Dohaintasuna, bozkarioa…

 24. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-09-22, Lk: 15,1-10

 

Aldi hartan, zergalari eta bekatari guztiak Jesusengana bildu ohi ziren, hari entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez:

—Horrek harrera ona egiten die bekatariei; gainera beroiekin jaten du:

Orduan, Jesusek parabola hau esan zien:

—Zuetako batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez al ditu uzten laurogeita hemeretziak zelaian eta galdutakoaren bila ateratzen, aurkitu arte? Eta aurkitzen duenean, bizkarrean hartzen du, txit pozik; eta etxera iristean adiskide eta bizilagunak elkartzen ditu, hau adierazteko: «Zorionak eman iezazkidazue!, bada aurkitu dut galdu zitzaidan ardia.»

Eta esan nahi dizuet poz-atsegin handiagoa izango dela, zeruan, konbertitzen den bekatari batengatik, konbertitu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino.

Edota emakume batek hamar diru-txanpon badauzka eta bat galtzen baldin bazaio, ez al du bonbilla pizten eta etxea garbitu kontu handiz eta bila saiatzen, aurkitu arte?Eta aurkitzen duenean inguruko emakumeak elkartuko ditu, eta esango die: «Zorionak eman iezazkidazue!, bada aurkitu dut galdu zitzaidan diru-txanpona.»

Esaten dizuet, bada, poz-atsegin bera izango dela Jainkoaren aingeruen artean, konbertitzen den bekatari bakar batengatik.

 

 

**********************************************************

 

JAINKOA BOZKARIOA DA

 

Parabola txiki horiek bozkarioaz mintzo dira…, Jainkoaren bozkarioaz. Belaunaldi luzeetan, Jainkoaren irudi serioa transmititu da —zorrotz, epaile eta zigortzailea…—, Sarri askotan, Jainkoaz mintzo direnen hitz eta aurpegiek ez dute bozkario handirik islatzen. Bossuet kardinala zinez urrutira joan zen, esan baitzuen Jesusek ez zuela sekula barrerik egin, perfektua zela eta.

Horrelako zerbait gertatu bide zitzaien Nazareteko jakintsuaren entzuleei ere. Tenpluko apaiz eta teologo ofizialen erretorikara ohiturik, zintzoak eta bekatariak zeharo bereizten  zituen Jainkoa predikatzen zutela ikusirik, harrigarri irudituko zitzaien Jesusek Bozkariozko Jainkoa aipatzea; edota, hobeto esanda, bere poz-atsegina gizakiarekin elkartzean ipintzen zuen Jainkoa aldarrikatzea.

Uste dut ez dela gehiegi hau esatea: erlijioak ez dira ongi konpondu alaitasun eta umorearekin. Solemnitate handiegiarekin ageri dira, eta horri, praktikan, zorroztasuna esaten zaio. Non-nahi ikusiko ditugu aurpegi serioak eta hitz motzak, epai eta kondenak. Horiek denak goitik dagoenaren kontuak dira, hau da, boterea bere eskuetan duenaren ikuspegia. Zeren umorearekin haserre dagoena ez da erlijioa, boterea baizik. Botereak badaki umoreak urratu eta zulatu egiten duela, eta horregatik ipintzen du deabrukerien pareko. Erlijioa bihurtzen da solemne boterea lortzen duenean eta eusteko eginahalean diharduenean. Horregatik, irribarrea darion Aita Santu baten keinu sinple eta normala —Frantzisko eta Juan XXIII.aren kasuan bezala—, ezohiko eta guztiz erakargarri suertatzen da sinesmendunentzat.

Hizkera teistan, Jesusek dio Jainkoak poza sentitzen duela konbertitzen den bekatari bakar batengatik ere. Baina burua eta hitza kapaz direnez edozein espresio bihurritzeko, hau eta honen kontrakoa esanarazteraino bihurritu ere, erlijioak erraz asko erabili ditu, hasieran izaera askatzailea zuten espresioak, bere burua justifikatzeko. Horrela, zeharo galdu dute islatzen zituzten nobedadea eta probokazioa.

«Jainkoa ardi galduaren bila dabil beti», dio erlijioak. Baina aldatu egin da hitzaren esanahia. Erlijioarentzat, galdua da erlijioak ezarritako normak betetzen ez dituena eta erlijioaren sineskeriak kritikatzen dituena. Hori litzateke zigorgarria. Guztiarekin ere, Jainkoa beti bere bila dabil. Eta poztu egiten da, baina bakarrik ardia artegira itzularazten duenean, hau da, baztertu duen guztia berriro betetzen hasten denean.

Jesusen nobedadea baldin bazen Jainkoaren dohaintasuna eta bere poza beste eskakizunik gabe, parabola horien irakurketak erabat nahastu eta okertzen du esanahi originala, dohaintasuna meritu bihurtzeraino. Beste behin gehiago, Jainkoarengan proiektatu da gizakion jarrera interesatua: «bila noakizu eta poz-pozik naiz zurekin…, baina nik esandakoa egitekotan.»

Tranpa erlijiosoa ez dago baliogabetzerik buruaren baitarik. Zeren buruak, bere dualtasuna medio, ezin du egin hauxe baino: on edo txar moduan etiketatu dena. Eta katalogazio horren arabera jokatuko du gero.

Jesusen mezuaren nobedadea eta jakinduria argi eta garbi nabarmentzen dira ikusmolde ez-dualetik inguratzen gatzaizkionean. Jesusek ez zuen inor konbertitu nahi, ez zitzaion-eta interesatzen proselitismoa, eta ez zegoen zenbakiez eta botereaz kezkaturik. Horregatik mintza zitekeen askatasun osoz.

Gustura egiten zituen otorduak bekatari eta zergalariekin, eta nola eskandalizatzen ziren fariseuak eta lege-maisuak! Mugarik gabeko Bozkario gisa aitortzen zuen Jainkoa, ordainik gabeko Dohaintasun moduan, bazterketarik gabeko Maitasun bezala.

Gure usterik okerrena geure burua, egora murrizturik, separatutzat hartzea (pentsatzea) den bezalaxe, erlijioen tranparik arriskutsuena da Jainkoa, gure gogamenaren irudira sorturik, izaki separatu bezala aurkeztea.

Jainkoa ez da inor saritu edo zigortzen dabilen indibiduo separatu bat, gaizki edo ongi begiratzen digun norbait, edo zintzoak eta bekatariak bereizten dabilen bakarraren bat…  Jainkoa da azken errealitate errealaren Misterioari ezarri diogun izena, den guztia osatzen duena eta gu geu ere osatzen gaituena. Jainkoa da, beraz, gure azken Hondoa, den guztiaren Norberatasun kontziente eta maitekorra, zeinengandik inoiz ez gaitezkeen egon banandurik. Beregandik norbait banandu daitekeen Jainkoa, istant txikiena izanda ere, inolako zalantzarik gabe, idolo proiektatu bat litzateke. Zeren ez dago banantzerik zaren Hartatik. Eta Den hori da Maitasuna, Dohaintasuna, Bozkarioa… inolako motibo eta ordainik gabe.  

                                                                                             www.enriquemartinezlozano.com

rufino iraolaren itzulpen librea.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s