Nor garen erakusten duen berri ona

 

19. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-08-11, Lk: 12, 35-40

 Aldi hartan Jesusek esan zien bere dizipuluei:

—Eduki itzazue, jantziak gerrian loturik eta kriseiluak piztuta. Zaudete nagusia ezteietatik itzultzeko zain egoten direnak bezala, atea irekitzeko, etorri eta deitu orduko.  

Zorionekoak, nagusiak, etxera iristean, atezuan aurkitzen dituen morroiak. Badiotsuet arropak aldatuko dituela, mahaian eseraraziko eta berak zerbitzatzen hasiko zaie..

Eta, gau aurreratuta edo goizaldera iristen bada eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek.

Jakizue, etxeko nagusiak baldin baleki lapurra  zein ordutan etorriko den, ez lioke utziko zuloa egiten.

Berdin zuen ere, egon prest, zeren gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea.

                                  

*****************************************

MEHATXUTIK, NOR GAREN ERAKUSTEN DUEN BERRI ONERA .

JESUSEN MEZUAREN IRAKURKETA EZ-DUALA.

Gogoan dut, umea nintzela, era honetako testuak esplikatzeko modua guztiz mehatxagarri suertatzen zitzaidan. Amak etxean esaten zigun harako haren antzeko zerbait: «Ongi portatzen ez bazara, aitari esango diot itzultzen denean.»

Nire haur-irumenak sekulako eszenografia muntatu zuen «munduaren akaberaren» inguruan: ezustean etorriko zen, eta ez zeukan batere itxura onik; izan ere, bazirudien halako mehatxu beldurgarri bat zebilela gainean hegan, eszenatoki osoan barrena.

Ez dakit irudikapen-modu hori orokorra ote zen nire belaunaldiko umeen artean. Baina nire kasuan, gai erlijioso orok nigan pizten zuen konfiantza gorabehera, beldur-marraz koloreztatu zuen Jainkoaren irudia, eta, hain zuzen ere, ez zidan mesederik egiten Jesus lagun hurbil gisa ikusteko.

Beraz, etxetik zein eskolatik iristen zitzaidana berretsia ikusten nuen erlijioan ere, jainkozkoaren ordena sakratuan: esparru horietan guztietan, mezua hitz hauez markatua zetorren: konplitzea, obeditzea, meritua, saria, zigorra, beldurra… Aski ohiko bihurturiko mezua eta, zentzu horretan, erantzunezina; superegoa indartzen zuena, bere exijentzia- eta perfekzionismo-joerekin, hondo sakonean erruduntasun mehatxatzailea zela.

Orain ikusten dut garbi, aringarri posible guztiekin, horixe gertatzen dela erlijioa autoritario bihurtzen denean: beldurrak ordezkatzen du alaitasuna, mendetasunak askatasuna, mehatxuak berezkotasuna, Damoklesek ezpatak berri ona…

Denbora asko kostatu zitzaidan umetan hain gogor finkaturiko egoera hartatik libratzea, sakon itsatsirik baitzegoen ene barnean. Faktore asko izan ziren prozesu horretan guztian lagundu zidatenak: hasi ikasketetatik eta pertsona libreekin topo egiteraino; lan psikologikotik pertsona ez-erlijiosoekiko elkarrizketa eta adiskidetasuneraino… Eta, horretan guztian, konfiantza-sentsazio sakon eta egonkorra; horrek osatzen zuen —neu ohartu baino lehenagotik ere— espiritualtasunaren bizkarrezurra, bizi nezan oparitzen zitzaidan eran.

Gaur ikus dezaket irakurketa haren engainua; baita, ordea, konprenitu ere mezu hura hedatzen zuten pertsonei. Beren borondate on osoarekin jarduten zuten, egokiena iruditzen zitzaiena transmititzen zuten, beren hizkuntza propioa erabiltzen zuten; testuinguru sozial eta kultural eta erlijioso jakin baten seme-alabak ziren, eta horrek erruz baldintzatzen zituen.

Baina nola ez ikusi haiengandik jaso nuena ez dela ebanjelioa, Jesusen berri ona, erlijio domestikatu bat baizik, orduan gailen ziren baloreen zerbitzuan?

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da irakasten zenarekin alderatuta. Jesusen hitzek ez dute adierazten inolako mehatxurik, ez exijitzen perfekzionismorik; ez dute elikatzen  superegorik, eta ez bultzatzen merituen ideiarik. Aitzitik, jakinduria-hitzak dira, garen Errealitatera esna gaitezen gonbidatzen dutenak.

Esnatzea oinarrizko hitzetariko bat da jakinduria-tradizio guztietan. Tradizio guztiek gauza bera esaten digute: ezjakintasunaren lozorroan murgildurik gaudela, ez garena garela uste dugula, eta benetan garenetik deskonektaturik gaudela egon, eta hori da —jarraitzen dute esanez— sufrimendu ororen iturri.

Ebanjelioan ere ohikoa da, oso ohikoa, esnatzeko deia. Eta orain, gainera, uler ditzakegu hitz horiek sakontasun handiagoz: Gugana datorren Jauna ez da norbait gugandik banandua eta besapean kontabilitate-liburua dakarrena, bakoitzari bere egintzen arabera ordaintzeko. Gure identitaterik sakonena da; normalean ezkutuan diharduena, gure itsutasuna dela medio.

Zinez, ongi ulertuz gero, etorrera ez da geroan —nahiko urrun ikusten dugun gero horretan— gertatuko den zerbait, orain eta hemen geratuko dena baizik…, atea irekitzearekin batera. Gure benetako identitateak Jaunakberekin du argitara atera eta duen edertasun osoa dariola azaltzeko posibilitatea.

Jakitun naiz lehen komunitateek barnean sartuta zeramatela esperantza apokaliptiko sakona, eta irrikan zeudela Jesus Jaun berpiztuaren etorrera loriatsua ikusteko, guztiz hurbil zela uste zuten Parusian.

Ordea, maila mitiko hura eta eredu dualista transzenditurik, ikusmolde ez-dualetik, Jauna da guk konpartitzen dugun Identitate bera, eta Nazareteko jakintsuarengan modu berezian islatu zena.

Aski da burua isiltzea, identitate hori esperimenta ahal izateko: lozorroan dago iskanbila mental eta emozionalen azpian: horiek ere, paradoxikoki, espresatzen dute. Dastatzerakoan lozorrotik atera egiten gara. Identitate horretan finkaturik egotean, errealitateari buruzko gure pertzepzioa aldatu egiten da. Erne gaude, den hartatik deskonektatzen ez duen haren arreta osoarekin, osatzen gaituen Presentzia kontziente eta amultsuan, Jesus osatzen zuen bezalaxe.

Hori da beldur guztietatik askatzeaedozein errealitate ez-iraunkorrekin identifikatzetik dator beldurra, zeren errealitate hori desagertzean guk ere desagertu daukagu egin beharraeta Atsegin guztien iturri: Zorionekoak haiek!

                                                                     www.enriquemartinezlozano.com

rufino iraolaren itzulpen librea

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s