Ekintza ala kontenplazioa?

16. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-07-21, Lk: 10, 38-42

 

Aldi hartan, Jesus auzo batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen.  

Bazuen honek Maria zeritzan ahizpa bat, eta, Jaunaren oinetan jarririk, haren hitza entzuten ari zen.

Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan, harik eta gelditu eta esan zuen arte:

Jauna, ez al dizu axola nire ahizpak etxeko lan guztiak nire gain uztea? Esaiozu zerbaitetan lagun diezadala

Baina Jaunak erantzun zion

―Marta, Marta: larriturik eta urduri zabiltza hainbeste gauzarekin; gauza bat bakarrik da beharrezkoa. Mariak alderik onena hautatu du, eta inork ez dio kenduko.

         

*************************************************

EKINTZA ALA KONTENPLAZIOA?

Edozein testu inspiratu irakur daiteke maila bat baino gehiagotatik, irakurtzera doanaren inspirazioa bera ere kontuan harturik. Egia esateko, jakinduriaren txinparta piztuko bada, bi pertsona inspiratu behar dira: idazlea eta irakurlea.

Zer da inspirazioa? Zein mailatan, ikusi behar. Kontzientzia mitikoaren mailan, honela ulertzen zen: Jainkoak bere barnera hitz egiten zion pertsonari. Espirituaren argi horrek gidatzen zuen bere lanean.

Maila transpertsonaletik —ez-dualetik— prozesu gisa hautematen da inspirazioa, hots, Kontzientzia eta Jakinduria pertsonen bidez espresatzen diren prozesua, beren burua ildo edo kanaltzat harturik, jabetzarik gabe eta, beraz, zirkulatu behar duena egoak blokeatu gabe.

Zentzu horretatik, ederra da konstatazio hau: horrela bizitzen denean, irakurtzen duena ez da idazten duenarengandik ezberdina. —Autorearen bidez— idazten duen Kontzientzia bada, aldi berean, irakurtzen duena ere —irakurlearengan—. Horrek esplikatzen du batzuetan sortzen den sintonia miresgarria —leitu edo entzuten duenak sentitzen du bere esperientzia propioari hitzak ipintzen ari direla—, eta baita inspirazioaren indar transformatzaile kementsua ere

Sarrera hau atera zait Lukasen testura inguratu eta frogatzean, beste behin gehiago eta irakurketa murriztaileak iradokitzen dutenaren kontra, gure bizitza bera irakurtzen ari dela.

Lehen mailan, badirudi estreinako kristau komunitatearen interes konkretuen arabera jaio zela testua, hau azaltzeko: Jesusen benetako dizipulua da haren hitza entzuten duena. Hori da —hala argudiatzen dutela dirudi— beharrezko gauza bakarra.

Geroago dualismoa azpimarratu zen, bi jokaera berdin balio dutenak bata bestearen aurka ipintzeraino, ekintza eta kontenplazioari buruzko eztabaida klasiko horretan: zein da baliosagoa?

Dualismoak engainura garamatza, ezin du besterik, zeren elkarren kontra ipintzen ditu, errealitatean, osagarri diren gauzak. Espiritualtasunari (mistika, kontenplazioa) eta konpromisoari (profezia, ekintza soziala) buruzko harako eztabaida hartan, aski zen elementu bat aipatzea bestea zeharo atzendurik lagatzeko.

Hala eta guztiz ere, testura beste ikusmolde sakonago batetik hurbiltzen garenean, laster deskubrituko dugu gutako bakoitzaren baitan bizi diren bi jokaera direla Marta eta Maria. Eta bietan, eskluditzeko inolako aztarnarik gabe, bata bestearen premian da: kontenplazioa konpromisoaren sinonimoa da.

Martari, kontakizunean, aurpegiratzen zaiona ez da ekintza, baizik eta bere urduritasuna eta kezka. Egoaren sintoma da kezka, zeren egoa bera ere kezka eta presa da (satisfazio ezagatik). Testigua, aitzitik, inpartziala da, badaki-eta gure benetako identitateari ez dakiokeela erasan negatiboki.

Aztoramenak dena distortsionatzen du —nola ekintza hala kontenplazioa—, egoaren bilaketa baitago denean—.

Konpromisoa kontenplaziorik gabe, aktibismo bilakatzen da, egoaren itxaropenek gidaturik, eta ez daiteke ezer onik espero. Zeren, Jhon R. Pricek esaten zuen eran, egoa transzenditu arte, ez duzu egingo munduaren eromenari su gehiago ematea baino.

Bestalde, kontenplazioa konpromisorik gabe ez da norbere baitako murgiltze nartzisista baino. Kasu horretan ere subjektua egoa da, egoa eta bere zorioneko premiak!

Edozein irakurketa murriztaileren aurrean, erdibitu egiten da errealitatea; oso inportantea iruditzen zait hau azpimarratzea: benetako kontenplazioa ez-duala da. Horrek esan nahi kontenplazioa dela konpromisoaren bihotza. Eta konpromisoa da kontenplazioaren espresioa.

Kasu horretan bakarrik jariatuko da Bizia. Orduan subjektua ez baita egoa —diharduen edo kontenplatzen duen egoa—, baizik eta garen Kontzientzia, beti Jakinduria (Konprenitze) eta Erruki (Ontasun) gisa espresatzen dena

Dena dela, egoak ez dezake ikus eta ez bizi osagarritasun hori. Bere izaera propioak galarazten baitio. Izaera bereganatzaileak, hain zuzen, eragozten du bi dimentsioak batera joatea. Nahiz eta promes boluntaristak egin dimentsio bikoitza harmoniatsu bizitzeko, azkenean ohartuko da promesek ez zutela deusetarako balio.

Kontua, beraz, beste hainbeste gauzatan bezala, egoa gainditzea da…, hura ez zarela aitortu arte. Eta, zeure benetako identitatean aurkitzen zaren bezain laster, inolako banaketa eta jabetzerik gabe, lasai ederrean joango da dena, Bizia jariatuz, ez konparazio eta ez deskalifikazio, zeren desagertu da eragiten zituen subjektua eta, subjektuarekin, testuak dioen aztoramena ere bai.

                                                      www.enriquemartinezlozano.com

rufino iraolaren itzulpen librea

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s