Oinazeari nola aurre egin

 

Ez duzu ezer behar zoriontsu izateko; aldiz, triste egoteko zerbait behar duzu (anonimoa)

 Gaurko psikologo batzuk etengabe ari dira esaten alferrikako sufrimendua saihestu egin behar dela, eta badirela bideak horretarako. «Ez sufritzea aukera bat da», esango dizute.

Jarrera onek batak bestea indartzen dute, baita jarrera ezkorrek ere. Adibidez, pertsona gehiegizko hausnarrean galtzen denean, ez da harritzekoa honako jarrera hauetan edo antzekoetan erortzea: dramatizazioan, biktimismoan, justifikazioan, erruduntasunean, eta abar.

Ohartzea da kontua. Ohartu behar dugu, esate baterako, sufrimendua, neurri handian, optatiboa dela. Horrek esan nahi kontzienteki erabaki dezakegula ez sufritzea. Horretarako, aski da ohartzea gure pentsamenduak direla sufrimenduan murgilarazten gaituztenak.

Eta ezinbestekoa da biktima-papera baztertu eta geure buruaren aliatu bihurtzea, jarrera egokiak bultzatu eta aurrera ateratzeko konpromisoa hartzea; efikazian, maitasunean… oinarrituko den konpromisoa.

Gertatu dena eta gertaturikoaz pentsatzen duguna

Biktimismoa baztertzean, errazago izango zaigu bereizketa hau egitea: gauza bat da gertatzen zaiguna, eta, beste bat, gertatzen zaigunaren interpretazioa. Beste modu batean esan, bi gauza ezberdin dira gertaera bera —beti neutroa— eta gure historia mentalak.

Gai gara, beti, presentean gertatzen zaigun edozeri aurre egiteko. Baina aski da presentetik irtetea —eta hori egiten dugu gure egoerari historia mental bat eransten diogunean—, ezina eta angustia sentitzeko. Gure buruak etiketatu egin du egoera, negatiboki etiketatu ere. Hona etiketa batzuk: «bizitza zeharo hondatu didate», «gaizki portatu dira nirekin», «zer esaten ari ote dira niregatik?», «esan diodana txorakeria irudituko zitzaion»… Hori egiteak adierazten  du bide txarretik goazela, eta problema konpondu ordez oraindik areagotzen ari garela.

Ondorioz, zorigaitzaren benetako kausa ez da egoera, baizik eta egoerari buruz pentsatzen duguna. Batez ere, momentu txarretan, sufritzen ari garenean, ahaztu egiten zaigu pentsamenduak ez direla errealitatea, baina hala balira bezala jokatzen dugu. Pentsamendua, testuinguru horretan, eraiketa mentala da, geure buruari kontatzen diogun historia bat, eta ez errealitatea eta are gutxiago egia.

Ezinegon emozionalean kateatzen garenean, gure buruaren historiaren bat sinetsi dugulako da. Historia mental bat ari zaigu sufriarazten. Historia mentala dela ohartu behar dugu, horren kontzientzia hartu. Kontzientzia hartzen dugunean, sufrimendua ezkutatu egingo da, lurrun gisa.

Ikus dezagun. Burua isiltzen duzunean, historia mentalak kontatzeari uzten diogunean zer geratzen da? Lasaitasuna, baretasuna, presentzia, isiltasuna… Gure burua ez behatzetik datoz sufrimenduak oro. Sufrimendua amaitzen da momentu bakoitzean esperimentatzen duguna geuk hautatua balitz bezala jokatzen dugunean. Hori da presentearekin lotzea: bakea. Utzi esperientziak etiketatzeari, txartzat hartzeari. Den bezala onartu egoera, baina ez fatalismoz, Jakinduriaz baizik.

Badakigu posible dela zokotik ateratzea. Are gehiago: baldintza egokiak jarriz gero, indarturik atera gintezke. Ikusmoldea aldatzean, errealitatea aldatzen ari gara. E. Tolle-ren hitzetan, istripu eta hondamendi bakoitzak badu potentzialki dimentsio erredentorea ere; gertatzen zaiguna da ez garela jabetzen.

Zein gelatan gaude?

Mario Alonsok dioenez, gure barneak gela asko dituen etxearen antza du. Logikoa denez, gela asko izatean, etxe horretan gauza asko gertatzen dira aldi berean, baina gela batean bagaude, ez dakigu bestean zer gertatzen den.  Gure historia mentalek ahal handia dute zein gelatan sartu erabakitzeko orduan, eta ondorio sakonak ditu. Beraz, garrantzi handia du zer gelatan sartu garen begiratu eta ikusteak. Gela ilun batean sartzen bagara, dena ilun ikusiko dugu, geure burua barne. Bestalde, ohar gaitezen gure inkontzientearen hautua dela batean ala bestean sartu, eta han zenbat denbora iraun. Baina behin detektatuz gero non gauden, posible da irtetea. Beste era batean esanda, gure pentsamenduek sartzen gaituzte berek nahi duten gelan, eta horiek lotzen gaituzte animu-egoera jakin batekin.

Neurologikoki ere eragin handia dute animu-egoerek. Ilusioak, konfiantzak eta entusiasmoak gehitu egiten dute buruko odol-fluxua. Aldiz angustiak, esperantzarik ezak eta frustrazioak, gutxitu. Biktimismoa da gela ilunean, sufrimenduaren sotoan, egoteko kausarik handienetako bat. Nola irten soto horretatik? Lehenengo eta behin, gauzak ikusteko era aldatuta. Horretarako, honako lanabes hauek, beste batzuen artean, erabil ditzakegu:

*Badira gaixotzen gaituzten galderak eta badira sendatzen gaituztenak. Biktimismotik sortzen diren guztiek gaixotu egiten gaituzte: zergatik gertatu zait niri hau?, zergatik egin didate niri hau?… Galdera horiek ez dute ekarpenik egiten; baina okerrena da ez dutela erantzunik. Sendatzen gaituzten galderak, berriz, era honetakoak dira: zer ikas dezaket hemendik?, zer positiborik atera dezaket egoera honetatik?, nola gaindi dezaket modu konstruktiboan? Galdera batzuen eta besteen aurrean ezberdin erreakzionatu eta jokatuko dugu. Laburpen gisa, esan dezakegu ez dugula itsutu behar problemarekin, baizik eta eskaintzen dituen aukerak ikusi.

*Hizkuntzak ez du deskribatu bakarrik egiten, errealitatea kreatu ere egiten du, eta gure emozio eta animu-egoerari eragiten die. Sarritan, aski da esaldi bat aldatzea, gure animua aldatzeko. Ez da gauza bera «hau jasanezina da» edo «oztopo baten aurrean gaude» esatea. Bai, hitzek errealitatea sortzeko bertutea daukate, are gehiago kontuan harturik inkontzienteak ez dakiela umorea zer den, eta egoa bere kutxara gari biltzen dabil beti, ezkortasunaren alorrean bada ere; baina, zinez, horrekin lortzen duena da problema areagotu eta gainditzeko zailtasuna sortu.

*Gorputzaz eta arimaz banaka eta aparte mintza gaitezke, baina benetako egia da batasun bat garela. Eta eragin handia du batak bestearengan. Pentsamenduek izaera fisikoa alda dezaketen modu berean eragin dezake gorputzak buruan. Sentitzeko (pentsatu gabe) gai bagara eta berarekin kontaktuan egotea lortzen badugu, aldaketa handiak nabarituko ditugu hautemateko eta arrazoitzeko forman. Gorputza da presentera ekartzen gaituen gurdi handia, eta irekitzen duen giltza, berriz, sentsazioa da. Beraz, hezkuntza dela bide besterik jakin badugu ere, gorputza da presenterako bidea eta atea. Askok uste du gorputza miatzeak garrantzi gutxi duela otoitz edo meditazioarekin alderatuta. Oso oker dago horrela pentsatzen duena. Gauzak alderantziz dira. Gorputzari, pentsamendua isildurik, entzuten diogunean, horrek ekartzen gaitu presentera eta kokatzen gure benetako identitatean, eta kontenplazio-isiltasun sakonenean.

*Arnasa. Arnas-hartze kontzientea guztiz garrantzitsua da, hemen aipatzen dihardugun puntuon barnean. Arnas-hartze kontzientea da, seguruenik, presentera etortzeko erremintarik ahaltsuena. Erraz ikus dezakegu buruaren jarduera gutxitu egiten dela, eta pentsamendu kaltegarrietatik libratzen gaitu, gure egoaren menetik aterata. Arnas-hartze kontzienteak indar magikoa du bere baitan: bat-batean konektarazten digu hiru gauzarekin, bizi harmoniatsu, bateratu eta betea lortzeko: burua, gorputza eta presentea. Mario Alonsoren arabera, hainbat ikerketetan demostraturik geratu da buruan pentsamendu negatiboarekin minutu bat igarotzeak esan nahi sistema immunitarioa kalteturik eta egoera delikatuan geratzen dela hurrengo sei ordutarako. Etengabeko itolarri-sentsazio horrek aldaketa harrigarriak sortzen ditu garunaren funtzionamendu eta hormona-konstelazioan. Gai da —hipokanpoan dauden— memoria- eta ikasketa-neuronak lesionatzeko. Eta gure ahal intelektualari erasaten dio, zeren odol-fluxurik gabe uzten baititu erabaki egokiak hartzeko beharrezkoak diren zonak. Kezkaren aurkako baliabide garrantzitsu bat abdomen-arnasketa da, garunean aldaketak eragiteko gaitasuna baitu. Hormonen —serotonina eta endorfina— jariaketa errazten du, eta hemisferioen arteko erritmo-sintonia hobetzen. Bestalde, Jeffrey Brantley-k dio egin behar dena dela pentsamenduez ohartu eta dauden tokian utzi, baina beraiekin identifikatu gabe. Eta arnasketari arreta hartzea proposatzen du. Dena dela, gauza bat argi eta garbi utzi behar dena da arnas-hartze kontzientea ez dela pentsamendu edo sentimendu aztoragarriak ahazteko, baizik eta gure egian finkatzeko.

(Cf. Crisis, crecimiento y despertar, M. Lozano).

 

 

 

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s