Larraitzen kontu-kontari

 

Kontuak dotore esateko grazia hori aspaldi ezkutatu zen gure artetik

 Larraitzen jende asko elkartzen da egunero; batez ere jubilatuak. Batzuk, gehienak, musean aritzen dira tabernan. Gu, Nañarri barreneraino joanda, hizketan. Teorian, bi “eskolatu” eta dozena erdi bat “eskolatu gabe” izaten gara. Berriz ere teorian, eskolatuek jakin beharko lukete gehiago, baina gertatzen dena da eskolatuek baino eskola handiagoa daukatela eskolatu gabeek gauza askotan.

Grazia handiena egiten dit teologia kontuetan hasten direnean. Segituan galdetzen diete eskolatu gabeek eskolatuei: “Jainkorik ba al da?”. Hogeitaka urtera arte fraide egondako nire laguna segituan hasten da ezezka. Nik, badaezpada ere, ez dakidala esaten diet. Edo bestela: «Jainkoa zer den jakin behar» edo «hau Misterioa da.»

Beste kontu bat, hizketarako grazia da. Ez dago konparatu ere egiterik haiena gurearekin. Aurrekoan, laurogeita bost urteko gizaseme aitondu batek kontatu zigun, dotore asko, andregaia nola egin zuen.  Entzun, entzun:

«Badakizue, neskak aurreraxeago etortzen dira-eta, ni, berriz, gaztexeago ere bai, eta ume mukizu bat nintzen haren ondoan, eta Afrikara tokatu soldadu. Hura tabernan zegoen serbitzen, eta igande batean esan zidan: “Afrikara tokatu omen zaizu; bada, notizia onak bidali”.  Nik esan nion: “Izena badakit, baina besterik ez, ez dakit notiziak nora bidali”; eta paper batean idatzita eman zizkidan seinak; baita nik ederki gorde ere. Han eraman nituen Afrikara neurekin batera, eta halako batean karta idaztea pentsatu nuen. Burlatzat hartuko zuen igual, baina… Eta erantzun, aizue! Handik hara hasi ginen tratatzen, eta ezkondu. Atariko atean bizi ginenak Afrikaraino joan behar elkartuko baginen.»

Kontuak dotore esateko grazia hori aspaldi ezkutatu zen gure artetik. Ez nuke esango hizketan ahaztu zaigunik. Problema da betarik ez dugula hartzen geure artean mintzatzeko, hitza beste esparru batzuetan baitabil orain protagonista. Komunikabide sozialak egin dira hitzaren jabe eta nagusi. Horietatik zintzilika bizi gara aldamenekoari jaramonik egin gabe. J.K. Zapirainen bertsoak gogoratzen zaizkit; hona gure amari ikasitako bat: «Orain eun urteko zenbait gizon abil / ez baziraden il, / bat txoratu liteke munduan balebil: / emengo tren da tranbi eta automobil, / itza berriz noranai alanbrian dabil… / Lengo birez gezurra besterik eztabil.» Horretantxe ez gara aldatu batere: lehengo “birez” gezurra besterik ez bazebilen, gaurkoan ez dabil gutxiago. Eta askoz larriagoak.

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s