Itsasoa lano dago

Paseo Berriko aulkian eserita hartzen zuen atseden gizonak. Baina atsedenarena kanpoko itxura baizik ez zen; barrutik kaliza edaten ari zen, ozpinez betetako kaliza, eta jada ez zezakeen deiadarrik egin, edanaraz ez ziezaioten, hustua baitzuen.

Horregatik, burdinazko eserlekuak doi-doi eusten zion gizonaren dolorezko pisuari, eta gizonak gogor heltzen zion aulkiari, estilo zaharrean forjaturiko saihets-adarretatik, ihes egiteko beldur balitz bezala, edo handik altxatzeak izutuko bailuen, noraezeko dantza besterik espero ez zuelako.

Aulki zaharrak urtetsua zirudien, eta eszena hura baino alai eta ederragorik ikusia izango zen frankotan. Hiriko parke berdean edo itsasoaren talaian bizi diren aulkiek, ordea, beti daukate arrisku bikoitza: goza ditzakete amodio-eszenarik samurrenak edota entzun ditzakete negar-zizpuru gupidagarrienak. Bigarrena da memento hartan aulkiari eta bioi ikustea egokitu zitzaiguna.

Gupidagarri iritzi nion gizonaren aurpegiari, itsasora begira, gizonak itsasoari begiratzea normala bazen ere, zeren eta haren mahoizko galtzek, alkandora urdinak eta buruko txapelak, inolako zalantzarik gabe, itsastarra zela esaten ari zitzaizkidan.

Hain zuzen ere, lehenengo gogoetan deliberatu nuen nostalgiaz zegoela goibel. Pentsatu nuen adinaren kargaz itsasoa utzi behar izanak erasaten ziola, horrexek penatzen zuela tamaina hartan.

Berehala ohartu nintzen, ordea, traizio edo iruzur egin dizun lagunari begiratzen zaion bezala begiratzen ziola, zenbat eman eta zenbat kendu zion gogoratzen eta kontatzen ari bailitzan: emandakoa pittinka-pittinka eta urte askoren buruan jaso zuela, eta kendu, berriz, aitaren batean kendu ziola.

Hamaika hotz-bero pasea zen gizona itsasoan, eguzkitan eta ilargipean; aurpegiko azalaren koloreak eta eskuen lakarrak ederki adierazten zuen hori. Makina bat ekaitzi oldartu zitzaion, eta denetan garaile atera, azkeneko hartan izan ezik.

Azkenekoan behera jo zuen gizonak. Horixe adierazten zion urrunean entzuten zen bapore-orroak; hezurretaraino sarrarazten zion izua, nahiz eta, teorian, ez zeukan zertan izuturik, halabeharrez itsasoa bare baitzegoen.

Alabaina, badirudi baretasunak zorrotzago eragiten diola pentsamenduen errotari. Bai. Baporeak eta gaineratiko txalupak bare eta dantza harmonikoan mugitzen ziren ur gainean, eta horrek, poztu ordez, mingarriago urratzen zion gizonari zauria; egun batzuk lehenago itsasoak bereganatutako semearen hutsuneak sortutako zauria.

Izan ere, gizonak bazekien, orro egin arren, hutsik zetorrela baporea; edo betea bazetorren ere, harentzat hutsik ailegatuko zela kaira, eta kaian ez zuela ezeren esperoan egon beharrik, ez zeukala egoterik. Horrek samina areagotu egiten zion, semearen hutsuneak utzitako bihotzeko samina.

Ez ziren egun apur batzuk baino itsasoak irentsi zuela, eta zauria berria zen orbantzen hasteko. Semeak, aitaren itsasoko izerdiei esker medikuntza ikasitako semeak, arrantza ez zuen bizibide, baina bai estimu handian itsasoa eta hango ibiliak aitaren lorratzak aurkitu nahi izango balitu bezala.

Hobby moduan, txalupa txiki batean txibi eta gainerako arrainik eskurakoienen atzetik ibili ohi zen. Suerterik bazen, trofeo gisa erakutsi ohi zion gero aitari, txikitan kontatzen zizkion ipuin zoragarrien truke, eta aitak irribarre sakon batez sarituko zuen seme medikua.

Egun gutxi batzuk zirela, zurrunbiloak irauli zuen txalupa txikia eta arrain eta guzti hondoratu egin zen, «marinelaren» maniobra eta otoitzei jaramonik egin gabe.

Non ote dago orain? Harrapatzen zituen baino arrain handiagoren baten sabelean, beharbada? Pentsamenduak pentsamendu, aitonak itsasora begira segitzen zuen, baretasunaren gainera semea noiz agertuko, edo ez dakit zenbat milatara aurkitu zutela abisua noiz iritsiko.

Eta aurrez aurre ipintzen ziotenean –hipotesi baikorrenen arabera horrela gertatuko zen–, ez dakigu, semea lepoan harturik, etxerako bideari ekingo zion ala bere burua itsasora botako zuen. Biak ziren posible.

Esta entrada fue publicada en 1 Narrazioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s