Mantxako on Kixote (Hidalgo zorrotza, 1P, 1-8)

  1. kapitulua

On Kixote Mantxako hidalgo ospetsuaren izaera eta biziera nolakoak ziren agertzen diguna.

Izena gogoratu ere egin nahi ez dudan Mantxa aldeko herri txiki batean, oraindik asko ez dela, bazen hidalgo bat, lantza esekigailuan, antzinako adarga, zaldi argal desitxuratu eta galgo arrunt lasterkaria zituena. Lapikoan behi-okela ardikia baino gehiago, salpikoia gaurik gehienetan, arrautza lukainka edo urdaiarekin larunbatetan, lentejak ostiraletan, usakumeren bat igandeetan gehigarri; horiek ziren ondarearen herena. Gainerakoa, berriz, hauek osatzen zuten: belartezko kapusaia, ilezko galtzak jaietarako gai bereko txankletekin; astegunetan, aldiz, belori finenez jantzi ohi zen, eta dotore jantzi ere! Berrogei urtetik gorako etxekoandrea zeukan, eta hogeira iristen ez zen iloba; morroia ere bai, lur-lan nahiz beste edozertarako; berdin txalmatuko zuen zaldia edo inausteko guraizeak astindu. Berrogeita hamarrean, hortxe-hortxe, ibiliko zen gure hidalgoaren adina; gorpuzkera sendokoa zen, iharra eta aurpegi estukoa; goiz jaiki zalea eta ehiztari bikaina. Diote Kixada edo Kesada zuela izengoitia (badago alderik kasu horren gainean idatzi duten autoreen artean), nahiz eta, itxura guztien arabera, Kixada zeritzala ulertu beharko genukeen; dena den, horrek axola gutxi du gure ipuinerako; aski da, kontaketan, egiatik txintik ere ez aldentzea.

Jakinekoa da, beraz, aipaturiko hidalgo horrek, zereginik gabe zegoen garaian (urterik gehienean, noski) halakoxe zaletasun eta gogoz jotzen zuen zaldunen liburuak leitzera, kasik zeharo ahantzi zitzaion ehizako lantegia eta baita ondarearen administratzea ere; eta hainbesteraino iritsi zen horretan haren jakin-mina eta burugabekeria, soro-lurretik anega asko saldu zituen, zaldun-liburuak erosi eta irakurri ahal izateko; horrela eraman ahal izan zituen egon zitezkeen guztiak; inor ez zitzaion iruditzen Feliciano de Silva ospetsuak konposaturikoak bezain on; zeren haren prosaren argitasunari eta arrazoi bihurriei ongi baino hobeto irizten zien; eta areago oraindik losintxa-hitz eta desafio-gutun haiek irakurtzera iristen zenean, non zati batzuetan aurkitzen zuen idatzirik: Nire arrazoimenak nozitzen zuen arrazoiaren burugabekeria bide, nire arrazoimena hainbeste ergeltzen da, arrazoiz naiz kexu berorren edertasunaz, eta berdin hau irakurtzen zuenean: Berorren jainkozko zeru goiak indar jainkotiarrez izarrezko gotorleku bilakatzen direnean, berorren handitasunak merezi dituen merezimenduen merezitzaile bihurtzen dute.

Honelako eta antzeko arrazoiekin galtzen zuen burua zaldun gizagajoak, eta hura lo galtzea ulertzearren, eta zentzua atera nahian; nahiko lan Aristotelesek berak ere ateratzea eta ulertzea, horretarako bakarrik berpizturik ere. Ez zegoen oso ondo on Belianisek eragin eta jasotzen zituen zauriekin zeren uste baitzuen, nahiz eta maisu handiek sendatu, ez zion utziko aurpegia eta gorputz osoa orbanez eta aztarnaz betea edukitzeari; guztiarekin ere, laudatu egiten zuen, autorearengan, liburua bukatzeko modu hura, hau da, abentura amaigabe haren promesarekin, eta sarritan etorri zitzaion luma hartzeko gogoa eta akabera eman, hitzez hitz, han agintzen zen eran; eta inolako zalantzarik gabe, egingo zukeen, eta berea egin, etengabeko pentsamendu handiago batzuek eragotzi izan ez baliote. Sarritan izan zuen lehia herriko apaizarekin (gizon jakintsua, Siguentzan graduatua), zaldunik onena zein izan ote zen, Ingalaterrako Palmerin ala Amadís Gaulako baina maisu Nikolasek, herri bereko bizargina, zioen inor ez zela iristen Febo zaldunarengana, eta norbait aldera balekio, on Galaor zela, Amadís Gaulakoren anaia, zeren baldintza egokiak zituen edozertarako; ez zen zaldun milinga horietako bat, ezta anaia bezain negartia ere eta adore kontuan ez zitzaion atzean geratzen.

Azken finean, hainbeste murgildu zen irakurketan, gauak argirik argi eta egunak ilunik ilun, irakurtzen ematen zituen, eta horrela, lo gutxi egin eta asko irakurri, garuna idortu egin zitzaion, eta, ondorioz, juizioa galtzeraino erori. Liburuetan leitzen zituen fantasia guzti haiez bete zitzaion burua, nola enkantamendu eta hala liskar, bataila, desafio, zauri, losintxa, amodio, erauntsi eta izengabeko disparatez, eta irudimenean hain estu lotu zitzaion, zinez egia zen harentzat irakurtzen zuen ametsezko asmakizun-sorta hura guztia. Esaten zuen Ruy Diaz Cid-a zaldun ona izan zela; baina ez zeukala zerikusirik ezpata gorizko zaldunarekin, zeharkako batez apurtu baitzituen erdi-erditik bi erraldoi ezin handiago eta basati. Alde ederrean zegoen Bernardo del Carpiorekin, zeren Orreagan Roldan liluratua hil zuen Herkulesen artea baliaturik, honek Ateo, Lurren semea, beso artean ito zuenean bezala. Aski ongi mintzatzen zen Morgante erraldoiaren gainean, zeren erraldoien belaunaldi hartako izanik, goi harroak eta neurria ahoan zutenak baitziren denak, bera zen amultsua bakarra, eta ongi hazia; beste guztien gainetik, Renaldos de Montalbanekin etortzen zen ongi, areago oraindik bere gaztelutik irten eta aurrean jartzen zitzaion guztia ebasten ikusten zuenean, eta han urrunean Mahomaren idoloa ostu zuenean, urre hutsezkoa idolo hori, bere historiak dioenez. Zer ez ote zukeen emango, Galaon traidoreari ostiko-sail beroa ematearren, etxekoandreari ere emango zizkiokeen gustura, eta berdin ilobari, gehigarri.

Hain zuzen, juizioa guztiz galdurik, munduko erorik eroenak sekula izan zuen pentsamendurik arraroenean erori zen, eta esan daiteke beharrezko eta komenigarria iruditu zitzaiola, ohorea irabazteko, eta bere errepublikaren zerbitzurako, zaldun ibiltari egitea, eta bere arma eta zaldiarekin munduan zehar joatea, abentura bila eta leitu zuen guzti hartan saiatzea, zaldun ibiltariak ahalegintzen diren eran, hoben guztiak suntsiturik, eta aurrean eta arriskuan jarririk, amaitu ostean, izen eta ospe eternoa lortzeko. Bere besoaren adoreagatik, koitaduak koroatua imajinatzen zuen bere burua, Trapisondako inperioaren partetik bederen: eta horrela pentsamendu hain atseginokin, horiegatik sentitzen zuen gustu bitxiak tiraturik, presak eragin zion, desio zuena praktikan jartzeko. Eta lehenengo egin zuena zen armak garbitu, bere birraitonarenak izandako armak; hautsak harturik eta lizunak jota zeuden, mende luzeetan egon baitziren bazter batean utziak eta ahaztuak. Garbitu eta atondu zituen, bada, ahal zuen modurik onenean; baina akats handi bat zeukatela ikusi zuen, eta zen ez zeukatela zelata-enkajerik, baizik eta morrioi sinplea; baina bere arteak konpondu zuen hutsunea, kartoiz egin baitzuen zelata erdi moduko bat, eta ondo uztartzen zen morrioiarekin, zelata osoaren itxura zuen. Fuertea ote zen frogatzeko, eta labankadek zer arrisku izan zezaketen ikusteko, atera zuen ezpata eta bi kolpe eman zizkion, eta astebetean osatu zuena apurtu zuen lehenengoarekin: derrigor gaizki iruditu behar hain erraz desegitea eta, arrisku hori saihesteko, berriro egin zuen, barrutik burdinazko barra batzuk ipinita, bere gogortasunarekin gustura geratzeko moduan ipini ere!, eta, esperientzia berririk egin nahi izan gabe, ontzat jo zuen eta zelata txit fintzat hartu.

Zaldia ikustera joan zen gero, eta erreal batek baino cuarto (gaixotasun) gehiago izan (itxura penagarria, alegia) eta Gonelaren zaldiak baino tatxa gehiago, ze tantum pellis, et ossa fuit, iruditu zitzaion Alejandroren Buzefaloak edo Cid-en Babiekak ere ez zutela berdintzen. Lau egun joan zitzaizkion zer izen ipiniko zion pentsatzen: zeren bere buruari esaten zionez, ez zen posible hain zaldun ospetsuaren zaldiak, berez hain ona izanik, izen ezagunik gabe egotea, eta hor zebilen izena egokitzen, azal zezala argi nor izan zen zaldun ibiltariarena izan baino lehen eta orain zer zen, arrazoizkoa baitzen, bere jabeak egoera aldatzean, zaldiak ere izena aldatzea, eta entzutetsu eta ospetsua izan behar zuela iruditzen zitzaion, ordena berriari zegokion eran eta hartu zuen ofizio berriaren arabera: eta horrela, izen asko osatu, ezabatu eta kendu, erantsi, desegin eta bere memorian eta irudimenean berriro eraiki ostean, azkenik ROCINANTE deitu zion, izen esanguratsua, bere ustez, soinu ederrekoa, orain baino lehen izan zena ondo adierazten zuena, munduko zaldi guztien aurretik eta horiek baino lehenagotik zena.

Zaldiari izena ipinirik, eta hain gustukoa ipini ere, bere buruari ipini nahi izan zion, eta pentsamendu horretan zortzi egun eman zituen, azkenean ON KIXOTErekin geratu zen; esan bezala, hortik ondorioztatu zuten benetako historia honen autoreek, inolako dudarik gabe, Kixada behar zuela izenak, eta ez Kesada beste batzuek adierazi nahi izan zuten moduan. Baina gogoraturik Amadis adoretsuak ez zuela nahi izan soilik izen horrekin geratu, baizik eta bere erreinu eta aberriaren izena erantsi ziola, ospetsu egitearren, eta Amadis de Gaula zeritzala, horrela nahi izan zuen zaldun on batek egin behar duen moduan, bere izenari herriaren izena gehitzea eta MANTXAKO ON KIXOTE deitzea. Bere ustez, bikain adierazten zituen bere jatorria eta aberria, eta ondratu egiten zuen aberria harengandik izengoitia hartzeak.

Garbitzen ditu, bada, armak, morrioia zelata bihurtu, zaldiari izena ipini, eta bere burua berretsiz, ez zitzaiola ezer falta deliberatu zuen, baizik eta dama bat aurkitu, hartaz maitemintzeko, zeren zaldun ibiltaria amodiorik gabe, hosto eta fruitu gabeko arbola da, arimarik gabeko gorputza. Eta zioen:

—Nik nire bekatu gaiztoengatik edo zorte onari esker, hor nonbait erraldoiren bat aurkitzen badut, normalean zaldu ibiltariei gertatu ohi bezala, eta lehenengo kolpean lurrean seko uzten badut, eta gorputzaren erdi-erditik zatitzen badiot, edo azkenean, garaitu eta errendiarazten badut ¿ez al da ona izango ordezkari nor bidali edukitzea?, eta sar dadila eta belaunikatu dadila nire andere maitearen aurrean, eta esan dezala ahots umil eta errendituaz: ni, andere, Karakulunbriako erraldoia naiz, Malindrania uharteko jauna, non sekula behar beste goraipatuko ez den Mantxako On Kixotek bataila berezi batean bentzutu zuena; eta hark berorrengana aurkez nendin agindu zidan, berorren prestutasun handiaren arabera nitaz nahi duena egin dezan, berorren aldartearen arabera?

O!, nola lasaitu zen gure zaldun ona, diskurtso hori amaitu zuenean, eta are gehiago izena emateko dama aurkitu zuenean! Eta gertatu zen, uste denez, bere herritik gertu, bazegoela neskatxa nekazari bat oso itxura onekoa, eta neska honekin maitemindurik ibili zen garai batean, nahiz eta neskari, dirudienez, behin ere zitzaion jakinarazi eta bere kasa ez zen ohartu. Aldonza Lorenzo zeritzan, eta ongi iruditu zitzaion honi bere pentsamenduen araberako andere titulua ematea, hau da, TOBOSOKO DULTZINEA deitu zion, Tobosokoa baitzen; bere ustez, izen musikaria eta orijinala eta esanguratsua, hark bere buruari eta gauza guztiei ipini zien moduan.

  1. kapitulua

On Kixote zorrotzak bere lurraldetik egindako lehen irtenaldia agertzen duena

Prestaketa horiek eginik, bada, ez zuen itxaron nahi izan denbora gehiago, bere pentsamenduak praktikan ipintzeko; luzatzearekin munduari egiten zion kalteak estutzen zuen horretara; izan ere hainbeste gauza egin beharreko ikusten zuen: hainbeste bidegabekeria desegiteko, oker zuzentzeko, zentzugabekeria saihesteko, abusu hobetzeko eta hainbat zor ordaintzeko. Eta horrela, bere asmoaren berri inori eman gabe eta inork ikusi gabe, goiz batean, eguna zabaltzerako, halabeharrez uztaileko egun bero horietako batean, bere arma guztiez horniturik, Rozinanteren gainera igo zen, gaizki konponduriko zelata jarri, adarga besoan sartu, lantza hartu eta kortako atzeko atetik atera zen kanpo librera, pozez gainezka eta zoramenez beterik, ikusita zer-nolako erraztasunez ekin zion bere betiko desio onari. Baina kanpo librean aurkitu orduko, pentsamendu beldurgarriak erasan zion; hainbeste erasan, ez zuen asko falta izan hasitako lana bertan behera uzteko; gertatu zitzaiona zen memoriara etorri zitzaiola ez zela zaldun armaduna eta, zalduneriako legearen arabera, ez zezakeela eta ezta behar ere, beste zaldun batekin, armetan hasi, eta  izanda ere, arma zuriak eraman behar ziren, zaldun hasi berri gisa, ezkutuan seinalerik gabe, bere ahaleginaren bidez eskuratu arte. Pentsamendu horiek bere asmoei  buruz dudarazi egin zioten; baina, eromenak ahal gehiago zuenez beste edozein arrazoik baino, zaldun egitea erabaki zuen, lehenik aurkitzen zuenaren eskutik, beste askok egin zuten modu berean, liluraturik zeukaten liburuetan irakurri zuenez. Arma zuriei dagokienez, pentsatzen zuen garbitzea, astia izanez gero behintzat, erbinude zuria bera bezain distiratsu; eta horrekin baretu eta hala jarraitu zitzaion bideari, zaldiak nahi zuen beste inora jo gabe, pentsaturik horretan zetzala abenturaren indarra.

Han zihoan, bada, aurrera gure abentura-gizon handia, bere buruarekin hitz egin eta esanez:

—Inork ba al du zalantzarik, gaur edo bihar, nire gertaera famatuen benetako historia argitara dadinean, gertaera haiek eskribitzen dituen jakintsuak,  goizean hain goizeko nire lehenengo irtenaldia kontatzean, honela ipiniko ez duenik?: «Apolo ilehoriak hedatu berriak zituen lur zabal eta luzearen gainean bere ile ederraren urrezko izpiak, eta  txori txiki eta pintatuek beren hizkuntza musikariaz agurtu berria egunsentia, harmonia eztitsu eta lausengariaz eta, senar jeloskorraren ohe zuria utzirik, Mantxako zeru-ortziko leiho eta ateetatik barrena ageri zitzaien hango biztanleei, Mantxako On Kixote zaldun ospetsuak, koltxoi-lumak egonean utzirik, Rocinante izeneko bere zaldi famatuaren gainera igo eta Montiel izeneko lur-sail ezagun eta zaharrean barrena ibiliari ekin zionean.»

Eta egia zen handik zehar zebilela. Eta gehitu zuen esanez:

—Garai zorionekoa eta zorioneko mendea nire balentriak argitara emango diren hura, brontzean grabatu beharrekoak, marmolean zizelatu eta zurean pintatzeko balentriak, geroak gogoan izan ditzan. O, zu, jakintsu handia, edozein zarela ere, inoiz entzun eta ikusi ez den historia honen kronista izatea egokituko zaizun hori! Erregutzen dizut ez zaitezela ahantzi nire Rozinante jatorraz, nire lagun betierekoa bide eta ibili guztietan.

Eta gero jarraitzen zuen esanez, benetan maitemindurik egongo balitz bezala:

—O, Dultzinea printzesa, bihotz gatibu honen andere! Irain asko egin didazu zorroztasun horrekin despeditu eta errefusatzearekin eta zure edertasunaren aurrean gehiago ez azaltzeko agindurik. Atsegin dakiola, andere, oroitzea zenbateko pena sufritzen duen berorren amodioagatik.

Horiekin uztartzen zituen beste aldrebeskeria batzuk, denak ere irakurritako liburuetan azaltzen zirenen antzekoak, ahal zuenean hango hizkera imitaturik. Horrelako kontuak tarteko, hain geldi ibiltzen zen, eta eguzkia hain zorrotz eta indartsu sartzen, aski zen bere burmuinak urtzeko, baldin eta jada burmuinik geratzen bazitzaion.

Dena den, egun hura, kontatzeko gauza garrantzitsurik gertatu gabe igaro zitzaion. Horrek desesperatu egiten zuen, zeren nahi zuen, bere beso indartsuaren balioaren esperientzia egiteko, norbait segituan topatzea. Badira autoreak diotenak lehenengo abentura Lapice portukoa izan zela; beste batzuek diote haize-errotena; baina nik kasuari buruz deskubritu izan dudanaren arabera, eta Mantxako izkribuetan aurkitutakoa aintzat harturik, egun guztian ez zen gelditu, eta, ilunabarrean, nola zaldia hala bera, zeharo nekaturik eta goseak jota aurkitzen ziren, eta alde guztietara begiratutik, ea gaztelu edo artzain-etxolaren bat aurkitzen zuten, gaua pasatu eta gose eta gainerako premiak asetzeko, han ikusi zuen, zebilen bidetik ez hain urrun, benta bat, eta izar bat bezala hartu zuen; ez atariraino bakarrik zihoan izarra, baizik eta bere erredentzioaren alkazarrera zeraman izarra. Handik aurrera bizkor ibili zen, eta  gautzearekin batera iritsi zen aipatu benta horretara.

Halabeharrez, atean bi neska gazte zeuden, beste horretan jarduten duten horietakoak; Sevillara zihoazen bentan gaua pasatzen egokitu ziren mandazain batzuekin; eta abentura-gizonari pentsaturiko guztia, ikusitakoa edo imajinaturikoa egina edo irakurritakoaren arabera gertatua iruditzen zitzaionez, benta ikusi orduko gaztelua zela iruditu zitzaion, bere lau dorre eta zilar zurizko kapitelekin, ez zitzaizkion falta zubi altxagarria eta soto sakona ere, eta halako gazteluei eransten zaizkien ezaugarri guztiekin. Joan zen inguratzen hark gaztelua irizten zion bentara, eta handik gertu geldiarazi zuen Rozinante erramaletik, eta ipotxen bat, tronpetaren batekin, zalduna gaztelura iritsi zelako seinaleak ematera noiz azalduko zain geratu zen. Baina luzatzen ari zirela ikusi zuen, eta Rozinante larri zegoenez ukuilura joateko, bentako atera iritsi zen, eta han zeuden bi neska gazte distraitu ikusi zituen; hari bi dontzeila eder edo dama grazioso iruditu zitzaizkion gazteluko atean solasean entreteniturik. Gero, halabeharrez, gertatu zen galtzuan urde (ez dago barkamena eskatu beharrik, halaxe deitzen baitzaie) sail bat biltzen zebilen txerrizainak adarra jo zuela, adar-hotsarekin bildu egiten baitira, eta istant batean iritsi zitzaion on Kixoteri deseatzen zegoena, hau da, ipotxen batek, azkenik, eman zuela bere etorreraren berri; eta, horrela, sekulako bozkarioz iritsi zen bentara eta damengana; haiek, modu hartan armaturiko gizon bat ikusi zutenean, eta lantza eta adargarekin, beldurrez josita bentara sartzera zihoazen; baina on Kixotek, oharturik beldurragatik eman ziotela ihesari, paperezko bisera altxatu zuen eta bere aurpegi idor eta hautsez betea erakutsirik, jarrera adeitsuan eta ahots patxadatsuz esan zien:

—Ez biezaiote ihesari eman beroriek, ez izan beldur inongo iskanbilari, zeren profesatzen dudan zalduntza-ordenari ez dagokio, ez zaio tokatzen, inori ezer egitea, eta askoz gutxiago beroriek bezalako goi mailako –nabarmen ikusten denez– dontzeila batzuei.

Neskek begiratu egiten zioten eta bisera txatxar hark ezkutatzen zion aurpegiaren bila zebiltzan begiekin; baina dontzeilak esan ziela entzun zutenez, euren lanbidean sekula ere entzungo ez zutena, ezin izan zioten barreari eutsi eta on Kixote laidoturik sentitu zen, eta esan zien:

—Neska ederretan ongi ematen du neurriak, eta lelokeria handia da kausa hutsal batek eragiten duen barrea; baina ez diet esaten tristatu daitezen, nire desioa ez da-eta beroriek zerbitzatzea baizik.

Hizkerak –andere haiek ez zioten ulertu– eta gure zaldunaren itxura txarrak barrea areagotu egiten zuten haiengan, eta zaldunarengan, haserrea, eta komeriak izango ziren, momentu hartan bentaria atera izan ez balitz; oso gizon gizena izaki eta, horrexegatik, baketsua ere bai; eta gaizki egindako figura oker hura ikusirik, hain arma desberdinez armatua: brida, lantza, adarga eta koselete, ez zen bat etorri dontzeilen bozkarioarekin, ez zien lagundu. Baina, hain zuzen, hainbat trastez osaturiko makina hartaz beldurturik, neurri-neurrian hitz egingo ziola erabaki zuen, eta honela esan zion:

—Berorri, jaun zalduna, ostatu bila badabil, lo-tokiarekin batera, gure bentan ez baitago batere, baina gainerako guztia ugari izango du hemen. Kixotek gotorlekuko alkaidearen apaltasuna ikusirik, horixe iruditu baitzitzaizkion hari bentaria eta benta, erantzun zuen:

—Niretzat, jaun gaztelarra, edozein gauza da aski, zeren nire arreoak armak dira;  nire atsedena, borrokatzea, etab.

Ostalariak pentsatu zuen gaztelarra deitu bazion, Gaztelako prestuen artekoa zela iruditu zitzaiola, nahiz eta bera andaluziarra zen, Salucarreko hondartzakoen artekoa, ez Caco baino lapur ahulagoa, eta paje-ikaslea baino gaizkile txikiagoa, eta honela erantzun zion:

—Horren arabera, berorren oheak harkaitz gogorrak izango dira, eta  lo egitea, beti esna egotea; eta horrela izanik, jaiki daiteke, etxola honetan urte osoz lo ez egiteko aukera bat eta aukera bi topatzeko ziurtasun osoz, eta gau batean nola ez?

Hori esanik, on Kixoteren estriboari eustera joan zen, eta hau zailtasun handiz eta kostatuta jaitsi zen, egun oso hartan baraurik hautsi ez duenaren antzera.

Gero esan zion ostalariari kontuz ibiltzeko haren zaldiarekin, munduan ogia jaten dutenen artean piezarik onena zela-eta. Bentariak begiratu zion, eta ez zitzaion iruditu on Kixotek esaten zuen bezain ona, ezta erdia ere; eta, ukuiluan sarturik, berriro ikusi zuen apopiloak bidaltzen zuena; dontzeilak, berriz, hura desarmatzen ari ziren, adiskidetuak baitziren; neskek petoa eta sorbaldakoa kenduak zizkioten, inoiz ez zuten jakin nola eta ez zioten atera ahal izan gola, ezta gaizki egindako zelata kendu ere; zinta berdez loturik zeukan gola hori eta ezinbestekoa zen moztea, korapiloak ezin zitzaizkion-eta askatu; baina berak ez zuen inolaz ere nahi izan, eta horrela geratu zen gau oso hartan, zelatarekin, pentsa litekeen figurarik harrigarri eta graziosoenean; eta desarmatzean, desarmatzen ari zitzaizkion ditxosozko haiek gaztelu hartako andere eta dama printzipalen batzuk zirela imajinatzen zuenez, esan zien grazia handiz:

—Sekula ez da zaldunik izan
Kixote izan den bezain ongi
damez zerbitzatua
bere auzotik etorri zenean:
dontzeilak arduratzen ziren hartaz;
printzesak bere zaldiaz.

O Rozinante, hori da, ene andereok, nire zaldiaren izena eta Mantxako on Kixote, nirea; berorien zerbitzuan egindako balentriek deskubri nintzaten arte azaldu nahi ez nuenez, Lanzaroteko erromantze zahar hau egoera honetara egokitzea izan da denbora baino lehen nire izena jakiteko kausa; baina helduko dira garaia beroriek eskatu eta nik obeditu beharko dudana, eta nire besoaren adoreak, daukadan zerbitzu-grina, deskubrituko duena.

Neskek, era horretako erretolikak entzutera ohituak ez zeudenez, ez zuten hitzik ateratzen; bakar-bakarrik, zerbait jan nahi zuen galdetu zioten.

—Edozein gauza jango nuke nik —erantzun zuen Kixotek—, zeren, nire ustez, edozerk egingo lidake on.

Halabeharrez, ostirala zen egun hura, eta ez zegoen benta osoan Gaztelan abadira deitzen zioten arrainaren puska batzuk baino; Andaluzian, bakailaoa eta toki batzuetan, erraulia; eta beste batzuetan, erregetxoa. Galdeturik menturaz bakailaoa jango zukeen, ez baitzegoen beste arrainik jatera emateko.

—Bakailao txiki asko bada ere –erantzun zuen On Kixotek–, amuarraina eman diezadakezu, zeren berdin-berdin zait erreal banako zortzi puska edo zortzi errealeko pieza bakarra. Gehienez eta bakailao txiki horiekin gerta liteke txahalarekin bezala, behia baino hobea dela, eta antxumea ahuntza baino hobea. Baina, dena delakoa, betor azkar, armen lana eta pisu ez dago-eta eramaterik tripen gobernu barik.

Bentako atea aurrean ipini zioten mahaia, freskuragatik, eta ostalariak han ekarri zion gaizki beraturiko eta okerrago egositako bakailao-zatia; eta ogia, berriz, bere armak baino beltz eta krakatsuagoa; baina barre egiteko kontua zen hura jaten ikustea, zeren, zelata jantzia eta bisera altxatua zeuzkan, bere eskuez ezin ezer eraman ahora, besteren baten eman eta ahoan ipintzen ez bazion, eta, horrela, andere haietako batek egiten zuen lan hori. Baina edaria ematean, ezinezkoa izan zen, eta ez zen posible izango ere bentariak kanabera bat zulatu izan ez balu, eta, mutur bat ahoan ipinirik, bestetik ardoa botatzen zion; eta hori ezinbestekoa zen, baldin eta zelataren zintak hautsiko ez bazitzaizkion. Horretan zirela, halabeharrez, txerri-irentzailea etorri zen bentara, eta iristearekin batera kanabera-txistuak jo zuen lau edo bost aldiz; horrekin berretsirik geratu zen on Kixoterentzat gaztelu famaturen batean zegoela eta musikaz ondratzen zutela eta bakailaoa amuarrainak zirela, eta ogia, ogi zura; prostitutak, damak eta bentaria Gaztelaniako gaztelarra, eta horrenbestez ontzat eman zituen bere erabakia eta irteera. Baina gehien kezkatzen zuena zen zaldun armatu ez izatea, iruditzen baitzitzaion ez zeukala inolako abenturari ekiterik, zilegitasunez, Zalduntza-ordena hartu gabe.

  1. kapitulua

Zaldun armatzeko on Kixoteri bururatu zitzaion modu graziosoa kontatzen duena

Eta, hala, pentsamendu horretaz nekaturik, laburtu egin zuen bere benta-afari murritza; amaitu ostean, bentariari deitu zion eta, harekin zalditegian entzerraturik, aurrean belaunikatu zitzaion esanez:

—Nagoen lekutik inoiz ere ez naiz altxatuko, zaldun adoretsu hori, harik eta berorren kortesiak, eskatu nahi diodan dohaina, eman diezadan arte; eta hori berorren alabantzan eta gizadi osoaren onerako izango da.

Bentariak, bere apopiloa, oinetan makurtu ikusirik eta halako arrazoiak entzunik, nahastuta zegoen hari begira, zer egin eta zer esan ez zekiela, eta eginahalak egiten zion jaiki zedin, baina ez zuen nahi izan inolaz ere, harik eta esan behar izan zion arte emango ziola, bada, eskatzen zion dohaina.

—Ez nuen gutxiagorik espero berorren prestutasun handi horretatik, ene jauna —erantzun zion on Kixotek—, eta orain esaten diot, nik eskatu eta berorren eskuzabaltasunak dohaina emanik, bihar dela zaldun armatuko nauen eguna, eta gaur gauean berorren gazteluko kaperan arma-beila egingo dut, eta bihar, esan bezala, konplituko da hainbeste desio dudana, munduaren lau aldetara behar den moduan joan ahal izateko abentura bila, behartsuen alde, zalduntza eta zaldun ibiltarien egitekoa den bezala, ni naizen moduan, non nire desioa balentria handietarako irrikan dagoen.

Bentaria, esana dagoen eran, maltzur samarra zenez, bazuen susmorik apopiloaren juizio-faltaz; baina, azkenean, sinetsi egin zion, halako arrazoiak entzun zizkionean, eta gau hartan barre egin nahi eta, umoreari jarraitzea erabaki zuen; eta, hala, esan zion zuzen zegoela desio eta eskatzen zuenari dagokionez eta normala eta naturala zela asmo hura haren itxurako hain zaldun printzipalarentzat, bere presentzia kementsuak erakusten zuenez; eta bera ere, gazte sasoiko urteetan, ofizio prestu hartan ibilia zela, munduko hainbat parajetan barrena, abentura bila, besteak beste honako hauetan: Percheles de Málaga, Islas de Riarán, Compás de Sevilla, Agoguejo de Segovia, Olivera de Valencia, Rondilla de Granada, Playa de Sanlúcar, Potro de Córdoba eta Ventillas de Toledo eta beste hainbat tokitan, non landu zuen oinen arintasuna, eskuen fintasuna, begibakar asko utziz eta alargun ugari eskuratuz, dontzeila asko deseginez eta apopilo batzuk engainatuz eta, azkenik, Espainian dauden kasik tribunal eta entzutegi guztietan ezagutzera emanez, eta, azken-azkenik, bere gaztelu hartara erretiratu zela, non bizi  zen bere eta besteren lur-sailetan, zaldun ibiltari guztiak bertan hartuz, edozein koalitate eta baldintzatakoak izanik ere, bakar-bakarrik zaletasun handia zielako, eta ondasunak harekin bana zitzaten, bere asmo onen ordain gisa.

Hau ere esan zion, haren gazteluan ez zegoela kaperarik, armak beilatu ahal izateko, botata baitzegoen, berria egiteko; baina, beharrean gertatuz gero, bazekien edozein lekutan beila zitezkeela, eta gau hartan beilatu ahal izango zituela gazteluko ageri batean; hurrengo goizean, Jainkoa zerbitzaturik, beharrezko zeremonia guztiak egingo ziren, Kixote zaldun armaturik gera zedin, eta hain zaldun, munduan inor gehiago ez izateko moduan.

Dirurik zekarren galde egin zion; Ez zekarrela txakur txirik ere erantzun zion on Kixotek, zeren hark ez zuen inoiz leitu, zaldun ibiltarien historietan, inork ekarri izan zuenik. Honi esan zion bentariak engainaturik zegoela, nahiz eta historietan idatzi ez, horien autoreei iruditu zitzaielako ez zela beharrezkoa idaztea hain argi zegoen gauza baten gainean, kontu garbia eta ezinbestekoa baitzen diruak eta alkandora garbiak ekartzearena, ez da pentsatu behar, horregatik, ekarri izan ez zituztenik, eta, horrela, ziurtzat eta jakinekotzat jo behar zuela zaldun ibiltari guztiek, horien berri emanez hainbat liburu daude beterik, ongi hornituak eramaten zituztela poltsak, zer gertatu ere, eta era berean alkandorak ere eramaten zituztela eta kutxatxo txiki bat ukenduz beterik, egiten zituzten zauriak sendatzeko, zeren beti ez zen izaten konbatitzean zauriturik suertatzen ziren eremu eta basamortuetan nork sendatua, ez bazen gertatzen, behintzat, sorgintzaile jakintsuren bat zeukatela laguntzat, sokorritzen zituena, airez hodeiren batean dontzeila edo ipotxen bat ur-erredomaren batekin ekarrita; halako bertutedun erredoma, non handik tanta bat dastatu eta gero supituan beren llaga eta zaurietatik sano geratzen ziren, inolako gaitzik izan ez balute bezala; baina horrelakorik ez zuten bitartean, lehengo zaldunek zuzentzat jotzen zuten beren ezkutariak diruz eta beharrezko beste gauza batzuez hornitzea, adibidez lits eta ukenduak, sendatzeko; eta gertatzen zenean delako zaldun horiek ezkutaririk ez zutela —nekez eta oso gutxitan gertatzen zena—, beraiek eramaten zuten alforja fin batzuetan, kasik ikusi ere egiten ez zirela, zaldien hanketan, garrantzi handiagoko beste gauzaren bat balitz bezala, zeren horrelako okasioren baterako izan ezik, alforjak eramate hori ez zen izan oso onartua zaldun ibiltarien artean; horregatik ematen zion aholku, bada artean agindu ziezaiokeen bere semebitxiari bezala, izan zitekeen bezain pronto, handik aurrera ez zedila ibil dirurik eta aipaturiko prebentziorik gabe, eta ikusi zuela zeinen ongi aurkitzen zen haiekin, gutxien uste zuenean.

Aholkatzen zitzaiona egitea agindu zion Kixotek, puntuz puntu, eta, hala, eman zen gero ordena,  armak beilatuko balitu bezala leihoaren ondoan zegoen korta handi batean, eta on Kixotek, guztiak harturik, putzu baten ondoan zen harraska baten gainean ipini zituen, eta adarga besoan sarturik, heldu zion lantzari eta giza azal kementsuz harraskaren aurrean paseatzen hasi zen; eta paseoari ekin zionean gaua ixten hasia zen.

Bentan zeuden guztiei kontatu zien bentariak bere apopiloaren zoroa, armen beila eta espero zuen zalduntza-armatzea. Harritu ziren jenero-klase horretako zorotasunaz, eta urrundik begiratzera joan zitzaizkion, eta ikusi zuten batzuetan manera patxadatsuan paseatu egiten zuela; besteetan, lantzara arrimaturik, begian armetan ipintzen zituen, luzaz haiei bista kendu gabe. Gaua itxi zen, ilargiaren argitasun handiarekin, prestatzen zionarekin berarekin lehiatzeko modukoa, ze zaldun berriak egiten zuen guztia ongi ikusia zen beste guztien aldetik. Honetan, bentan zegoen mandazain bati otu zitzaion bere mando-taldeari ura ematera joatea, eta on Kixoteren armak kendu behar, askaren gainean zeuden-eta; eta Kixotek, iristen ikustean, esan zuen ozenki:

—E, hi, edozein haizela ere, gizaseme lotsagaldu hori, eta ausartu, gainera, inoiz ezpata gerrian hartu duen zaldun ibiltari kementsuenaren armak ukitzen! Begira ezak zer egiten duan, eta ez ukitu armak, bizia utzi nahi ez baduk hire ausarkeriaren ordain.

Mandazainak ez zien begiratu arrazoi horiei (eta hobe zuen begiratzea, badaezpada ere), aitzitik, uhaletan trabaturik, beregandik aski urrunera jaurtiki zituen. On Kixotek hori ikusirik, begiak zerurantz jaso zituen, eta pentsamendua —ematen zuenez— emazte Dultzineagan ipinirik, esan zuen:

—Sokorri nazazue, ene andere, zuen bihotz honi egiten zaion lehenengo irain honetan; ez nazatela galtzera utzi lehenengo trantze honetan zuen mesede eta babesak.

Arrazoi horiek eta beste antzeko batzuk esanik, adarga askatu, lantza bi eskuez jaso eta hainbesteko kolpea eman zion mandazainari buruan, lurrera jausi zuen hain hebaindurik ze, beste bat eman izan balio, ez zuen izango maisu (zirujau) beharrik sendatzeko. Hori eginik, armak bildu zituen eta berriro paseatzen hasi zen lehengo patxada berean. Handik gutxira, zer gertatu zen jakin gabe —oraindik zorabiaturik baitzegoen mandazaina—, beste bat iritsi zen bere mandoei ura emateko asmoarekin hura ere eta, harraska libre uzteko armak kentzean, on Kixotek, hitzik ere esan gabe eta inori mesedez eskatzeke, berriz ere askatu zuen adarga eta berriro ere jaso zuen lantza eta, batere apurtu gabe, hiru puska baino gehiago egin zuen bigarren mandazainaren burua, lau aldetatik ireki baitzen. Bentako jende guztia etorri zen hango zaratotsera, eta haien artean bentaria ere bai. On Kixotek hori ikustean, adarga besoan sartu zuen, eta eskua ezpatari oratuta, esan zuen:

—O, edertasunaren andere, ene bihotz ahulduaren indar eta kemena! Orain da garaia zure handitasunaren begiak itzul diezazkiozun zaldun gatibu honi, halakoxe abenturen zain baitago.

Horrekin, bere iritziz, gogo-bihotzak suharturik, munduko mandazain guztiak oldartu balitzaizkio ere, ez zukeen pausorik atzeraka emango. Zaurituen lagunek urrunetik ekin zioten harria on Kixoteri, hark ahal bezain ongi babesten zuen bere burua adargarekin eta ez zen ausartzen harraskatik aldentzea, armak gerizperik gabe ez uztearren. Bentariak deiadar egite zuen uzteko esanez, esan ziela-eta zoroa zela, eta zoroa zelako libratuko zela, nahiz eta denak akabatu. On Kixotek eta jotzen zituen deiadarrak, handiagoak oraindik, azpikari eta traidoreak deituz, eta gazteluko jauna koldarra zela eta zaldun sasikumea, bada modu horretan uzten zien zaldun ibiltariak tratatzen;  eta hura ere zalduntza-ordena hartua izan balitz, bere azpikeria bistaratzeko:

—Baina zuei, zakur-sail satsu eta izengabea, ez dizuet inolako jaramonik egingo: bota, heldu, etorri eta iraindu ahal duzuen guztia, eta zuek ikusi gero zer ordain jasotzen duzuen zuen ergelkeria eta ausarkeriagatik.

Hau dena halakoxe indar eta adorez esaten zuen, sekulako beldurra eragin zuen eraso egiten ziotenen artean; eta horrengatik eta baita bentariaren hitzengatik, utzi zioten harriak botatzeari, eta Kixotek zaurituak jasotzen utzi zien, eta armen beilara itzuli zen lehengo lasaitasun eta sosegu berarekin.

Ez zitzaizkion ongi iruditu bentariari apopiloaren burlak, eta erabaki zuen laburtu eta lehenbailehen ematea zalduntzako ordena madarikatu hura, beste ezbeharren bat gertatu aurretik. Eta, hala, beregana joanik desenkusatu zen jende doilor hark erabili zuen ozarkeriagatik, berak ezer ez zekiela, baina ederki zigorturik geratzen ziren makurkeria harengatik. Esan zion, lehen ere esan zion moduan, gaztelu hartan ez zegoela kaperarik, eta egiteko geratzen zenerako ez zela premiazkoa ere, zaldun armatze hori bi ukitutan baizetzan: kokotekoa eta sorbaldakoa, berak ordenako zeremonialari buruz zeuzkan berrien arabera, eta hura landa baten erdian egin zitekeela, eta armen beilatzeari zegokiona, berriz, konplitua zuela, bi ordu soil beilatzearekin konplitua zela eta; are gehiago, lau ordutik gora egona baitzen. Dena sinetsi zion on Kixotek, bera han zegoela obeditzeko pronto, eta amaitzeko ahal zuen laburtasun handienez, zeren, berriro oldartua izaten bazen eta jada zaldun eginik egon, ez zuen pentsatzen gazteluan pertsonarik bizirik uztea, hark agintzen zizkion haiek izan ezik, harenganako errespetuagatik utzi ere.

Gaztelarrak, horretaz ohartu eta beldurturik, ekarri zuen gero liburu bat, mandazainei ematen zizkien lastoa eta garagarra apuntatzen zituen liburua, eta mutiko batek zekarkion kandela-zatiarekin, eta jada aipaturiko bi dontzeilekin, on Kixote zegoen tokira etorri zen; hari belaunikatzeko agindu zion; eta, bere eskuliburua irakurriz, otoitz deboziozkoren bat esango balu bezala, irakurketaren erdian eskua jaso zuen, eta lepo gainean kolpe bikaina eman zion, eta haren ondoren, ezpata berarekin sorbaldan beste kolpe gogor bat, beti ere hortzak aletuz, otoitzeak ariko balitz bezala. Hori eginik, gerrian ezpata jartzeko agindu zion dama haietako bati; trebezia eta diskrezio handiz egin zuen, zeren ez zen gutxi behar izan zeremonien puntu bakoitzean barrez ez lehertzeko; baina zaldun berriarengan ikusi zituzten balentriek setioan eusten zioten haien barreari. Ezpata gerrian ipintzean hau esan zuen andere onak:

—Jainkoak egin beza berorri zaldun zoriontsu eta eman diezaiola zortea lehietan.

Nola zeritzan galde egin zion on Kixotek, handik aurrera jakin zezan zeini beharturik zegoen jaso zuen mesedeagatik, zeren pentsatzen zuen berri ematea bere besoaren kemenagatik lortzen zuen ohoreari buruz. Neskak erantzun zion, apaltasun handiz, Tolosa zeritzala eta Toledoko arropa-konpontzaile baten alaba zela. Sancho Bienayako aterpetxoetan bizi zela, eta nonahi egonik ere zerbitzatuko zuela eta beti jauntzat izango zuela. On Kixotek erantzun zion, bere amoregatik, mesede egiteko handik aurrera izenaren aurrean on ipintzea eta dei zedila andre (doña) Tolosa. Neskak agindu zion eskaturikoa, eta besteak ezproia jantzi zion, eta harekin ere ezpatadunarekin izan zuen elkarrizketa bera izan zuen kasik. Izena galde egin zion, eta Molinera zeritzala esan zion, eta Antequerako errotari ondradu baten alaba zela; hari ere berdin erregutu zion on Kixotek, on ipintzeko eta dei zedila andre (doña) Molinera, zerbitzu berriak eta mesedeak eskainirik hari ere.

Eginik, bada, korrika eta presaka, ordura arte inoiz ikusi gabeko zeremoniak, ez zitzaion nahi orduko iritsi Kixoteri zaldi gainera igo eta abentura bila abiatzeko ordua, eta, Rozinanteri zela ipinirik, igo zen bere gainera eta, ostalaria besarkaturik, hain gauza bitxiak esan zizkion, zaldun armatu izana eskertzen ziola, ezen ez da posible adierazten asmatzea. Bentariak, bentatik kanpo agudo ikustearren, ez erretorika gutxiagorekin, nahiz eta hitz laburragoez, harenei erantzun zien eta, ostatuaren ordaina eskatu gabe, joaten utzi zion, bakean.

  1. kapitulua

 Gure zaldunari gertatu zitzaionari buruz bentatik atera zenean

Egunsenti ingurua izango zen on Kixote bentatik hain kontent, ausart, atera zenean, pozez zoratzen, bere burua zaldun eginik ikustearren, ezen bozkarioak lehertu egiten zuen zaldien uhal artean. Baina burura etorri zitzaiolarik,  berekin eraman beharreko prebentzio hain premiazkoen gainean ostalariak emandako aholkuak, diru eta alkandorena batik bat, etxera itzultzea erabaki zuen eta premiazko guztiaz hornitu, ezkutari batez ere bai, auzoko nekazari bat hartzea deliberaturik, nekazari pobrea eta seme-alabak zituena, baina apropos-aproposa zalduntzako ezkutari-ofiziorako. Pentsamendu horrekin gidatu zuen Rozinante bere auzora; hark, bidea hain zitzaion ezaguna, halakoxe gogoz ekin zion ibiltzeari, ez zuen ematen hankak lurrean ipintzen zituenik ere.

  Askorik ibili baino lehen, iruditu zitzaion bere eskuin aldean, han zegoen basoko adar artetik, ahots fin batzuk ateratzen zirela, aieneka kexu denaren antzekoak; entzun orduko, hau esan zuen:

—Eskerrak ematen dizkiot zeruari, egiten didan mesedeagatik, izan ere hain agudo ipintzen dizkit okasioak aurrean non bete dezakedan nire lanbideari zor diodana eta jaso nire desio onen emaitza. Ahots horiek, zalantzarik gabe, andre edo gizon behartsuren batenak dira, eta ezinbesteko zaizkio nire babes eta laguntza. Eta, berriro aho-uhaletik harturik, mintzoak zetozela iruditzen zitzaion aldera gidatu zuen Rozinante, eta, handik pauso batzuetara, basoan sartu eta, behor bat ikusi zuen arte bati lotua, eta bestean loturik, mutil bat, gerritik gora biluzik, hamabost bat urte ingurukoa; hura zen hoska ari zena, eta ez motiborik gabe, zeren azote asko ematen ari zitzaion itxura oneko nekazari bat, eta azote bakoitzarekin batera errieta egiten zion eta aholku eman. Hau esaten zuen:

—Mingaina geldi eta begiak argi.

Eta mutilak erantzuten zion:

—Ez dut egingo berriro, ene jauna; Jainkoaren pasioagatik ez dut egingo berriro, eta nik agintzen dut hemendik aurrera kontu handiagoa izatea abere-taldeaz.

Eta on Kixotek ikusirik zer gertatzen zen, ahots harroxkoz esan zuen:

—Zaldun adeigabea, gaizki deritzot defenditu ezin denari eraso egitea; igo zaitezte zuen zaldi gainera eta har ezazue lantza —bai baitzeukan lantza bat behorra loturik zegoen artearen kontra arrimaturik—, eta nik erakutsiko dizuet koldarren kontua dela egiten ari zaretena.

Nekazariak, ikusirik bere ondoan armaz josiriko figura hura aurpegiaren aurrean lantza astintzen, hiltzat jo zuen bere burua, eta hitz gogoz erantzun zuen:

—Zaldun jauna, zigortzen dihardudan mutil hau nire morroia da, inguru hauetan daukadan artaldea zaintzen didana, eta hain da utzia, egunero bakarren bat falta da; eta bere arretarik eza edo bilaukeria zigortzen dudalako, badio miserablearena egiten ari naizela, zor diodan soldata ez ordaintzeagatik, eta Jainkoak eta nire arimak badakite gezurretan ari dela.

 —«Gezurra dio» nire aurrean, bilau zeken horrek? —esan zuen on Kixotek. Argi egiten digun eguzkiaren izenean, pronto nago lantza honekin alderik alde pasatzeko. Ordaindu agudo aitzakiak utzita; bestela, gidatzen gaituen Jainkoagatik, hementxe bertan jo eta garbituko zaituztet. Askatu azkar.

Nekazariak burua jaitsi zuen, hitzik esan gabe, eta askatu zuen morroia, eta honi on Kixotek galde egin zion ea nagusiak zenbat zor zion. Bederatzi hilabete, esan zion, hileko zazpi errealean. Kontuak egin zituen on Kixotek eta ikusi zuen hirurogeita hamahiru (hiru) erreal zirela, eta berehala jartzeko esan zion nekazariari, horregatik hil nahi ez bazuen. Bilau zirtzilak erantzun zuen zegoen egoeran egoteko eta egina zuen zinagatik  —artean ez zuen inolako zinik egin baina— ez zela hainbeste, zeren eman zizkion hiru zapata pare deskontatu eta kontuan ipini behar ziren, baita erreal bat ere gaixo zegoela egin behar izan zizkion sangriengatik.

—Ongi dago hori dena —esan zuen on Kixotek—, baina izan bitez zapatak eta sangriak azoteen ordain, inolako errurik gabe eman dizkiozuen azoteen ordain, zeren, zuek ordainduriko zapaten larrua hautsi baldin bazuen, zuek gorputz-larrua hautsi diozue, eta bizarginak odola atera baldin bazion gaixo zegoela, zuek sano dagoela atera diozue; beraz, alde horretatik ez dizue ezer zor.

—Arazoa da, zaldun jauna, hemen ez dudala dirurik: etor dadila Andres nirekin gure etxera eta erreala errealaren atzetik ordainduko diot.

—Ni horrekin joan? —esan zuen mutilak—. Ezta pentsatu ere! Ez, jauna, ezta ezergatik ere, bakarrik aurkitzean San Bartolomeri bezala larrua kenduko dit-eta.

—Ez du horrelakorik egingo —erantzun zion Kixotek—: aski da nik agintzea, errespeta nazan; eta hartu duen zalduntza-legeagatik zin egiten badit, libre joaten utziko diot eta jaso beharrekoa ziurtaturik izango da.

—Begira, jauna, ogi zer dioen —esan zuen mutilak— nire nagusi hau ez da zalduna gero, Juan Haldudo aberatsa deritzo, Quintanarreko biztanlea.

—Horrek axola gutxi du —erantzun zuen on Kixotek—, haldudoak egon daitezke zaldunen artean; baina azkenean bakoitza bere egintzen seme da.

—Hori egia da —esan zuen Andresek—, baina nire ugazaba hau zein egintzen seme da, nire soldata eta nire izerdi eta lana ukatzen dizkidana?

—Ez dut ukatzen, anaia Andres —erantzun zion nekazariak—, eta egin iezadazue nirekin etortzea mesede, zin egiten baitut, mundu osoan leudekeen zalduntza-ordena guztien izenean, ordainduko dizkizuedala, esana dudan eran erreala errealaren ondotik, eta gozo lurrundurik gainera.

—Lurrintzearena utz dezagun —esan zuen on Kixotek— eman iezazkiozue errealetan, horrekin konforme naiz eta; eta saiatu zin egindako eran bete dezazuen: bestela, zin horren beraren izenean zin egiten dizuet bila joango natzaizuela eta zigortu egingo zaituztedala, eta jakin aurkituko zaituztedala sugandila baino ezkutuagoan ezkutatuta ere. Eta hau nork agintzen dizuen jakin nahi baduzue, betetzera zinez behartuagoak gera zaitezten, jakizue ni Mantxako on Kixote adoretsua naizela, hoben eta zentzugabekerien desegilea, eta Jainkoa lagun, eta ez dakizuela ahantz agindu eta zin egindakoa, adierazitako zigorra nahi ez baduzue.

Eta, hori esanik, bere Rozinanteri eragin zion, eta berehala aldendu zen haiengandik.  Begiekin jarraitu zion nekazariak eta, basoan sartua zela eta ez zela ageri ikusi zuenean, itzuli zen bere morroi Andresengana eta esan zion:

 —Etorri hona, ene seme, zor dizuedana ordaindu nahi dizuet-eta, hoben-desegile hark agindurik utzi zuen moduan.

—Horixe nahi dut nik —esan zuen Andresek— eta nik uste berorrek asmatuko duela zaldun on haren agindua betetzen badu, mila urte bizirik ere, zeren, epaile adoretsu eta onaren kontua hala denez, Jainkoak guarda!, ordaintzen ez badit, itzuli eta egin egingo du esandakoa!

—Nik ere horixe nahi dut —esan zuen nekazariak—, baina, hainbeste maite zaituztedalako, zorra hazi egin nahi dut, ordaina ere hazteko.

Eta, besotik heldurik, berriro arteari lotu zion, eta hainbeste azote eman zizkion, hiltzat utzi zuen.

—Deitu, Andres jauna, orain —zioen nekazariak— hoben-desegileari: ikusiko duzue hau nola ez duen desegiten, nahiz eta amaiturik ez dagoen, zeren larrua bizirik kentzeko gogoa etortzen zait, zuek beldur zineten eran.

Baina azkenean askatu egin zuen eta baimena eman zion epailearen bila joan zedin, adierazitako epaia konpli zezan. Andres nahiko haserre aldendu zen, zin eginik Mantxako on Kixote adoretsuaren bila aterako zela, eta puntuz puntu kontatu zer gertatu zitzaion, eta h0bariarekin ordaindu beharko zizkiola. Baina, guztiarekin ere, hura negarrez ezkutatu zen eta ugazaba barrez geratu zen.

Eta modu honetan desegin zuen hobena on Kixote adoretsuak; gertatu zenarekin txit kontent, iruditurik zaldun-lanei hasiera ezin hobea, goi mailakoa, eman ziela, bere buruarekin atsegin handiz, han zihoan bere auzo aldera, erdi isilka hau esanez:

—Arrazoiz esan diezaiokezu zoriontsu zeure buruari, gaur lurbira honetan bizi diren guztien gainetik, o ederren artean ederra zaren Tobosoko Dultzinea!, bada suertea izan zenuen zure borondate eta izaera osoari itsatsirik eta atxikirik hain zaldun ausart eta ospetsua edukitzea, horixe baita eta izango da Mantxako on Kixote; zeinek, mundu osoak dakien eran, atzo hartu zuen zalduntza-ordena eta gaur desegin du afera eta hoben handiena, zentzugabekeriatik sortua eta krudelkeriaz egina: gaur zigor-uhala kendu du etsai anker haren eskutik, izan ere hain arrazoi gabe ari baitzen jipoitzen mutiko koitadu hura.

Horrela iritsi zen bidea lautan banatzen zuen bidegurutze batera, gero etorri zitzaion burura zaldun ibiltari haiek izango zituzten buruhausteak zein bide hartu pentsatu ezinik; eta, imitatzearren, geldi egon zen aldi batean, eta oso ondo pentsatu ondoren Rozinanteri erromala askatu zion, bere borondatea zaldiarenaren baitan utzirik, eta hark lehenengo ahaleginari eutsi zion, zalditegirako bideari ekin zion.

Eta, bi milia inguru ibili ostean, on Kixotek jende sail handia topatu zuen; gero jakin zuen eran, Murtziara zeta erostera zihoazen merkatari toledoarrak ziren. Sei ziren, eta beren eguzkitakoarekin zetozen, beste lau morroi zaldi gainean eta hiru mutil mandazain, oinez. Ikusi orduko on Kixotek beste abentura bat imajinatu zuen buruan, eta berari posible iruditzen zitzaion guztian liburuetan irakurritako pausoak imitatzearren, han erabiltzea pentsatzen zuen bat egoki-egokia iruditu zitzaion. Eta, hala, jarrera kementsu eta ausarki, estriboetan ongi finkatu zen, lantza estutu, bularrean adarga jarri eta, bidean erdian jarririk, itxaroten egon zen zaldun ibiltari haiek irits zitezen, hark halakotzat harturik eta hala kontsideraturik baitzeuzkan; eta, elkar ikus zezaketen eta batak besteari entzun ziezaioketen tokira iritsi zirenean, on Kixotek ahotsa ozendu zuen eta keinu harroxkoz esan:

—Geldi bedi mundu osoa, mundu osoak aitortzen ez badu ez dagoela mundu osoan Mantxako Enperatriza, parerik gabeko Tobosoko Dultzinea, baino dontzeila ederragorik.

Gelditu ziren, bada, merkatariak arrazoi horien harira, eta hori esaten zienaren itxura bitxia ikustean; itxura eta arrazoiengatik gero garbi ikusi zuten horien jabeen erotasuna, baina astiro ikusi nahi izan zuten zertan gelditzen zen eskatzen zitzaien aitormen hura; eta haietako batek, burla egin zale samarra  eta zeharo oso diskretua bera, esan zion:

—Jaun zalduna, guk ez dakigu nor den delako andere on hori; erakuts iezaguzue, zuek esaten duzuen bezainbateko edertasunaren jabe balitz, pozik eta inolako aitzakiarik gabe aitortuko dugu zuen aldetik eskatzen zaigun egia.

  —Erakutsiko banizue —erantzun zien on Kixotek— zuek zer egingo zenukete hain egia nabarmena aitortzeko? Garrantzitsua da ikusi gabe sinetsi, erantzun, baieztatu, zin egin eta defenditzea; horrela ez bada, hor zarete nirekin batailan, jende abere eta harroputz horiek; orain, banaka etorri, zalduntza-ordenak eskatzen duen eran, ala denok batera, zuen modukoen ohitura eta usadio txarra den antzean, hemen itxaron eta egongo natzaizue zain, nire alde dagoen arrazoian konfiantza osoa dudala.

—Zaldun jauna —erantzun zion merkatariak—, erregutzen diot berorri, hemen gauden printze guztion izenean, gure kontzientziak ez kargatzearren, sekula ikusi eta entzun ez ditugun gauza bat aitorturik, are gehiago Alcarria eta Extremadurako enperatriz eta erreginen kalte handitan izanda, berorrek onets dezala andere horren erretraturen bat erakustea, nahiz eta gari-ale baten tamainakoa izan; hari-muturretik aterako da mataza, horrekin konpliturik eta ziur geratuko gara, eta berorri kontent eta pozik; eta uste dut hain gaudela berorrekin, nahiz eta erretratuak begibakarra dela erakutsi, eta bestetik bermiloia eta sufrezko harria darizkiola, hori guztia gorabehera, berorri atsegintzearren, berorren alde esango dugu nahi duen guztia.

—Ez dario, txakurkume lotsagaldua —erantzun zion on Kixotek, amorruz josirik—, ez dario, berriz diot, zuek esaten duzuen hori, baizik eta anbar eta zibeta algodoi artean, eta ez da begibakarra eta bizkar-okerra, baizik eta Gudarramako ardatza baino zuzenagoa. Baina zuek larrutik ordaindu beharko duzue nire anderearena den bezalako edertasunaren aurka jaulki duzuen birao ikaragarria.

Eta hori esanik, lantza behetik hartuta, esan zuenari eraso zion, halako amorru eta haserrearekin ekin ere, suerte onak nahi izan ez balu Rozinantek bidearen erdian estropuz egin eta erortzea, merkatari lotsagabeak gaizki pasatu beharko zuen. Rozinante erori zen, eta nagusia itzulika joan zen landan barrena, nahiko bide luzean, eta jaiki nahi izan zuenean ez zuen inolaz ere ahal izan: halako enbarazua ematen  zioten lantza, adarga, ezproi eta zelatak, arma zaharren pisuarekin. Eta jaikitzen saiatzen zen bitartean, honela zioen:

—Ihes ez egin, koldar aleenak, jende ahula, jakizue ez nire erruz, baizik eta nire zaldiaren erruz, nagoela hemen, lurrera erorita.

Han haiekin zetorren mandazain batek, ez oso asmo onekoa, dirudienez, jausitako koitaduari hainbat harrokeria entzutean, ez zuen agoantatu ahal izan erantzuna saihetsean eman gabe. Eta Kixonterengana iritsirik, lantza hartu zuen, eta ez dakit zenbat puska egin ondoren, haietako batekin ekion zion gure on Kixoteri kolpeka eta, haren armak gorabehera, bihia ehotzen den eran hebaindu zuen. Bere nagusiak hoska ari zitzaizkion hainbeste ez emateko, eta uzteko; baina mutila berotuta zegoen, ez zion jokoari uko egin nahi izan bere amorru guztia enbido jo arte; eta lantzaren gainerako puskak bildurik, giza gaixoaren gainean, hura joka, desegin eta amaitu zituen; hala ere, atertzen ez zen makila-kolpezko erauntsiaren erdian, ez zen isiltzen, zerua eta lurra eta hain bilaua iruditzen zitzaion jende hura mehatxatzen.

Mutila nekatu zen, eta merkatariak bideari jarraitu zitzaizkion, bide osoan jipoitu koitaduaren afera kontatu ahal zutelarik; hura, berriz, bakarrik geratzean, jaiki ote zitekeen frogatzen hasi zen; baina, ongi eta osasuntsu zegoenean ahal izan ez bazuen, nola lortuko zuen hebaindurik eta kasik txikiturik? Hala ere, zoriontsutzat jotzen zuen bere burua, hura zaldun ibiltarien ezinbesteko ezbeharra zela iruditzen baitzitzaion, eta zaldiari eragozten zion erru osoa; eta altxatzea ez zen posible, gorputz osoa, zeukan moduan, hautsita edukirik.

  1. kapitulua

 Gure zaldunaren ezbeharraren kontakizuna jarraitzen dena

Ikusirik, bada, benetan ezin zela mugitu, erabaki zuen bere betiko erremedio arruntera jotzea, hau da, liburuetako pasarteren batean pentsatzea, eta bere amorruan hau etorri zitzaion gogora: Baldovinosko hura eta Mantuako markesarena, Carlotok mendian zaurituta utzi zuenean, umeek dakiten historia, neska-mutikoek ahazturik ez daukatena, zaharrek ospatu eta sinetsi ere egiten dutena, eta, guztiarekin ere, ez Mahomaren mirariak baino egiazkoagoa. Pentsatu zuen, beraz, hori bikain zetorkiola, zegoen eran aurkituta, eta, hala, sentimendu handia erakutsiz, lurrean iraultzen hasi zen, eta hats ahulduaz basoko zaldun zaurituak esaten zuela diotena esaten:

Non zarete, ene andere,
nire gaitzak minik ez dagizun hori?
Edo ez dakizu, andere,
edo faltsua edo desleiala zara.
Eta modu honetan jarraitu zion erromantzeari, honela dioten lerro haietara arte:
O Mantuako markes noblea
nire osaba eta odoleko jauna.

Suerteak alde jokatu zuen, bertso horretara iritsi zenean bere herriko nekazari bat, bizilaguna gainera, igaro zen handik; errotara astokada bat gari eramatetik zetorren; gizon hura lurrean etzanda ikusi zuzenean, joan zen beregana eta galde egin zion ea nor zen, eta ea zer zuen, hain tristeki kexatzeko. On Kixotek uste izan zuen, zalantzarik gabe, hura Mantuako markesa zela, bere osaba, eta, hala, ez zion erantzun, baizik eta bere erromantzearekin jarraitzea izan zen erantzun guztia, non ematen zion haren ezbeharraren berri eta Enperantearen semeak, bere emaztearekin, zituen amodioen berri, dena erromantzeak kantatzen duen modu berean.

Nekazaria liluraturik zegoen kirtenkeria haiek entzuten; eta bisera kendurik, jada zazpi txiki eginda makilakaden erruz, aurpegia garbitu zion, hautsez beteta baitzeukan; eta garbitu zion orduko ezagutu zuen, eta esan zion:

—Kixada jauna —horrela zeritzan, noski, zentzua zuenean, eta artean hidalgo sosegatua izatetik zaldun ibiltari izatera igaro ez zenean—, nork ipini du berorri egoera honetan?

Baina hark bere erromantzearekin jarraitzen zion galdetzen zion guztiari. Gizonak egoera ikusirik, petoa eta sorbaldakoa kendu zizkion ahal zuen modurik onenean, zauriren bat ote zeukan ikusteko, baina ez zion ikusi odol eta beste inolako aztarnarik. Lurretik altxatzen ahalegindu zen, eta, ez nekerik gabe, asto gainera igo zuen, zamari patxadatsuagoa iruditu zitzaiolako. Armak jaso zituen, lantzaren ezpaletarainoko guztiak, eta Rozonanteren gainean kateatu; zaldia gida-uhaletik eta astoa kabestrutik harturik, bere herri aldera abiatu zen, ondo pentsakor, on Kixotek esaten zituen kirtenkeriak entzunez. Nekazaria bezain pentsakor zihoan on Kixote ere; hain hebaindua eta hautsia zegoen gizona, nahiko lanekin zihoan astotxoaren gainean eta, noizbehinka, zeruraino iristeko moduko zizpuruak egiten zituen; orduan berriro galdetu behar izan zion nekazariak: esateko zer min sentitzen zuen; ez zuen ematen beste ezer zuenik, baizik eta bere gertaerekin bat zetozen ipuinak gogorarazten zizkiola deabruak, zeren une hartan, Baldovinos-ez ahantzirik Abindarráez mairuari buruz oroitu zen, Anquerako alkaideak, Rodrigo de Narváezek, harrapatu eta bere alkaidiara gatibu eraman zuenekoa. Eta orain, nekazariak berriro galdetu zionean nola zegoen eta zer sentitzen zuen, Abencerraje gatibuak Rodrigo de Narváezi erantzun zizkion hitz eta arrazoi berak erantzun zizkion, hark historia Jorge de Montemayor-en La Dianan irakurri zuen modu berean, non eskribitzen den; hartaz hain egoki baliaturik, nekazaria madarikazioan zihoan halako tontokeria-saila entzuteaz; eta hala jakin zuen bere auzokidea erotuta zegoela, eta gero eta presa handiago zuen herrira iristeko, on Kixotek bere harenga luzearekin eragiten zion haserrea ahanzteko.nAmaieran hau esan zuen:

—Jakin beza berorrek, on Rodrigo de Narváez jauna, esan dudan Jarifa eder hau orain Dultzinea del Toboso liraina dela, eta nik harengatik egin, egiten eta egingo ditut munduan ikusi, ikusten eta ikusiko diren zalduntzako egintzarik sonatuenak.

Horri honela erantzun zion nekazariak:

—Begira beza berorrek, jauna, bekatari errukiorra ni, ni ez naizela Rodrigo de Narváez, eta Mantuako markesa ere, Pedro Alonso baizik, berorren auzokidea; berorri ere ez da Baldovinos, ez Abindarráez, baizik eta Kixada jaunaren hidalgo ondradua.

—Nik badakit nor naizen —erantzun zuen on Kixotek—, eta badakit izan naitekeela ez bakarrik esan ditudanak, baizik eta Frantziako hamabi Pareak (guztiak) eta baita Bederatzi Famatuak (guztiak) ere; bada haiek denak batera eta bakoitzak bere aldetik egin zituzten balentria guztien gainetik jarriko dira nireak.

Honelako kontu eta beste antzeko batzuen artean iritsi ziren herrira, iluntzen ari zela, baina nekazariak zerbait gehiago gautu arte itxaron zuen, hildago hebaindua hain zaldun baldar ikus ez zezaten.

Ongi iritzi zion ordua iritsi zenean, beraz, sartu zen herrian eta joan on Kixoteren etxera; etxea osoa aztoratuta zebilen, eta han zeuden apaiza eta herriko bizargina, on Kixoteren lagun handiak baitziren; etxekoandrea indarrean ari zen hizketan esanez:

—Zer deritzo berorrek, lizentziatu jauna, Pero Pérez —horrela baitzeritzan apaizak—, nire jaunaren ezbeharrari? Hiru egun azaltzen ez zirela: ez bera, ez zaldia, ez adarga, ez lantza eta ez armak.

 Zorigaiztokoa ni!, ikusten da; hiltzeko sortu nintzela bezain egia da hori; berak zituen eta normal irakurtzen zituen zaldunen liburu madarikatu horiek galarazi diote zentzua; orain oroitzen naiz sarritan entzun izana, bakarrik hizketan ari zela, zaldun ibiltari egin nahi zuela, eta abentura bila joan mundu horietan barrena. Satanas eta Barrabasi gomendatuak izan bitez liburu horiek; horrela alferrik galdu eta hondatu da Mantxa guztian zegoen adimenik finena.

Ilobak gauza bera esaten zuen, eta gehiago ere bai:

—Jakin beza, maisu Nikolas jauna —hori zen bizarginaren izena— askotan gertatu zitzaion nire osaba jaunari deabruzko liburu horiek irakurtzen egotea bi egun oso beren gauekin: horien buruan botatzen zuen liburua eskutik eta ezpatari oratzen zion, eta labankadaka ibiltzen zen hormekin; eta oso nekaturik zegoenean, lau erraldoi, lau dorreren gisako, hil zituela esaten zuen; eta nekearen nekez ateratako izerdia, berriz, batailan izandako zaurietako odola zela esaten zuen, eta gero txarroa bete ur hotz edaten zuen; sano eta patxadan geratzen zen, ur hura edari txit estimagarria zela esanez, Esquife jakintsuak ekarria, enkantatzaile handia eta bere laguna. Baina nik daukat erru osoa, ez bainien jakinarazi beroriei nire osaba jaunaren kirtenkeriak, iritsi den tokira iritsi baino lehen erremedioa eman ziezaioten, liburu eskumikatu guztiok erre zitzatela, asko dauzka-eta kiskaltzea merezi dutenak, herejeenak balira bezala.

—Hori esaten dut nik ere —esan zuen apaizak— , eta ez dadila biharko eguna igaro horien epaiketa egin gabe, izan bitez sutara kondenatuak, irakur litzakeenari paradarik eman ez diezaioten nire lagun onak egin izango duena egiteko.

Hori guztia entzuten ari ziren nekazaria eta on Kixote; nekazariak orduan ulertu zuen bere bizilagunaren gaixotasuna, eta hala hasi zen hoska esaten:

—Ireki biezaiete, jaunak, Baldovinos jaunari eta Mantuako markesari, zauriturik dator-eta, eta Abindarraez mairu jaunari, Rodrigo de Narváez adoretsuak, Antequerako alkaideak, gatibu dakar-eta.

Hots horiek entzunik, denak atera ziren, eta elkar ezagutu zutenez: batzuek lagunak ezagutu zituzten, besteek bere ugazaba eta osaba —oraindik astotik jaitsi gabe, ezin baitzuen—, besarkatzera joan zitzaizkion. Eta hark:

—Geldi denok, zauriturik nator-eta, nire zaldiaren erruz: eraman nazazue ohera, eta deitu, ahal bada, Urganda andere jakintsuari, ikus eta senda ditzala nire zauriak.

—Begiratu, ordu txarrean —esan zuen horren gainean etxekoandreak— esaten zidala niri bihotzak zein hanketatik zebilen herren ene jauna. Igo bedi ordu onean, urdanga hori etorri gabe ere jakingo dugu hemen sendatzen. Madarikatuak, esaten dut, izan daitezela berriro eta beste ehun aldiz zalduntzako liburu horiek, ederki utzi dute-eta berorri!

Gero ohera eraman zuten, eta zauriak begiraturik, ez zioten batere aurkitu; berak esan zuen dena hebaindura zela, Rozinanterekin, bere zaldiarekin, sekulako erorikoa hartu zuelako, hamar giza tantairekin borrokan ziharduela, munduko leku askotan aurkitu litezkeen handi eta kementsuenak.

—Jo, jo! —esan zuen apaizak—. Tantairik bada dantzan? Gurutze Santuaren… Nik bihar bertan erre ditzadala gaua iritsi baino lehen.

Mila galdera egin zizkioten on Kixoteri, eta bat berari ere ez zion erantzun beste gauzarik, baizik eta jaten emateko eta lo egiten uzteko, hori zela-eta gehien axola ziona. Hala egin zen. Apaiza luze eta zabal informatu zen nekazariagandik, on Kixote zer-nolako egoeran aurkitu zuen. Zehatz-mehatz kontatu zion dena, baita aurkitzean eta ekartzerakoan bota zituen kirtenkeriak ere, horrekin hurrengo egunean egin zuena egiteko are desio handiagoa piztu zuen lizentziarengan, hau da, bere lagun bizargin maisu Nikolas eraman,  zein harekin etorri zen on Kixoteren etxera.

  1. kapitulua

Gure hidalgo zorrotzaren liburutegian apaizak eta bizarginak egin zuten kontaketa bitxi eta sakonaz esaten dena

Zein artean lo zegoen. Liburuak, kaltearen egileak, zeuden gelako giltza eskatu zion apaizak ilobari, eta hark pozik asko eman zion. Sartu ziren denak barrura, etxekoandrea ere bai haiekin batera, eta oso ondo koadernaturiko ehun liburu handi baino gehiago aurkitu zituzten, eta txikiago batzuk ere bai; eta, hala, ikusi orduko, etxekoandrea irten egin zen gelatik presaren presaz, eta, gero, ur bedeinkatu ontzia eta isipuarekin itzuli zen, eta esan zuen:

—Har beza berorrek, jaun lizentziatua; zipriztindu beza gela hau, ez dadila gerta liburu hauek dituzten enkantatzaile ugari horietakoren bat egotea, ea geu enkantatzen gaituzten hurrena!, eta mundu honetatik jareginda eman nahi diegun pena geuri erantsi.

Barrea eragin zion lizentziatuari etxekoandrearen xumetasunak, eta bizarginari eskatu zion eman ziezazkiola liburu haiek bana-banan, zertaz ziharduten ikusteko, egon baitzitezkeen bakarren batzuk suaren zigorra merezi ez zutenak.

—Ez —esan zuen ilobak—, ez dago zertan barkaturik bakar bati ere, zeren denak izan dira kaltegileak, eta hobe izango da ageriko leihotik behera botatzea, eta meta egin beroiekin, eta su eman, eta bestela, kortara eraman, eta han egingo dugu sua, eta keak ez du gaitzik egingo.

Gauza bera esan zuen etxekoandreak: halakoxea zen biak ala biak ere zeukaten gogoa errugabe haien heriotza ikusteko; baina apaiza ez zen bat etorri, aurrena, besterik ez bada, izenburuak leitu gabe. Eta Nikolas maisuak estreina eskuetara eman zizkionak ziren Amadís de Gaularen laurak, eta apaizak esan zuen:

—Honek misterio kontua ematen du, zeren, entzun dudanez, liburu hau da Espainian inprimatu den zalduntzako lehena, eta gainerako guztiek honi zor diote hasiera eta jatorria; eta iruditzen zait sekta gaizto bateko dogmatizatzailearen antzera, sutara kondenatu behar dugula inolako aitzakiarik gabe.

—Ez, jauna —esan zuen bizarginak—, entzun dut  ere genero-klase honetan egin diren liburu guztietan onena dela; beraz, bere sailean bakarra den aldetik, barkatu egin behar zaio.

—Hala da, egia da —esan zuen apaizak—, arrazoi horrengatik bizirik uzten zaio oraingoz. Ikus dezagun bere ondoan dagoen hori.

—Da —esan zuen bizarginak— Las sergas de Esplandián, Amadís de Gaularen seme egiazkoa.

—Bada benetan —esan zuen apaizak— ez dio balio izango semeari aitaren ontasunak. Tori, etxekoandre, ireki leiho hori eta bota kortara, eta izan dadila egingo den metaren hasiera.

Horrela egin zuen etxekoandreak poz handiz, eta gure Esplandián ona han joan zen hegan kortara, mehatxatzen zuen suari pazientzia osoz itxarotera.

—Aurrera —esan zuen apaizak.

—Orain datorren hau —esan zuen bizarginak— Amadís de Grecia da, eta alde honetako guztiak ere, uste dudanez, Amadísen leinukoak.

—Bada doazela denak kortara —esan zuen apaizak— ezen Pintiquiniestra erregina eta Darinel artzaina, eta bere eglogak, eta egilearen arrazoi deabruzko eta nahasiak erretze aldera, beroiekin erreko nuke sortu ninduen aita bera ere, zaldun ibiltarien antzera balebil.

—Iritzi horretako naiz ni —, esan zuen bizarginak.

—Baita ni ere —gehitu zuen ilobak.

—Bai, halaxe da —esan zuen etxekoandreak—, ekarri eta kortara denak.

Eman zizkioten, asko ziren, etxekoandreak eskailera utzi eta leihotik behera bota zituen.

—Zein kupel hori (liburu gizena) —esan zuen apaizak.

—Hori Don Olicante de Laura da —erantzun zuen bizarginak.

—Liburu horren egilea —esan zuen apaizak— Jardín de Flores konposatu  zuena bera da, eta ez dakit bi liburuetan zein den egiazkoena edo, hobeto esateko, zeinek dioen gezur gutxiago; bakar-bakarrik esan dezaket hau kortara joango dela, neurriz gorakoa eta harroputza delako.

—Jarraitzen dion hau Florismarte de Hircania da —esan zuen bizarginak.

—Hor al dago Florismarte jauna? —galde egin zuen apaizak. Bada, hor da berehala kortan, bere jaiotza bitxia eta ametsezko abenturak gorabehera, ez du ezertarako balio bere estiloaren gogor eta idorrak; hala, kortara hori ere, eta beste hori, etxekoandre prestua.

—Pozik asko —erantzuten zuen; alaitasunez betetzen zuen agintzen zitzaiona.

—Hau El caballero Platir da —esan zuen bizarginak.

—Aspaldiko liburua da hori —esan zuen apaizak—, eta hor ez dut aurkitzen baimen-mesedea merezi duen ezer. Doala besteekin batera, hitzik atera gabe…

Eta horrela egina izan zen. Beste liburu bat ireki zen, eta ikusi zuten hau zela bere izenburua: El caballero de la Cruz.

—Liburu honek daukan bezain izen santuarekin, barka daiteke bere ezjakintasuna; baina beste hau ere esan ohi da «gurutzearen atzean dabil deabrua. Bihoa sutara.

Bizarginak, beste liburu bat harturik, esan zuen:

—Hau Espejo de Caballerías da.

—Ezagutzen dut jaun hori —esan zuen apaizak—. Hor dabil Reinaldos del Montalbán jauna bere lagun eta adiskideekin, Caco bera baino lapurragoak, eta Hamabi Pareak, Turpin benetako historialariarekin, eta, zinez, kondenatzekotan nago, betiko desterrura besterik ez bada ere, gutxienez hor dute Mato Boyardo ospetsuaren asmakizun-zati bat, eta Ludovico Ariosto poeta kristauak ere hortik osatu zuen bere oihala; hari ere, hemen aurkitzen badut, eta berea ez zen beste hizkuntza batean mintzatzen bada, ez diot izango inolako errespeturik; baina bere hizkuntzan hitz egiten badu, neure buru gainean ipiniko dut.

—Bada nik italieraz daukat —esan zuen bizarginak, baina ez dut ulertzen.

—Zuek ulertzea ongi balego bezala  —erantzun zion apaizak;  eta hemen barkatzea kapitan jaunari Espainiara ekarri izana eta gaztelaniara bihurtzea, balio natural handiak kendu baitzizkion, eta gauza bera egingo dute bertso-liburuak beste hizkuntza batera itzuli nahi lituzkeenek, ezen, nahiz eta ardura handia hartu eta trebetasuna azaldu, inoiz ez dira iritsiko ama-hizkuntzan daukaten mailara. Diot, hain zuzen, liburu hau eta gauza hauetaz mintzatzen diren guztiak, aurkitzen badira, bota eta ipin daitezela putzu lehor batean, adostasun handiagoz erabaki arte zer egin beroiekin, hor dabilen Bernardo del Carpio salbu, eta beste bat Roncesvalles deritzona, zeren horiek, nire eskuetara iritsirik, etxekoandrearen eskuetara joango dira, eta handik suaren atzaparretara, inolako barkamenik gabe.

Dena berretsi zuen bizarginak, eta ontzat eman zuen eta egoki eta zuzen iritzi zion, bazekielako apaiza hain kristau ona zela eta egiaren hain laguna, ez zuen egia baino esango alde guztietan. Eta beste liburu bat irekirik Palmerín de Oliva zela ikusi zuen, eta haren zegoen beste bat Palmerín de Inglaterra zeritzona, lizentziatuak ikusi zuen, eta esan zuen:

—Oliba hori gero xerratu eta erre bedi, ez dadila ezta horrek hautsik ere gera, eta Ingalaterrako palma hori gorde eta kontserba dadila parerik ez balu bezala, eta egin dadila horrentzat beste kaxa bat Darioren hondakinetan Alejandrok aurkitu zuenaren antzekoa zein prestatu zuen Homero poetaren obrak hantxe gordetzeko. Liburu honek, adiskide, autoritate handia du bi gauzagatik: bata, berez oso ona delako; eta bestea, aditzera da Portugalgo errege sotil batek egin zuela. Miraguarda gazteluko abentura guztiak biziki onak dira, eta artetsuak; arrazoiek, gortesau eta argiak, hitz egiten duenaren dotoreziari begiratzen diote, zentzun eta adimen handiz. Hauxe diot, bada, zuek besterik esaten ez baduzue, Nikolas maisu jauna, hau eta Amadís de Gaula gera daitezela sutatik libre, eta beste guztiak, berriro ikusi eta aztertzen ibili gabe, hil bitez.

—Ez, adiskidea, ez —ihardetsi zuen bizarginak—, hemen daukadan hau Don Belianís ospetsua da.

—Bada horrek —ihardetsi zuen apaizak—, bigarren, hirugarren eta laugarren partean, badauka errubardo pixka baten premia, bere gehiegizko kolera purgatzeko, eta nahitaezkoa da Gazteluaren Famari buruzko guztia eta garrantzia handiagoko beste ozarkeria batzuk kentzea, horretarako itsasoaz gaindiko gaien tratua emango zaie, eta zuzentzen badute, neurri horretan erabiliko dira beroiekin errukia eta justizia; bien bitartean, eduki zuek, adiskide, zeuon etxean, baina ez utzi irakurtzen inori.  

—Poztu egiten nau —erantzun bizarginak.

Eta zalduntzako liburuak leitzen gehiago nekatu nahi izan gabe, etxekoandreari agindu zion bilatzeko liburu handi guztiak hartu eta kortara eramateko. Ez zitzaion esan tuntun eta gorrari, baizik eta oihala egiteko baino erretzeko gogo handiagoa zeukanari, nahiz eta handia eta fina izan; kasik zortziri kasik batera oraturik, leihotik behera jaurtiki zituen.  Batera asko hartu zituelako, bat bizarginaren oinetara erori zitzaion, eta norena zen ikusteko gogoak eman zion,  eta ikusi zuen hau esaten zutela: Tirante Blanco zaldun ospetsuaren Historia.

—Jainkoak lagun dakidala —esan zuen apaizak, ahotsa neurriz gora ozenduta—, zeren hemen Tirante Blanco honek! Emadazu hona, adiskide, konturatzen bainaiz poz-atseginezko altxorra aurkitu dudala berorrekin eta denbora-pasarako mina bat. Hor dago On Quirieleisón de Montalbán, zaldun adoretsua, eta bere anaia Tomás de Moltalbán, eta Foseca zalduna, Tirante ausartak alanoarekin egin zuen batailarekin, eta Placerdemivida dontzeilaren zorroztasunak, Reposada alargunaren zurikeria eta amodioekin, enperatriz anderea, Hipolitorekin, bere ezkutariarekin, maiteminduta. Egia esaten dizuet benetan, adiskide jauna, bere estiloagatik hauxe dela munduko libururik onena: hemendik jaten dute zaldunek eta euren ohean lo egin eta hiltzen dira, eta ahik aurretik testamentua egin; beste liburu guztiek ez dakartzaten kontu hauek dakartza. Guztiarekin ere, badiotsuet egin zuenak merezi zuela, bada tontakeria nabarmenik ez zuen egin, bizitza osorako galeretara bidaltzea. Eraman etxera eta irakurri, eta ikusiko duzue horri buruz esan dizuedan guztia egia dela.

—Hala izango da  —erantzun zuen bizarginak—, baina zer egingo dugu geratzen diren beste liburu txiki hauekin?

—Hauek —esan zuen apaizak— ez dirudi zalduntzakoak direnik, poesia-liburuak baizik.

Eta, bat irekirik, ikusi zuen Jorge Montemayor-en  La Diana zela, eta esan zuen, beste guztiak ere genero-klase horretakoak izango zirelakoan:

—Hauek ez dute merezi erreak izatea, besteek bezala, zeren ez dute egiten eta ez dute egingo zalduntzakoek egin duten kaltea, entretenimendu-liburuak baitira, besterentzat kalterik gabekoak.

—Ai, jauna! —esan zuen ilobak—, berorrek ongi egingo luke beste guztiak bezalaxe erretzera bidalita, zeren ez litzateke harritzekoa izango, nire osaba jaunari, zaldunen gaixotasunetik sendatu ondoren, horiek irakurrita, artzain hasteko gogoak ematea eta basoetan barrena eta zelaietan zehar ibiltzea, kantatu eta danborra joz, eta, okerrago oraindik, poeta bihurtzea, ezen,  esaten dutenez, gaixotasun sendaezina da eta oso kutsakorra.

—Egia dio dontzeila horrek —esan zuen apaizak—, eta ona izango da gure lagunari oztopo eta aukera horiek begi-bistatik kentzea. Eta has gaitezen Montemayor-en La Dianatik, ez erretzearen aldekoa naiz, baizik ken dakizkiola Felicia jakintsuari buruz eta ur enkantatuaren gainean dakarrena, bertso handirik gehienak, eta gera bedi prosa onetsia, eta antzeko liburuetan lehenengoa izateko ohorea.

—Jarraitzen zaion hau —esan zuen bizarginak— La Diana da Salmantinoren bigarrena deiturikoa; eta hau, izen bere duen beste bat, eta egilea Gil Polo da.

Bada, Salmantinorena —erantzun zuen apaizak— lagun diezaiola eta haz dezala kortara kondenaturikoen zerrenda, eta Gil Polorena gorde dadila Apolorena berarena izango balitz bezala; eta pasatu aurrera, jaun adiskidea, eta mugi gaitezen, berandutzen ari da-eta.

—Liburu hau —esan zuen bizarginak, beste bat irekirik— Los díez libros de Fortuna de amor, Antonio de Lofrasok, poeta sardoak, konposatuak.

—Jaso nituen aginduak medio —esan zuen apaizak—  Apolo Apolo denetik, eta musak musak, eta poetak poetak, ez dela konposatu hain liburu bitxi eta hainbeste kirtenkeria duenik, eta bere ildoagatik, munduko argitara atera den onena eta bakarra dela, eta irakurri ez duenak jakin beharko luke sekula ez duela irakurri gustuko gauzarik. Emadazue hona, adiskide, hari finezko Florentziako sotana bat emango balidate baino gehiago estimatzen dut hau aurkitu izana.

Aparte ipini zuen kontu handiz , eta bizarginak jarraitu zuen esanez:

—Jarraitzen zaizkionok dira El Pastor de Iberia, Ninfas de Henares y Desengaños de celos.

—Bada, ez dago beste zer eginik —esan zuen apaizak— , baizik eta etxekoandrearen beso sekularrari, ez bedi galdetu zergatik, ez bukatzea ez litzateke.

—Orain datorren hau El Pastor de Fílida da

—Hori ez da artzaina —esan zuen apaizak—, baizik gortesau apal bat: jaso bedi harribitxi preziatuaren antzera.

—Hemen datorren handi honek izenburu hau du —esan zuen bizarginak— Tesoro de varias poesías.

Horiek hainbeste ez direnez —esan zuen apaizak— baina estimatuagoak: beharrezkoa da liburu hau jorratu eta itsuskeria batzuk garbitzea, bai baitu horrelakorik ere bere handitasun guztien artean; gorde bedi, egilea nire laguna delako, eta eskribitu dituen beste obra heroiko eta jasoagoekiko errespetuagatik.

—Hau da —jarraitu zuen bizarginak— Cancionero de López Maldonado.

—Liburu honen egilea ere —ihardetsi zuen apaizak— nire lagun handia da, bere bertsoek, haren ahoan, entzuten dituena liluratu egiten dute, halakoxea da kantatzen duen ahotsaren eztitasuna, xarmatu egiten du. Zerbait luzea eglogetan, baina ona inoiz ez da asko izaten; gorde bedi hautatuekin batera. Baina zer liburu da horren ondoan dagoen hori?

—Miguel de Cervantesen La Galatea —esan zuen bizarginak—.

Urte asko dira Cervantes hori nire lagun handia dela, eta badakit zorigaitza hobeto ezagutzen duela bertsoak baino.  Bere liburuan badu asmakizun onik: zerbait proposatzen du, eta ez du ezer amaitzen; ezinbestekoa da agindurik daukan bigarren parteari itxarotea: emendatzean lortuko du, agian, orain ukatzen zaion erruki osoa; hori ikusten ez den arte eduki zeuen etxean preso, jaun adiskide.

—Pozik asko, gainera —erantzun zuen bizarginak—- Hemen datoz hiru denak elkarrekin: on Alonso de  Ercillaren L Araucana, Juan Ruforen La Austríada, jurado de Córdoba, Monserrat Cristóbal de Virués-en, poeta valentziarra, El Monserrato.

—Hiru liburu horiek denak —esan zuen apaizak— bertso heriokoaren gainean gaztelania hizkuntzan eskribitu direnetan onenak dira, eta lehia dezakete Italiako ospetsuenekin: gorde bitez Espainiak dauzkan poesia-prenda aberatsenak bezala.

Apaiza nekatu zen hainbeste liburu ikusten, eta horrela, nahi izan zuen, gehiago erreparatu gabe, beste guztiak erre zitezela; baina bizarginak bat irekia zeukan, Las lágrrimas de Angélica  zeritzana.

—Atsekabeak erasango zidan —esan zuen apaizak izena entzutean— erretzera bidali izan banu, zeren egilea munduko poeta ospetsuenetako bat izan zen, ez bakarrik Espainian, eta guztiz bikain eta zuzen aritu zen Ovidioren fabula batzuen itzulpenean.

  1. kapitulua

 Gure zaldun handi Mantxako on Kixoteren bigarren irtenaldiaren gainean

 Horretan zirela, ahots indartsuz ekin zion on Kixotek, esanez:

—Hemen, hemen, zaldun ausartak, hemen erakutsi behar da zuen beso kementsuen indarra, ezen gortesauek eramaten dute torneoko onena!

Zarata eta iskanbila horri jaramon egitearren, ez zen aurrera segitu geratzen ziren gainerako liburuak aztertzen, eta uste da horrela joan zirela sutara, ez ikusi eta ez entzun, La Caracolea y León de España, Enperadorearen egintzekin, Luis de Ávilak konposatuak, ezen geratzen zirenekin batera egon beharko zuketen, eta apaizak ikusi izan balitu, ez zuten nozituko hain epai zorrotza.

Kixoterengana iritsi zirenean, hura jada ohetik jaikia zen; bere iskanbila eta zorakeriekin jarraitzen zuen, alde guztietara labankada eta errebesak joz; hain esna, sekula lorik egin ez balu bezala. Besarkatu zitzaizkion eta, indarrean, ohera itzuli zuten; eta zerbait lasaitu ondoren, berriro apaizarekin hitz eginik esan zion:

—Gainera…, Turpin artzapezpiku jauna, asko galtzea da Hamabi Pare deitzen garenok, hori eta horrenbestez, torneo honetako garaipena zaldun gortesauei eramaten uztea, guk, abenturazaleok, aurreko hiru egunetan sariak eta fama irabazita gero.

—Isil bedi berorri, adiskide jauna—esan zuen apaizak—, zortea aldatzeko eran eta gaur galtzen dena bihar irabazteko moduan zerbitzatuko baitugu Jainkoa; kasu egin biezaio, oraingoz, berorren osasunari, uste baitut nekatuegi egon behar duela, jada larri zauriturik ez baldin badago behintzat.

—Zaurituta ez —esan zuen on Kixotek—, baina hebaindua eta txikituta bai, ez dago zalantzarik, zeren on Roldan sasikume hark makilakadaka hebaindu nau arte-enborrez, eta dena inbidiagatik, ikusten duelako ni bakarrik naizela  bere balentrien arerioa; baina ez nintzateke deituko ni Reinaldos de Montalbán, ohe honetatik jaikitzean ordainduko ez balit, bere enkantamendu guztiak gorabehera; eta oraingoz ekar biezat jatekoa, badakit-eta horrek egin on gehien momentu honetan, eta mendeku hartzearena gera bedi nire esku.

Horrela egin zuten, eman zioten, bada, jatekoa, eta berriz ere lo geratu zen, eta beraiek harriturik bere erotasunaz.

Gau hartan, etxekoandreak erre eta kiskali zituen kortan eta etxe osoan zeuden  liburuak, eta erre ziren sekula surik ikusi behar ez zutenak ere, artxiboetan, betiko, gordetzea merezi zutenak; baina zorteak ez zuen nahi izan halakorik, ezta aztertzailearen nagikeriak ere, horrela konplitu zen hango errefrauetako bat, hau da, batzuetan zintzoek ordaintzen dute bekatariengatik.

Lagunaren gaixoarentzat apaizak eta bizarginak aurreratu zuten erremedioetako bat, liburuen gela ixtea eta estaltzea izan zen, jaikitzen zenean aurki ez zitzan —agian, kausa kentzean, efektua bertan behera geratuko litzateke—, eta enkantatzaile batek eraman dituela esan, gela eta guzti. Eta horrelaxe egin zen, bizkortasun handiz. Handik bi egunera, Jaiki zen on Kixote eta lehenengo egin zuena izan zen bere liburuak ikustera joan; baina gela utzitako tokian ez zegoenez, alde batetik bestera zebilen bila. Iristen den atea izan ohi zuen tokira, eta eskuez ukitzen zuen, alde guztietara begira, hitzik esan gabe; baina denboraldi aski luzearen ostean, etxekoandreari galde egin zion ea zein aldetan zegoen liburuen gela. Etxekoandreak, jakinaren gainean baitzegoen zer eta nola erantzun, esan zion:

—Zer gela, gero!? Zeren bila dabil berorri? Etxe honetan jada ez dago: ez gela eta ez libururik, deabruak berak eraman zuen dena.

—Ez zen deabrua  —ihardetsi zion ilobak, enkantatzaile bat baizik, hodei baten gainean etorri zen gau batez, berorri hemendik joan ondorengo egun batean, eta sierpearen gainetik jaitsi ostean, gelan sartu zen, eta ez dakit zer egin zuen barnean, ezen denbora asko baino lehen hegan irten zen teilatutik eta etxea kez beterik utzi zuen; zer eginda zihoan begiratzen hasi ginenean, ez genuen ikusi: ez liburu eta ez gelarik. Etxekoandreari eta bioi bakar-bakarrik gogoratzen zaigu, zahar malapartatu hark alde egiteko garaian, oso ozenki esan zuela, liburu haien eta gelaren jabearen kontrako etsaitasun sekretuagatik, kaltea egina uzten zuela etxe hartan, gero ikusiko zen eran; hau ere esan zuen, «Muñatón jakintsua» zeritzala.

—«Frestón» esango zuen —esan zuen on Kixotek.

—Ez dakit —erantzun zuen etxekoandreak— Frestón o Fritón zeritzan, soilik dakit tonen amaitu zuela izena.

—Horrela da —esan zuen on Kixote —, enkantatzaile jakintsua hori, nire etsai handia, begitan hartua nauka, bai baitaki, bere arte eta letrei esker, etorri beharra dudala, denbora baten buruan, berak laguntzen dion zaldun batekin bataila berezi batean lehiatzera, eta badaki mendean hartuko dudala, ezingo didala eragotzi, horregatik saiatzen da ahal didan atsekabe guztiak eragiten; baina garbi adieraziko diot nik, noski, nekez aurre egin eta saihestuko duela zeruak agindua daukana.

—Nork du horretan zalantzarik? —esan zuen ilobak—. Baina nork sartzen du berorri, osaba jauna, sesio horietan? Ez al da hobe etxean bakean egotea, eta ez joan munduan zehar ogi gazia eta arriskuaren bila, jakinik asko eta asko ile bila joan eta uzkalduta itzultzen direla?

—O, ene iloba —erantzun zuen on Kixotek—, zeinen oker zauden! Ni uzkaldu baino lehen, kendu eta garbiturik izango ditut niri ile bakar baten punta ukitzea bururatzen zaien guztien bizarrak.

Biek ala biek ere ez zioten ezer besterik ihardetsi nahi izan, ikusi baitzuten kolera  pizten ari zitzaiola.

Kontua da etxean egon zela hamabost egunean txit soseguz, hasierako zorakerietara itzuli gabe; egun horietan, arrunt pasadizo graziosoak izan zituen hizpide bere bi adiskideekin, apaiza eta bizarginarekin, esaterako munduak premiazkoen zuena zaldun ibiltariak zirela, eta hemen zalduntza ibilikoa berpiztea ere bai. Apaizak batzuetan kontra egiten zion eta, beste batzuetan, alde, zeren joko hau egiten ez bazuen ez zegoen modurik harekin arrazoitu eta konpontzeko.

Aldi horretan, on Kixotek bizilagun nekazari bat eskatu zuen, gizon onuratsua —baldin eta titulu hori eman balekio pobre denari—, baina buruan gatz gutxikoa. Azkar adierazteko, hainbestetan esan zion, hainbeste limurtu eta agindu, herritar koitaduak berarekin atera eta ezkutari gisa zerbitzatzea erabaki zuen. Esaten zion on Kixotek, beste gauza batzuen artean, presta zedila harekin joateko gogo onez, zeren agian gerta zekiokeela halakoxe abentura bat, aitaren batean irla bat irabazi, eta bera ipini behar gobernadore. Promes horiei eta antzeko batzuei esker, Santxo Panza, horrela zeritzan, bada, nekazariak, andrea eta seme-alabak utzirik, bere bizilagunaren ezkutari hasi zen.

Gero dirua biltzeko agindu zuen on Kixotek, eta gauza batzuk saldu, beste batzuk bahian eman eta hurrengoak erdi prezioan utzirik, diru-kopuru polita bildu zuen. Errodola bat ere eskuratu zuen, lagun batek prestatua, eta, zelata hautsia ahalik eta ongien konpondurik, bideari ekitea pentsatzen zuen eguna eta orduaren berri eman zion bere ezkutari Santxori, premiazkoen ikusten zuenaz horni zedin; batez ere, alforjak eramateko agindu zion. Baietz esan zion, eramango zituela, eta, era berean, astoa ere — oso ona— eramatea pentsatzen zuela, zeren bera ez zegoela ohitua oinez asko ibiltzen. Astoaren kontuari dezente erreparatu zion on Kixotek; pentsatzen jarri zen ea bururatzen zitzaion zaldun ibiltariren batek ekarri ote zuen astozko zaldunik ezkutari, baina inoiz ez zitzaion bakarrik ere burura etorri; hala eta guztiz ere, eraman zezala erabaki zuen, baina, aukera izaten zuen bezain pronto, txalma/zela egoki eta dotoreagoa ipintzeko baldintzarekin, bidean aurkitzen zuen lehenengo zaldun adeigabeari zaldia kenduta. Hornitu zen, gero, alkandora eta ahal izan zuen gainerako gauzez, bentariak emana zion aholkuaren arabera; hori guztia egin eta konpliturik, Panza emazte eta seme-alabengandik eta on Kixote etxekoandre eta ilobarengandik despeditu gabe, gau batean irten ziren herritik, pertsona bakarrak ere ikusi gabe; gau horretan hainbeste ibili ziren, goizean ziur zeuden, bila gogor saiatu arren, ez zituztela topatuko.

Han zihoan Santxo asto gainean patriarka baten moduan, bere alforja eta zahatoarekin, eta sekulako gogoarekin nagusiak agindu zion irla hartako gobernadore gisa bere burua ikusteko. Lehenengo bidaian hartu zituen bide eta alderdi berari lotu zitzaien On Kixote, hau da, Montieleko eremuetan barrena, eta aurrekoan baino nahigabe gutxiagorekin zihoan handik zehar, zeren goizeko ordua zelako eta eguzki-izpiek zeharka jotzen zituztelako, ez zituzten nekatzen. Bat-batean, Santxo Panzak esan zion bere nagusiari:

—Begira beza berorrek, zaldun ibiltari jauna, ez dakiola ahantz irla horri buruz niri aginduta daukana, eta nik jakingo dut horratik gobernatzen, zeinen eta handia den.

Honela erantzun zion on Kixotek:

—Jakin behar duzu, Santxo Panza adiskidea, oso usadio ohikoa zela antzinako zaldun ibiltarien artean, irabazten zituzten irla eta erreinuetako gobernadore beren ezkutariak egitea, eta nik erabakia daukat niregatik ez dadila galdu hain usadio eskertsua, aitzitik pentsatzen dut horretan beste guztien aurretik jartzea, zeren haiek batzuetan, eta agian gehienetan, ezkutariak zahartu arte itxaroten zuten, eta zerbitzatzen nazkatu ondoren, eta egun txar franko eta gau okerragoak igaro ostean, konde titulua-edo ematen zieten; edo gehienez markesarena, garrantzi handirik gabeko eskualde edo probintziaren bateko markes-titulua, baina zu bizi bazara eta ni bizi banaiz, gerta liteke sei egun baino lehen nik erreinuren bat irabaztea, beste batzuk hari atxikiak dituenak eta ondo baino hobeto etor litezkeenak zu haietako bateko errege koroatzeko. Eta ez jo gehiegi edo zailegitzat, gauza eta kausa asko jazotzen baitzaie zaldunei, pentsatu eta sinetsi ere egiterik ez dagoen moduan sarritan, eta erraz asko eman niezazuke agindutakoa baino gehiago ere.

—Horrela —erantzun zuen Santxo Panzak—, mirariren bati esker berorrek esaten duen horietako errege izango banintz, gutxienez Juana Gutiérrez, entzuten?, erregina izango litzateke, eta nire seme-alabak infanteak.

—Eta nork ipintzen du zalantzan? —erantzun zuen on Kixotek.

—Nik zalantza egiten dut —ihardetsi zuen Santxo Panzak—, zeren nire artean pentsatu izan dut, ezen,  Jainkoak lurrera erreinuan atertu gabe jaulkiko balitu ere, bat ere ez litzateke egoki kokatuko Mari Gutirrezen buru gainean. Jakin beza, jauna, erreginatarako ez dituela balio ezta bi marabedi ere; kondesa hobeto etorriko zaio, eta hala eta guztiz ere Jainkoa bera eta bere laguntza beharko.

—Gomenda iezaiozu zuk Jainkoari —erantzun zuen on Kixotek—, komenigarriena emango baitu Hark. Baina ez jaitsi horrenbeste zure animua, muga-lurralde horietako batekin konforma ez zaitezen.

—Ez dut hori egingo, ene jauna —erantzun zuen Santxok—, eta are gutxiago, berorrengan hain nagusi printzipala dudala, bai baitatik ongi datorkidan eta nik eraman dezakedan guztia emango didala.

  1. kapitulua

 On Kixote kementsuak haize-errotekin izan zuen abentura beldurgarri eta egundaino ere pentsatuko ez zuenaren akabera onaz, eta beste gertakari txit gogoangarri batzuen gainean

Hala, eremu hartan dauden hogeita hamar edo berrogei haize-errota aurkitu zituzten, eta ikusi bezain laster on Kixotek esan zion ezkutariari:

—Guk nahi baino ere hobeto ari da abentura gure gauzak gidatzen; izan ere ikusten duzu han, Santxo Panza adiskidea, nola ageri diren hogeita hamar jigante itzel edo, agian, batzuk gehiago, zeinekin bataila egitea pentsatzen dudan eta denei biziak kendu eta botin horrekin hasiko gara aberasten, hau gerra ona baita, eta Jainkoaren zerbitzu handia lur gainetik hazi txarra kentzea.

—Zer erraldoi? —esan zuen Santxo Panzak.

—Han ikusten dituzun haiek —erantzun zuen nagusiak—, beso luzeko horiek; batzuek bi legoakoak ere izaten dituzte.

—Begira beza berorrek —erantzun zuen Santxok—, han azaltzen diren haiek ez dira jiganteak, haize-errotak baizik, eta besoak ematen dutenak, berriz, aspak dira, ezen haizeak eraginik errotarria mugitzen duten.

—Ondo nabarmen dago —erantzun zuen on Kixotek— abentura kontuetan ez zaudela batere jantzia: horiek jiganteak dira; eta beldur bazara, ken zaitez hortik, eta ekin otoitzari ni beroiekin bataila gogor eta zailean hasten naizen bitartean.

Hori esanik, Rozinante zaldia bizi astindu zuen, Santxo ezkutariaren deiadar ozenei jaramonik egin gabe, nahiz eta Santxok jakinarazi zion eraso egitera zihoakien haiek, zalantzarik gabe, haize-errotak zirela eta ez jiganteak. Baina on Kixote hain zihoan berean, jiganteak zirela sinetserik, entzun ere ez zituen egiten Santxoren deiadarrak, eta ikusi ere ez zituen egiten, nahiz eta gertu egon, zer ziren,  aitzitik han zihoan ozenki esanez:

—Ez ezazue ihes egin, kreatura koldar eta bilauok, gizon bakarrak egiten dizue-eta eraso.

Hala, haizea atera zuen, eta aspa handiak mugitzen hasi ziren; hori ikusirik on Kixotek esan zuen:

—Bada Briareoko erraldoiak baino beso gehiago mugitzen badituzue ere, larrutik ordaindu behar duzue.

Hori esan eta bihotz-bihotzez bere andere Dultzineari gomendaturik, trantze hartan laguntzeko eskaturik, bere erredolan ongi estali eta lantza topean harturik, Rozinanteren laukoan jo eta aurrean zeukan lehenengo haize-errotari oldartu zitzaion; eta lantzakada bat aspan emanik, haizeak halakoxe indarrean bihurtu zuen, lantza txikiturik utzi zion, eta zaldia eta zalduna hankaz gora botata; han joan zen zilipurdika landan barrena zeharo hebainduta. Santxo Panza astoak ahal zuen abiada handienean joan zitzaion laguntzera, eta iritsi zenean, azkar ohartu zen ezin zela mugitu ere egin, hainbestekoxea izan baitzen Rozinanterekin hartu zuen kolpea.

—Jainkoa lagun dakidala! —esan zuen Santxok —ez al nion berorri esan zer egiten zuen ongi begiratzeko, ez zirela haize-errotak baizik, eta zezakeela hori inork ukatu, berak ere buruan beste horrenbeste eraman ezean?

—Isilik, Santxo adiskidea —erantzun zuen on Kixotek—, gerrako gauzak, beste ezer baino gehiago, etengabeko aldakuntzei atxikiak daude; are gehiago, nik uste dudanez, eta egia da benetan, gela eta liburuak ostu zizkidan Frestón jakintsu hark jigante hauek errota bihurtu dituela, horiek garaitzearen ohorea niri kentzeagatik: hainbestekoa da didan gorrotoa; baina ibilian-ibilian bere arte gaiztoek ahal gutxi izango dute nire ezpataren ontasunaren aurka.

—Jainkoak egin dezala ahal duen eran —erantzun zuen Santxo Panzak. Eta, altxatzen lagundurik, Rozinanteren gainera igo zen berriro, omoplatoa erdi aterata zeukan honek. Eta, izan zuten abenturari buruz hitz eginez, Lapice Porturako bideari jarraitu zitzaizkion, zeren on Kixotek zioen ezinezkoa zela han ez aurkitzea modu eta era askotako hainbat abentura, ibili handiko tokia zelako; baina oso triste zihoala, lantza falta zitzaiolako; ezkutariari esanik, esan zion:

—Gogoan dut irakurri izana Diego Pérez de Vargas zeritzon zaldun espainiar batek, bataila batean ezpata hautsi zitzaiolarik, arte-arbolatik adar edo enbor handi bat atera zuela, eta halako gauzak egin zituen egun hartan harekin eta hainbat mairu birrindu, (matxakatu) zituen, ezen Machuca izengoitiarekin geratu zen; horregatik, handik aurrera, bera eta bere oinordekoak Vargas y Machuca deitu ziren.  Esan dizut hau, zeren topatzen dudan lehen arte edo haritzetik pentsatzen dut beste enbor bat ateratzea, irudikatzen ari naizen hura bezain egoki eta ona; eta pentsatzen dut harekin halako balentriak egitea, zuk txit zorionekotzat joko duzu zeure burua, ikustera etortzeko ohorea merezi izan duzulako eta sinesteak ere lanak dituen gauzen lekuko suertatu zarelako.

—Jainkoaren eskuetan jartzen naiz, gerta bekit zuen berorrek dioen eran   —esan zuen Santxok —. Nik berorrek esaten duen moduan sinesten dut dena; baina zuzen bedi apur bat, aldera okertuta doala ematen du-eta; erorikoaren ondoriozko hebainduragatik izango da, noski.

—Bai, halaxe da — erantzun zuen on Kixotek — , eta oinazeagatik kexatzen ez banaiz,  hori da zaldun ibiltariena ez delako inolako zaurirengatik kexatzea, nahiz eta handik tripak atera.

—Hori horrela bada, ez daukat zer esanik —erantzun zuen Santxok—; baina Jainkoak daki zenbat poztuko nintzatekeen, berori, gauzaren batek min ematen dionean, kexatuko balitz. Neure buruaz esan dezakedana da izaten dudan oinaze txikienarengatik kexatuko naizela, baldin eta zaldun ibiltarien ezkutariak ere ez baleude atxikiak kexatzerik ez izateri.

Ez zuen barre gutxi egin on Kixotek bere ezkutariaren sinplekeriagatik; eta, hala,  adierazi zion lasai kexa zitekeela nahi zuenean eta nahi zuen moduan, gogoarekin ala gabe, ordura arte ez zuela-eta entzun horren kontrako ezer zalduntza-ordenan. Santxok esan zion begiratzeko, bazkaltzeko ordua zela-eta. Nagusiak erantzun zion artean ez zuela gogorik, eta berak jateko gogoak ematen zionean. Baimen horrekin, jarri zen, bada, ahal bezain ongi kokaturik astoaren gainean, eta, aurrez jarri zuena alforjetatik atera eta janez zihoan nagusiaren atzetik, txit eroso, eta aldika-aldika zahatoa jasotzen, hain gustura, Malagako ardandegi-zain ospetsuenak ere inbidia sentitzeko moduan. Eta hala zihoan bitartean, tragorik trago, ez zitzaion gogoratzen nagusiak egindako promes bakar bat ere, eta ez zeukan inolako lantzat, atseden handitzat baizik, abentura bila ibiltzea, zeinen eta arriskutsuak ziren.

Kontua da gau hura arbola batzuen artean igaro zutela, eta haietako batetik on Kixotek gain ihar bat erauzi zuela kasik lantza gisa baliatzeko modukoa, eta hari ezarri zion hautsi zitzaionari kenduriko burdina. Gau osoan ez zuen begiak bete lo egin on Kixotek, bere andre Dultzinearengan pentsatzen, liburuetan leitutakora moldatzearren, hau da, zaldunak gau asko igarotzen zituztela lorik egin gabe arboladi eta jenderik gabeko tokietan, beren andereen oroitzapenekin entreteniturik. Santxo Panzak ez zuen horrela igaro, zeren sabela ederki betea zeukanez, eta ez ur eta txikoriaz, lo bakarrean xahutu zuen gau osoa, eta hura esnatzeko ez ziren nahikoa izango, nagusiak hots egin ez balio, ez aurpegian betaro jotzen zuten eguzki-izpiak, ez hegaztien kantuak, eta ez ziren hegazti gutxi egun berriaren etorrera alaiki agurtzen ari direnak. Jaikitzean, tragoa egin zuen zahatotik eta aurreko gauena baino meheago iruditu zitzaion, eta bihotza tristatu zitzaion, iruditzen baitzitzaion ez zihoazela bide onetik haren hutsunea konpontzeko. On Kixotek ez zuen gosaldu nahi izan, zeren, esan dagoen eran, oroitzapen zaporetsuen bidez elikatu nahi izan zuen. Ekindako bidera, Lapice Portuko bidera, itzuli ziren, eta arratsaldeko hirurak aldera egin zuten topo.

—Hemen —esan zuen on Kixotek Santxo ikustean—, anaia Santxo Panza, eskuak sar ditzakegu ukalondoraino abenturak deitzen dioten horretan. Baina ohar zaitez, munduko arriskurik handienean ikusten banauzu ere, ezpata ukitu ere ez duzu egingo ni defenditzeko; ikusiko bazenu iraintzen nautenak txakur-jendea eta ezereza dela, orduan bai lagun diezadakezu; baina, zaldunak balira, inolaz ere ez zaude baimendua eta ez zaizu zilegi, zalduntzako legeen aldetik, laguntzea, zaldun izendatu edo armatu arte.

—Horixe baietz, jauna —erantzun zuen Santxok—, ziur egon meneko izango natzaizula horretan, eta are gehiago ni, neurez, baketsua bainaiz, eta iskanbila eta liskarretan sartzearen kontrakoa. Egia da, noski, neure burua defenditzeari dagokionez ez ditudala aintzat hartuko lege horiek; izan ere, bai zeruko eta bai lurreko legeek onartzen dute iraindu nahi duenengandik defenditzea.

—Nik ez diot bestelakorik —erantzun zuen on Kixotek, baina zaldunen aurka defenditze horretan setioan eutsi behar diozu zure oldarrari.

—Horrela egingo dudala diot —erantzun zuen Santxok— eta igandean mezatara joatea bezain ongi beteko dudala agindu hori.

Horretan zihardutela, San Benitoren ordenako bi fraide azaldu ziren bidean, zaldun bi dromedarioren gainean, ez ziren-eta, ez, txikiagoak azpian zekartzaten  bi mando-emeak. Bazekartzaten bideko betaurrekoak eta eguzkitakoak ere. Haien atzetik kotxe bat zetorren, lau edo bost zaldizko laguntzaile zituela, eta bi mandazain oinez. Kotxean, gero jakin zen eran, andere bizkaitar bat zetorren, Sevillara zihoana, han baitzegoen bere senarra, Indietara zihoana ondra handiko kargudun. Fraideak ez zetozen harekin, nahiz eta bide bera egin; baina on Kixotek ikusi orduko, zera esan zion ezkutariari:

—Ni oso oker nago, edo honek izan behar du oraindik ikusi den abenturarik ospetsuena, zeren han ikusten diren bulto beltz horiek izan behar dute, eta dira, zalantzarik gabe, kotxe hartan printzesaren bat ostuta daramaten sorgintzaileren batzuk, eta ezinbestekoa da ankerkeria hori desegitea dudan indar oroz.

—Haize-errotak baino okerragoa izango da hori —esan zuen Santxok—. Begira, jauna, haiek San Benitoren fraideak dira, eta pasadizoan dabiltzanen batzuena izan behar du, inolaz ere, kotxeak. Esaten diodala, bada, esan, ongi begiratzeko zer egiten duen, ez ahal du berriro ere deabruak berak engainatuko!

—Lehen ere esan dizut, Santxo —erantzun zuen on Kixotek—, gutxi dakizula abenturen gorabeheran: nik diodana egia da, eta orain ikusiko duzu.

Eta hori esanik, aurreratu eta fraideak zetozen bidearen erdian jarri zen, eta behar beste inguratu zenean esaten zuena entzungo ziotela iruditu zitzaion tokira, txit ozenki esan zuen:

—Deabruaren jende ankerra, utzi berealdikorik azkarrena kotxe horretan bahiturik daramatzazuen printzesa handiak, bestela preparatu, zuen egintza makurrengatiko zigor justu gisa, heriotza besarkatzeko.

Fraideek mandoak gelditu zituzten, eta harriturik geratu ziren bai on Kixoteren itxuragatik eta bai bere arrazoiengatik, zeinei erantzun zieten:

—Zaldun jauna, gu ez gara deabru eta gaiztoak, San Benitoren bi erlijioso baizik, geure bidean goazenak, eta ez dakigu kotxe horretan badatorren ala ez, behartuta, inongo printzesarik.

—Nirekin ez dute balio hitz leunek, ezagutzen zaituztet-eta, txakur-jende faltsua —esan zuen on Kixotek.

Erantzunaren zain egon gabe, Rozinanteri eragin zion, eta, lantza behetik harturik, lehenengo fraideari eraso zion, halakoxe arrabia eta gogoz eraso ere, fraidea mando gainetik erori ez balitz, berak botako zuen lurrera, gogoz kontra bada ere, eta zaurituta, eta ez harritu hiltzea ere! Bigarren erlijiosoak, ikusi baitzen bere laguna nola tratatu zuen, hankak airean altxarazi zizkion bere mando-eme bikainari, eta haizea bera baino bizkorrago joan zen eremu haietan barrena.

Santxo Panzak, fraidea lurrean ikusirik, azkar batean jaitsi eta hark ere fraideari eraso egin eta abitua kentzen hasi zitzaion. Horretan zirela, fraideen bi mutil iritsi ziren, eta ea zergatik ari zen biluzten galdetu zioten. Santxok erantzun zien hura berea zela zilegitasun osoz, bere jaun on Kixotek irabazitako hondakin-ondarea zen aldetik. Mutilek ez zuten ulertzen burla hura eta ezer ez zekitenez batailaz, ondorio eta hondakin-ondarez, eta ikusirik on Kixote handik aldendua zela, kotxean zetozen emakumeekin mintzatzen, Santxori bipilki eraso zioten, lurrera jausi arte, eta, bizar-alerik utzi gabe, ostikoka hebaindu zuten, eta lurrean, luzean zeharturik, utzi zuten ez arnas eta ez korde. Eta, istant bat ere galdu gabe, fraidea zaldi gainera igo zen berriro, beldurrez airean eta kikildurik eta aurpegian kolorerik gabe, eta handik bide puska batera itxaroten zion lagunaren bila eragin zion zaldiari; itxaroten eta ea ikaraldi hura guztia nola amaituko ote zen pentsatzen; baina han hasitako gertaeraren azkenari begira geratu gabe, aurrera jo zuten, bizkarrean deabrua baleramate baino gurutze santuaren gehiago eginez.

 On Kixote, esandako eran, kotxeko anderearekin hizketan ari zen, esanez:

—Beroren edertasunak, ene andere, egin dezake gogoak ematen diona, zeren bahitu dutenen urguilua lurrean zanpatua dago, nire beso indartsu honek jausirik; eta beroren askatzailearen izena jakin ezinik sufri ez dezan, esan egingo diot: Mantxako on Kixote naiz ni, zaldun ibiltari eta abenturazalea, eta edertasunean parerik ez duen Tobosoko Dultzinea andereak txoraturik naukana; eta nigandik jaso zuen mesedearen ordaintzat ez dut hauxe besterik nahi: Tobosora joan eta nire partetik andere horrengana aurkeztu eta beroren askatasunagatik egin dudana aitortu.

Kotxean zetozenen ezkutaria han ari zen on Kixotek zioen guzti hori entzuten, euskalduna zen, hau, ikusirik ez ziola utzi nahi kotxeari aurrera jotzen, baizik eta Tobosotik jiran ibiltzea nahi zuela, joan zen on Kixoterengana  eta, lantzatik heldurik, esan zion, erdal gaizto eta euskara okerragoan:

—Begira, zaldun txar; sortu Jainkoaren izenez, kotxea uzten ez badozu, hilko zaitu ni hemen nagon euskalduna bezela (Begira, zaldun; oker zabiltza; kotxeari pasatzen uzten ez badiozu, ni hemen nagoen bezala, euskaldun honek garbituko zaituela!) .

Oso ondo ulertu zion on Kixotek, eta patxada handiz erantzun zion:

—Ez zaren bezala, zalduna izan bazina, dagoneko zigortu nituen zure tontokeria eta ausardia, gizagaixo hori!

Eta euskalduna honela ihardetsi zion:

  —Ni zaldun ezetz? Jaunari zin egiten diot, kristaua naizen aldetik, gezurra diozula. Lantza jaurtitzen baduzu eta ezpata ateratzen, azkar asko ikusiko duzu garaile aterako naizela. Euskalduna beti kapare, lehor eta itsasoz eta deabruagatik; eta gezur hutsa besterik badiozu.

—Orain ikusiko duzu, esan zuen Agrajes-ek, aizu —erantzun zuen on Kixotek.

Eta, lantza lurrean jausirik, ezpata atea zuen, eta errodela besoan sartu, eta bizitza kentzeko intentzio osoz  eraso zion euskaldunari. Euskaldunak, zetorren eran etortzen ikusita, mando gainetik jaitsi nahi izan zuen, gainetik ez baitzuen gauza onik egingo, zeren, alokairuko txar horietakoa zenez, ez zegoen harekin fidatzerik, eta nahikoa egin ezpata ateratzea, horrekin konformatu zen; baina ederki etorri zitzaion kotxearen ondoan aurkitzea, handik burkoa hartu eta ezkututzat ipini zuen, eta gero elkarrengana joan ziren, bi etsai mortal balira bezala. Gainerako jendeak bakea nahi zuen haien artean, baina ezin izan zuen, zeren euskaldunak zioen, gaizki uztarturiko arrazoi bidez, bataila amaitzen uzten ez bazioten, kapaz zela etxekoandrea bera eta enbarazu egiten zion jende guztia hiltzeko. Kotxeko anderea, beldurtu eta ikaraturik, kotxezainari kotxea apur bat alborarazi zion, eta urrundik jarri zen borrokari zorrotz begira; horretan zirela, euskaldunak sekulako labankada jo zion on Kixoteri sorbalda gainean, errodela gainetik, eta, babesik gabe zegoela ematean, gerriraino ireki zion. On Kixotek, kolpe latz haren erdian tristeziak jota, egundoko garrasia egin zuen, esanez:

—O, ene bihotzeko andere Dultzinea, edertasunaren lore, lagundu zuen zaldunari, trantze gogorrean aurkitzen baita, zuen onberatasun handiari erantzutearren!

Hori esan, ezpata estutu, errodela ongi ipini, eta euskaldunari eraso egitea, dena bat izan zen, eta guztia kolpe bakar baten menturan uzteko erabaki sendoa zuen hartua.

Euskaldunak, oldarrean zetorkiola, kemen eta kuraiaz, ikusi bezain laster, on Kixotek egin zuen gauza bera egitea erabaki zuen; eta, hala, burkoaz ondo babesturik itxaron zion, baina mandoa ezin zuen mugitu ez alde batera eta ez bestera, ezen, zeharo nekaturik eta umekeria haietara ohitua ez zegoenez, ezin zuen pausorik ere eman.

Han zetorren, bada, esan dudan moduan, on Kixote euskaldun zuhurraren aurka, ezpata gora, erdi-erditik irekitzeko intentzioz; euskaldunak, era berean, ezpata jasota eta burkoaz babesturik itxaroten zion, eta inguruko guztiak han zeuden beldurrez, zer gertatuko, elkarri mehatxuka eta kolpe izugarriak eskainka ari baitziren; kotxeko andereak eta haren neskame guztiak erreguka eta imajina eta Espainiako debozio-etxe guztiei eskaintzak egiten ziharduten, Jainkoak libran zitzan bai ezkutaria eta bai beraiek  aurkitzen ziren arrisku ikaragarri hartatik.

Pena da, baina bataila horren historia eskribitu zuenak momentu eta une horretan eteten du kontakizuna, denon kalterako, esanez ez zuela aurkitu on Kixoteren balentria hauei buruzko beste idatzirik, aipatu dituen horiez gain. Egia da, egia noski, bigarren autoreak ez zuela sinetsi nahi izan horrelako historia bitxi bat ahanzturaren legeen mende egon zitekeenik, ezta Mantxako burubideak hain ardura gutxikoak izan zitezkeenik ere, hango artxiboetan edo idazmahaian hain zaldun famatuari buruzko paperik ez edukitzeko; eta, hala, irudimen horri esker ez zuen atzera egin historia atsegin honen amaiera aurkitzeko, eta, zeru goiari esker, aurkitu egin zuen, bigarren partean kontatuko den eran.

Esta entrada fue publicada en 1 On Kixote y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s