13).

Ez ulertzea da gauza bat eta ulertu nahi eza bestea. Gure bekatua, batez ere, ulertu nahi eza da. Gauzak ulertu nahi eza da, agintarien aldetik, solidaritatea abstraktuan eskatzen zaigunean. Batzuek baino beste batzuek erru handiagoa dute krisi honetan, eta logikoa da erantzukizunak ere erruaren arabera banatzea. Austeritatea eskatzen zaigu. Gehienei ez dago austeritatea eskatzerik; behar dutenera ere doi-doi iristen dira-eta, eta iristen badira!

Ulertu nahi ez izatea da prostituta, immigrante, marjinatua, ernegatu, eskale, etxerik gabeak… poliziaren bidez kaletik ezkutarazi eta problema horrela konpondu nahi izatea. Agian, hire etorrerari esker, egunotan tratu hobexeagoa izango ditek. Gure bihotza beratuko duk apur bat. Jaiotzaren aurrean belaunikatuko gaituk. Sagrariora begiratu eta adoratuko haugu. Sagrarioan gorde eta adoratzeak ez dik, ordea, deus balio, hire mezua oinperatzen badugu. Eta hire mezua klarua duk: Jainkoaren Erreinua mundu honetan hasten da, eta munduko egoeraren aurrean begiak ixten dituena Erreinutik kanpora dago. Harrigarria izango litzateke horrelakorik zoriontsu izatea.

«Gaur» asko entzuten da Lukasen Ebanjelioan: «Gaur bete da profezia hau zuen aurrean.» (4,21). «Gaur gauza harrigarriak ikusi ditugu.» (5,26). «Gaur zuen etxean hartu behar du ostatu.» (19,5). «Gaur iritsi da etxe honetara salbazioa.» (19,9). «Gaur nirekin izango zara paradisuan.» (23,43).

Gabonen hurbiltasunak guztiongan pizten du solidaritatearen espiritua. Hau ulertzea falta zaigu: bihar ere ‘gaur’ da, etzi  ere ‘gaur’ da, etzidamu ere ‘gaur’ da… Eta horrela urte osoan bizi Gabonetako espiritua.

Advertisement
Publicado en on diciembre 22, 2011 at 7:05 pm  Dejar un comentario  
Tags:

El URI para hacer TrackBack a esta entrada es: http://rufiraola.wordpress.com/2011/12/22/bahator-aurten-ere/trackback/

RSS feed para los comentarios de esta entrada.

Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

Logo de WordPress.com

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Cambiar )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Cambiar )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Cambiar )

Connecting to %s

Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.