Pello Esnalek irabazi du lehen mendeurreneko “Basarri” saria

Aurkezpenik behar ez duen Pello Esnalek irabazi du aurtengo “Basarri” saria, berez  XXIX. edizioa da aurtengoa, eta Basarriren jaiotzako mendeurrenekoa. Aurrekoetan ez bezala, aurten gaia, hain zuzen, «Inaki Eizmendi ‘Basarri’» zen. Hamar bertso-jartzailek hartu dute parte; aurreko urtetan baino gutxiagok. Agian, gaia mugatzeak ekarri du urrimena. Dena den, proportzioan, maila oneko saio dezente izan da, lehenengo eta bigarren geratu direnak bereziki. Igeldoko Imanol Lizarazu ‘Habanak’ lortu du bigarren postua.

Oso muntaia berezi eta orijinala egin du Pellok, ibai ondoko haltza narratzaile dela, Basarriren kintoa berau, eta Granada Errekan jaioa Basarri bezalaxe. Behin Granada Errekako haltza pertsonifikaturik, hura da Basarriren biografia kontatzen duena, bikain kontatu ere zortzi puntuko (motz) hamabi bertsotan. Doinua: ‘Prantxisku zer dakarrek’. Gehienetan Basarriri berari zuzenean hitz egiten dio, hika. Badira pertsonifikazio gehiago ere: ura, haizea, etab.

Hasteko era ere ez da itsusia: «Besteak baino gutxiago ez diat izan nahi, eta nik ere bidali nahi diat nire agurra (zatirik handiena isilpean)», esanez hasten da. Hona bertso osoa: «Neure agurra ere nahi diat igorri / aurten denen ahotan habilen horri. / Udazken epel hartan, zerua oskorri, / bateratsu gintuan gu hona etorri: / hik musuak gorri, / nik hiru-lau orri. /(Urrun bost elorri.) /Erreka zulo bera bion jatorri.»

Laugarren bertsoa: «Ezagutu genian, haizeak esanda, Donostiako zuen bertso-demanda. / Nola, horretan ere iaioa izanda, / aise gainditu huen Txirritaren langa. / Gero, berriz, danba!, gerraren eztanda. / Bai berri urdanga, / inork ekarri gabe hemen zuan-da! » Bertsoaren amaiera, “inork ekarri gabe hemen zuan-da”, ematen duen baino askoz ere handiagoa da: ematen du gertaerei buruzko filosofia oso bat dagoela horren azpian.

Bederatzigarren bertsoa: «Behin batean, irratiz opari zehatza, / txapelketako bateko bertsoa, antza: / ‘Erreka bazterrean ernetzen da haltza…’, / niri ateratako argazki aratza. Norbaitek zalantza / balu, ken arantza: / etorri honantza, / eta nik bezalaxe orria altxa.» Bertso honetan, ederki baliatzen du Amurizak behin txapelketa batean bertso bati emandako hasiera: «Erreka bazterrean ernetzen da haltza…» Dirudienez, gainera, Basarrik, hurrengo egunean, goraipatu egin zuen bertso hori irratiz. Bistan da Esnalek maisuki darabilela testuen uztargarritasuna (intertestualitatea).

Haltzak promes ederrak egiten dizkio Basarriri, azken bertsoan:

Ez zezakeat esan
orain bederenik,
beteko dudan beste
mendeurrenik.
Baina ez diat uste
utziko dudanik,
Inaxio, maskaltzen
hire oroimenik.
Altzari eginik,
lurrean etzanik
edo ketan joanik,
betiko neure baitan
jasoko haut nik.
 

Imanol Lizarazurentzat bigarren saria

Igeldoko Imanol Lizarazu ‘Habanak’ lortu du bigarren saria, ‘Basarri saria’ izeneko sortarekin, hamar bertso ‘Ia guriak egin du’ doinuan. Lotura formal gutxiko hizkeran, ezin hobeto lotzen ditu ideiak, bertso bikainak osaturik. Hona pare bat:  «Azken Portuko ixkinak / jasotako ziprixtinak (bis) / Morroiak, ikazkinak… / len etxenekixkinak / Jakin-minaren iturri / entzun eta irakurri!» // «Burua ta eztarriya / Kantuari ekarriya (bis) / Haiekin ikasiya / Zepai, Frantses Txikiya… / Danok berotu gaitun su / handia izan zinen zu…»

 

 

 

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s