Marxen teoriak indarrean daude oraindik

Marxek bazekien zer gertatuko zen Zaldibian, 2006an. Bete-betean asmatu zuen Idiazabal, 2006an, nolakoa izango zen. Oso modan dago, azken urteotan, ideologien krisiaz mintzatzea. Konkretuki, marxismoaren porrota aipatzen da. Porrot egin dutenak izan daitezke marxismoa aplikatzeko modu konkretu batzuk, edo marxismoak baino areago «marxista» batzuek aldarrikatu izan dituzten «postulatu» batzuk, badirelako marxismoan ere bideragarritasun gutxiko kontuak.

Baina soziologiaren ikuspuntutik, Marxen teoriak indarrean daude, eta oso baliokoak dira edozein gizarte mota aztertzeko. Gaztetan, maiz entzun ohi genuen honako esaldi hau: “Bizi zaitez pentsatzen duzun moduan, bizi zaren moduan pentsa ez dezazun”. Hori, nolabait esateko, «burgesteko» arriskuaren kontrako txerto ideologikoa zen; termino erlijiosoetan esanda, «komunio espirituala» edo… horrelako zerbait. Ez dut uste, ordea, esaldi hori Marxena izan litekeenik, tontakeria baita.

Hark beste esaldi multzo profetiko bat jaulki zuen: “Bere borondatearen gainetik, gizonak ekoizpen sozialean harreman multzo jakin bat sortzen du. Harreman multzo horrek osatzen du gizartearen egitura ekonomikoa, eta horren gainean eraikia dago estalpe juridiko eta politiko osoa; kontzientzi forma jakin bat dator hortik. Ekoizteko modu materialaren mende daude bizitza soziala, politikoa eta intelektuala”. Hortxe dago hamaika aldiz entzun dugun «azpiegitura» eta «gainegitura» binomioaren funtsa.

Zer ikusi dauka, ordea, horrek Zaldibia edo Idiazabalekin? Erabatekoa! Errepara diezaiogun, adibidez, duela 60 urte Zaldibia edo Idiazabali. Nolako harreman sozialak zituzten?, nola egiten zuten festa?, zein zen indarrean zegoen pentsamoldea?, erlijioak zer garrantzi zuen?, konformismoa ala inkonformismoa zen nagusi?, gizarte kohesionatua al zen?, aisiak ba al zuen tokirik?, zer, nola eta non erosten zuen jendeak? Batzuei neuk erantzungo diet; besteak irakurlearen gogoetari eskainiko dizkiot.

Garrantzi ikaragarria zuten Ordiziako azokak, igandeko mezak, eta herriko festek, mendi inguruetan egiten ziren erromeriekin batera. Azoka kenduta, hori asteazkenean izaten zen eta izaten da, beste ospakizun guztiak iganderako gordetzen ziren. Lanak eragiten zuen horrela izan zedin. Garai hartako herria, hein handian, nekazaria zen, eta ez zegoen aisiarako denbora handirik. Auzolana, martopilak eta txerri hiltzeak ere ospakizun sozialak ziren, denak lan jardunarekin edo ekoizpen motarekin erlazionatuak. Gizarte hura aski konformista zen; inor gutxi ausartuko zen arrastotik ateratzera; egon ere ez zegoen bide berriak urratzeko modu handirik, lan eskaintza berririk. Lan egin eta aurrekoak utzitakoari jarraipena ematea zen orduko pentsaera.

Erlijioak sekulako garrantzia zuen. Denetarako balio zuen: harreman sozialetarako, arau moralak ezartzeko, kontrol sozial gisa… Agian, azkeneko horregatik deitu zion Marxek «herriaren opioa». Dena dela, salbuespena zen elizara ez joatea. Beste kontrol modu bat maiseaketa zen. Norbait zerbaitetan pasatzen bazen, gauza txikia izanik ere, belarriak ederki «berotuko» zizkioten hurrengo egunean, lixiba jotzeko harriaren inguruan. Auzokoen zer esanari asko erreparatzen zitzaion, batez ere sexu kontuan.

Egin dezagun aurrera; koka gaitezen duela 35 urteko giroan. A zer aldaketak 25 urtean! Askoren ustez, apaiztegi eta komentuetan aurkitu behar da aldaketa horren abiarazlea. Hori ere bai, baina, batez ere, lanbide berrietan (industrian) eta ekoizpen sistema berrian dago oinarria. Hasteko, orografia berean lurraren fisonomia zeharo aldatu zen garai horretan: ez zen ageri lehengo arto eta gari-sororik, belardiak arrunt murriztu ziren. Nekazaritza gainbehera erori zen; hitz batean, zeharo industrializatu zen gure ingurua. Ondorioz, denbora librearen aroan sartuko gara, lehen funtzionalak ziren ekintza eta ospakizun asko guztiz folkloriko bihurtuko dira (nekazaritza garaiko eta industri aroko azokak ez daitezke berdinak izan); dibertsifikazioa dago lanbideetan eta pentsamoldean; grebak eta gatazka sozialak ugalduko dira; erlijioari bizkar emango dio jende askok. Jai egiteko ez dago igandeari itxoin beharrik; tabernetan jada astegun buru-zurian egiten da jokoan; telebistaren eragina nabaria da (telebistak uste baino gehiago kohesionatzen du); oporretan ateratzen hasten gara. Hasi gara lehenengo erosketak denda handietan egiten. Bigarren sektorea sendotu da, eta hirugarren sektoreak eman ditu estreinako urrats tinkoak. Emakumea lanean dabil, eta familiaren kontzepzioa aldatzen hasiko da; berriro ere ekoizpen sistemaren «erruz».

Azkenik, lotu gatzaizkion duela 10 urtetik honako egoerari. Aurreneko konstatazioa da teknologien aurrerapen ikaragarria; bigarren sektorearen teknifikazio itzela eta lan-postuen transformazioa, produkzioa ugaltzeko; hirugarren sektorearen indartze izugarria; denda erraldoien fikantze definitiboa; jateko ohituren aldaketa eta «eguneko menuen» gorakada; laugarren sektorea edo aisialdiaren aroaren sendotzea; telekomunikazioan egin diren aurrerabideak; gero eta gehiago kontsumitu nahia eta beharra; immigrazioa; sinesmen erlijiosoen desagerpena (modu masibo eta kohesionatzailean bederen); dibortzioa eta klase guztietako familiak. Detailetxo bat: astegunean tabernetan ez dugu, agian, orain 25 urte adina jendea ikusiko. Nora joaten da, bada, jende hori? Eroski eta Carrefourrera. Hori da moda berria: orain, denbora-pasa, merkataritza zentroetara joaten da jendea. Oporretan ahal den urrunena dago joan beharra.

Hara, iritsi da Zaldibiara eta Idiazabala Marxek orain dela 150 urte aurreikusitakoaren eskutik.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s