USTE OKERRAK

‘Erlijio’ hitzak, asko eta askorentzat, ‘ukazioa’, ‘gurutzea’, ‘heriotza’… esan nahi du. ‘Herriaren opio’ deitu zion Marxek. Nietzschek ere gogor salatuko du, ‘bizitzaren ukaziotzat’ zeukan erlijioa.

Baina esan behar da uste horren oinarria ez dagoela: ez ebanjelioan, ez Jesusengan, baizik eta han-hemenka hedaturiko beste faktore batzuek dute uste oker horren errua. Izan daiteke, ohartuki edo oharkabean, ebanjelioa desitxuratu izanaren ondorioa. Faktore horiek, hori bai, osatu zuten halako irudi kolektibo bat, sufrimen-kutsuko giro itogarria eraginik. Dela bekatua, erruduntasuna, zigorra, infernuaren aipamen etengabea, ahoz nahiz idatziz, elizkizun eta sermoietan… Gaur egun imajina ere ez gaitezkeen punturaino iristen zen giro hori.

Zorionez, ordea, ez da azaltzen horrelako ezer Jesusengan eta ebanjelioan. Jesusen hitza bizi-emailea da, jakinduriaz betea. Ez dut esango gure egoa aseko duenik, ez du asebeteko ezjakintasun eta axolagabekeriara garamatzan egoa; baina ez da pertsonaren bizitza zapaldu eta askatasuna ukatzen dituen mezua.

Hain zuzen «bizia eta bizitza salbatzea» da kontua, hau da, osotasun betean bizi. Jakina, hori lortzeko, hori posible izan dadin, gure benetako identitatea daukagu deskubritu beharra. Orduan libratuko gara egoaren tranpetatik, alegia nahasturik eta sufrimenduan murgildurik gauzkaten tranpa horietatik.

Gizakia errealitate paradoxikoa da. Izan ere, ‘identitate bikoitza’ nabaritzen ditugu geure baitan: alde batetik, identitate indibiduala (ni); bestetik, Identitate sakona (transpertsonala), oinarrian garena: besteekiko lotura eta den guztiarekiko uztardura.

Paradoxa, gero, kartzela eta nahasmen bihurtzen da, identitate indibiduala absolutizatu eta benetan garenaz ahanzten garenean.

«Bizitza salbatzea» edo osotasun betean bizitzea bakar-bakarrik da posible sakoneko identitatearekin konektaturik egonda. Zalantzarik gabe, horrek esan nahi du egoarekin modu absolutuan identifikatzeari uztea. Ondorioz, Jesusen hitzak honela zeharralda daitezke: «Bere egoa salbatu nahi duenak bizitza galtzen ari da; aldiz, egoarekin identifikatzeari uzten diona osotasun betean bizi da.»

Erraza da antzematea, aldez edo moldez, edozein kultura eta tradizioko pertsona jakintsu guztiengan azaltzen dela maxima hori. Aho batez diote hori dela iratzartzeko bidea, ezjakintasunetik argitara irteteko laguntza, sufrimendutik askatasunera jauzi egiteko makila sendoa.

Gogora ditzagun Aldous Huxley-ren hitz hauek: «Nor naizen benetan baneki, ez nintzateke portatuko ustez naizenaren arabera; eta ustez naizenaren arabera portatzeari utziko banio, orduan jakingo nuke nor naizen.» Gaurko ebanjelioari bikain datozkio hitz horiek (Mk 8,27-35).

«Ebanjelioagatik bizitza galdu (egoa)», dio Markosen testuak. Nola ulertu? Ez du adierazi nahi, noski, inolako fanatismorik, ebanjelioa banderatzat hartu eta borrokara irtetea edo idolotzat hartu eta bizia horren alde ematea.

Uste dut esaldi horrek hauxe adierazi nahi duela: «berri ona» deskubritzen dugunean (nor garen dakigunean), egoarekin identifikatzeari uzteko gai gara; orduan utziko diogu egoarentzat bizitzeari.

Ezaguna da Jesusen beste parabola hau ere: gizon batek soro batean altxor bikain bat aurkitzen du. Pozez gainezka, saltzen ditu beste ondasun guztiak eta soro hura erosten du (Mt 13,44).

Ebanjelioa da altxor handi hori. Ebanjelioa da sakonean garenon altxorra. Ez dago horri aldera dakiokeen beste altxorrik. Hau da benetan garrantzitsua: nor garen jakin eta Identitate horrekin uztarturik bizi.

(Cfr. Enrique Martínez Lozano: 2012-09-16, ebanjelioaren iruzkina, Mk 8,27-35).

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s