EGIAREN BILA

 

Egia, askatzailea

Gogamenaren lana, noski, egia aurkitzea da. Egia da aska gaitzakeen gauza bakarra, errorea baita lotzen gaituena. Zer da egia gizakiarentzat? Zer da benetakoa eta erreala? Beste gauza baten mendean edo baitan ez dagoena, bere kabuz eta beti dena. Irizpide horren barnean sartzen dena bakarrik da egia. Beste inoren edo ezeren mende dagoena erlatiboa da. Hasi, aldatu eta bukatzen den oro, ordena fenomenologiko erlatiboan dago, eta ez daiteke esan, bere kabuz eta bere baitan, existitzen denik. Jaio eta hiltzen dena fenomenikoa da, ez dio erantzuten errealitate errealaren oinarrizko exijentzia horri.

Baina pertsonak bere gogamena, izatea eta kontzientzia aztertzen dituenean, ohartzen da badela zerbait konstantzia-irizpide horren barnean sartzen dena. Zerbait hori subjektuaren nozioa da. Ni, ni naizelako nozioa.

Hortaz, gizakiaren errealitate esentziala zein den jakin nahi badugu, subjektuaren bere baitako nozio, intuizio edo bizipena ikertu beharko ditugu.

Begi-bistakoa da objektua ez daitekeela errealitate erreala izan, objektua edozein dela ere, hautematen duen subjektuaren menean baitako objektu hori.

Nik gauza bat ikusten dudanean, “gauza” bat ikusten dut; bai, baina zergatik ikusten dut? Norbait dagoelako, aurrean, gauza hori ikusteko ahalmenarekin. Baina hautematea eta ezagutza bi gauza dira ala bakarra da? Ongi begiratzen badugu, ikusiko dugu, ezaguturiko gauza, ezagutza-forma dela; ondorioz, ez dira bi gauza. Ezagutza eta gauza ezagutua bereizezinak dira, zeharo uztartuak daude elkarrekin.

Ez dago ezagutzarik ezagutza-objektutik kanpo. “Ezagutza” abstrakzioa da; egotez gauza ezagutua baino ez dago. Badago beste ezagutza-forma bat ere: subjektuarena. Beraz, ezagutza-forma bati objektua deitzen diogu, eta besteari, subjektua. Gero, erlazioa ezartzen dugu bien artean, eta ezagutza-ekintza deitzen diogu erlazio horri. Baina ezagutza-ekintza, subjektu ezagutzailea eta objektu ezagutua ez dira ekintza sinple baten hiru forma baizik. “Ezagutza” da ekintza sinple hori.

Errealitatearen nozio bakarra dago gure baitan. Errealitatearen nozio bakar horri, gure gogamenak, izen diferenteak ematen dizkio, zeren bidez hautematen duen begiratuta. Errealitatearen nozio hori barne ildotik, geure baitatik, hautematen dugunean, “ni” deitzen diogu. Errealitatearen nozio hori kontzientziaren goi bideetatik barrena hautematen badugu, hori “Jainko”, “Adimen Unibertsal” edo egoki iruditzen zaigun beste edozein eratan izendatuko dugu, baina errealitatearen nozioa berbera da. Eta organo sentsorialen bidez hautematen badugu, berriz, “Existentzia”, “Mundua”, “Unibertsoa”… deituko diogu, baina, ostera ere, errealitatearen nozioa bakarra da.

Errealitatearen intuizioa sentimendu sakonaren bidez hautematen denean, sentimendu hori da, guretzat, errealena. Momentu bakoitzean, guretzat, gauza jakin bat da erreala: pertsona, egoera, ideia edo dena delakoa. Baina, ondo begiratzen badugu, errealitatearen nozioa gure barrendik irteten da beti. Momentu batean gauza bat interesatzen zaigu, eta bestean, beste bat. Errealitatearen nozioa berezkoa da, giza izateari atxikia, baina kontua da nozio hori, gure kontzientziak edo gogamenak, forma diferentean proiektatzen duela. Horrek  egiten du elementu, objektu edo forma mental bat, momentu jakin batean beste batean baino inportanteagoa izatea.

Adibiderik egokiena Jainkoa da. Fededunarentzat, ongi dagoenean, gauzarik garrantzizkoena Jainkoa da; hagineko minez dagoenean, ordea, mina kentzea ipintzen “Jainkoaren gainetik”. Horrek esan nahi du errealitatearen nozioa ez dagoela objektuan; izan ere, hala balitz ez litzateke aldatu eta batetik bestera ibiliko. Gauzak erreala ematen du, baldin eta, eta soilik baldin eta, neu objektu horretara proiektaturik banago.

Gauza bati, funtsean nirea den errealitatea atxikitzen badiot, benetako mitoa sortzen ari naiz. Gure mentalitate osoa desmitifikatu eta errealitatea, zinez dagoen tokian, aurkitzen ikastea da errealitatea benetan bizitzea.

Jakina, ez gara ari gauzek beren baitan duten errealitateaz, baizik eta “nik” errealitatea nola hautematen dudan objektu jakin batean. Kontu honetan, daltonikoaren antza dugu: daltonikoak eta “nik” ez ditugu berdin ikusten kolore batzuk, baina bakoitzak errealitateari buruzko bere nozioaren arabera ikusten du.

Zorionaren atzetik

Ohartuki edo oharkabean, mundu osoa zorionaren bila dabil. Aurkitu, ordea, badirudi gutxik aurkitzen dutela. Zorion-bidea bizi daiteke subjektu-objektuen arteko erlazioari bidez. Kasu honetan, “ni” izan daiteke subjektua eta Jainkoa, aldiz, objektua, Zorion a absolutu gisa. Orduan, erlazio afektiboa sortzen da.

Maitasun bidea eta forma erlijiosoak bi gauza dira. Maitasuna ez da zorionaren berezko espresioa baizik. Izakia eta izatea zorion purua dira. Bakar-bakarrik, apur bat zentraturik egon behar dugula. Buru-gogamena lasaitu, pentsamendua uxatu eta arreta ipini. Orduan, garbi ikusiko dugu egon gozo eta atseginaz jabetu garela. Zenbat eta zentratuago egon, hainbat eta sakonagoa da atsegina. Ongizatearen nozioa jaioko da.

Problema da buru-gogamenean murgildurik bizi garela, buru-gogamen zatitua; partzialtasun gisa, parte bat bagina bezala, bizi dugu gure errealitatea, eta bestearen bila gabiltza beti, osotasunera iristeko. Uste dugu ez gaitezkeela zoriontsu izan, zoriona ez badator besteagandik guganantz. Eta ez da horrela. Maitasun, atsegin eta zoriona sentitzeko gaitasuna gure baitan dago, eta ez kanpoan. Kanpotik estimulua jaso dezakegu, inoren portaera amultsuaren bidez. Baina zoriona da gure izate sakona; horren adierazle edo espresio da kanporatzen duguna.

Zoriona, beste edozer bezalaxe, susta daiteke. Gimnasiaren bidez soina lantzen dugun eran, zorion-bidea lantzeko ere egin dezakegu ariketa: maitasuna eskaini, gozamena sortu… Gure barnean baldin badago, eta lantzen badugu, potentzial hori martxan ipintzen ari gara. Horretarako, zoriona geure barnean dagoelako konbentzimendu osoa behar da, ebidentzia eta erabakiarekin batera.

Ohartzen bagara, maitasuna, gozamena eta zoriona, gauza beraren hiru fase dira: maitasuna zentzu erlazionalean; gozamena, barne egoera gisa; zoriona, bere baitako errealitate erreal moduan. Inor maitatzeak esan nahi du besteaz interesatzea, besteari ongi deseatzea, bestearen garrantzia aintzat hartzea. Maitasuna bakarra da, gu haren forma partikularrak gara; maitasunak erdi-erditik lotzen gaitu. Zuzen esateko, esan beharko genuke zoriona dela, eta maitasuna zorionaren adierazlea edo espresioa.

Hirietako plaza batzuetan, iturria egoten den. Hondoan putzu handi bat dago. Ura botatzeko txorro asko ditu. Forma asko osatuz botatzen ura behetik gora, eta berriro askara itzultzen da. Ur bera da bueltaka dabilena, baina forma diferenteak osatzen ditu uneoro, behetik gora jauzi egitean. Maitasunak ere horrela funtzionatzen du: bakarra da; forma asko hartzen ditu, maitasun-objektuaren arabera.

Hasieran, maitatuak izan gaitezen maitatzen dugu. Beste bat aurkitu nahi dugu, zoriontsu senti gaitezen. Baina horrek maitasunetik ezer gutxi du. Maitasun egozentratua da hori, umeena bezalakoa. Jakina, umeek hori beharrezkoa dute. Aitzitik, pertsona helduarengan ez da infantilismoa baizik. «Ni maite baldin banau, nik maitatuko dut bera; baina, bestela, ez. Zure betebeharra da ni zoriontsu egitea; zurekin zoriontsu ez banaiz, ez zaitut maite.»

Maitasuna “nire kontua” da, ordea. Nire ekimena izan behar du, besteak nola erantzungo duen begira egon gabe. Den bezala errespetatu eta maitatu behar da bestea. Horrela haziko gara maitasunean, eta pertsona moduan. Ondo izateko, ez nuke ezer espero izan behar bestearengandik, diferentea izatea onartu. Baina diferentzia horien azpian zer dago? Bada, batzen gaituzten guztia. Bereizten gaituzten formak gorabehera, Bat gara sakon-sakonean. Maitatzen dugun neurrian topatzen dugu gure barne sakontasuna, eta sakontasun hori topatzen dugun neurrian atzematen dugu gure izate esentziala; gure maitasuna eta atsegina sortzen diren tokia, Izaki/Izatearen Zorion purua direna.

Maitasuna bakarrik maita dezakegu. Baina baditu etapa batzuk. Lehenik, formak maitatzen ditugu: emakume bat, ideia bat, mendi eder bat, udako gau ilargitsua, musika, ipuina, bertsoa, animalia… Hala ere, bereizketa bat edo, agian, galdera bat egin nahi nuke:  maitasun-objektu gisa, kategoria berekoak al dira pertsona eta gauzak? Pertsonen arteko erlazio nagusia maitasuna da. Baina edertasunarekiko erlazio nagusia, emozioa da.

Gero ohartzen gara maitatzen duguna ez dela forma, baizik eta formak sentiarazten diguna. Orduan zer maite dugu? Maitasuna  bera, emozioa. Baina aurrera goazen heinean, jabetzen gara ez dela maitasuna maite duguna, baizik eta Izaki/Izatea. Laburtuta esateko, formekiko maitasuna, maitasunarekiko maitasuna, Izaki/Izatearekiko maitasuna, zeinen adierazle edo espresio maitasuna den.

Ikusten dugu, beraz, dena Izaki batengandik iristen zaigula, Identitate bakar batetik, Gorengoa. Autorrealizazio-lana ez da esperientzia berrien bila jotzea; baizik eta esperientziaren azken Subjektua aurkitzea. Gure barne garapena gidatu behar duena da Gorengo Identitatea sortzen den zentroa, dela lehen pertsonan, dela inpertsonalki bizi dugun subjektuaren izenean, zeini deitzen diogun Jainkoa edo bere baitako Izakia.

 

Meditazioa, sentitu

Meditazio eta teknika  bidez gure barnea lantzen dugunean, halako gozamen eta baretasuna sentitzen ditugu. “Ni-ideia”z aparte beste zerbait hautematen hasten gara. Baina eguneroko jardunera itzultzen garenean, munduaren eragina, betiko pertsonak, egoerak… datoz gurena, eta betiko “egoa” azaltzen da.

Lana behar bezala egiten ez denean gertatzen da hori. Gure barne sakontasunean bizi dezakegu “ni”aren eta “ez-ni”aren (objektuen) batasuna. Ulertuko beharko genuke jarduna, beti ere, iturburu sakonean jaiotzen dela. Jarduna da, nola ez?, gure izatearekin hertsiki lotua dagoen zerbait.

Jarduna, beste ezeren aurretik, behar biologiko eta psikologikoen ondorioa da: mugitu beharra, jan beharra, beharrak ase, atsegina, kanpoko estimuluei erantzun…

Zeren  bila gabiltza jarduten dugunean? Beharturik gaude lan egitera. Lana badakigu zertarako egiten dugun: gure behar ekonomiko eta materialak asetzeko. Baina ez al dugu lanaren beraren premiarik, zeharkako xederik gabe, sentitzen? Lan profesionalaren bidez baino areago, dibertimendu eta hobbyen bidez asetzen dugu behar hori.

Dena dela, motibazioa dirua eta abar baldin badira, lana gogorra egingo zaigu, eta problemak sortuko zaizkigu. Pertsona batzuk, bizitza osoan, eskailera-maila horretan geratzen dira. Lanak, bere baitan, motibatzen ez bagaitu, gorriak ikusteko gaude. Ohitura hartzeak salba gintzake, baina ez erabat. Nik neu lanean, bizitzako zatirik handienean, gustura aritu naiz. Bestetik, lan profesionalak erabat asetzen ez gaituenean, ordezkoak aurki daitezke. Niri izugarri gustatzen zait irakurtzea eta idaztea. Horrek bizi nau neurri handian. Gainera, batek ez du ikasi behar profesionalki hobeto kokatzeko bakarrik, baizik eta, “egunero lanaz kanpo”, autorrealizatzeko. Gehiago oraindik; lanean gustura aritzeaz gain, inportantea da bizitzaren zentzu bila saiatzea. Batek, filosofia ikasi arren, lan egin lezake bulego batean; baina filosofiak, jakintzak, balio behar dio bizitzari buruz gogoeta egiteko, disfrutatzeko, karta-jokoan bakarrik aritu gabe.

Arriskuak ere baditu. Lanean gustura ez dabilen jende asko, halabeharrez, politikan edo erlijioan sartzen da, eta frustrazioak horrela gainditu; sarritan, besteak mendean hartuta gainditu nahi izaten dituzte.

Badira alderantzizko esperientziak ere. Zenbaitentzat, lana da dena. Lanaren bidez lortu nahi ditu fama eta ospea. Eta lanak huts egiten dionean, frakasatu sentitzen da. Gauza guztietan bezala, ezinbestekoa da oreka aurkitzea. Egokiena da motibazioak eta egiten ari garena bat etortzea. Umeek, jolasten dutenean, gustura sentitzeko bakarrik jolasten dute, eta ikaragarri gozatzen dute. Baina txapelketan batean parte hartu behar badute, eta sailkapena egin, orduan urduri jarriko dira. Badira anonimatuan gehiago gozatzen duten pertsonak. Beldurra ematen die beren izena nonbait azaltzeak. Ondorioz, irabazi beharra sentitzen dute. Horixe nahikoa da gaizki pasatzeko.

Gauza barrendik, bere kasa, ateratzen zaigunean, ez da gertatzen horrelakorik, ez baitugu egiten atentzioa emateko, baizik eta atsegin hutsez. Pertsona askok uste dute gustura egiten dutela lana, beste bati on egiten ari direlako. Baina pertsona batek ez dezake onik egin, egin duen horrek atseginik ematen ez badio. Nik askotan ipini dudan adibidea da: nik bertsolaritzaren alde egiten nuen lana ez zen, gure kultura edo herriaren alde gauza handia egiten ari nintzen kontzientziagatik, baizik bertsoa gustatzen zitzaidalako; beraz, meritua oso erlatiboa da. Sarritan entzun izan dugu, geure buruaz ahaztu eta bestearen alde eman behar dugula dugun guztia. Bestearen alde ez da posible ezer ematea zeure buruarekin adiskide eta gustura ez bazaude. Eman eta eman bakarrik, depositua agortu egiten da; behar da iturburu bat ura depositura jaulkiko duena. Gure barnean ere, emateko, sortu egin behar da. Ezinbestekoa da ekintza autoesprezio gisa bizitzea, emaile nahiz hartzailearentzat probetxugarri gerta dadin.

Bibliografia:Martínez Lozano, Blay, Cavallé, Krisnhamurti, Wilber, Domínguez Morano, Osho, Deepak Chopra…

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s