Irudi baten tranpak

Pazko Igandea IV, 2013/04/21, Ebanjelioa: Jn 10, 27-30

 

Aldi hartan zioen Jesusek:

—Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate, eta nik betiko bizia ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit inork ere kenduko eskuetatik.

Eman dizkidan nire Aita denak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork kendu nire Aitaren eskutik.

Aita eta biok bat gara.

***************

ARTZAINA ETA ARTALDEA: IRUDI BATEN TRANPAK

Tradizio judu-kristaua bi mila eta bostehun urteko aldi luzean artzainaren irudiarekin bueltaka ibili bada, begi-bistakoa da horrek kristauon irudikarian bere arrastoak utzi dituela. Ukaezina da artzainaren irudiak —eta izen horrekin 4. ebanjelioan agertzen den alegoriak—, kasu batzuetan, Jainkoa eta Jesusenganako konfiantza-sentimendua indartuko zutela.

Baina eragozpenak ere baditu berekin. Begira diezaiegun apur bat, dituen arriskuen aurrean argitasunez joka dezagun. Izan ere, behin baino gehiagotan gauzatu dira arrisku horiek modu konkretuan; hain zuzen, Jesusen mezuak ez bezalako esanahia eman zaio artzain hitzari. Jesusek pertsonaren askatasuna aldarrikatzen du, eta aginpidea zerbitzu gisa bizitzeko exijitzen: “Dakizuenez, herrien buruzagi direnek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Handien izan nahi duena izan bedi zerbitzari. Eta lehenengo izan nahi duena izan bedi guztien morroi.  (Mk 10,42-44). Jesusen hitzon harira, azpimarra ditzagun, Elizaren aldetik artzainaren irudia erabiltzean, sumatzen ditugun tranpak. Ez dugu esaten derrigorrez hala denik, baina arriskuak hor daude. 

Hasteko eta behin, irudi anakronikoa da. Gure garaikoei, nekazari- eta artzain-bizimodutik hain urrunduta egonik, ez die ezer askorik esaten.

Badago, ordea, gauza larriagorik, disimulu ederrean sartzen dena zirrikituan barrena, buruzagi erlijiosoen interesen alde beti. Buruzagiok ez dute inoiz alferrik galtzen beren buruan artzain moduan azaltzeko aukera. Bistan da beste inolako eranskinen premiarik gabeko hitza dela: artzaina da dakiena, gidatzen duena, gainetik dagoena, kontrolatzen duena eta, “behar izanez gero”, zigorra ezartzen duena. Ez dirudi kasualitatea denik gaztelaniazko “obispo” hitza grezierako “epikopos” hitzetik etortzea: begiralea esan nahi du. Egia da esan nahi izan dezakeela, baita ere,  jaten ematen duena. Alabaina, horrek ez al du are eta dependentzia-kutsu handiagoa eta okerragoa?

Artzainaren irudiak ez du distortsionatzen agintaritzaren papera ulertzeko modua bakarrik, baizik eta fededunak bere buruaz eta bere talde erlijiosoaren gainean duen ikusmoldea ere kutsatu egiten ditu.

Ardiak dira artzainak gidatzen dituenak: aski da irudi hori barneratzea, jokabide eta portaera aldetik taldekerian jausteko. Ondorioz, irits daiteke  —kasuak ikusi ditugu— bere erantzukizuna buruzagitzaren eskuetan uztera.

Nolanahi ere, debalde —nahiz kontzienteak izan ez— ezer ez denez, “artaldekeriak” bilatu beharra dauzka beste konpentsazio eta abantaila batzuk, uztarpe horretan dagoen pertsona beteko dutenak.

Lehenengo abantaila, segurtasun-sentsazioa da. Jakinekoa da gizakiok seguru sentitzeko sekulako premia dugula, eta kapaz gara askatasunari —pentsatu eta erabakitzeko askatasunari— uko egiteko, desegurtasunaren fantasma uxatze aldera.

Badu beste bertute bat ere: “hautatuen” taldeko sentirazten du, hau da, “artegi” barnekoak eta kanpokoak bereizten ditu; kanpokoak, jakina, noraezean galdurik eta euren erroreen mende. Bestalde, badirudi halako, goi mailagoko, estatus bat ematen diela, sarri askotan sumatu izan dena ingurumari erlijiosoetan.

Pribilegiatutzat jotzen den posizio horretatik —nahiz eta gero fedea oparia dela esan—, sortzen dira beste “tik” batzuk eta erruz desitxuratzen dute bizi nahi den nukleo espirituala.

Lehenengoa da: beren erlijiotasuna espiritualtasunarekin nahastea, beraiena beste bide zuzenik ez balego bezala edo beste guztiak engainu hutsa balira bezala; toleratu…bai, baina goitik begiratzen dute, halako joera paternalista batetik, egiaren jabe bakarrak balira bezala.

Beste tik ezagun bat, daukaten jokabide proseletista da; formula honekin adierazia: “testigantza eman beharra daukagu, beste batzuek ere sinets dezaten”; hori beren sineste-moduaren ondorioa da, makina bat aldiz atzeko leihatilatik sartu ohi dena, “ebanjelizatze berri” gisa aurkezturik edo horrela deitzen dioten horren izenean.

Indartsu sentitzen diren posizio horretatik, hor hasiko dira, hor jardungo dute, benetako fededunei, eurek erabakitzen dutenei noski, karnetak banatzen. Kasu batzuetan, gainera, aldarrikatuko dute, inolako lotsarik gabe aldarrikatu ere, beraiek bezala sinesten ez duena Elizaren fedetik kanpora dagoela.

Horri guztiari halako biktimismo-kutsu bat eransten badiogu, gauzak nahi eran ez doazkielako, zeu lotsarazten zaituzten espresioak entzungo dizkiegu: “Sinestea gaur ez dago modan”, “kristautasuna ez da baloratzen”, “gizarte hau hustua dago”, “erlijioa kartara aukera dezakezu”, “fededunok pertsegituak gaude”…

Nire ikusmoldearen arabera, topiko horiek prepotentzia edo ezjakintasuna erakusten dute. Batetik, sarritan, instituzio erlijiosoak berak erein du orain jasotzen ari dena. Bestetik, erlijio instituzionalaren gainbeherak ez du esan nahi bizipen espiritualaren errematea. ¿Ala gaur baino espiritualagoak ziren Erdi Araokoak, mezatara joatea derrigorrezkoa zen garaikoak?

Agian, ona litzateke artzainaren irudia bertan behera uztea, Jesusen hitzei belarriak irekitzea, txit hitz baliagarriak gu guztiontzat: Aita eta biok bat gara eta haren bizitzeko era onetsi; alegia, pertsonen alde bizitzeko era, erlijio-forma esklusibista guztiak bazterturik; esklusibistak eta nazional-katolizismoren garaiak eta moduak oroitu eta gogorarazi nahi dituztela diruditenak.

         www.enriquemartinezlozano.com

(Rufino Iraolaren itzulpen librea)

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s