Ongia eta gaizkia baino harago

 11. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-06-16, Lk: 7, 36-50

Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen. Hartan, herriko emakume bekatari bat, Jesus fariseuaren etxean zela bazkaltzen jakinik, bertara joan zen, perfume-flasko bat eskuan zuela, eta, Jesusen atzealdean, oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen zizkion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, perfumez igurzten zizkion. Hori ikustean, gonbidatu zuen fariseuak zioen bere artean:

—Benetan profeta balitz, jakingo likek ukitzen ari zaion emakumea nor den; alegia,
bekataria dela.
Jesusek hitza hartu zuen eta esan zion:
―Simon, badut zerbait zuri esateko
Hark erantzun:
―Esadaz, Maisu.
Jesusek esan zion:
Diru-mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak
berrogeita hamar. Zerekin ordaindurik ez zutenez, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?
Simonek erantzun zion:
―Gehien barkatu zionak, nik uste.
Jesusek esan zion:
―Zuzen diozu.

Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion:

—Ikusten duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu.  Zuk ez didazu musurik eman;  hau, berriz, sartu denetik

ez da gelditu nire oinei musuka.  Zuk ez didazu burua kenduz igurtzi; honek, berriz, oinak perfumez igurtzi dizkit.  Horregatik diotsut bere bekatu ugariak barkaturik daudela, maitasun handia ageri baitu: baina gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.

Eta emakumeari esan zion:

―Zure bekatuak barkaturik daude.

Gainerako gonbidatuak beren artean hasi ziren:

―Nor da hau, bekatuak eta guzti barkatzen dituena?        

Baina Jesusek esan zion emakumeari:

―Zure sinesmenak salbatu zaitu, zoaz bakean.

***************************************

ONGIA ETA GAIZKIA BAINO HARATAGO

 Jesusen igurztearen gainean, Lukasek kontakizun ezberdina sortzen du beste ebanjelariekin alderaturik. (Mk 14,3-9; Mt 26,6-13; Jn 12,1-8). Besteetan, Jesus gantzutzen duen dizipulu eredugarria baldin bada emakumea, Jesusen heriotza pizteko itxaropen osoan onarturik, Lukasek, aldiz, batetik, Jesusen errukia azaltzeko baliatzen du kontakizuna: barkamena eskainirik; bestetik, fariseu erlijiosoa salatzen du.

Fariseuek —bai ordukoek eta bai gaurkoek— argi daukate onen eta gaiztoen arteko muga, zintzoen eta bekatarien arteko langa. Ez dira ohartzen ez direla etiketa mental soilak, guztiz erlatiboak, baizik.

Positiboan edo negatiboan gertatzen den guztia egoak bereizten duen modu bertsuan, fariseu erlijiosoak muga zorrotzak ezartzen ditu ongiaren eta gaizkiaren artean.

Bilatu nahi duena —agian oharkabean— ez da beste ezer, bere irudi idealizatua finkatu baizik, bera zintzoen artean kokaturik, eta gauzak atzemateko ikusmoldea —kontserbadorea— ziurtatu. Horrela, bi helburu hil ala bizikoak lortzen ditu:  nagusitasuna egiaztatu eta ezarritako sisteman seguru sentitu.

Jokabide horrek, ordea, engainu bikoitza du bere baitan. Batetik, ahaztu egiten zaio ongiaren eta gaizkiaren arteko muga kanpoan ez dagoela, gutako bakoitzaren bihotzetik igarotzen dela baizik. Ongia eta gaizkia, argia eta itzala, elkarrekin bizi dira, gu guztiongan. Ez da kasualitatea, hain zuzen ere, fariseua izatea bere itzala ezagutzen ez duena —Jesusen beste parabola txit argiak  nabarmentzen duen eran— eta horrek eragozten dio etxera adiskideturik itzultzea (Lk 18,9-14): Nazareteko maisuak honakoei zuzentzen dien parabola: pertsona prestutzat zeukaten euren burua eta, bien bitartean, besteak mespretxatu egiten zituzten.

Bigarren engainua are sakonera handiagokoa da oraindik, nahi izaten delako ongia eta gaizkia eta horien gainean buruak pentsatzen duena bat etortzea. Erlatibismo garbia nabari da hor, hain zuzen egiaren jabe direla harro esanez ibili eta besteen “jarrera erlatibistak” salatzen dituztenei oharkabean ihes egiten dien erlatibismoa.

Onari eta txarrari buruzko etiketak —komentatzen ari garen kontakizunean garbi geratzen den eran— zeharo erlatiboak dira, era guztietako baldintzapenen mende baitaude (sozial, kultural, erlijioso…). Hortik dator kultura batean ontzat hartzen dena, beste batean txartzat jotzea. Fariseuarentzat, Jesusengana hurbiltzen den emakumea bekataria da, eta Jesus bera profeta faltsua iruditzen zaio, ez baitu egiten egin beharko lukeela uste duena. Jesus, aldiz, etiketak eta usadioak baino haratago doa, gainditu egiten du nozio kultural eta erlijiosoen erlatibismoa, dena maitasunetik ikusi eta bizitzen duelako.

Nolanahi ere, Jesusen jokabidea soilik da posible egoarengandik —eta bere etiketetatik— aldendutakoan eta kanal edo ubide gisa kokatzen garenean; horrela sortu dira jokaera eta ekintza egokiak, agian geu ere harritu gintzaketenak. Gure aurreiritziak transzenditzen dituen Jakinduria edo Kontzientziatik jaiotzen diren jokaera eta ekintzak.

www.enriquemartinezlozano.com
Rufino Iraolaren itzulpen librea

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s