Estatuak eta nazioak

Estatuak eta nazioak errealitate kontingenteak dira; atzera-aurrera historikoen emaitza, ez Jainkoak sortuak. Esate baterako, zer axola dit niri kataluniarrak nire “aberkideak” ez izatea?  Aski eta sobera dut elkarrenganako anaitasun eta solidaritatean bizitzearekin. Katalunia esaten dudanean, beste nazio guztiak sartzen ditut zaku berean.

Espainia eta Portugal banantzea, edo Gaztela eta Aragoi-Katalunia elkartzea gorabehera historikoen ondorioa da, askotan indarraren arrazoia baino ez; inolaz ere ez, behintzat, inperatibo metafisiko bat.

Zein da oztopoa Katalunia Uruguairen antzeko herri txiki bat izan dadin? Beste kontu bat da Suitza bezalako herri txiki bat izatea. Suitza ez da problema independentziagatik, defraudatzaile lotsagalduengatik baizik.

Eskozia, Katalunia, Quebec eta beste batzuen independentzia gorabehera, hor jarraituko dugu munduko biztanle aldrebesok elkar maitatzen, gorrotatzen, esplotatzen, laguntzen, negarrez, barrez…, eta ehun urte barru denok burusoil.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.