Eliza Unamunoren kontra

«Ez zaitzatela sailka. Egin ezazu azeriak egiten duena: buztanarekin arrastoak ezabatu».

Batzuek anarkista deituko diote. Beste batzuek mistiko, jesuita, zoro, protestante…

«(…) legenda doilor eta iraingarria desegin (…)».

«Ohartzen ari naiz nire inguruan konspirazioa gauzatzen ari dela,. isiltasuna baino okerragoa».

«Ez dut nahi sailka nazaten, berriz diot. Iheska nabilkio, izurriteari baino areago»

Kontuak kontu,  Unamuno, «marabut hutsa», Ortega y Gassetentzat, kontraesanaren paradigma izateko jaioa zen.

Unamuno, Miguel. Eliza. Elizaren intolerantzia. Salamancara iritsi orduko hasi zen problematan P. Camara gotzainarekin. 1903an jo zuen goia polemikak. Aho-bizarrik gabe erasoko dio bilbotarrari: «Ospe osasungaitzak seduzituriko elementua. Distira faltsua. Gure Eliza ama santuarengandik urrun. Gaztedia deskatolizatzen dihardu. Utz dezala alde bat Elizaren aurkako joera. Meza entzun. Konfesatu. Kristo bihotzeratu».

Hori guztia 1903ko azaroaren 24an.

Unamunok, beharko, protesta egingo du:

«Bada berorren gutunean protestatu beharreko zerbait: gizabiderik gabe ari omen naiz lanean kristauen bihotzean fedearen zuzia itzaltzearren, eta abar. Gotzain maitea, gaizki informatu dute, ez dakit ezjakintasunez ala borondate txarrez».

Eta:

«Inork ez dit esango azken urteotan inon ikusi duenik nire idatzirik edo entzun nire hitzik kristau fedea itzaltzera zuzendutakorik. Eta inoiz ere ez, ezta inoiz ere, inoiz ere ez dut idatzi edo esan sentimendu erlijiosoak heriotza bidean ipini behar direnik».

P. Cámarak berean jarraitzen du. Hezkuntza Publikoko ministroarekin aurrean hurrena: «Begi-bistakoa eta jakinekoa da Erretore Jaunak, Miguel Unamunok, gaztetan galdu zuela fede katolikoa eta bazter guztietan hedatzen ari dela doktrina heretiko kaltegarriak». Estrategia: Unamunoren testuak kondenatu, Erretoretzatik ken dezaten. «Baina Madril aldeko mahatsak berde samar ikusi zituen, eta bakean utzi zidan», komentatzen du Miguelek.

Mujikari idazten dion gutunetan hori bera esaten dio: «Neurri guztiak gainditzen ari da hiri horretan nire kontra egiten diren kanpainak».

Cámararen beste ekintza bat: bere kolegio doktoralari agindu zion Unamunoren idatziak aztertzeko, «diskreziorik handienean». Zentsuratzaileak: Eloino Nácar Fuster, Antonio Pèrez Goyena, eta abar. Benigno Hernández jesuitak aztertu eta argitaratu zuen dokumentu hori. Guztiz kritiko azaltzen da dokumentuarekin Benigno Hernández. Rodríguez Vicente karmeldarra, Miguel de Unamuno. Proa al infinito liburuaren idazlea, bat datorren jesuitaren iritziarekin.

Ponentziak 100 bat orrialde aztertzen ditu. 25 heresia kontatu zituzten.

Ponenteetako batek, Pérez Goyena jesuitak, artikula idatzi zuen. Beste perla batzuen ondoren, hau bota zuen: «Beharbada, Salamancako irakasle hori da publizistari handiena. Gure fedeko artikuluei, ahoa betean, gehien eraso diena. Harnack-en dotrinak bere egin dituena (teologo protestantea)».

1934an, laburpen gisakoa egiten du, P. Cámararekin izandako gorabeherak kontatzeko.

«(…) Portzierto, gotzainarekin liskar batzuek izan nituen. Hala ere, nahiko ondo konpondu ginen, nahiz eta saiatu zen ni postu honetatik botatzen, herejea omen nintzelako (…)».

1904ako maiatzaren 17an, meza Salamancako katedralean Cámara gotzainaren osasunaren alde. Hantxe zen Unamuno. Hiletara ere joan zen.

1901ean, gutuna bere lagun Illundaini:

«Erretoretzak asko balio dit talaia moduan. Badakusat hamaika giza miseria. Asko ari naiz ikasten. Egunen batean elkar ikusten badugu, kontatuko dizkizut gauza politak. Adibidez, Coriako gotzainarekin ditudan gorabehera batzuk. Behin honezkero ikusi nahi dut zein de burugogorrena: gotzaina ala bizkaitar bat».

Ramon Peris Mencheta zen Coriako gotzaina. Dirudienez, irakaskuntza, programa eta irakasleak izendatzeko moduarekin zeuzkaten diferentziak.

1905ean, Bartzelonara joan zen, ponentzia bat aurkeztera. Unibertsitateen II. Asanblada. Urtarrilaren 2tik 7ra. La Publicidad egunkarian atera zen ponentzia, aldez aurretik. Bartzelonako kardinalak, Salvador Casañas y Pagés (1834-1908), desenkusatu  egin zen. Rodríguez Méndez erretoreari bidali zion gutuna. Eragozpenak: «Nire kontzientziako betebehar saihestezinek eragozten didate parte hartzea. Inolaz ere ez dezaket onartu, elizbarrutiko gotzaina naizen aldetik, Kristoren eskubideen eta bere Eliza Santuaren aurkako erasorik». Ondoren xehetasun gehiago. Azkenik, Unamunoren izena. Eta:

«Hedabide bat baino gehiagotan argitaratu da Unibertsitateen Asanbladan eztabaidatuko den proposamena. Gure erlijio santuan oinarrizkoa den dogma bat ukatzen du. Kristoren mandatuz dagokion eskubide eta betebeharra da irakaskuntza. Vaticano Kontzilioan fedeko dogma bezala jasoa. (…). Ez da zilegi Asanbladak Jainkoaren irakasbideen kontrakoa irakatsi eta zabaltzea. Eta Unamunok aurkezten duen ponentziakoak hala dira».

Elizaren partetik kolpe handia zen Unamunoren aurka. Kardinalaren gutuna zela medio, 50 irakaslek bertan behera utzi zuten inskripzioa. Baina oztopo guztien gainetik Unamunok gogor defenditu zuen bere ponentzia:

«Heziketa Publikoa, 1857ko legea, 295 eta 296 artikuluak, gaur oraindik indarrean.  Elizbarrutiko gotzain eta gaineratiko artzainak ahalbidetzen ditu Irakaskuntzan parte hartzeko, fede katoliko ortodoxoaren aurkako doktrinarik irakats ez dadin. Eta  deritzoten liburuak salatzeko duten eskubidea, hori gerta ez dadin. 1851 Konkordatuaren 21. artikuluan jasoa. Artikulu horren deuseztapena eskatu behar da».

Ponentzian lau puntu zeuden onartzeko. Lehenengo hirurak onartu ziren. Laugarrenak hau dio:

«Legebiltzarrari eskatu, ikerketa eta printzipio filosofiko eta zientifikoak bermatzeko, formalki deusezta dezala Konkordatuaren 21. artikulua, Hezkuntza Publikoaren Legeko 295 eta 296 artikuluak, gaur oraindik indarrean, eta gaineratiko disposizioak. Aginte akademikoz kanpoko inoren injerentziarik gerta ez dadin irakaskuntza publikoan».

Azkeneko hori ez zen onartu.

Gerora, haren proposamenak logikotzat ikusten ziren. Denborak arrazoi eman zion gauza askotan. Ikus dezagun zer esaten zuen Konkordatuko lehenengo artikuluak: «Erlijio katoliko, apostoliko eta erromatarra –eta ez besterik– da Espainiako nazioaren erlijio bakarra». Ondo markatzen da, behar izanez gero bi aldiz edo hiru aldiz, erlijio katolikoaren esklusibitatea. Unamunok talkan egiten du Estatuaren konfesionalitatearen aurka. Behin, maistra protestante bat defenditu izan behar. Aitzakia hemendik eta aitzakia handik, bota egin nahi zuten. Zer kulpa zeukan neskak, etxean edan zuen iturriko ura protestantismoa baldin bazen?

P. González-Arnirerorekin ere izan zuen hitz-trukatzerik. 1909an argitaraturiko liburu batea, seguruenik 1906an amaitua, zera dio:

«Ospe handiko irakasle jakintsu batek sekulako ezbeharra dauka: fedea galdu. Alde batera sentitzen du bere egoera tristea. Orain asko ez dela galdezka nuen ea nora irits ote zitekeen kotolizismoaren egia. Kristau zirela ziotenen artean Ebanjelioaren antitesia baino ez zuen ikusten. (…)».

Badirudi orokorra zela Salamancan iritzia urte horietan, hau da, Unamumo hatzez seinalatua: federik gabeko gizona. Eta Arinterok berriro: «Ilunpe beltzean galdurik dabiltzan arimak, erratu eta zalantzatiak».

1934ko maiatzaren 15ean, Rafael García y García de Castrok, gero Jaengo gotzain eta Granadako artzapezpiku izango zenak, 1935ean publikatuko zuen libururako kapitulu bat idatzi zuen. Beste behin gehiago, Unamuno zentsuratua: «Labaintegian sartu zen, eta heresiak irentsi zuen». Bada aldeko iritziren bat ere: «Alde batetik zetazko jantzia darama. Bestetik, eskalearen trapu zaharrak».

1942ko martxoaren 20an, Unamuno hil eta handik 6 urtera, Pla y Denielek, Salamancako gotzain zela eta Toldedora joateko izendaturik zegoela, debekatu egin zuen bere elizbarrutian Unamunoren Del sentimiento trágico de la vida. «Katolikoak ez dauka liburu hori argitaratzerik Elizaren baimen berezirik gabe: ez argitaratu, ez leitu eta ez berekin eduki». Jarraitzen du: «Madrilen publikatua, hiri hori Espainia Nazionalaren aurkakoek hartua zeukatela». Beste gotzain batzuek bat egin zuten Pla y Denielekin: Avila, Gasteiz-Vitoria, eta abar.

1946an, aipatu dugun Rafael García horrek, jadanik Jaengo gotzain, Quintín Pérezen hilondoko liburuaren hitzaurrea egin zuen:

«Tristea Unamunoren obra! Tragikoa. Agonikoa. Bere liburuen izenburuekin esatearren. Tristeago oraindik propaganda okerraren bidez idolo bihurtu eta gaztedi eskuzabalari inposatzea. Horizonte garbi eta argiak nahi ditu gaztediak. Gaztedi horren eskubidea: bere espiritua asebete, ideiak eta bizitza krisi sakonak jo dituen garai honetan, eszeptisismoaren laino beltz eta hilobiko harrak baino zerbait gehiagorekin».

Bai poetikoa: laino beltz eta hilobiko harrak! Bada Pla y Denielen gutun bat liburu horren inguruan. Pozten da gogotik! Eskertsu azaltzen da autorearekiko. «Intelektualei dagokienez, ez da fetitxismoan erori behar». Unamuno da gizon heterodoxo horietako bat. Eta: «Espainian inoiz ez daitezke, arrazoiz, aurkeztu hemengo pentsamendu tradizionalaren ordezkari moduan; orotara, behintzat; nahiz eta, noizbehinka, aipa daitekeen bere idazlanen zatiren bat».

1953an, Kanarietako gotzaina, Antonio Pildain Zapian, kementsu plzaratuko zaigu, pastorala besapean: Don Miguel Unamuno hereje máximo y maestro de herejía. Hori errabia dario! Berrogeita bost gai kondenagarri aurkitu zituen Unamunoren liburuetan. Gainera, kontzientzia osoz eta indarrez ukatzen ditu kristau fedeko dogmarik gehienak: hamalau. Gonzalez Caminero jesuitak berretsi egiten du «Unamuno de la garai modernoko Espainiako herejerik handiena». 1953ko abenduaren 6an, Astorgako gotzainak, Jesus Meridak, Eguberri aroan, pastoral hau plazaratuko du: La restauración cristiana de la cultura Unamuno eta Ortega Gasset hartzen ditu ahotan. Unamuno: «modernista, luterotar arrazionalista eta bere aberkideen fedearen etsairik bipilena» Don Jesusen ustez, antzinako «jainkoen» itzulera da: «idolo intelektual faltsuak». Teruelgo gotzainak, Villuendas Polok, oharra atera zuen prentsan. Txalo egiten zion, bere osotasun osoan, inolako erreserbarik gabe, Kanarietako gotzainaren pastoralari. Sevillako Segura kardinala ere Pildainen pastoralaren laburpen luzea argitaratu zuen bere elizbarrutian: Sobre un enemigo de la iglesia.

1957ko urtarrilaren 30ean, Ofizio Santuko Kongregazio Gorenak kondenatu eta debekaturiko liburuen Indizean sartu zituen liburu hauek: a) Del sentimiento trágico de la vida; b) La agonía del Cristianismo. Gainera, ohartarazi zuten autore horren beste liburu batzuetan ere bazeudela fede eta ohitura onen aurkako gauzak. Urtarrilaren 31ko L’Osservatore Romanon, dekretuan ondoan, sinadura gabeko komentarioa dator. Kondena justifikatu nahi du. Diagnostikoa: «larritasun itzeleko errore mordoa espainolak idatziriko liburuetan». Letania luzea da. «Errorea errorearen gainean».  Aurrerago: «espiritualitatea eta arimaren hilezkortasun ukatzen ditu». Amaieran: «Unamuno heretikoa». deitzen dio. Derrigorrezko zen kondena publikatzea. Logikoa denez, Espainiako aldizkari esanguratsuenetan  publikatu zen: Eclesia, Razón y fe, eta abar. Baita elizbarrutietako buletin ofizialetan ere. Salamancan, konkretuki, dokumentu batez lagundua atera zen: «dena ez da galtzuria, iraka ere bada tartean». L´Osservatore Romanoren komentario anonimoa ere argitaratu zen, eta berdin Vatikano Irratiaren komentarioa. Bi izan balitz eskainiko zien hitz ederrik, 1910 idatzitako poema hau bezala:

«Badakizu, ni ez naiz horietaz kexatzen,

eta naturaltzat jotzen dut eskomulgatzea;

oso justua da Elizak Arrantzalearen

giltzekin hazkatuz zorriak hiltzea».

Ofizio Santuak Unamunoren liburuak kondenatu eta handik bi urte justura, 1959 urtarrilaren 25ean, Juan XXIII.ak kontzilioa deitzeko asmoa azaldu zuen. Urte bereko ekainean, Tardini kardinalak, Estatu idazkari eta kontzilioa prestatzeko komisioko presidenteak, kontzilioan tratatzeko gai eta iradokizunak eskatu zizkien. Espainiatik 81 gotzainek erantzun zioten. Gotzainek badute Ortega y Gasset eta Unamunori buruz proposamenak egiteko asmoa. Gasteiz-Vitoria eta Iruñako gotzain ohiak, Mateo Mujika Urrestarazuk, bereziki Unamuno aipatzen du. Gauza nahasgarriak esaten ditu, bigarrena behintzat: a) Eliza katolikoan bataiatu eta bide okerra hartu eta erroreak eta heresiak  zabaldu dituztenei exijitu beharko omen litzaieke damutzea. Gero, berriz ere Unamuno ahotan: «Unamuno jaunak, Salamancako Unibertsitate zibileko errektoreak, bere obra batzuetan heresia asko jaulki zuen. Ez Ortega eta ez Unamuno ziren damutu. Ez ziren damut, heriotzako orduan, Espainia osoan emandako eskandaluaz. Hori dela eta, Unibertsitateko gazte  askok leitu eta defenditzen dituzte. Beharrezko da, beraz, kasu hauetan eta antzekoetan konponbidea jartzea kontzilio ekumenikoan». Eta nola egiten da hori biak hilda badaude? Edo zer nahi zuten? Berriro kondenatzea? Baziren ikuspegi zabalxeagokoak ere. Adibidez Albaceteko gotzainak, Arturo Tabera Arazoek, adierazi zuen ez zela komeni kondenazio eta debekuetan sartzea; hori beste garai bateko kontua zela eta ez zela efikaza. Gaitz erdi! Kontzilioan ez zen Unamunoren izenik atera. Agian, justu samar salbatuko zen.

1964ko irailaren 29an bete ziren ehun urte Miguel Unamuno jaio zela. Hori zela eta, Hezkuntzako Ministerio Nazionalak Dekretua argitaratu zuen. Dekretu horri esker, 1964ko uztailaren 27an mendeurrena ospatzeko Junta Nazionala osatu zen.  Gobernuak, egun batzuk lehenago, disposizio batzuk atera zituen, lau artikulutan banatuak, mendeurreneko ekintzak aurrera eramateko. Omenaldi eta kultur ekintza asko izan zen: Avila, Balearrak, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Kanariak, Madril, eta abar.

Bilboko gotzainak, Pablo Gurpide Beopek, bere erara ospatu zuen. Gutun-pastoral luzea atera zuen: Pastoral en el centenario de don Miguel de Unamuno. Bost atal zituen: I. Sarrera. II. Miguel Unamuno. Bizitza. III. Miguel Unamunoren printzipio filosofiko eta teologiko-erlijiosoak. IV. Ukaturiko dogmen erlazioa. V. Azken aholkuak.

Hirugarren pertsonan idatzia dago. Hona pastoral horretako pasarte batzuk, oso tonu gogorrean. Karguak behartzen du hitz egitera. Ez du isildu nahi. «Ez du intsentsurik erre nahi hainbat dohain eta grazia eman zizkion Jainko onari berak jaulki ez dion gizonarentzat».

Adimen handiko gizona. Bihotz handikoa. Buru eta borondate aberatsekoa. Meritu handikoa poesian, filosofian… Baina balore horien ondoan, beste batzuekin egiten du topo: «Miguel herejea ez ezik herejeen maisu da, iraultzailea, bazter-nahastzailea tenperamentuz eta protestantea izaeraz. Fedearen kontrako jarrera. Ausardia sakrilegoa. Harroputza. Nola goraipatu Unamuno? Beste batzuekin batera, kontzientzia desegilea. Giza bizitzen suntsitzailea, fedea eta espirituaren balorerik onenak galaraziz. Ez dezake omenaldian parte hartu.

Ez du nahi. Horrek nahasketa sortuko luke eliztarren artean. Unamunoren iragana eta oraina  –bere idatzietan ezarri zituen heresia guztiekin, hainbeste zalantza, kezka, ukazio eta kontraesan mingarrirekin bizi eta biziarazi ondoren–, ez dago magiaren bidez bezala desagertu edo konpontzerik». Jakina, ez dezake eragotzi beste batzuek ospa dezaten, baina «hobe Unamuno  bezalako gizonen oroitza ezarian-ezarian jendearengan desagertzea. Batez ere, gazteengan ez dadila sortu bere liburu arriskutsuak irensteko grinarik». «Erraldoia gauza guztietan», esango dio. «Baia disparateak botatzen ere». Baina disparateak eta aberrazioak, benetan, gotzainarenak dira. Franco baino okerrago portatu zen Bilboko gotzaina. Bada zerbait! Francok, sikiera, sinatu egin zuen omenaldia antolatzeko dekretua.

Amai dezagun gotzainaren jario amaiezina. Hala esaten die eliztarrei: «Ez da Unamuno gomenda diezazuekegun autorea. Suge pozoitsua dabil bere liburuen orrialdeetan eta herio-mihi gaiztoa sar diezazueke».

Azkenean, haren arimaren aldeko otoitza, sakrifizioa eta penitentzia eskatzen ditu, behar baldin baditu.

Nik ere berdin egingo du. Denbora asko igaro den arren, otoitza eskatu dut elizgizon intolerante eta inkisidore horien arimaren alde.

Bibliografia: José Vicente Rodríguez. Miguel de Unamuno. Proa al infinito.

Argiñanon, 2011ko martxoaren 6an.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s