Joxe Mari Aranalde: bizitza interpretatzeko modu bat

Ez dakit noiz eta nola ezagutu nuen Joxe Mari Aranalde, baina, nolanahi ere, mutikotan ezagutu nuen. Seguruenik, Araman apaiz zegoela eta Andramari Agorrekoan Ordizian egiten zen bertsolari txapelketan epaimahaiko zela. Mutikotan diot, zeren garai hartan Joxe Mari Aranalde (Gaztelu:33-3-27) 25 edo 26 urteko apaiz gaztea baitzen, eta nik 12 edo 13  besterik ez nuen izango. Berrogeita hamarreko hamarkadaren hondarrean gaude. Gerra osteko urte ilun eta beltz haien ostean, bertsolaria hasia zen, apurka-apurka, katakunbatik atera eta kanpo librean (kasu honetan Ordiziako plazan) espazio batzuk irekitzen. Esan beharrik ere ez dago Joxe Mari Aranaldek, beste batzuekin batera, protagonismo handia izan zuela bertsoaren suspertze horretan. Ez bakarrik bertsoa indarberritzen, baita bertsolaritzari prestigioa ematen ere: lau baserritar “ezjakinen” tabernako kontua izatetik apaiz eta jende eskolatuak aintzat hartzen zuen adierazpide izatera igaro zen. Gorakada kualitatibo handia zen hori.

Laster Añorgara aldatuko zaigu. Han ere apaizgintzari eta bertsoei atxikia ikusiko dugu. Baina, aldi berean, gizon handi baten ondoan edo hura Joxe Mariren babesean: Nikolas Ormaetxea “Orixe”. Hala ere, seguru gaude Orixeren ospeak ez zuela bultzatu hura etxean hartzera, baizik eta Joxe Marirengan berezkoa zen eskuzabaltasunak eragin zion horretara. Horrez gain, froga asko ditut Aranalderen eskuzabaltasuna erakusten dutenak, hemen aipatuko ez baditut ere. Orixe (batez ere haren obra) eta Añorga sekula ez ziren aldendu haren bihotzetik.

Geroago, Santo Tomas Lizeoa izango du lantegi eta topagune, erretiratu arte. Lankideen arteko giro onean beti izango du eragina Joxe Marik, bere karismari esker. Ikasle gazteekin harreman sendoa lortuko du, eta hori oinarri ona da gaztearen gidaritzan jardun behar duenarentzat.

Baina bertsoak bizi izan du. Bizitza osoan zehar berekin eraman zuen Gazteluko Martintxo bertsolariak, Joxe Marik 7 urte zituela, piztu zion grina. Gazteluarrak bertso arloan, epaimahaiko gisa egin du lanik handiena. Baina  epaile baino lehenago bertsozalea zen. Eta inoiz ez du ezkutatu bere iritzia bertsolaririk onena zein izan den galdetu izan zaionean: inolako zalantzarik gabe, beti izen bera eman du: Xalbador. Haren bertsogintzari eskaini zizkion orrialderik ederrenak eta hunkigarrienak, beste inori ezer kendu gabe. Uste dut Joxe Marik arrazoi zuela.

Ibilian-ibilian, berriro ere erretore bihurtu zen: Gaztelu (jaioterria) eta Leaburuko parrokien ardura hartu zuen bere gain. Baina Ibarran ere parte hartu ohi zuen elizkizunetan, herriko erretoreari laguntze aldera; izan ere, Ibarran bizi izan zen bizitzako urterik gehienetan.

Tratabide errazeko pertsona

Ez dakit noiz hasi nintzen Aranalderekin tratabidean. Seguru asko, Artxanberri Sariak elkartu gintuen, 1976 aldera. Geroztik ez dira eten gure harremanak. Behin baino gehiagotan eseriak gara elkarrekin epaimahaian, nahiz eta biok ere aspaldi samar utzi genion langintza horri.

Nik bi sailetan banatzen ditut pertsonak: tratabide errazekoak eta tratabide zailekoak. Joxe Mari Aranalde oso tratabide errazekoa zen niretzat. Tratabide errazeko pertsonaren lehenengo ezaugarria da orekatua dela, inolako konplexurik ez duena. Joxe Marik horixe ez zuela konplexurik! Aurreiritzirik gabe inguratuko zitzaizun. Bazekien inoren lekuan jartzen edo enpatiaz jokatzen. Aintzat hartuko zintuen dagokizun mailan, gorago edo beherago ipini gabe. Ados egon ala ez, errespetatuko zuen zure iritzia. Onartuko zuen kontra egitea; baditut horren adibideak ere. Egokitzen zinen tokian egokitzen zinela eta zeundenarekin zeundela, beti agurtuko zintuen gizalegeak agintzen duen eran, ez-ikusirik egin gabe. Eskertsua zen, eta eskuzabala eta faboregile aparta. Ez zuen gupidarik beharrean zegoenari laguntzeko. Serio behar zenean, serio jarriko zen; eta broma komeni zenean, inor baino bromosoago. Umore handiko gizona zen. Beste “Joxe Mari” batek, José María Cabodevillak intsinuatu izan zuen moduan, Aranalde jauna errezoaren bidez adina hurbilduko zitzaien, umoreari esker, Jainkoari eta hurkoari. Horretan ere berezia zen; zera esaten zuen: “Jainkoaz hitz egitea modan ez zegoenean hitz egin zuen Xalbadorrek”, eta berak ere halaxe egin zuen, inoren zer esanari begira egon gabe. Lagunartekoa zen; lagunartean gozatu eta gozarazten zuen. Hitz batean, giza kalitate handiko pertsona bat joan zaigu.

Joxe Mari bezalako pertsonek konfiantza handia ematen dute. Nekez arituko dira inorengatik gaizki esaka. Badakizu zergatik ematen duten konfiantza? Pentsatzen duzulako zurekin horrelakoak badira, besteekin ere antzekoak izango direla .Hurkoarenganako kontsideraziotik jaiotzen zaie jokamolde hori. Orduan, giza balio unibertsal bihurtzen da, haien eskutik, tratabide errazekoa izatea, giza balioen paradigman sartu beharrekoa. Agian, benetako kristautasuna egoki interpretatu dutelako ere bada. Azken finean, bizitza interpretatzeko modu bat da. Horrelako asko behar genituzke. Joxe Mari asko, alegia.

Esta entrada fue publicada en 1 Biografia y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s