EGIAREN BILA

Pazko Igandea II, 2013/04/07, Jn 20,19-31

 Jesus ikasleei agertu

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».

Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.

Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».

Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Har ezazue Espiritu Santua.  Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jesus eta Tomas

Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.

Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:

–Jauna ikusi dugu.

Tomasek erantzun zien:

–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.

Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».

Gero, esan zion Tomasi:

–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.

Tomasek erantzun zion:

–Ene Jauna eta ene Jainkoa!

Jesusek esan zion:

–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.

Ebanjelioaren helburua

Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.

Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

******

 Egiaren bila

Nola transmititu esperientzia transpertsonala edo espirituala? Ezinezkoa suertatzen da, ez baitugu erreminta kontzeptual egokirik. Hori dela eta, Berpiztuaren agertzeei buruzko kontakizunek —katekesiaren beharretara moldatuak egoteaz gain— esaten duten baino askoz ere gehiago esan nahi dute.

Nola konbentzitu behar duzu “Tomas”, Berpiztua eurekin dagoela? Ezinezkoa! Hitz guztien gainetik dagoen esperientzia da, kontzeptuak eta irudiak transzenditzen dituen esperientzia eta, berdin, buru-gogamenen espektatibak ere.

Baina kontua ez da inor “konbentzitzea”. Jakina, hori oso garrantzitsua zen, erabakigarria, kontzientziaren maila mitikoan: pertsonak konbentziturik zeuden egia absolutuaren jabe zirela; eta, hain zuzen horrexegatik, beharturik sentitzen ziren besteei jakinaraztera eta onar zezaten ahalegintzera. Kontzientziaren estadio hartako jarreren ezaugarria da proseletismoa

Baina ohartzen garenean ez gaitezkeela izan Egiaren jabe eta Egia eta Errealitatea bat eta bera direla, orduan konturatuko gara hark, proseletismoak, ez duela zentzurik. Interes osoa galtzen du pertsona batek buruan sineste hau edo hura izateak, hori bakarrik baldin bada, hau da, sineste hutsa.

Egin beharrekoa beste gauza bat da: garena, garen egia, bizitzen saiatu. Kontzientziaren maila berri honetan, egia ez da ikusten pertsonaren eranskin baten moduan; eranskin moduan aurkezteak, nola ez?, uzkurtasuna sortuko du eskaini diogunarengan, zerbait derrigorrez inposatu nahi diogula pentsatuko baitu. Beraz, egia ez da eranskin bat, garen huraxe baizik.

Charo Rodríguezek ( “La luz de la niebla”)  gauza bera honela espresatzen du:

Jainko aurkitua bakarrik,

ez dago egiazko Jainkorik irakatsia denean,

irakatsia denean

 Jainko aurkitua bakarrik

izan daiteke egiazkoa.

 “Irakats” dezakegun guztia, nahiz eta hitz potoloz adierazi, hitz hutsak dira, hau da, “mapak, ongi landuak izan arren. Eta mapa inoiz ere ez da lurralda bera. Eta lurraldea ez da ikasten, aurkitu egin behar da.

Egia da lurraldea ikusi duenak lagun diezaguke arreta jartzen. Haren hitzek eragin dezakete oihartzuna gure barnean, lotan dagoen gure egia esnatzen lagun diezagukete. Mapa ikusteak motiba gaitzake, bideari ekiteko. Baina, erremediorik gabe, norberak ekin behar bideari, norberak egin bidea.

Jesusengan badugu mapa, eta mapa txit gardena. Hasteko, ez legoke gaizki haren agurrak gure barnean sortzen duen oihartzuna entzutea; hain zuzen, lurraldea ikusi duenaren agurra: Bakea zuekin.

        www.enriquemartinezlozano.com

(Euskaratua eta moldatua)

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s