Krisiaren estura

 Txori bat baino gehiago dago Joserenean, mokoa zabalduta, aitak eramatekoaren zain

Zeuk ipini protagonistari izena, nahiz eta ezbeharra inoiz ez den anonimoa. Baina hainbeste dira erasandakoak, ezin denak kontatu. Hori aprobetxatzen dugu zifra soilez hitz egiteko, zenbaki hotzez mintzatzeko, zifra bakoitzaren atzean sufritzen duen pertsonarik ez balego bezala, batzuek probokatu eta beste batzuek ordaindu beharreko hondamendi horrek hezur-haragizko inor suntsitu ez balu bezala.

Nik Joseri buru hitz egingo dut. 25 urte zeramatzan etxegintzan peoi, ‘burbuila inmobilirioa’ lehertu eta langabeziara bota duten arte. Eskuak kailuturik, aurpegia beltz, eguzkiaren eta obrako hautsarekin nahasturiko izerdiaren erruz, eta, orain, malkoek eragindako erretenak masailean; beste alderdirik gabe atera zen obratik.

Txori bat baino gehiago dago Joseren etxean, mokoa zabalduta, aitak eramatekoaren zain. Egoera desesperagarria da. Amak negar egiten du. Inpotentzia da semearen sentimendua. Ikasketak uztea erabaki du alabak, etxeko zama apur bat arintzearren, Lanbide Heziketako eskolako gastuak handiak ez badira ere. Gehiegi kargatzean, ordea, oilo-luma aski, astoa erortzeko. Ez zaio falta asmo onik neskari: «Aita, ez naiz geldituko lan bila bazter guztiak miatu arte.»

Jose ere ez dago eskuak tolestuta. Egunkaririk ez du erosten, baina egunero dauzka eskueran ale bat baino gehiago ere, bizilagunaren bihotz onari esker. Lanari dagozkion iragarki guztiak leitzen ditu, eta paperean apuntatu berak egiteko modukoak. Gero, lantegira bertara joaten da edo telefonoz deitzen du, lagunen batek utzitako sakelakoaren bidez. Iragarkiez kanpo ere hamaika hauts harrotzen du lan bila. Ez du etsitzen, nahiz eta erantzuna beti berdintsua den, ahots metaliko eta automatiko batek adierazia: «Tomamos nota, en breve tendrá noticias nuestras.» Baina, orain arte, erantzun bakarrik ere ez zaio iritsi; ezta ezezkorik ere!

Elenak, emazteak, oraintxe eman dio azkeneko notizia, negar zotinka: «Etxe aurreko dendariak ez digu gehiago ezer emango zorretan.» Horixe esan dio dendariak Elenari, hori bai, diskrezio osoz, dendan beste bezerorik gabe geratu denean.

Caritas eta Jangela Soziala dira orain alternatiba bakarra. Josek ez luke inolako beldurrik munduari agur esateko, hain begiko dituenak gogoan ez balitu, lotsa jasanezinak hartzen baitio barrena, bere burua, ilara batean jarrita, boluntario batek janaria banatu zain imajinatzean. Irudi hori ikusi baino nahiago luke bere borondatez betiko begiak itxi.

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s