Zer da erlijioa?

Guk hor barnean biltoki handi bat geneukan; egun batean, goitik behera erori zena.

Zer den esateko, zer zen esaten hasiko naiz. Lehenik eta behin, esan beharko seriean egindako kristau “katolikoak” garela. Esan nahi dut ez genuela izan inolako posibilitaterik erlijioa hautatzeko. Gu mundura etortzerako, gurasoek eta gizarteak erabakia zeukaten zer erlijio onartu beharko genuen. Frankismo garaia zen, estatu konfesionalean bizi ginen: katolikoa, apostolikoa eta erromatarra.

 Ama ‘Gurutze santuaren’ irakasten hasi zitzaidanekoa da lehenengo oroitzapena. Horren ondoren, otoitzak: ‘Aita gurea’, ‘Agur Maria’, ‘Salbea’, ‘Kredoa’… Era berean, gogoan guk artoa zuritzen eta ‛arrosarioa’ errezatzen aritzen ginela. Gero, ‘Erregeak’, ‘Eguberriak’…Gogoratzen ditut nondik edo handik iristen ziren santuen estanpak, Arantzazutik iristen zen aldizkaria, portadan San Frantzisko eta otsoarekin, ‘Peatzetako ojea’ esaten geniona, baserri horretakoek banatzen zutelako; gogoan dauzkat Saturdin egiten ziren ‘errogatibak’, ‘hazien bedeinkazioak’; berdin ‘Kandelario’, ‘San Joan’, ‘Erramu Egun’ eta ‘Larunbat Santuko’ bedeinkazioak. Gero etorriko ziren ‘dotrina’,, ‘Historia sakratua’, ‘konfesioak’, ‘prozesioak’, eta nik al dakit beste zenbat erritu! Gure erlijioa oinarritzen zen, batez ere, errituan, manamenduetan, errezoan eta zigorrean. Gauzak pintatzen zizkiguten bezala, denok infernurako sortuak ginen. Hitz batean: beldurra, beldurra eta beldurra.

Azkenean, ok egiten duzu, desesperatzen zara, eta esaten du: «Honaino iritsi naiz, ezin dut gehiago.» Hasten zara pentsatzen planteamendu horretan badela zerbait ongi ez dagoena. Dena uzten hasten zara. Ni, esate baterako, azkenekoz, bakarka, 23 urte betetzear nengoela konfesatu nintzen. Obligazioa zen urtean behin konfesatu eta jaunartzeko. Baina beti bekatuan egotekotan, zer axola zitzaion beste bat gehiago? Gainera, niretzat, izan litekeen martiriorik handiena zen konfesatzea.

“Dena uzten”, esan dut. Defentsa-mekanismo gisa, fedea galtzen duzu. Baina ez da fede galtze naturala, bortxatua baizik. Alde batera, prozesua ez da hain zaila. Azken finean, Jainkoa ere ideia mentala da. Gero ideologia berriak datoz: politika, herrigintza, kultur lana… Ez dira suzedaneoak, baina bai ordezkapen kontzienteak.

Badator bigarren buelta ere. Aurreneko gogoeta: «dimentsio erlijiosoa edo espirituala oso garrantzizkoa duk.» Zerotik hasi nahi duzu; ez da, ordea, posible. Guk hor barnean biltoki handi bat geneukan; egun batean, goitik behera erori zena. Orain dena nahasian dago: gehiena zaborra; asko, balio ez duen materiala; baina badago balio lezakeen materialik ere. Bereizketa-lana egin behar da orain. Zerotik hastea baino zailagoa da, baina interesgarriago ere bai. Ondorenean, zaborra tartean aurkitu dituzun materialekin eta zeuk aportatzen dituzun beste batzuekin, hasten zara berriro almazena betetzen. Ez izan almazen hori erabat hornitzeko ametsik! Zuk egindako eskari guztiak ez dira iritsiko inoiz, gauza asko sekula fabrikatuko ez direlako. Gai horretan beti herren ibiliko zara, jakintza batzuei buruz. Jainkoa zer den ez duzu inoiz jakingo. Hori ez da gizakiaren gabezia, giza izaera bera baizik. Beste gauza batzuetan aurrera dezakegu. Adibidez, “salbatuta” zaude; adibidez, Jainkoak eman beharreko guztia emana du; adibidez, Jesus gurutzean ez zen hil inor salbatzeko, bizi izan zen bezala bizi izan zelako baizik.

Detaile txikiak dira eman ditudanak, baina sakondu nahi duenak badu non aukeratua.

Apur bat lehenago, beldurra aipatu dut, hau da, erlijioa planteatzeko erak sortzen zigun beldurra, eta paradoxa izugarria da. Izan ere erlijioa, berez, beldurraren kontra sortutako ideologia da. Gizakiak beldur handia zien, batez ere, natur fenomenoei: trumoia, tximista, lurrikara, uholde… Baita espiritu gaiztoei ere. Horri guztiari aurre egiteko, aliatu indartsu bat behar zuen. Horrela sortu zituen Jainkoaren ideia eta kontzeptua. Hurrena, berriz, Jainkoa kontentu eduki behar, eta hari sakrifizioak eskaintzen, hura adoratzen eta hari otoitz eta eskariak egiten hasi ziren, erlijioa bitartekotzat hartuta.

Beraz, erlijioa beldurraren eta Jainkoa kontentu eduki nahiaren ondorioa da. Horrela sortuko dira ikono eta liburu sakratuak, eta erritualak. Baina, lehenari bakean utzita, uste duzue gaur izan litekeela erlijioa elizara joan eta loreak ipini, ur bedeinkatua isuri, erritual jakin batzuk konplitu, eta abar? Erlijioa, azkenean, gure buru-gogamenak sortu duen ideiaren benerazio bihurtzen da. Horrela, Jainkoa ideia bat besterik ez da. Gure buru-gogamenak sortzen ditu ideiak, gure buru-gogamenak sorturiko Jainkoarekin bizi izan gara orain arte, eta oraindik ere jende askok horretan jarraitzen du.

Esan dut beldurra dela osagai nagusia. Gainera, txiki-txikitatik hasita. Txikitan, gurasoek eta pertsona helduek laguntzea nahi izaten dugu. Behar hori ez da amaitzen helduaroan ere. Orduan, babesle berriarengana jotzen dugu: Jainkoarengana. Jainkoak lagunduko digu. Geuk egin dugu dena. Erdaraz esaten den bezala, geuk kuzinatu eta geuk jan. Hori al da erlijioa, beldurra uxatzeko zerbait asmatzea? Nire ustez, ez!

Egia aurkitzeko, Jainkoagana hurbiltzeko, egiazko errealitatearekin topo egiteko, libre egon behar du pertsonak apainduri sasi-erlijiosoetatik. Beldurrik ere ez da behar, egia gure alde nahi badugu.  Adimentsu jokatu behar da. Buru-gogamenean temati atxiki den beldurra kanpora bota. Asko idatzi da, auskalo zenbat, Jainkoaren gainean, harengana hurbiltzeko zer egin behar dugun. Baina beldurrez gabiltzan arte ez daukagu zer eginik. Ilunari beldur dionak maindireaz estaltzen du burua, horrela salbu dagoelakoan. Maindirea kendu eta aurre egin behar zaio munduari, errealitate errealari.

Hain zuzen, bizitza osoa ikasketa da, adimentsu jokatzea, beldurra kendu eta libre izaten ikastea. Haurrak txiki-txikitatik hezi behar dira askatasunean. Heziketa ez da nota onak ateratzea bakarrik. Batez ere, bizitzarako prestatzea, beren kabuz egia aurki dezaten prestatzea. Jainkoa asko aldatzen da, beldurrik gabe eta askatasunean bizitzen hasten garenean. Erlijioa ez da sinestea ala ez sinestea. Erlijioa da gauzak konprenitzen joatea. Ibai batera  bezala inguratu behar dugu Jainkoagana: oihan sakon eta zabalean gaude, han urrun ibaiaren murmurioa entzuten dugu, baina ezin gara bertaraino iritsi. Jainkoarekin gauza bera gertatzen zaigu: sumatzen dugu, kreazioa osoan manifestatua dagoelako, baina inoiz ezin gara berarenganaino iritsi. Erlijio berri batek ez du deusetarako balio, ibaiaren murmurioa entzuten ez badugu, eta mundua hobetzeko balio ez badu.

Lehen esan dut dena ez dugula hankaz gora bota behar. Zaborra tartetik gauza asko errekupera daitezke. Halaxe da. Benetako erlijioa aurkitzeko, enbarazu egiten duen guztia kendu behar da paretik.

Ikuspegi berri horretatik, ebanjelio osoa dei bat da: iratzartzeko deia. Hori da klabea! Iratzartzeak esan nahi du Jesusek ikusi zuena ikusi eta hark bizi izan zuena bizitzea. Errebisio handiak dago egin beharra, adibidez, Eliza Katolikoaren pentsamenduan, bai doktrinari begira, bai hierarki kontuan, eta berdin sozialki. Hona hemen errebisatu beharreko gauza asko: Jesusen jainkotasuna, Pazko Misterio osoa: piztuera, agerketak, igokundea…, Eukaristiako presentzia erreala, Mirarien esanahia, Jainkoaren Erreinuaren esanahia, Gurutzearen benetako esanahia, Mariaren birjintasuna, Jesusen anai-arrebak, Dogma guztiak, Aita Gureako eta Kredoko espresio batzuk, Otoitzaren balioa edo zer da otoitza?, Kontsagrazioko hitzak. Elizak ipini dituen mila arau arbitrario: zelibatua, iganderoko meza, dibortzioaren debekua, antikontzeptiboak…, Elizako egituren demokratizazioa, Emakumearen egitekoa Elizan (Jesus beti emakumez inguraturik ibili zen), Beste erlijioekiko harremanak, Kondenatu… ezta ateismoa ere.

Jesusekin eta mundu osoarekin bat eginik bizitzea, errealitate ez-separatu bezala. Hori da Jainkoaren Erreinua, Jesusen ametsa. Literalismo biblikoak, derrigorrez, fundamentalismo teologikora eramaten du agudo, eta, oro har, edozein fanatismotara. Erlatiboa absolutizatzen da, eta norbere sinestea egiarekin nahastu. Ez dago baldintza hoberik intolerantzia erlijiosoak azaltzeko.

Azkenik, jakin arren arrazoimenarekin ez dela amaitzen errealitatea, erlijioak ez dezake planteatu zuzen-zuzenean arrazoimenaren kontra dagoen ezer. Gauza bat da adimena eta arrazoimena ez iristea; beste bat, ordea, iristen diren tokian oztopo gaindiezinak ipintzea.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Zer da erlijioa?

  1. javier dijo:

    nik uste dut oso ondo dagoella

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s