Gutun irekia Alpha Pam-i

Kaixo, Alpha:

Denok jaiotzen gara mundu honetara “jatorrizko bekatuarekin”.  Zu, gutxienez, bi edo hirurekin jaio zinen: jaiotzea bera, jaio zinen tokian jaiotzea —senegaldarra zinela esan didate— eta beltza izatea —hemen “arrazista” inor ez den arren—. Turismoak gala du hil zaren herrialdean: Mallorka, turistez beteriko inurritegia da urte-sasoi honetatik aurrera, baina ez zinen turista, ez zeunden Mallorkan eguzkia hartzera etorrita, behiala ezinak eta beharrak bultzatuta etorria baizik, patera edo antzeko garraio-tresnaren batean inguratua, zeure eta familiaren goseari duintasun pixka bat ematearren.

Harrigarria da batzuei paperak “derrigorrean” ematen dizkieten tokian beste batzuei ukatzea. Ez zeneukan paperik, “ilegala” zinen zuzen-zuzenean, ezta “alegala” ere. Eta paperik ezak, zure kasuan, heriotza esan nahi zuen: lehenengoa zara asko luza daitekeen zerrenda madarikatuan. Batez ere, asko luza daiteke zerbait egin dezakegunok ezer egiten ez badugu. Horregatik, biziki txalotzen dut ‘Medicus Mundik’ egin zuen salaketa, kontzientziak esnatzeko egiten den lan guztia txalogarria baita. Kolaboratzailea naiz, eta are eta gusturago kolaboratuko dut aurrerantzean.

Hogeita zortzi urte, jaioterrik urrun, bakarrik, bazterren batean etzanda, arnasa hartu ezinik, osasun-zerbitzuek ospitaletik bota ondoren. Hori zakurrari ere ez zaio egiten, eta ez dago zertan eginik. Orain mila aitzakia asmatuko dituzte arduradunek, medikuek eta politikoek, gezurrari egia-itxura emateko, baina alferrik dabiltza. Badakigu gaur egiten den politika ekonomikoa, kapitalismo basatiaren eskutik, dagoela pentsatua —edo hala pentsatua ez badago ere praktikan hala da— goikoak gorago jasotzeko eta behekoa hondoratzeko. Moral bikoitzaren erresuman bizi gara, buruzagi erlijiosoetatik hasita.

Zure kasuan ez du funtzionatu samaritar onaren irakasbideak. Sarriegi ahanzten zaigu sare batean korapilaturik gaudela. Sarean sortzen den eten bakoitzak gu ere ahuldu egiten gaituela. Sarea eteten bada, komunikazioa eteten da, eta gorputzaren zati batera odola iristen ez denean bezala geratzen gara. Egozentrismo eta taldekeriara jotzen dugu unibertso osoarekin komulgatu beharrean. Mundua da gure etxea eta munduko guztiak BAT gara. Kontzientzia hartzea falta zaigu. Besarkada handi eta zabalean lotu nahi dugu zurekin, zure familiarekin, maite zenituen eta maite zintuzten guztiekin, bata gorrotatzen zintuztenekin ere, behingoz uler dezagun sakonean zer garen.

Zure heriotza gure porrota da. Baina etsipen guztien gainetik, aurrera jo behar dugu itxaropentsu. Esperientzia hori eguneroko bizitzan txertatuko dugu, mundu berria eraikitzeko indar bihurturik. Hori egiten dugun bakoitzean gugan piztuko zara; gure bihotzak aldatzen jarraituko, mundua Komunio bihurtu arte.

Jose Ignazio Gonzalez Faus teologoaren hitz batzuekin amaitu nahi genuke:

Europako goi dignatarioak zurikerian ari zaizkigu esanez «Espainia ongi ari dela “etxeko lanak” egiten, eta sakrifizio eredugarriak asumitzen.» Gezurra! Espainiak ez du konplitu inolako betebeharrik, ezta sakrifiziorik egin ere, baizik eta krudelkeria eta injustiziaz  tratatu ditu krisiarekin oso zerikusi gutxi duten pertsonak; eta, bien bitartean, eurek nahi duten guztia egiten, inolako zigor-beldurrik gabe, krisiaren infernuan sartu gaituzten bertako eta kanpoko bankero handiak.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s