Diktadurak eta mitoak

Denborak sendatzen ditu zauri asko. Eragozpen bakarra dauka: sarri askotan luzea, luzeegia, dela

Aurreko batean, DVn irakurri nuen mitoa dela frankismo garaian guztikok ginela antifrankistak. Eta jarraitzen du artikulugileak: «Mito hori gezurtia delako iraun zuen Francok ia berrogei urte, are lur bazter honetan askori komeni zitzaiolako».

Egia da: egoera batek, edozein egoerak, irauten du norbaiti komeni edo interesatzen zaiolako, eta indarra daukalako. Aníbal Poncek esango zukeen moduan, «menderatuen aurrean nagusitasun militarra ziurtatzea zen heziketaren helburu gorena». Horrela izan da historian zehar.

Frankismo garaian, beste gauza bat ere gertatu zen: ekonomiak gora egin zuen, berez bezala, frankismoa horretan tutik ahalegindu gabe, hau da, testuinguruak lagunduta. Enpresak sortzea orain baino samurragoa zen, lana aurkitzea ere bai. Hori ere bere alde erabili zuen erregimenak, eta ez da harritzekoa tranpa horretan jendea erortzea.

Bestetik, beldur izugarria zegoen: hain zen ankerra errepresioa! Hala ere, uste dut hemen gehienok antifrankistak ginela, isilean bederen. Mostrarik onena da egiten genituen ekintza guztiak, kulturalak barne, frankismoaren kontrakoak zirela, eta erregimenak berak ere halaxe hartzen zituen.

Beste gauza bat da ekintza konprometituagoetan zenbatek parte hartzen zuen. Beti bezala –gaur Egipton gertatzen ari den moduan–, gazte eta ausartenek osatzen zuten abangoardia, baina erretagoardiaren laguntzarik gabe ez zen posible izango aldaketa. Kasik berrogei urte iraun zuela? Bai, badakigu! Kasu horretan, bizi fisikoak lagundu egin zion bizi politikoari.

Orain guztiz beste muturrera joango naiz. Batzuek barre egingo didate hau irakurrita. Badakizue non hasi zen, neurri batean, egungo aldaketa historiko eta proiektu berriaren erne-muina? Ordiziako plazan, Yoyesen omenaldiarekin (espero dut egunen batean historiak horrela berrestea). Kontuak atera zenbat urte diren: hogeita lau pasatxo. Eta badakizue zenbat lagun elkartu ginen? Mila eta bostehun. Mila eta bostehun! Edo, agian, gutxiago! Uste duzue jende gehiago ez zela pozik asko parte hartuko zuena? Baina beldurrak, esan bezala, atzapar luzeak ditu.

Denborak sendatzen ditu zauri asko. Eragozpen bakarra dauka: sarri askotan luzea, luzeegia, eta normala da luzeiritzirik egotea. Horregatik, poz handia hartu dugu ‘Sortu’ren sorrerarekin. Eta, bide batez esanda, ez dira garaiak «lehen ere egin zezaketen hori» eta horrelakoak aurpegiratzen hasteko, baizik eta hartu duten erabakia txalotzekoak.

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s