Okelar: bertsolari besterik ez

“Asko ematen dionari gehio eskatzen dio munduak” (Roman Maiz “Okelar”).

 Goiko hori bezalalako arrazoi asko aurkituko du irakurleak Okelarren bertsoetan. Eta nor da Okelar bertsolaria? Uste baino jende gehiago egongo da ez dakiena, nahiz eta, nire iritziz behintzat, lagunarteko bertsolari handia izan, bat-batean gainera. Nik neuk behin bakarrik entzun dut kantuan: Zaldibiako soziedadean, Azpillagarekin etorrita; Patxi Iraola zuten hirugarren laguna. Urte asko dira. Aurretik ere informe onak genituen –Azpillagak emanak–, eta gero geuk frogatu ahal izan genuen, zuzenean entzunda. Egun harta Okelar onena, dio Patxi Iraolak.

Ez naiz hasi ez ‘si’ eta ez ‘no’ haren gainean hizketan, liburu bat da motibo eta kausa: ‘Roman Maiz, Okelar bertsolaria’, batez ere Joxe Mari Iriondo eta Pello Esnalek landua, Jon Azpilla, Nikolas Zendoia eta beste batzuen laguntzarekin, Ignazio Maritxalarren grabazioari esker, ‘Auspoa’ argitaletxeak –Gipuzkoako Foru Aldundia– argitaratua, ‘Auspoa Liburutegia’ saileko 322. alea osatzen duena.  Mardula liburua, 340 orrialde, eta mamitsua. Azkeneko urteotan nire eskuetatik pasatu den berezienetako izango da, eta onetik ere badu puska bat. Liluramendu baten emaitza da liburu hau, dio Pello Esnalek. Uste dut Okelarren bertsoek, Azpillaga liluratu izan duten gisan, gu ere liluratuko gaituztela, batez ere egilearen ezaugarriak jakinda.

Hirugarren paragrafo edo atalean, nor den azaltzea dagokit, eta ez daukat zaila, aski dut liburuaren solapara jo, eta handik laburbiltzea: Roman Maiz Uriguen da deitura osoa. Mutrikuko Pikoaga baserrian jaio zen, baina gero Okelar baserrira aldatu, eta azken horri zor dio izena. Izana ere, seguruenik, neurria handian bai. Baina izen txikiko eta izan handiko gizona da Roman. Izen txikia diot, ez baitu konta ahala baino jardun plazan. Lagunarteko bertsolaria izan da, batez ere Santa Ageda Eskean.

«Bertsolarii besterik ez», diot hasieran, eta azal dezadan zergatia. Okelarrek bertsolaritza ez du lotu: ez famarekin, eta ez sosekin. Gustu hutsez jardun du, bertsoa beste helbururik gabe, gozatu eta disfrutatu baino ez du egin bertsotan. Hortik hartu du bizi-indarra, bere espirituaren janaria izan da. Lagunak atsegindu ditu, ordainetan eze eskatu gabe.  Alde batera, harrigarri samarra ere bada, gaitasun horrekin, bere burua gehiago ez promozionatzea, plazara ez irtetea.

Aitormenik izan du; esate baterako, Bidanian 1985ean egin zioten omenaldia. Hain zuzen, bertso horiexekin hasten da liburua, baina guk paso emango diegu, agur-bertsoak ez baitira izaten onenak bertsolariaren balioa epaitzeko. Beste saio batzuetatik egin dugu aukera, mutrikuarraren zorroztasuna eta bertso-sena frogatzeko.

Etxeberria, Azpillaga eta hirurak ari zirela, honela amaitu zuen Etxeberriak bertsoa, Azpillagari zuzendurik: «Iritsi ezin danak beti oinazia:/Ahoa zabaldu ta mingaina luzia.» Eta hona Okelarren jarraipena:

Eman beharra dago

bertsoen segira,

Etxeberria dijoa

berriro egira.

Joanek emango luke

hemen azkar jira,

mingainakin gauz danak

egingo balira.

Bertso saioan zehar Bidanian eskaini zioten txapelaren aipamenak ere izan ziren. Hona Romanen bertso bat, zazpi puntukoa:

Txapela dute jarria,

Bidanira ekarria,

niregana etorria.

Buru txikia da nerea ta

honek haundia neurria.

Ni bertsolari urria,

baina alde det herria.

Hauxe de gaurko berria.

Adunako txanda da, 1986. Bertsotxan ari zirela gazte bat sartu zitzaien tartean. Saioaren amaiera aldera bertso dotore hau kantatu zion Okelarrek:

Abildadea badaukazula

jendeak antzeman dizu.

Danak dakite bertsolariak

baduela nahiko pisu.

Baina bertsoa egoki eta

errez asko datorkizu.

Orain ikasle bazera ere

bihurtu zintezke maisu.

Liburuak, akatsen bat izatekotan, hauxe du: bertso-saioak oso bertsolari gutxiren artean eginak direla, gehienak hiruren artean: Etxeberria, Azpillaga eta Okelar,  tarteka Mugartegi, Narbaiza edo besteren bat azaltzen bada ere. Horrek ez dio kentzen, ordea, maila eta meriturik Okelarri.

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s