Lagun zaharra gaixo

Narrazioa

A veces surge una sintonía tan maravillosa que el que lee siente que le están poniendo palabras a su propia experiencia

(E. Martínez Lozano).

 

Badut lagun zahar bat, ez jator porrokatua eta ez zuri hutsa, normal-normala. Ni ere ez naiz beste mundukoa. Baina garen bezalaxe onartzen dugu geure burua eta batak bestea ere bai.

Asteazkenero bezala, gaur telefonoz deitu diot, baina andreak hartu dit telefonoa. Ez datorrela feriara esateko esan diola esan dit.

—Badakizu, azkenaldian burutik ez dabil hain santu-santu ere —gehitu du gero emazteak.

—Belarritik izango da —esan diot nik.

—Beno!, denak ere ez daude oso urrun —erantzun dit hark.

Ez neukan esplikazio gehiegiren beharrik; banekien Ménière sindromearekin zebilela. Hori dela eta, azkenaldian maiz-maiz bisitatu ditu medikuak. Batean, ohean zegoela eman zion mareoak, eta medikua etxera ekarri behar izan zioten. Indizioak hartzen ibili da, eta uste dut —indizioak forte samarrak nonbait— orain kapsulak eman dizkiotela.

Badakit bere buruarekin haserre samar zebilela. Aurrekoan, ibiltzera joan —ibili ere  bizi-bizi— eta larri iritsi omen zen herriko ostatura. Kasualitatez, hantxe tokatu medikua eta praktikantea eta bertan atenditu izango zuten.

Ez nekiena depresioarena eta antsietatearena zen. Gaur esan dit andreak. Bere buruarekin frogak egiten aritzen zela; hori, bai, banekien. Adibidez, beroa zer moduz soportatzen zuen, asko ibili eta izerditurikoan zer erreakzio izaten zuen, alkoholak eragiten ote dion ikusten… Beti gustatu izan zaio bere gorputzarekin esperimentuak egitea.

Ez nuen, ordea, igandekoaren berririk. Horretan ere emaztea izan dut mandatari. Bazkaria izan omen zuten koadrilan. Ez da horietakoa, baina lehengoan dezente edan izango zuen; seguruenik, besteak beste, Ménièrea zertan ote zen jakitearren, edo… besterik gabe, halaxe tokatu zelako.

Kontua da mareoak eman ziola eta gaizki pasatu zuela. Batez ere, andreak berak ere ez ziolako ulertu sindromeak zer ikusirik izan zezakeenik, aitzitik dena sagardoarena zela. Endemas ere, ordura arte —mareoak eman eta oreka galtzen hasi arte—, askotan ez bezalako broma-jarioa erabili zuelako, nahiz eta gero derrepente isildu eta etxera azkar joan.

Ez zen inor asko konturatuko, baina, horrelakoetan, gutxi asko da. Eta denek sagardoa ipiniko zuten kausatzat. Horrek ez zion grazia handirik egingo lagun zaharrari. Andreak ere, hasieran, dena sagardoarena uste omen zuen. Oraindik ere gehiena baietzean dago. Ondorioz, ez da harritzekoa lagun zaharra gaizki sentitzea. Ondo ezagutzen dut. Badakit bere disgusturik handiena andreari disgustua ematea dela. Beraz, andreak ere Ménièrea baino bestearena gehiago izango zela pentsatzeak, lehen ere argitu dugunez, ez zion onik egingo, eta kostatuko zaio arantza hori ateratzea.

Hau ere ezin ahantzi: lagun zaharra obsesibo samarra eta gauzei buelta gehiegi ematen diena da. Han ikusten dut ohean etzanik, goiko sabaira begira, berak egindako galderei erantzun ezinik: txorakeria asko esan ote nuen?, ez ote nuen ridikulua egin?, jendea zer esaten ari ote da niregatik?

Honezkero jakin beharko luke horiek egoaren galderak direla, eta egoari itxura ona ematea gustatzen zaiola. Egin beharrekoa ez da bere burua martirizatzea, baizik eta gertaturikoa onartu, ezer ezkutatu gabe, baina, aldi berean, geure burua jipoitu ere ez; egin behar dena da erroreetatik ikasi, errorea zein den jakinez gero behintzat. Pentsatu sagardorik edan gabe ere gertatu zaiola antzeko episodiorik.

Azkenik, badaezpada ere, zalantzaren aurrean, ez edan gehiago sagardorik. Eta beti lehen paragrafoko azken esaldia gogoratu: Baina garen bezalaxe onartzen dugu geure burua eta batak bestea ere bai.

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s