Ogi-ardoak Jesusen oroimenez

 Joxe Arregi, 2013/04/28

‘Humus Gipuzkoako Kristauak’ web orritik hartua

(Rufino Iraolaren itzulpen librea)

Utzidazu mezaz hitz egiten. Ez, utzidazu zerbait sinpleagoaz mintzatzen: janariaz jarduten. Eta utzidazu hauxe esaten: jaten eta edaten duzun bakoitzean, besteekin komulgatzen duzu, Lurrarekin, Unibertso osorekin. Eta mastrikatzen duzun mokadu bakoitza eta zurrupatzen duzun tanta bakoitza jardun sakratua da: Den Guztiarekin edo Izanarekin edo Biziarekin komulgatzen duzu. Komunioaren komunioarekin edo Jainkoaren Misterioarekin komulgatzen duzu. Bizitzea elkarrekin bizitzea da. Izatea elkarrekin izatea da.

Horixe da otordu bakoitza, eta meza ez da beste ezer. Meza ez da ezer gehiago, zeren ez dago otordu sinple bat baino gauza handiagorik. Sinplea, bere sinplean, dena da, osotasun betea. Ohikoak eta naturalak dira sakratuenak. Jaten duzun bakoitzean, egin ezazu esker onez beterik eta jaten duzunarekiko benerazioz eta zer janik ez dutenenganako errukiz. 

Horrela jaten zuen Nazareteko Jesusek. Haren erlijioa otorduaren erlijioa zen, nahiz eta, egia esan behar bada, hark ez zuen inolako erlijiorik sortu; gainera, bere erlijio propiotik ere aldendu egin zen denek denekin jatea eragozten zuen neurrian, baraua inposatzen zuen neurrian, janari batzuk ez-puru aitortzen ziren neurrian, bekatari zeritzotenekin —gehienetan pobreak— mahaia konpartitzea debekatzen zuen neurrian. Norbaitek idatzi du, eta ez arrazoirik gabe, jateko moduagatik hil zutela Jesus; izan ere, otorduak eten egiten zuen santu eta bekatarien arteko muga, puru eta ez-puruaren arteko langa, sakratu eta profanoaren arteko lerroa. Buruzagi erlijiosoek eta handi-mandiek “tripazain eta mozkor, bekatarien lagun” deitu zioten.

Jesusek beste mundu bat, nahitaezkoa eta posiblea, iragartzen zuen, eta “Jainkoaren erreinua” esaten zion. Eta, beste mundu bat mundu honetan nolakoa izango zen adierazteko, ez zitzaion bururatu hauxe baino atarramentu hoberik: mendian otordu alai bat antolatu. Bakoitzak zeukan apurra eraman eta besteekin konpartitu zuen; denak ase ziren, eta artean sobratu egin zen.

Jesusek pentsatzen zuen “Jainkoaren erreinua” edo mundu berri bat mundu honetan bertan —mahai handi bat ogiz betea eta baztertu bakarrik ere gabe— segituko kontua zela. Baina buruzagi erlijioso eta politikoek ez zuten hori begi onez ikusten, eta Jesusen proiektuak porrot egin zuen. Baina Jesusek, etsipen guztien gainetik, aurrera jo zuen itxaropentsu. Eta gainera zetorkiona ikustean, gauzarik ederrenekin amets egiten jarraitu zuen, eta gertueneko gizon-emakumeekin agur- eta itxaropen-afaria antolatu zuen, eta ogia zatitzean eta ardoa eskaintzean esan zien: «Gogora nazazue ogian eta ardoan. Eta elkarrekin jaten duzuen bakoitzean, eragin mundu berriaren esperantzari, eta eraiki espero duzuen mundua. Hori egiten duzuen bakoitzean, ni berpiztu egingo naiz, zuek antzaldatu egingo zarete eta mundua Komunio bihurtuko da.»

Horrela egin zuten jarraitzaileek, maisua gaizkile baten antzera gurutziltzatu ondoren. Asteko lehen egunean —gero igande edo “Jaunaren eguna” esango zitzaiona—, euren etxeetan elkartzen ziren, elkarrekin otoitz egiten zuten, Jesusen mezua gogoratzen zuten, ogia jan, ardoa edan, eta Bizia berritzen zen. Eta horri “Jaunaren afaria” edo “ogia zatitzea” esaten zioten. Oso sinplea zen den-dena, eta ez zegoen apaiz eta kontsagrazio  beharrik.

Mende batzuk geroago korapilatu eta konplikatu zen dena. Etxea eliza bilakatu zen, janaria “sakrifizio” bihurtu, mahaia aldare, grazia obligazio. Eta apaizak sortu zituzten, gidaritza-lanerako eta ogia eta ardoaren kontsagrazioa egiteko, ogia eta ardoa berez ere sakratuak ez balira bezala. Eta “meza” deitu zioten; baina ez dago gaizki, “mezak” misioa (eginkizuna) esan nahi baitu. “Ite missa est”, esaten zen azkenean: “Zoazte bakean. Misioaren ordua da.”

Garaia da gauza sinple eta asegarrietara itzul gaitezen, kanonak eta errubrikak eta apaizen gidaritzak alde batera utzita, horiek ez baitute zerikusirik Jesusekin. Aski da bi, hiru, lau… lagun edozein etxetan edo libre dagoen edozein ermitatan elkartzea Jesus gogoratzeko, mezua konpartitzeko, ardo-ogiak hartzeko, esperantza pizteko… txorien kantuak entzunez. Triste bazaude, Jesusek kontsolatuko zaitu. Pozik bazaude, Jesus zure bazkaldar alaia. Ez dio axola ogia gariz, artoz edo oloz egina den; ezta ardoa mahatsaren zukua, garagarrarena edo arrozarena den ere. Axola diona da lurraren eta lanaren emaitza izan dadila, biziaren eta mundu berriaren sakramentu. Hori da benetako meza, egiazko misioa.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s