Disgustua nola gainditu

 

Ongi erreparatzen badiogu, orainak ez dauka hasiera eta amaierarik, “beti” da.

 Museko txapelketa. Gogor jardun genuen, eta suertearen laguntzaz finalera iritsi. Guk tanto bat falta eta kontrarioek lau. Guk: «mus» eta besteek: «hasi». Zirt edo zart egin egin behar! «Ordago handira», haiek; guk pentsatu egin behar. Mila kalkuluren ostean, guk: «bota». Haiek irabazi eta guk galdu! Guk galdu eta haiek irabazi! Eta urdaiazpikoaren ordez whisky botilarekin etxera. Disgustua, pentsatuko duzuenez, itzela. Bada, ordea, sendatzen lagundu beharrean, zauria areagotzen dizun jendea, gainetik begira. Batek esaten ez dit, bada, aurreko jokaldian hiru tanto gutxiago jaso nituela! Nola jarri nintzela, gero! Haserre; noski, neure buruarekin.

Ezin gelditu, gertatuari bueltak eta bueltak ematen! Baina halako batean, ordu bete inguru igaro ondoren, «bukatu da, kito!», esan nuen, eta gehiago ezertaz pentsatu gabe afaltzen jarraitu nuen, eta akabo! Mahaikideen momentuko hizpideari segitu eta laster etorri nintzen, berriro ere, nire onera. Afariaz disfrutatu, gertatu zenari edo aldamenetik etor zekizkidakeen adar-jotzeez ahazturik. Horixe izan zen sekretua. Ez zait gehiago burura etorri museko historia, edo itzul nahian ikusi badut, berehala itxi diot ataka pentsamendu horri.

Orain pozik nago. Musean galdu arren, irakasbide ona atera dut hortik; ez dugula ibili behar, behiak hausnarrean bezala, gauzei bueltak ematen. Pasatutakoa pasatu da, eta orainari heldu; erdaraz esan ohi den eran, ihes egindako urak ez du errotarik mugitzen. Geroari ere neurrian baino ez begiratu. Ongi erreparatzen badiogu, orainak ez dauka hasiera eta amaierarik, “beti” da. Areago oraindik, hori da bizi gaitezkeen “denbora” bakarra. Lehenean pentsatzea, askotan, oroitzapen mingarriak gogoratzea da. Geroan gehiegi pentsatzetik, berriz, urduritasuna eta ezinegona datoz sarritan.

Hizpide horretan ari garela, non azaltzen den gure artera, inoizko moduan, azkar usteko bat, eta esaten dit: «Santu Guztienetan antxume guri-guria jan nahi badugu, beharko pentsatu geroan; ahuntzari akerra noiz bota pentsatu beharra zagok.»

Erantzunaren zain gelditu zen, baina ni isilik, eta halaxe jarraituko nuen momentu hura dastatzen, baldin eta irudi hau burura etorri ez balitzait, eta esan nion: «Antxumea jan? Antxumea zelaian saltoka eta haurrak harekin jolasean baino ikuskizun ederragorik ez zagok munduan.»

Bai, haurrak animalien kumeekin jolasean ikusten ditudanean, ahaztu egiten zait munduan beste ezer denik ere!

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s