Apaltasuna versus banitatea

 22. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-09-01, Lk: 14, 1.7-14

Behin batean, larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion.

Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen ari zirela, eta aholku hauek eman zizkien: 

―Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian.

Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. 

Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».

 Eta gonbidatu zuenari esan zion:

Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke.

Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina.

                  *******************************************

 Apaltasuna eta dohaintasuna  versus  banitatea eta bereganatzea

 Egoa, beti, bere behar eta beldurren artean dabil, hortik mugitzen da —beharra eta beldurra: errealitate beraren bi aurpegiak—; horiek dira existitzen delako sentsazioa ematen diotenak. Eta hortxe sortzen da engainua berrelikatzen duen zirkulu biziosoa:

behar eta beldurrek ‘neu’  sentiarazten naute // ‘neu’ sentitzean, ezin diet uko egin ‘nire’ beharrei eta ‘nire’ beldurren biktima naiz // horien morroi bizi naiz // gero eta identifikatuago sentitzen naiz horien erasopean bizi den ‘ego’ gisa… eta gero eta frustratuago eta deskonektatuago nago benetan naizenetik.

Behar horien guztien artean, seguruenik, oinarrizkoena da aitortua eta onartua izatearen premia; lehenengo izan nahia dakar horrek, lehenengo izan nahia eta dena egoa eta bere interesen inguruan bueltaka ipintzea edo ipini nahia.

Jesusen hitzek, hain zuzen, bi arazoei heltzen diete: zein tokiren bila nabil? eta zergatik egin ditut gauzak? Banitatea/apaltasuna eta bereganatzea/dohaintasuna bezain oinarrizko errealitateak ukitzen dituztenak.

Egoa lehen postuaren bila dabil beti: nabarmentzea da bere ametsa, ikus dezaten nahi du, onartua sentitu; txaloak gustatzen zaizkio, eta, besteen aurretik igarotzen denean, miresmen-keinuak; txoratzen dute arropa-jantzi bereziek —Hori ere esaten du Jesusek: Mt 25-5ss— eta bere balioaren ezaugarriek; arrazoi izatea nahi du beti; izatea ez ezik besteei inposatzea ere bai…

Joera horren aurrean, Jesus ez dabil berriketan, haren hitza ez da errezeta soil bat bakarrik. Horrela ikusiko balitz, ez litzateke harritzekoa apaltasun faltsura bultzatzea —aski usu gertatu dena mundu erlijiosoan— borondatetik ekiten delako.

Badakigu egoa oso trebea dela, eta elika daiteke batetik bezala bestetik. Badira ego handiustekoak eta badira egoak apalean faltsuak; itxura batean, ezkutatzen zaleak direnak.

Jesusen hitza sustraira doa: egoarekin desidentifikatu behar dut. Ez naiz behar horiek, ez naiz egoa bere interesekin. Hori ulertzen dudanean utziko diot berarentzat bizitzeari. Jesusek esandakoari egoaren baitarik jarraitu nahi zaionean sortzen da ironia: orduan, ‘ekilibrista-rola’ hartzen du: egoera finkatu egin nahi du, eta bere burua ukatzen duela esaten ari da aldi berean.

Ikusten dugunean bakarrik, transformatzen gara. Baina ez dezakegu ikus buruaren baitarik. Gure benetako Identitatea esperimentatzea permititzen digun Jakinduria handiago haren baitarik ikusten dugu, zein dagoen eduki mental eta emozional guztiak baino harago. Eta orduan, izanean, ezagutzen dugu.

Identitate horretan gaudela ezagutzean, egoa erori egiten da (nahiz eta aurreko inertziak ez aldendu). Eta, egoarekin batera, berdin erortzen dira gure bizitza gidatzen zuten behar haiek ere.

Era berean, egoari ez dago eskatzerik dohaintasunik, egoaren benetako esentzia bereganatzea baita. Izan ere, bereganatzerik gabe ez dago egorik. Bere izan-itxura, noski, era guztietako eduki mentalez bereganatzetik datorkio; horiekin identifikatzen da. Hortik aurrera, bizitzea etengabeko jabetzea izango da egoarentzat, beretzat ontzat jotzen duen guztiaz jabetzen ahaleginduko da.

Dohaintasuna bakar-bakarrik bizi daiteke egoarekiko identifikazioa erortzen denean. Orduan kontzientzia berria jalgitzen baita, non besteak hautemanak diren horren parte balira bezala. Besteei ematea norbere buruari ematea da; besteei kalte egitea norbere buruari kalte egitea da.  

Testuak aipatzen dituen pobreak, elbarriak, ezinduak eta itsuak zu zeu zara: zu beste ‘ni’ bat zara. Eta Jesusek zorionbidea aldarrikatzen du: zorionekoa zu, ordaindu ezin dizutelako. Nolanahi ere, zoriona ez dago —egoak nahi eta azkar bere egingo lukeen moduan— ekintza horri esker lortuko genituzkeen merituetan —horrela, berriz ere, ego bereganatzailearen banitatea puztu egingo litzateke—, baizik eta benetako identitate gisa  Dohatasuna, Zoriona, Bozkarioa… deskubritu izanean. Identitate horretan denon denengan gaude, elkarri loturiko sare luze eta zabalean bezala.

Dohatasuna —lehen apaltasuna bezala— ez dator egiten dugunaren haritik, garenaren eskutik baizik. Aski da hori konprenitzera iristea: Jakinduria da, eta, aldi berean, Errukia.

www.enriquemartinezlozano.com

rufino iraolaren itzulpen librea

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s