Han ibili gara

Ez kezkatzeko esaten nien nik, oporretako gauzarik garrantzitsuena itzultzea dela eta

Han ibili gara, hezurrei hautsak kentzera joanda. Kostatu zitzaigun eguzkiaren musu biribila ikustea. Baina agertzen zenean, gogotsu agertzen zen. Erakutsi zigun ez zegoela gutaz ahaztua. Aterarazi zizkigun krema-potoak, iaz sobraturikoak eta berdin aurtengoak. Hala eta guztiz, batzuk haserre itzuli dira. Endemas ere, emakume-jendea. Hezurrei hautsak kentzea baino zerbait gehiago nahi, nonbait. Ez kezkatzeko esaten nien nik, oporretako gauzarik garrantzitsuena itzultzea dela eta. Belzteko adina eguzki ez genuen izango, baina, gorritzeko, nahikoa eta gehiegi, niretzat behintzat. Badakit, ‘Koino’ kalera egiten genituen bisitei botako diela zenbaitek errua, baina egunean ‘cava’ pare batek, pintxo ederrez lagunduta, nekez gorri lezake inor. Ohartuko zinetenez, ‘Koino’ euskal grafiaz idatzi dut, kaleari izen hori ipini izana euskaldunoi egozten digutenez gero.

Han ibili gara, ustez errutinaren karga astintzera joanda. Baina han egon behar genuen aldirako periodikoa enkargatzera joan eta «a nombre de  Rufino, ¿no?» esaten badizute, ez duzu izango urteroko errutinan erori zarelako sentsazioa baino.

Han ibili gara, tarteka pasadizo politak ikusiz. Bikote batek, argazkia ateratzeko eskatzen dit. Neskak eskuan duen kamera nire eskuetan, nire esku, uzten du, eta «foto, foto» besterik ez diot ulertzen. Gero eskua altxatzen dit, apur bat itxaroteko eskatuz. Ondoren, heldu dio mutilari, lotu zaizkio elkarri musurik erotikoenean, eta disparatzeko. Han geratzen dira makinan, zeuden posturan, haserretzen ez badira, betiko. “Aitona” eskandalizatzeko beldur handirik gabe jarri ziren makina eta makinistaren aurrean, eta amaitutakoan «ThankYou» esan, gainera.

Han ibili gara, eta han egokitu ginen Aberri Egunean. Batzokian ospakizuna: bazkaldar asko, ikurrinak lur-estali, denak abertzaleak, euskaraz egiten zutenak gutxi. Hori ikusita, duda egiten dut abertzaletasunaren makina aski ote den hizkuntzaren trena mugitzeko. Euskarak lurralderen batean hegemonikoa izan behar du, eta funtzio guztiak bete, iraungo badu.

Han ibili gara, haizea txistu-hots batean dela. «Jo ezak, jo ezak» esaten nion nik, «Olegi zaharrean gaudela uste al duk?» Han bai, beldurra galanki pasatua naiz, haizearen erruz, buztinez erantsita harriz egindako pareta zaharrak eroriko ote ziren. «Jo lasai txistu, jo, jo!» esaten diot orain. Andrea harritu egiten da hori entzunda. Nik adina baleki, ez litzateke harrituko.

DV, Bai Horixe: 130411

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s