Manuel Lasarte, Bentaberrin ezagutu nuen bertsolaria

Toki batean baino gehiagotan adierazia dago, jadanik, bertso-txoko aparta izan zela Zaldibiako Benta Berri. Nik hortxe ezagutu nuen Manuel Lasarte, artean nahiko gazte zela, hogeita zortzi bat urte inguru zituela, neu handik gertukoa izaki. Ez dut errepikatuko Lasarte non jaioa zen eta gainerako datu biografikorik, irakurleak badakizki-eta horiek guztiak.

Beti aipatu izan dira Lasarteren neurri justua eta errima zorrotza. Ahotsa erantsiko nieke nik horiei: baritono gisako ahots sarkorra. Kantari gozoa izan da beti, eta erraz iristen zen entzulearengana haren bertsoa. Batzuen ustez, dotorezia handia bai, baina edukiaren kaltetan. Metafora hau entzun izan dugu inoiz edo behin: ondo orrazturiko gurdi-orbela. Bai baina… Lasartek esaten ere bazekien. Hurrengo adibidea egokia dela deritzogu, neurri eta errima aldetik ez ezik esanaren aldetik ere ez dago gaizki. Ginera, itxura ahul harekin ibiltzeko, bazuen umorea ere. Andregai eske zebilen lagun bati horrela kantatu zion:

Andregai bat nahi luke
bere gustokua,
baina zail da bilatzen
neurri juxtokua.
Ilea joan zaio
ia kaskokua,
hartuta ere ez dago
urte askokua.

Bertsolaritza eta, literatura oro har, gai sinpleenari zukua ateratzeko artea da. Gaia potoloa eta begi-bistakoa denean, bera da dena, ez dago ezer esan beharrik. Hain zuzen, artistaren lana da zotzari txirbila ateratzea. Horretan abila zen Lasarte.

Artista ulertzeko, pertsona ere ulertu behar da. Lasarte pertsona erreserbatua zen. Beti gaixo izenean bizi izan dena, horrela identifikatzen zuen bere burua. Nire ustez, biktimismoa gustatzen zitzaion apur bat. Egia esan, bizimoduan gorabehera handiak pasatua zen, garai hartako oraindik handiagoak.

Jarrera apaleko azaltzen zen beti, baita bertsotan ere. Ezjakin gisa azaltzea gustatzen zitzaion, kasik analfabeto moduan, bertsotan inorengandik ikasi gabea, dena berezkoa, dena momentuan pentsatua, eta hori ipintzen zuen bertsolaritzaren gailur eta ispilu. Bakartu, baina beroarena kendu beharreko apur bat bazuen hark ere, guztiok bezala. Ziur nago, omenaldietara-eta, aurrez zerbait pentsatuta joango zela.

Inork ez du zalantzan ipintzen Manuel Lasartek berezko handia zuela, eta hor ditugu Aita Zavalaren laguntzaz publikaturiko hainbat artikulu. Felipe Juaristik komentario batean dioen eran, Zavalak Lasarte joskera-gizona zela zioenean, esan nahiko zuen eskribitu ere bertsotan egiten zuen moduan egiten zuela. Bada, nire ustez, horrek ez luke horrela izan beharko, bertsolariak eta idazleak bakoitzak bere erregistroan jardun behar du.

Oso txapelketa gutxitan hartu zuen parte. Nik horri esplikazio bat aurkitzen diot: zer irabazirik ez eta galtzeko arriskua zeukala uste zuela.

Azkenik, zer-nolako bertso-jartzailea genuen? Nire gusturako, oso ona. Badakit askok esango didatela bat-batean ere bota litezkeela Lasartek idazten dituen bertso asko. Izan liteke. Nik ez dut, ordea, gauza horrela epaitzen. Bertsolaritzaren tradizioan, bertso jarrietan ere ahozko hizkuntza erabiltzen da/zen. Lasartek horixe egiten du. Niri asko gustatzen zaidan bertso xume bezain eder eta sarkorrarekin bukatuko dugu. Babarrun alea eztarritan geratuta hil zitzaion alabari paraturiko bertsoa da:

Aita baten bihotzak
zer sufritzen duan,
bere haur txiki baten
heriotz orduan.
Galdetzen nion: «Nora
nahi zenuke juan?»
Behatzarekin gora
erakusten zuan.

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s