Hi ez hintzen Platero

Hi ez hintzen Platero. Ezta ni ere Juan Ramón Jiménez, hire izana eta izena urrezko hitz poetikotan moldeatzeko. Izenik, izan ere, ez huen eta! Baina hi ere bizi hintzen eta bahintzen bat. Nolako bat, gainera! Ez hintzen Platero, baina bahuen antzik.

Hik ere bahekien nire deiari lauko txikian erantzuten. Ez hintzen Platero; hik ere bahuen, ordea, norbait gainean erabiltzeko, igandeetan ez ezik astegunetan ere. Ni nauk eskua aurrena ezarri ziana. Ni nauk heure gainetik lehenengo irauli huena. Gogoan diat, gogoan dudan bai!, gure etxera etorri hintzenean nolakoa eta zer hintzen: belarri tentedun sei hilabeteko astakume bat besterik ez.

Iluntze hartan bertan jarri nahi izan nian hire gainean. Hezi gabe hengoen noski, eta zegokiana egin hidan: bota. Nik, hala ere, etsi gaberik jarraitu nian hire hezitzaile izaten. Nik ateratzen hindudan ura edatera; nik, lanera. Nik eransten eta eranzten nian txalma; eta gainean eraman behar izaten ninduan.

Platerok ez zekian sabaiko leihatilatik sartzen zen haize freskoaren berri. Hik, bai, bahekien horma baino leiho handiagoak zituen kortako airea nolakoa zen. Elkarrekin joaten gintuan kalera, enkarguak egitera: dendara eta errotara. Etxerakoan, maleziaz beteta belarriei atzera eraginik eta kristal beltzezko anpolaiak areagotuz, baba handi gisako hortzak eransten hizkion ogiari, deskuidatuz gero.

Etsenplu txarra berehalaxe egiten nian neure, eta txokolate-tableta ontza bat gutxiagorekin iristen zuan etxera. Behin batean, hire ondoko txekor beltza falta zela eta, arrantzaz hasi hintzen. Hire eta bion kulpaz denbora baino lehen utzi behar izan zuela aska esplikatu nahi izan nian, kalerako gure ibiliak zirela errudun. Konprenitu ote huen?

Arrantzari utzi hion bederen. Kalerako bideetan ez ezik, auzolanean ere ez hintzen makala! Lasto-garraioan, zimaurketan, kare zabaltzen eta beste zernahi gauzatan aritzeko, alde denetatik iristen zitzaian eskea.

Santafetan erruz bizkortzen huen laukoa. Nirekin batera herriko asto-karreran parte hartzen huenean. Ihes sentimentalak ere egina haiz. Katea eten duk eta hor hoa eklipse-eguneko ilargiaren argi geldopean, etxekoak fenomenoari begira dauden bitartean, putzu-zuloetako urre-koloreak albora utziz, amodio debekatuaren bila, gauez.

Ez zekiat gutizia konpliturik ala gabe, baina hor aurkitu hindudan goizean, astokalean hormako ferrari ermaletik erantsita. Bahakart etxera. Motz lotu hindudan kate berriaz, berriro eten eta alde egin ez hezaan.

Egun hartan ez nian artakaskarrik eman. Baina amodiozko jolasa etxean bertan dastatzeko aukera eman genian. Hori bai, bizkarra ongi sendatu zitzaianean. Kareak erre zian. Kargaren kargaz eta nekearen nekez izerdia atera huen, eta hire bizkarreko karautsa karebizi bilakatu zuan. Erre egin hinduen. Gero, ez zegoan hiri txalma erantsi besterik! Eta orduan ikasi huen leran eta lorrean “orain duk amodioetarako garaia” guk, eta oinordeko batzuk utzita joan hintzen mundutik.

Gero, Oiduiko txabola berritzea pentsatu genian herriko gazteek. Larunbat arratsaldero joaten gintuan biok, hire arrantza Goierriko bazter guztietara hedatzen zela, eta ni hire gainean. Pikota mendi gainera iristearekin batera hasten zitzaian izerdia; ez zekiat ordura arte egindako esfortzuagatik ala gerokoaz gogoratzen hintzelako.

Izan ere, kakoetan ehun kiloko jornada harturik, egunean zazpi beaje egin behar izaten hituen Ondarreko zulotik. Hondarra, porlana, teila edo beste zernahi jenero klase izaten zuan eramateko.

Poetak Platerori ortuko pinudi handiaren pean ehortziko zuela agindu zion moduan, nik baserriko txerremenapean lurperatzea edota Arandiko asta-kanposantuan putreei eskaintzea nahi izango nian.

Bazekiat gizonen janari baino putreena izan nahiago izango hukeela, baina mende-laurden bat lehenago erositako azokan bertan, Zumarragan, saldu hinduen Santaluzitan auzoko Felipek. Hiru mila pezeta eraman genetian aurrezki-kutxara, portearen faktura etorri zen arte.

Kontsolamendu bakarra zeukat: harrek ez hindutela jango eta akabatu ondoren ere behartsuen zerbitzari izaten jarraituko huela. Gero, asto berria erosi nahi izan genian. Ez, ordea, hiregatik trukatu. Hobaririk onenarekin ere ez genian hi ordezka hintzakeen animaliarik etxean sartu nahi. Elkarrekin zer ikusirik gabe, bi tratu diferente zarratzekotan, bale!; bestela, ezta pentsatu ere.

Azkenean, ez genian erosi, ez baikenian asto maskal eta “asto” baten erruz hire irudi gogoangarria lardaskatu nahi. Hik jatorrizko bekaturik garbituriko “asto” izena beste batek berriro zikintzea ezin genezakean ametitu.

Gainera, gure maiorazkoak fabrikako martxari ekin zioan eta ez genian asto berriaren premiarik izan. Apika, horrexegatik… asto berririk ez erostearren hasi zuan fabrikan.

Esta entrada fue publicada en 1 Narrazioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s