Egun bakoitza bizi

Azkenaldian makulua lagun du Patxik baina umorerik ez du inoiz du galdu

Bi mila eta hamabiari azken orria kendu genionean: «Beno, udaberria bazetorrek; kukuak oker jotzen ez badigu, nire laurogei urteak ez ditut aparte eta, ospatzeko, familia osoa gonbidatzeko asmoa diat.», esan zigun Patxik: 23an bete arren, apirilaren 20rako ipini zigun hitzordua. Hitza hartu genion, eta han bildu ginen joan den igandean hiru belaunaldi (berrogei lagunetik gora), laurogeitik bi urtera artekoak, Iruña, Zumarraga, Urretxu, Anoeta, Tolosa, Segura, Lazkao, Argiñano eta Zaldibiatik bertatik etorriak; Patxi zaharrena eta Eritz txikiena. Honela esan zion anaia gazteenak zaharrenari, saltsero honen konplizitatean prestaturiko bertsoan: «Garena baliatu, zer dugu hobea? Bizitza egunero da nobedadea, den guztiz osatua dagoen sarea; berdin Eritzen eta zure edadea, egun bakoitza baita eternidadea.»

Azkenaldian, makulua lagun du Patxik, baina umorerik inoiz ez du galdu, ezta bizitzeko ilusio eta gogorik ere, eta haren gogoari indar berria eransteko, honela kantu zion Sebastianek: «Atzokoa joan zen, biharkoa ahaztu; ez den urak errota mugituko ez du; orainean finkatu behar dugu estu, sendabide guztiak ditu bere esku: garena bizi eta ezer ez amestu.»

Ospakizuna mahaiaren inguruan izaten da beti; hemen eta nonahi, kultura guztietan, gizakia gizaki denetik, esango nuke nik. Nañarriren oinetan, Olegi Berrin, Olegi Zaharretik gertu, bildu ginenok aitzakiarik gabeko bazkaria egin genuen, Joxe Mariren burruntzi, parrilla eta beste askoren laguntzari esker: «Egun hauek izaten dira gogokoak, bizi-hatsa ematen paregabekoak; gainera, denok gera sake onekoak; gehiago disfrutatzen du horrelakoak… gaurkoa ondo doa gero gerokoak! Goiburuk behin Patxiri esanda bezala gertatu zen: «Aizak hi, Patxi, baldin badaukak mokau goxoak jan nahia, danak ez ditek etxeen izaten hik bezalako anaia.»

Eguzkia ere festa-lagun izan genuen, inoiz adina berotu ez bazuen ere. Hitz egin beharrekoa dezente izaten da bilera horietan, aspaldiko kontuetatik hasi eta gaurkoetaraino. Nahiz eta gurean ere, etxe gehienetan bezala, zenbait gauzari buruz ikusmolde diferenteko jendea dagoen, beti dago aukera haria eten eta bertsoari lotzeko: «Gazterik ez da hemen, zaharrik hain gutxi, nahiz eta laurogeira baten bat iritsi; gaur berriz Jaunartzea egin duzu, Patxi; eta bihar goizean galtza motzak utzi; besterik ez pentsatu: bizi eta bizi.»

Halaxe egin nahi zuela, egun bakoitza bizi, adierazi zuen; bertsotan, noski.

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s