Elur-malutak bezala

Elur malutak jostari datoz goitik behera, alda-haizearen magalean, zuzenean lurreraino. Alai datoz, dantzan datoz, ibilian datoz, hotzari beldurrik gabe. Arinak dira banaka datozenean, ez zaie mingarri bidaia, batasun perfektua osatuko baitute iritsitakoan. Naturako legeen arabera sortu ziren, eta halaxe egin dute ihes hodei-amaren sabeletik. Alfonbra bakarra, zuria, zabaldu dute lur gainean, eta denbora jakinik gabe iraungo du, presentzia eternoan, guk erlatibotzat hartuko badugu ere.

Lurrean pausatu dira, gorputz bakarra osatuko dute: elurra; matazek, orain, ez dute beste izenik. Eta ez galdera, ez haserre eta ez beldur iraungo dute bat eginik, lehena ahaztuta, geroan pentsatu barik, IZATEA beste ametsik gabe, irakasbide eta ispilu, lurra apaintzen.

Badakigu, gizakia ez dela elur-maluta. Adimenaren jabe gara, adimen kontzientearen jabe. Badakigu bagarela –gu baino lehenago ere bazen Kontzientzia, eta horren baitan gara gu; inork ez dakienik ez da existitzen–. Gu bai, baina oraindik ez gara ongi jabetu benetako gure izateaz.

Kontzientziaren bidez liluratzen gara ibaiaren musikaz, txorien kantuez, mendien ederrez, arbolez apainduriaz, eta hunkitzen gaitu elurrak… Kontzientziari esker gara errukior, eta sentitzen bat den guztiari loturik. Baina oraindik ez, nonbait, erabat osatuak eta helduak! Tamalez, urak nahasi dabiltza osinean, gorrotoa dariela, inbidiari jaregiten, egoari bultzaka, iraganeko oroitzapen mingarrien errota astintzen eta geroaren beldurrari irakinarazten. Batez ere heriotzaren izua. Heriotza obsesio bilakatzen da kontzientziarentzat.

Ez dakigu nola bizi. Bai, ordea, alde-aldera, nola bizitzea merezi duen, eta bizi gaitezen horrelaxe, merezi duen moduan, bizitza eta heriotzaren arteko hesia kendurik.

Bada askoren ustez, gehienen iritziz, heriotzaren beldur eta obsesioen kontrako antidoto efikaza: erlijioa. Baina, maiz asko, ez al da izan sendagaia gaitza bera baino okerragoa? Zenbat bider bota gaitu erlijioak infernura, zorigaiztoko bekatuaren erruz!? Hala ere, ezin ukatu kontsolamendu eta ilusio handiak erein dituela gure artean. Hemen pasadizoan gaudela esan digu erlijioak, eta hemen ongi portatzen denak gero zerua izango duela opari. Nik esango nuke hemen ongi portatzen dena jadanik zeruan dagoela.

Uste dut erlijioaren papera ez lukeela izan behar heriotzaren obsesiotik libratzea; paradoxikoki, obsesio hori erlijioak berak sortua baita. Bizitza miresten lagundu beharko liguke erlijioak. Eta ez horrenbeste nahastu infernu eta zeru eta horiekin erlazionaturiko beste hainbat kontzepturekin; adibidez, berpizte, birjaiotze (budismoan) eta abarrekin. Sinboloak eta sinesteak ez dira txarrak berez, baina bizitzen uzten ez badigute, ahalik eta azkarren urrundu gugandik.

Hobe mataza sotil horien antzekoak izatea. Bizi eta pozik bizi, orain eta hemen. Bizi gaitezkeen denbora bakarrean, presentean, heriotza eta beste munduarekin obsesionatu gabe. Gauden prest haizearen magalean, lasai, azken bidaia egiteko, beti izan garena izaten jarraitzeko, betiko Kontzientziari gurea entregatzeko, nola olatua itsasoari. Elur mardula osatzen dugun malutak gara.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s