Besteekin erlazionatu

 

Egin behar dugun bakarra da garen bezala azaldu alderdi guztietan, ezer ezkutatu gabe

Irudipena neukan zaila dela besteekin erlazionatzea, eta orain ohartu naiz ez dagoela hori baino gauza errazagorik. Txikitako eskemekin jarraitzen dugulako daukagu irudipen hori. Haur zarelarik, esaten dizute: «Ezinbestekoa da onar zaitzaten.» Eta mundu osoa zuri begira egon behar duela pentsatzen dugu. Ondo da. Onar dezagun umetan hori oso garrantzitsua dela. Baina iristen zara hirurogeitaka urtetara eta eskema berdinekin eta aholku berdinak ematen jarraitzen dute lagun eta adituek.

Hori bai, gauzak hobeto ulertzeko dituzun aitzakian, hitz potoloak erabiliko dituzte, finean gauza berak esateko: «Sinpatikoa izan behar duzu, formak zaindu; mundu honetan inor izatea nahi baduzu, behar-beharrezkoa da irudi ona edukitzea, estimatua izatea, enpatia lortzea, itxura ona ematea…» Horretan ahalegindu izan gara, naturaltasuna galdurik, gauza asko erreprimituz, itzalak sortuz… Eta egin behar genuen bakarra zen garen bezala azaldu alderdi guztietan, ezer ezkutatu gabe, ezer mozorrotu gabe, ez garenik erakutsi nahi izan gabe.

Beraz, besteekin erlazionatzeko hori da egin behar den guztia. Eta aurreiritzi batzuk gainditu: ez erori mundu guztiak onartuko zaituen esperantza faltsuan. Norbaitek errefusatzen bazaitu, ez da ezer pasatzen, zure bizimodua, zure zoriona, ez dago halakoren onarpen edo gaitzespenaren esku. Beti logikarekin jokatu: tratua nahi duenarekin zuzen, traturik nahi ez duena ez molestatu.

Onartuak ez garen irudipen txikienaren aurrean, burkoari galdezka hasten gara: «zertan huts egin dut?, zer aldatu behar dut?, zer egin behar dut?» Ezer ez, ez dugu ezer egin behar, ezta minuturik ere galdu horretan pentsatzen eta zeure bizimodua egiten jarraitu, zeure burua eta beste guztiak errespetatu, ez baituzu ezertan huts egin. Izatekotan ere, gure programazioek egiten dute txoke, txiki-txikitatik programatu egiten baikaituzte, “edukatu” eta hezi, gizarteak espero duen eran porta gaitezen.

Dena den, komeni da gure irudipenak eta errezelo txarrak, disgustu bihurturik, nondik datozen jakitea. Normalean, errealitateari betaurreko lurrunduekin begiratzen diogulako da. Horrela ezin da ikusi den bezala errealitatea, eta betaurreko zikinen arabera aldatu nahi izaten dugu. Aski da, ordea, betaurrekoak garbitzea, dena bere tokira itzultzeko. Aldaketaren profesionalak gara: betaurrekoak, pertsonak, errealitatea… dena aldatu nahi du. Aldatu behar duguna da gure jokaera errealitatearen aurrean.   

 

 

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s