BARNEKO “DEABRUAK”

 Garizumako I. Igandea

 2013ko otsailak 17

 Lukasen Ebanjelioa: 4, 1-13

Jesus Espiritu Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen berrogei egunez, eta deabruak tentatu egin zuen.

Egun haietan ez zuen ezer jan, eta azkenean gosetu egin zen.

Deabruak esan zion, orduan:

–Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.

Jesusek erantzun zion:

–Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.

Ondoren, deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean eta esan zion:

–Hara, neureak ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket. Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.

Jesusek erantzun zion:

–Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.

Orduan, Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:

–Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera, idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzekoBesoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.

Baina Jesusek erantzun:

–Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.

Orduan, bere tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo egokiera arte.

 

******

 

BARNEKO DEABRUAK

Ebanjelio sinoptikoek —Markos, Mateo eta Lukas— Jesusen jardunbide publikoaren hasieran ipintzen dute Haren tentazioen kontakizuna. Agian, adierazi nahi digute  ekinbide askatzaileari ekin aurretik beharrezkoa dela nork bere “barrengo deabruei” aurre egitea.

Horrela egin ezean, litekeena da “deabruak” beste inorengan ikustea edo egon gintezke indar ezkutu horien mende, eta ez makal-makal horietakoak ere!, guk nahi ez genukeen tokira bultzaka.

Kontakizun hauetan azaltzen diren deabruak hiru dira, eta bikain azaltzen dituzte egoaren ezaugarriak: eduki, ahala izan eta itxura egin. Horietan babestu eta gordetzen da egoa, eta horiei oratzen zaie gogor, “norbait” badela sentitzeko. Ondare materialak, aginpidea eta eragina, irudia eta sona: horra hor egoaren interesak.

Jabetzen bagara, horien bidez lortu nahi dena hauxe da: segurtasuna. Hain zuzen horregatik, deabruak menderatzeko modua da: ase gabeko beharraz ohartu, behar hori onartu, eta deabruen promesak gezurrezkoak direla deskubritu.

“Deabru” horien atzaparretan dagoena ez da hauxe baino: gure barneko haurra, segurtasun premian. Ongi begiratzen badugu, pertsona diruzale, despota edo handiustekoaren estereotipoaren azpian ikusiko dugu, beti, segurtasun eta afektu eske ari den haur bat.

Beraz, haur hori erreskatatu behar dugu, amatzakoa egin beharko dugu. Bai, helduok amaren papera bete beharko, haur horrekiko; behar diren bitartekoak ipini beharko, bere onera etor dadin, maitasunezko topaketa bat gerta dadin, haurrak segurtasuna eta konfiantza eskuratzeko.

Orduan lagundu ahal izango diogu ulertzen ahots haiek eskaintzen zuten segurtasuna ez zela segurtasuna: munduko diru guztiak, aginpide osoa eta sona guztia ezgai dira segurtasuna eta asebetea emateko. Ez hori bakarrik: ahots haiek nahastu egiten gaituzte, eta gure benetako identitatea ahantzarazten digute. Lehen edo geroxeago ohartuko gara desagertzea dela egoaren etorkizuna, eta Jesusek zioen eran, egoarentzat bizitzea “bizia eta bizitza galtzea dela”.

Segurtasuna ez dago egoaren eskueran. Horregatik ernegatzen da egoa, jabetzen baita, egiten duena egiten duela, ezin duela kontrolpean eduki. Ez dago geuregandik kanpo ere, beste leku batean edo geroan. Segurtasuna ezin dugu kokatu edo aurkitu gure ideia eta sinesteetan ere.

Ez dago zalantzarik, premiazkoa dugu lan psikologikoa, geure buruarekiko harreman positiboa eraikitzeko, horri esker senti dezagun gustura eta maitekiro bizi garela geure baitan, etxean gaudela. Bestela, segur aski, energia gehienak alfer-lanean ahituko zaizkigu, barne hausturak sorturiko egonezina jasaten, geure burua arrotz sentitzen dugulako, edo ordezko konpentsazioen bila, baina horiek ere, noski, frustrazio-eragile.

Hala eta guztiz, garrantzitsua eta erabakigarria izanik ere, lan psikologiko hori, bera bakarrik, ez da gai gure bihotza tirriatzen duen segurtasuna emateko.

Izan ere, tirriatzen gaituena ez da segituan lor genezaken “zerbait”, Absolutua bera desio baitugu (Zure Jaun eta Jainkoa adoratuko duzu eta hura baino ez duzu gurtuko, dio Jesusek), baina ez “zerbait” edo “norbait” berezitu gisa, baizik eta Hondo Sakona, guztiok bat eta bera egiten gaituena. Bera da gure egarriaren motibo eta bilaketaren arrazoi; izan ere, bera da gure benetako identitatea.   

Jada garenaren gose eta egarri gara, baina sarritan ezkutuan gorde ohi da, ez dugu ikuste garen hori. Eta definitzen gaituen egarria ase ezin dugunez, kanpora proiektatzen dugu, eta jabetu egiten ahalegintzen gara.

Sinpleagoa da. Saiatu DEN HARENGAN atseden hartzen. Saiatu buruko ahotsak eta sentiberatasunaren mugimenduak gelarazten, murgildu zeure baitan, entzun Isiltasuna, eta gozatu hor, Presentzia kontziente eta amultsu gisa, irekitzen den Espaziotasuna…, zeure burua Bertan “ikusi eta nabaritu” arte: Presentzia hori da segurtasuna eta zure izatearen (zarenaren) muina. Non zenbiltzan bila?

                          www.enriquemartinezlozano.com

(Itzulpena: Rufino Iraola Garmendia)

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s