Ovis spiritualis sine grege

 

Argiñano. Maiatzeko arratsalde eguzkitsua. Seiak eta hogei erlojuan, testu hau idazten hasi naizenean. EITB irratia entzuten dihardut, musika ederra. Ahaztu egin zait 2013. urtean gaudela eta hilak 10 dituela esatea. Orain kafea hartzea tokatzen zait. Andreari esan eta banoa!

Hemen naiz berriro. Kafea hartu ondoren, lagun batek Andia aldera eraman nau autoan. Mila aldiz ikusi dudan parajea eta mila aldiz ikusi ditudan pago-tantaiak ikusi ditut. Pago-tantai horietako bakoitzaren barnean mila gauza daude: uztarri, aulki, gurtetxe, eskuare, busto eta beste edozein figura, Ama Birjina, santu, gurutze, ate, leiho, sega- eta aizkora-kirten, mahai, argizari-ohol, eskailera, kutxa… Bai, bai, horiek denak eta gizon bakarrari otu ez lekizkiokeen beste mila gauza gehiago daude pago-tantai horietako bakoitzaren barnean.

Eta konparazioak balio baleza, gu horrelaxe gaude IZANen barnean. Gu pago-tantaiaren barnean bezala bizi gara DEN OROren barnean. Holismo hutsa. Ez gara pago-tantaitik ateratako figura besterik, gure izatea “pago-tantaiari” lotua dago, OSOTASUNAren manifestazio ezberdinak baino ez gara. Holistiko hutsak. Eta hau da miraria: gutako bakoitza “dena”  da, eta denon artean DENA osatzen jarraitzen dugu, pago-tantaian aipaturiko elementu horiek guztiak dauden eran eta, aldi berean, pago-tantaia osorik dago.

Hara zein konklusiotara iritsi naizen azkenean. Alafede, bide luzea egin behar izan dut horretarako! Bidelagun edo itsumutil onak izan ditut, ordea. Baita behar ere. Enrique Martinez Lozano izan da nire maisurik printzipalena; terueldarra, Teruel existitzen delako seinalerik nabarmenena, niretzat; beste batzuk ere ahaztu gabe, noski!

Gaztetan eta, batez ere, haurtzaroan, erlijioa zela medio, hain gaizki pasatu nuen, hil ala bizikoa zen niretzat erremedioa aurkitzea. Prozesua luzea izan da, eta ez noa hori dena esplikatzera. Prozesu horretan, batez ere Enriqueren laguntzarekin –neure lana eta gainerako bidelagunak ahaztu gabe– zer ikasi dudan eta zertarako balio izan didan laburbiltzen ahaleginduko naiz.

Lehenik, aipa dezadan bere curriculuma hitz bitan: apaiz oraintsu arte, teologoa, psikoterapeuta eta psikologia transpertsonal eta espiritualtasunean aditua.

Urteotan ikasi dudana:

A

—Erlijioak gizakiaren obra dira.

—Gizakiaren kontzientzia-mailak eboluzionatu egin du: arkaikoa, magikoa, mitikoa, arrazionala, transpertsonala (atarian).

—Paradigma kulturala aldatu egin da: premodernoa, modernoa, postmodernoa.

—Ezagutza-forma ere aldatu egin da: duala, ez-duala.

—Erlijioak kontzientzia-maila mitikoaren garaian sortuak dira. Beraz, testuak ez dago hartzerik hitzez hitz edo literalki. Beren esanahi sinbolikoa baliatu behar da, horretan oso aberatsak baitira.

—Ebanjelioak garaiko behar teologikoetara moldatuak daude hein handian.

B

—Jesus bere bizitzeko erak eraman zuen heriotzara, aginte erlijioso zein politikoaren kontra altxatu zelako.

—Ez dauka ez punta ez ipurdi Jainko “sadiko” batek bere semea  gurutzean hil nahi izateak,

—Elizak goitik beherako kristololgia defenditu du, Jesus historikoa ahaztuta.

—Jesus historikoa zokoratu eta Kristo kultu objektu bihurtzea izan da Pauloren “ekarpena”.

C

—Jesus guztiz koherentea izan zen: esaten zuena egiten zuen eta egiten zuena esan.

—Jesusengan nabarmenak dira bere kontzientzia transpertsonalaren zantzuak.

D

—Jesusek ez zuen nahi oinazerik ez beretzat eta beste inorentzat; horregatik, ahal zuen guztia sendatu egiten zuen jendea oinazetik libratzeko, ez zuen egiten inoren aurrean bere ahala azaltzearren.

E

—Bere ikasleen artean emakume asko zen, Jesusek ez zuen apaizik sortu, baina geroko praktikan beharrezkoak ikusi baziren, eskubide berdinak dituzte emakumeek eta gizonezkoek.

—Eukaristia ez da otordu bat besterik, DEN ORO besarkatzea eta DEN OROrekin bat egitea esan nahi du.

—Jesusek ez zuen erlijio berririk sortu nahi izan, “Jainkoaren erreinua” munduko egoera hobetzea esan nahi zuen, pobre, gaixo, itsu, behartsu, emakumezko eta haurrei duintasuna ekartzea.

F

—Dogmak eta maitasuna uztartu ezinak dira, inork ez dauka inoren kontzientzia bortxatzeko eskubiderik.

—Derrigorrezko meza baino hobea da benetako lagunartean otordu bat edo mus-partida bat.

—Jesus sagrarioan adoratzeak ez du ezertarako balio, gero haren mezua aintzat ez hartzekotan.

G

—Jesus ez zen piztu gaur “piztuera” ulertuko genukeen moduan. Ez dago ulertzerik denbora eta espazioaren barnean.

—Ez zen zerura igo kohete baten antzean, bidaia sideral bat eginez.

H

—Tradizionalki Jainkoa “sobornatzeko” egin da otoitz.

—Jainkoa ez-desioa da, asetasun  betea; gu ere: desiorik ez = dena eduki.

—Jainkoak ez du maitasuna ematen, maitasun hutsa da baizik.

—Maite ezazu zeure burua, horrela baino duzu maite beste inor; zeure buruarentzat maitasunik ez baduzu, beste inorentzat ez duzu izango.

I

—Ego superfiziala, ego partikularra, ego unibertsala.- Ego superfizialarekin identifikatzetik dator sufriemendua: daukadana naiz, egiten dudana naiz, besteek nitaz pentsatzen duena inportantea, besteengandik banandua nago, Jainkoarengandik banandua nago.

—Ego partikularra da ni NANean dagoena

—Ego unibertsala: dena denarekin lotua.

—Olatua eta itsasoa bezala gara; okerra da olatua bakarrik bagina bezala funtzionatzea.

—Gure identitatea ez da pentsamendua, baizik eta pentsamendua eta egoa behatzen dituen testigua.

—Ez da ezer baztertu behar (ezta identitate egoikoa ere), integratu baizik.

—Gure benetako identitatea da: NAIZ.

J

—Lehenean pentsatzeak sufrimendua dakar, geroan proiektatzea ez da zuzena, presentea da bizi dezakegun denbora erreal bakarra: presente eternoa, hori da mundua eta hori da zerua, hori da salbazioa.

—Ez dago kreaziotik kanpo Jainkorik, ez da panteismoa, baizik eta txanpoaren bi aldeak.

—   Gure burua garen bezala onartu behar dugu, argi-itzalekin.

—Geure burua maitatzen ikasi behar dugu, gero maitasuna emateko.

—Oinazea kanpotik etor daiteke, sufrimendua geuk sortzen dugu, hausnarraren bidez.

—   Itzalak ez proiektatu beste inorengan.

K

—Erlijioa eta espiritualtasuna ez dira gauza bera; erlijioak mapa dira, espiritualtasuna, lurraldea.

—Espiritualtasuna gizaki ororen beste dimentsioa bat, fededun zein ateo izan.

—Materialismo hutsetik ez daiteke bizi, “ez da ogiz bakarrik bizi gizona”.

L

—Errukia, elkartasuna eta enpatia izan behar dute gure bizitzaren oinarri.

—Ez dago zorionik garen bezala onartu gabe, eta besteak zoriontsu egiten saiatu gabe.

M

—Badaiteke haurtzaroko problemak izatea, haur hura aurkitu eta sendatu behar dugu. Badira metodoak.

—Zerbait erreprimitzen dugunean, itzala sortzen da gure inkontzientean.

N

—Ez dago motiborik heriotzari  beldur izateko.

—Izan nintzena izango naiz, izan naiz.

O

—Mespretxatua sentitzen naizenean ere ez dezadan gal patxadarik.

—Besarkada itzela kontrarioentzat ere.

—   Izen hauek beti gogoan izan beharrekoak dira: Buda, Sokrates, Jesus, Asisko Fratzisko, Galileo, Unamuno, Theissen, Pagola, Arregi, Cavallé, Blay, Gázquez, Marina, Mello, Krishnamurti, Ellakuria, Franklin, Camus, Dostoyevski, Tósltoi, Villasante, Mitxelena, Gandiaga, Kafka, Nietzsche, Lazkao Txiki, Voltaire, Xalbador, Moro, Marx, Teresa, King, Lete, Lekuona… eta, batez ere, ahantzi zaizkidanak.

—Lazkao Txikiren txistea, esanguratsua da; txistea baino zerbait gehiago. Sarritan kontatzen zuenez, apaizak galdetu omen zion, komunio handia egitekoan izango zen; ez dut uste, Joxe Migel bizkorra bazen ere, komunio txikikoan horrenbestetarako gai izango zenik. Seguruenik, bizitzan zehar noizbait pentsatu eta komunio handia egiterakoan gertatu zitzaiola esaten zuen. Dena den, apaizak:

—Zenbat Jainko dituk, Joxe Migel?

—Bat.

—Seguru al hago?

—Noski, toki guztietan baldin badago, besterentzat ez dago lekurik.

Beraz, Jainkoa = DEN ORO.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s