Eskatu ez, aitortu

17. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-07-28, Lk: 11, 1-13

 

Behin batean, Jesus otoitzean ari zen toki batean; amaitu zuenean, bere ikasleetako batek esan zion:

—Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala.

Jesusek esan zien:

—Otoitz egitean, esazue: 

«Aita, santu ager bedi zure izena,

etorrarazi zeure erregetza;

emaguzu egunean eguneko ogia,

eta barkatu gure bekatuak,

guk ere zor diguten guztiei

barkatzen baitiegu,

eta ez utzi gu tentaldian erortzen.»

Gero, esan zien:

—Eman dezagun zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: «Adiskidea, emazkidak hiru ogi, bihurtuko ditiat eta;lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat ezer eskaintzeko»; Eta  besteak barrutik erantzuten dio: «Utz nazak bakean, atea itxia zagok eta haurrak eta denok oheratuak; ezin naitekek ezer ematera jaiki». Hona nik esan: Adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta eman egingo dio behar duena.

Hauxe esaten dizuet, beraz: Eskatu, eta emango zaizue; bila saiatu,, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue. Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bila saiatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.

Ba ote da zuen artean aitarik, semeak ogia eskatu eta harria emango dionik?

Edo  arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emango dionik? Edo arrautza eskatu eta eskorpioia emango dionik?

Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?

***************************************

 ESKATU EZ; AITORTU

 Esan daiteke otoitza, neurri handian, eskatzearekin identifikatu izan dela. Nahiz eta tradizio erlijiosoek beste otoitz-molde batzuk ezagutu —laudatu, eskerrak eman—, imajinario kolektiboan, otoitz egitea Jainkoari zerbait eskatzearen sinonimoa zen.

 Eske-otoitza azkar hezurmamitu zen behar gorriaren kontzientziatik —batzuetan, egoera dramatikoei lotua—, eta Jainkoaren irudiaren proiekziotik —hori ere kasualitatea ez—, Aita Ahalguztidunaren aurrean baikaude, eta Harengandik benetako erantzuna espero dute ahalguztiduntasunezko gure haur-ametsek; gizakiak ume-umetatik berekin dituen ametsak, bestalde. 

Haur-ametsen antzekotasun horrek susmarazi behar zigun, noski, otoitz-molde horrekin erraz asko sor zitekeela geure neurri-neurriko jainkoa…, eta benetako Jainkoa zela konbentziturik egon.

Zer emaitza espero zitekeen hortik?, bada horixe… eske-otoitza ateo-fabrika izugarria bilakatzea besterik ez. Eta ez bakarrik, sarri askotan, eskea erantzunik gabe geratzen zelako eta otoizgileak frustrazioa ulertzen ez zuelako, baizik eta sartu-sartu eginda zeukan Jainkoaren irudiagatik beragatik ere bai.

Hain zuzen, otoitz-molde horrek, isil-isilik eta ezarian-ezarian, ideia hau islarazten zuen: Jainkoa izan liteke den baino hobea. Zergatik ez zen, bada? Bi arrazoi baino ez zeuden: edo ez zegoen jabeturik egoeraz edo bihotza harri eginda zeukan. Esan liteke otoizgilea informatuago zegoela edota askoz ere sentiberago azaltzen zela giza beharren aurrean. Hitz batean, erraza zen konklusio honetara iristea: Jainkoa ez da gu baino hobea.

Gogoan dut —eta pena handiz gogoratzen dut— haur bati amak nola esan zion, Estatu Batuetako gobernuak Iraki gerran eraso zion egun berean, Jainkoari gauero eskatuko ziola zona hartara bakea itzul zezan. Aste batzuen buruan, haurrak hau esan zidan, arrunt triste: Jainkoak ez du izan behar oso ona. Egunak dira bakea eskatu geniola… eta ez du eman nahi.

Argi daukat eske-otoitzak hiru intuizio balioko dituela bere baitan: a) gure ahultasunaren kontzientzia, b) gure bihotzaren bidez irits gaitezkeela besteengana, c) errealitate errealaren Hondo sakona (Jainkoa) onbera dela.

Baina, egia izanik ere, aurkitu beharko genuke moduren bat gure hizkuntza kulturalera itzultzeko, Jainkoaren irudiren deformazioa saihets dezagun. Eta  hori ez da konpontzen gaur leitzen ari garen testua literalki hartuta (Jainkoari eskatzeko esaten digu Jesusek), baizik eta testu horretan, literalismoa baino haratago, dagoen jakinduria atzemanda.

Ikusmolde ez-dualetik, dena dago denean eta, bere dimentsio sakonenean, dena ondo dago. Horregatik da mintzo Jesus ezpainetan egia duela: Eskatzen duenak jasoko du, bila dabilenak aurkituko, eta deitzen duenari ireki egiten zaio. Hori jadanik horrela da. Zer da, bada, jasotzen edo aurkitzen duguna? Zer irekitzen zaiguna? Garenaren/garelako asebetetasuna (plenitudea). Horregatik, konklusioa ere zorrotza da: zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?

Oso esanguratsua da Mateoren testu paraleloan (7,11) hau esatea: (…) zenbatez areago ez dizkie zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei. Aldea ez da muzin egitekoa: benetako gauza on bakarra Espiritua da. Eta hori badugu jadanik —zuzenago esanda, bagara jadanik denok—. Beste edozein gauza eskatzea ez da efikaza, ez baitu balio, egoa gizendu eta puzteko beste ezertarako.   

Ikus dezagun, ordea. Espiritua bihotzez desio dugunean eta egoa baztertzeko prest bagaude, ohartuko gara jadanik bagarela gure bihotzak eskatzen duena. Ez dago alderik garen eta izatea nahi dugunaren artean; bakarrik, jakitea falta, gure ezjakintasunak ikusten uzten ez digulako. Baina gure identitate sakon horretatik inoren alde eskatzea baliokoa da: Sare handi bat gara eta denak du ondorioa denean. Horregatik, otoitza beti iristen zaie eskaintzen diegunei.

           www.enriquemartinezlozano.com

rufino iraolaren itzulpen librea

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s