BASARRI: 100 urte

Zalantza txikienik ere gabe, Basarri izan da XX. mendeko bertsolaririk handienetako bat. Hari eskerrak iraun zuen pizturik, gerra ostean, erabat itzaltzeko zorian egon zen zuziak. Tentu handi eta giro makurraren suari egur gehiago bota gabe, ezarian-ezarian, ekin behar izan zion bertso-lanari, hamaika traba eta oztopo gainditu eta debekuak saihesteko moduak eginez. Bertsolaritzaren beherakadari eutsi ez ezik bertsolaritza erruz jaso zuen Basarrik, taberna-zoko eta zuloetatik atera eta antzokirako bidean jarririk. Orduko indarberritzerik gabe ezinezkoa izango zatekeen azken urteotako hedakundea. 1935 eta 1960an txapeldun atera zen. Gizon honetxen biografia osatu nahi genuke, bere nortasunaren ildo nagusiak jorratuz.

Inazio Eizmendi Manterola “Basarri” Errezilgo Granada baserrian jaio zen, 1913ko azaroaren 27an. Baserri hau zokogune batean dago, Errezilgo plazatik 2 orduko bidera. Hamar senideetan zaharra zen Basarri. Sei urte baizik ez zituen bere gurasoek, Antonio eta Mariak, Zarautza bizitzera joatea pentsatu zutenean. Zarauzko Azkenportu taberna hartu zuten eta handik aurrerako urteak hantxe eman zituen Basarrik. Nahiz eta oso txikia izan Granadatik irten zenean, bizitza osoan gorde zituen Basarrik bere jaiotetxeko oroitzapenak, eta onak gainera! Ahal izan zuen arte guztian, urtero egin zion bisita jaiotako baserri zaharrari; gehienetan Ostiral Santu Eguna izan ohi zen. “… jaiotetxera noan bakoitzean, ez naiz aspertzen paraje haiei begira” esango zuen berak.

Zarauzko Azkenportun, etxetik mugitu ere egin gabe, kutsatu zuen Basarri bertso-giroak. Taberna hartan bazen beti norbait, ikazkina ez bazen igeltseroa, eta hargina ez bazen baserritarra, bertso zaharrak edo berriak kantatuko zituena. Aldi berean, Basarriren aitak ere zaletasun handia zuen bertsotarako eta horrek ere ez zion gutxi lagundu Inaziori. Beraz, Azkenportun bertan bota zituen lehengo bertsoak. Publikoan Zestoan kantatu zuen estreinako aldiz. Dirudienez, mitina zen Zestoan. Zaldibiako Patxi Errota bertsolaria ari zen kantuan, eta lagunek ez zuten Basarri harekin hasiarazi arteko onik izan.

Dena dela, Basarriren ospea 1935ean hedatu zen Euskal Herrian barrena. Hainbatetan entzun dugunez, 1935eko urtarrilaren 20an Lehenengo Bertsolari Eguna ospatu zen Donostian. Saio horretatik txapeldun eta errebelazio bihurturik etxeratu zen Zarauzko Azkenportun bizi zen errezildar gaztea.

Basarri bertsolaritzaren ikusmolde berriarekin inguratu zen langintza horretara. Ez zuen gustuko bertsolariak elkarren trapu zaharrak astintzen ikustea. Jardun-klase horri muzin eginez, gai zabal eta orokorragoak tratatzeari ekin zion. Hala idatzi zuen 1962ko abendu aldera edo: “Sufría horrores con el bajo e intolerable lenguaje que empleaban los antiguos bertsolaris en la plazas públicas. No acertaban a versificar sino atacándose mutuamente y en tonos muy groseros e impertinentes”Basarrik, horrela, zibilizazio berri baten eskakizunetara makurtu nahi izan zuen, bera, guztiz autodidakta izan arren, eskolatua edo kultua baitzen. Besteak beste, haren janzteko modua ere hagitz diferentea zen beste bertsolariekin konparatuta. Bertsoaren egikerari dagokionez ere ekarri zuen berrikuntzarik. Askoz ere nabarmenagoa da Basarrirengan arrazoiaren logika eta ideiaren goitik beherainoko segida, nahiz eta horrek azken kolpeari indarra kentzen dion. Uztapidek, adibidez, azken kolpe fortea nahiago izaten zuen, aurrekoa arinxeago eramango bazuen ere. Hizkuntza aldetik berrikuntzak egin zituela ere begi-bistakoa da. Azkenik, marjinazio eta arlotekerietatik askatuz, maila eta kategoriaz gorago jaso nahi izan zuen bertsolaritza. Bere eskutik sartu zen teatro, zinema, saloi eta ordura arte pentsaezinekoa den beste eszenategi batzuetan. Bai, ospe handia hartu zuen bertsolaritzak Basarrirekin, nahiz eta erabat kaletartzen urte asko pasatu dituen.

Basarri bertsolari moduan juzkatu dugu orain arte, baina ez da ahaztu behar beste mila eginkizunetan ere aritua genuela. 1931 aldera, garai hartako egunkarietan azaltzen hasten da bere izena: EL DIA, EUZKADI, EL PUEBLO VASCO, ARGIA… Orduantxe ekiten dio lehenengo bertso idatziak eta artikuluak argitaratzeari. Ordukoa du baita “Basarri” izenordea ere. Berak esaten duenez, inork ez ezagutzearren hasi omen zen horrela sinatzen, eta, harriturik, hala argitzen zuen behin batean. “… y ahora me conocen más por Basarri que por mi nombre”

1936. urteko gerra zibilera jo behar dugu orain, ondorio gogorrak nozitu zituen partaideetako bat izan baikenuen Basarri. Errepublikaren alde (euskal abertzaleen artean) egin zuen borroka. Loiola batailoikoa zen. Ertzain sartu zen gero; Bilbon zerbitzatu zuen. Garai horretan EUZKADI eta EGUNAn idazten zuen. Gerran izan ohi diren mila gorabeheraren ondotik, erbesteratu beharrean aurkitu zen. Iparraldeko Landetan errefuxiatu zen. Garai horretakoak dira, nonbait, harako bertso famatu haiek: “Bizar-luxe bat degu erriko alkate, horrek egiten digu amaika kalte. Larri da gu herritik bialdu arte!”

Hiru urte igaro ondoren, amaren erreguari jaramon eginez, muga pasatzea erabaki zuen. Baina, zoritxarrez, preso altxatu zuten eta Trabajadoreetan egin zuen beste denboraldi luze bat. Aritxulegi, Palencia, Madrid, etab. korritu ostean Melilan zegoela, 1943an, iritsi zitzaion libre zelako agiria. Zarautza itzuli eta hantxe segitu zuen bizitzen. 1945ean Arroako Miren Aginagalderekin ezkondu eta lau seme-alabaren guraso izan genuen.     1946an LA VOZ DE ESPAÑA egunkarian hasi zen kolaboratzaile. Beste gai batzuekin batera, batez ere, herri kirolak eta euskal kulturaren gainean eskribitzen zuen, berak izena jarritako “Mi atalaya montañera” sailean. Esan beharrik ere ez dago, Uztapide lagun zuela, herriz herri hasia zela bertsotan ordurako. Geroago irratian hasten da. Ez zait sekula burutik joango harako irudi hura: bazkaltzera juntatzen ginenean nola egoten ginen, belarria irratiari josita, Basarriren pasadizoak eta bertsoak entzuten. LA VOZ DE ESPAÑA itxi edo ixtear zegoela EL DIARI VASCOn hasI zen, eta hementxe jardun zuen kasik azkenera arte.

Aldizkari haeutan ere eskribitu zuen: ARANZAZU, ANAITASUNA, ZERUKO ARGIA, GOIZ ARGI, eta abar.

Basarriren beste alderdi garrantzitsu bat ere aipatu nahi genuke: gizon bakezalea genuen. Izana izan eta pentsatzen zuena pentsatu, inoiz ez zuen oztoporik ipintzen garaiko agintari eta gizarteko gaineratiko buruzagiekin erlazionatzeko. Eta, bere pentsamoldeari uko egin gabe, euskara eta euskal kulturaren alde lan egiteko aprobetxatu zituen zeuzkan harreman onak.

Orain arte esan dugunaz gain, ez dago isilpean pasatzerik Basarrik idatzi dituen sei bertso-liburuak eta prosaz jantzi duen bata. Hona zeintzuk: “Atano III” (1949); “Basarriren bertso sorta” (1950); “Kantari nator” (1960); “Laugarren txinpartak” (1966); “Sortu zaizkidanak” (1973); “Kezka giroan” (1983) eta “Bertsolaritzari buruz” (1984). Baina hor ez da bukatzen dena.  Basarrik hainbat lekutan argitaraturiko 2.500 bertsotik gora biltzen dituen liburua kaleratu zen 1994an, “Auspoaren sail nagusia” bilduman, “Nere bordatxotik” izenburupean. Liburuaren egilea eta artxiboetako hautsak astindu dituena, zein bestela?, Aita Zavala S.J. izan genuen.

Azkeneko parte honetan, 1935eko txapelketa alde batera utzirik, horretaz lehen ere zerbait esan baitugu, ondorengo eta lehia eta txapelketetan Basarrik egindakoaren berri eman nahi genuke.

Gerra osteko lehen txapelketa ez-ofiziala, nolabait esateko, Tolosan jokatu zen 1945. urtean. Oraingoan ere Basarrik jantzi zuen txapela. Bigarren, Uztapide geratu zen. 1949. urtean hasi eta 1954ra arte Iparraldean lehiaketa asko jokatu ziren; Basarri gehienetan txapeldun izan genuen orduan ere: 1949an Urruñan atera zen txapeldun; 1950an, Donibane Lohitzunen, berriro ere berak irabazi zuen; 1951an, Baigorrin, Xalbadorrekin konpartitu zuen lehen postua. Era horretan, “Legasse” trofeoa etxeratzeko moduan geratu zen, lehiaketa hiru aldiz irabazi behar baitzen hori lortu ahal izateko. 1952an, Saran, hirugarren geratu zen; baina hurrengo urtean, ostera ere, Basarri izan zen garaile Hazparnen egin zen lehiaketan.

Nolanahi ere, gerra ondorengo lehen txapelketa ofiziala 1960an jokatu zen. Ez dakit zer dela eta, baina “Campeonato mundial de bertsolaris” deitu zitzaion txapelketa hari. Donostiako Victoria Eugenia puntaraino beteta zela, berriz ere, Basarrik jantzi zuen txapela. Bigarren: Uztapide. 1962. urtean Uztapide izan zen txapeldun eta Basarri bigarren.

1962ko txapelketa hark hizpide handia sortu zuen, baita sesio dezentea ere Ayalde eta Basarriren artean. Txapelketa bukatu bezain laster, artikulu bat idatzi zuen EL DIARIO VASCOn Antonio Valverde “Ayalde”k. Egia esateko, berez ez da batere esanguratsua artikulu hori, baina Basarriri min eman zion, nonbait, edo aitzakiatzat erabili zuen barruan isil-gordean eduki ezin zuen zerbait kanporatzeko, Ayalderi erantzunez argitaratu zuen gutuna aprobetxatu baitzuen gehiago ez zuela inongo txapelketan parte hartuko iragartzeko.

Txapelketa ofizialetan ez zen gehiago azaldu Basarri; bai, ordea, “Piensos Onena” sarian, 1968an. Gainera, behin behar eta, irabazi egin zuen lehiaketa, nahiz eta saria berak bakarrik jasotzeko behar zen adinako alderik ez zion atera bigarrenari. Bigarren hori Xalbador zen; esan bezala, Basarrik eta biek erdibana banatu zituzten sari-diruak.

Ondo merezitako hainbat eta hainbat omenaldi jasota joan da mundu honetatik. Aipagarrienak, agian, 1973ko Bertsolari Egunean eskainitakoa eta 1985ean Zaruazko udalak antolaturikoa izango dira. Omenaldi horren barruan jarri zen herriko jardin batean Basarriren bustoa. Ohorezko euskaltzaina genuen.

P.D. Aurten dira 100 urte jaio zela, eta Zarautz ez dago horrekin ahaztua. Hainbat ekintza prestatzen dihardu. 

 

Esta entrada fue publicada en 1 Biografia y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s