Bakea uzten dizuet, nire bakea ematen

Pazkoa, VI. Igandea, 2013/05/05, Jn: 14, 23-29

 

Aldi hartan Jesusek esan zien ikasleei:

Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok harengana etorriko gara eta harengan biziko. Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.

Zuekin naizen artean esan dizuet hori guztia. Baina Aitak nire izenean bidaliko dizuen Paraklitoak, Espiritu Santuak, irakatsiko dizue dena, gogoraraziko nik esandako guztia eta ulertzen lagunduko.

Bakea uzten dizuet, nire bakea ematen: Nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez larritu, ez izan beldur. Entzun duzue esan dizuedana: «Banoa, baina itzuliko naiz zuengana». Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita. Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen.

 

*********************

EZ MURRIZTU

 

Testamentu espiritualean, laugarren ebanjelioko 13-17 kapituluek dioten eran, Aitarengana doala esaten du Jesusek eta Aita gehiago dela bera baino.

Baieztapen bat zein bestea, ebanjelio horretan azaltzen diren beste batzuk bezalaxe, sakonki konprenitzekotan, ohar gaitezen Jesus —mistiko eta jakintsu guztiak bezala— maila bikoitzean hitz egitera behartua dagoela: maila sakon edo absolutuan, presente eternoan, eta maila historikoan edo formen mailan.

Lehenengoan, Jesusek badaki ez dagoela denbora eta espaziorik, banaketarik ez dagoen bezalaxe: maila horretan, dena Bat da (Aita eta biok bat gara); Jesus Aitarengana doa; zinez eta egiaz, ordea, inoiz ez zen aldendu Aitarengandik.

Baina formen munduan ez daukagu espresatzeko beste modurik, baizik eta denbora eta espazioari lotuta. Ez dago beste erremediorik. Honetan datza klabea: inoiz ere ez murriztu formetara, maila sakona ahazturik; maila sakon horretan dago den eta garen guztiaren egia, oinarria.

Formen munduan tristura da nagusi (eta horretara murrizten bagara, ez gaitu poztuko Aitarengana joateak), aztoramena da gailen (eta horretara murrizten bagara, ezin izango dugu jaso Jesusek eskaintzen digun bakea), gorrotoa ere horkoa da (eta horretara murrizten bagara, ezin izango dugu maitatu)…

Murrizteko arriskutik irteteko deia egiten digu jakinduriak, murrizpenera mugaturik gera ez gaitezen, sakonean garena uka ez dezagun.

Murrizten ez garenean, begira dezakegu dena konfiantzaz, gertaera guztiek dutela Zentzua aitortzen baitugu; egoera bakoitza, nahiz eta ulergaitz iruditu, urrats bat dela Dena heda dadin eta Batasunera itzultzeko.

Eta, Jesus bezalaxe, kapaz gara heriotzaren “joan-etorriari” konfiantzaz begiratzeko: benetan garena ez da inoiz hiltzen.

Honela adierazten zuen, XIII. mendean, Eckhart Maisuak, kristau mistikorik handienetako bat, zoritxarrean ahaztua: Neu naiz nire  kausa, nire izanari dagokionez, zein eternoa den; eta/baina ez gerta dakidakenari dagokionez, zein tenporala den. Eta horregatik naiz ez-jaioa; eta ez-jaioaren izaera bide, ezin izango naiz sekula hil. Ez-jaioaren izaeraren arabera, beti izan naiz eta orain ere banaiz eta beti-beti izan beharko dut.      

Eta tradizio hinduaren barnean, Ramana Maharshi-k, hil baino egun batzuk lehenago, honela zioen: Ez noa; nora joan naiteke?; hemen nago; ez naiz “hemen egongo”, baizik “hemen nago”, zeren, egia esateko, ez dago aldaketarik, ez dago denborarik, ez dago alderik iraganetik edo geroalditik, ezer ez doa inora eta ezer dator inondik, ez dago irteerarik, denbora osoa hartzen duen Orain eternoa bakarrik, Hemen unibertsal eta espazio gabea. Zergatik ikertu, beraz, zer dagoen heriotzaz haratago?; aitzitik, iker dezagun benetan nor garen hemen eta orain, eta orduan bai aurkituko dugula zinezko erantzuna gure zalantza guztientzat!

Ramanak dioen eran, azkenean, beti, garrantzia duen arazo bakarraren aurrean aurkitzen gara: nor naiz ni?

Filosofia eta psikologiaren erantzunak —zer esanik ez zientzia positibistarenak— motz gelditu dira, gizakia egitura psikosomatikora murriztu dutelako. Mindfulness-ekin (arreta osoa) lanean hasi diren psikologo eta psikiatrek ere erabiltzen dute, baina —salbuespenak salbuespen— erreminta terapeutiko gisa, eta gizakia zer den galderari erantzun ezberdina eskainiko liokeen urrats horretaraino iritsi gabe.  

Ez gara gorputz-burua organismoa bakarrik. Behatzen diharduen Hori gara, behatzen duena eta inork beha ez dezakeena, Kontzientzia purua, mugagabea eta atenporala, Ni-Naiz unibertsala…, Jesus berberak aitortu zuen eran. 

Horrekin identifikatzen garenean, orduan izango dugu gurekin Jesusek dioen bakea; ez hori bakarrik, baizik eta Bakea garela deskubrituko dugu. Ez da munduko bakea, beti hara-hona eta iraun ezinik dabilena —formen munduan ez daiteke existitu bakea gatazkarik gabe—, baizik eta bake-egoerak zein alterazio-egoerak besarkatzen dituen Bakea. Bake ez-duala; horri esker, gertatzen dena gertatzen dela, gure bihotza ez da larrituko eta ez da kikilduko, Jesus bezalaxe, benetan garen hartan finkatua baitago.  

 

                                                         http://www.enriquemartinezlozano.com

Rufino Iraolaren itzulpen librea.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s