Nañarri, gertuegi gauza askotarako

Haurrak begiak zabaldu orduko, hatz erakuslea barik, esku osoarekin zu seinalatzen zintuen, baina hortik aurrera arreta berezirik ipini gabe, haurraren inguru naturalaren parte baitzinen. Lazkao Txikik esana da etxeko gauzak gutxi estimatzen ditugula. Sagarra ipintzen zuen adibidetzat. Kanpotik ekartzen hasi arte ez omen ginen ohartu gure errezil eta erreineta sagarrez.

Lazkao Txiki! Jarrai gatzaizkion. Ziur nago, egunsentiari bertsoak paratu zizkionean, Nañarrira begira jardun zuela; haurrak hala pentsatzen du behintzat, harentzat, beti, Nañarriren sorbaldan gora jaiotzen baita egunsetia.

Haren bertsoak ez dago hobetzerik, baina, testuinguruan hobeto kokatze aldera, utz iezadazue bat moldatzen: Goizean goiztar jaikitzen banaiz, kanporatuko naiz beti; eguzkiaren argitasuna hortxe dator sortaldetik; egunero zu mirari antzo, bihotzeko egunsenti, denon aurrean jaiotzen zara Nañarriren sabeletik.

Hala ere, haurra  behin bakarrik igo da zure bizkarrera. Beste bitan, justu-justu hartu zenuen besoetan. Haurrak ez zeukan jolasgurarik eta zure besoetatik jaitsi eta Larraitzera itzuli zen.

Haurrak, hazi zenean, biografia idatzi zuen. Han esaten duenez, Nañarri edo Txindokiren pare-paren dago bere jaiotetxea. Oskarbi denean, ikuskizun handia omen atzealdetik gora eguzkia jaiotzen edo ilargia ateratzen ikustea. Aurreko paragrafoan esan dugun eran, aitortzen du behin bakarrik igo dela, eta beste bitan intentatu. Hurbiltasunak berak galaraziko omen zion gehiagotan joatea. Baina haurra liburu batzuk idatzia da, eta haietako bati izenburu hau ipini zion: «Nañarriri begira». Normala.

Normala den bezala Nañarriren edertasunez liluraturik egotea. Harri eta harkaitzez osatua goiko partea. Punta zorrotza Ordizia aldetik begiratuta; zapalagoa, Amezketatik. Ez han bertan, baina urruti gabe artzain etxolak eta, batez ere, mendizaleen habia eta pasealeku. Beti tente, inoiz denborarik inguru horretatik igaro ez balitz bezala. Bertsoan esan dugun eran, egunsentiaren ama.

Eta bista paregabeak, zure gainetik begiratuta: Goierri osoa nahiz Donostiaren zati bat ikus daitezke, beti ere Juan Ignazio Iztuetaren hitzetan. Ederra zeu eta paraje ederrak erakusten dituzunak. Jentilak ere baziren hor edo hortik gertu; badirudi haiek materiala garraiatuta egina zarela. Murumendiko Damak ere Nañarrin igarotzen omen uda. Zaila altxor gehiago izatea!

Sarritan, hodei eta lainoz estaltzen zara, eta, haien tartetik, saguak ate zirrikitutik bezala, mutturra atera ohi duzu. Beste irudi bat ere iradokitzen duzu: icerbergaren  punta itsasoaren erdian. Eta, gehiago behar bada, zergatik ez paisajista onenak pintaturiko koadroa?

Parapentistek ere ez dizute “bakean” uzten. Eguraldi ona lagun, hor dabiltza hegan, horko haizea aprobetxaturik, zu bai baitzara Eoloren adiskidea ere; seguruenik, hura baino zaharragoa.

Ez haizearen iturri bakarrik, baita eguzki-elurrena ere. Zure maindire zuria zoragarri da neguan; eguzkiaren aurpegia eder udan. Horregatik zara argazkilarien lilura, horregatik azaltzen zara hainbat postaletan, begiratzen dizuten guztiak hunkitzen dituzula. Berdin Gabonetako christma eta katalogoetan. Finean, guztion bihotzean. 

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s