Esakuneen egiak

Albora begiratu gabe aurrera doanak ez daki zenbat premia utzita doan

 Aurreko batean, joan deneko urte luzeetan Karibe aldean bizi den batekin egin nuen topo. Hitz-aspertu ederra egin genuen! Beste perspektiba bat dauka munduaz, pertsona txiro eta baztertuen inguru eta «babesean» bizi baita. Euskara ez zaio ahaztu, eta erruz gustatzen zaio aforismo eta esakune gisako formuletan mintzatzea. Neuk ere, haren arrimuan, asmatu nituen batzuk. Aipa dezadan bakarren bat edo beste. Zeinezkorik gabe ipiniko ditut bionak, jakinik elkarrizketa beraren fruitu direla, eta aipatzen ditudan horietan guztietan adostasuna erabatekoa dela:

«Huntzak pareta zaharra apaintzen dihardu, errukituko balitz bezala, baina egun batean, zirrikituetan sarturik, bota egingo du.» Zenbait aldiz ez da gertatzen hori pertsonen artean ere? «Bankeroek zergatik dituzte nahiago tekniko onak, profesional onak baino?» Tekniko onak irabazia, emaitza, du buruan, zein preziotan gehiegi begiratu gabe; profesional onak bezeroa ere aintzat hartuko du.

«Nik neuk nahiago dut “egin on eta ez begira non”, ordaina exijitzen duen etika baino.» Mundua mundu denetik existitu da trukea, baina ezer ez dutenei zer eskatu behar diezu trukean? Zoritxarrez, ezer gabe jende gehiegi dago munduan. «Denoi komeni zaigu noizbehinka pinturak eta kolorezko lapitzak erostea, eskertuko liguke gure barneko haurrak.» Oso garrantzitsua da izan ginen haur harrekin adiskide egotea; are gehiago, ez dezagun borra izan ginen ezer; garen bezala onartzea baino garaipen handiagorik ez dago pertsonarentzat.

«Munduak badu konponbidea: toki batzuetan gutxiago kontsumitu eta beste batzuetan gehiago.» Hain da begi-bistakoa, baina ikusi nahi ez. «Beti zuzen doana ez da inora iristen; parabola da zientzia zaharraren eta gure erlijioaren oinarria.» Albora begiratu gabe aurrera doanak ez daki zenbat premia utzita doan. «Etikarik ezak sortu zuen krisia, etikarik ezagatik irauten du hainbeste.» Eta “biluziak” erantzita konpondu nahi dute… etikarik ezagatik.

«Natura zaintzeko, kontua ez da teknika berriak asmatzea, baizik eta bizitzeko modu berri bat asmatzea.» Gehiegi jezten ari gara, eta egun batean antzutu egingo da. «Ekintza ona berez dago justifikatua.» Baina, sarritan askotan, besteei egindako mesedetik onura atera nahi izaten dugu.

«Besteren arrakastaz pozten ez denak bererik ez du inoiz ikusiko.» Arrakastarik handiena ez al da besteena aintzat hartzea? «Jende gehiegi dago etika eta kosmetika nahasten dituena.» Hori da problema!

 

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s