Demokraziaren oskola

Eskubiderik oinarrizkoenak errespetatzen ez badira, demokrazia oskol hutsa da

«Gose garenean janik ez badago, gaixo gaudenean sendagairik ez badugu, ezjakintasuna badago eta pertsonaren eskubiderik oinarrizkoenak errespetatzen ez badira, demokrazia oskol hutsa da, nahiz eta hiritarrek botoa eman eta Parlamentua eduki.» Nelson Mandelaren hitzak dira, ‘facebook’ean irakurri eta geuk euskaratuak.

Beste intelektual handi batek, Jose Antonio Marinak, ‘adimen frakasatuaren’ teoriatik esplikatuko luke hori dena. Ez da harritzekoa —lotsatzekoa baizik—, jakinik munduko potentzia handiek zenbat gastatzen duten gerrak sutzen, eta ikusirik zenbat jende hiltzen den mundu zabalean, ahoan zer sarturik ere ez duelako.

Gizakiak, definitiboki, burua galdu du… gauza batzuetarako. Matematika-operazioak egiteko eta gerra-estrategiak sortzeko ez da izango adimen faltarik., baina bakea bultzatzeko eta etikaz jokatzeak dirua aurreztu eta sufrimendua saihesten dituela ikusteko garaian, adimen-urrikoak ematen dute gure gidariek. Jakina… burutsua izatea beste gauza bati esaten baitiote: dirua edozein preziotan eskuratzeari, eta, horretarako, ez du txarra izan behar, nonbait, armen negozioak, forma industrialean zein komertzialean.

Dena den, nabari da adimen falta ere: ez daude jabetuak, zoriontsu izateko, ez dagoela horrenbeste diruren beharrik, eta ez dagoela gerran jendea hiltzen ibili beharrik edo gosearen, gaixotasunaren eta ezjakintasunaren bidez arerio potentziala menderatu eta paretik kendu beharrik. Izan ere, sufriarazteak ez al du, neurri batean, lehenago edo geroago, norberarentzat ere sufrimendua ekartzen? Badakit gutxi dezakegula potentzia handien kontra, hala ere komeni da konbentziturik egotea, kontzientzia hartzen joatea, ahal duguna egin dezagun.

Zenbat aldiz ez dugu entzun demokrazia dela sistema politikorik on eta justuena? Inor gutxi izango da horrekin bat ez datorrena. Baina demokraziari dagokionez ere, beste gauza guztietan bezalaxe, bidezko eta zuzena da demokraziaren kalitateaz hitz egitea. Horixe adierazi nahi digute, hain zuzen, diktadura ongi asko probaturiko Mandelaren hitzek. Benetako demokraziak ez dezake onar hainbeste langabeturen egoera negargarria, hainbat jubilatu eta gaixo kronikok behar dituzten sendagaiak ez izatea, dirua daukatenek bakarrik estudiatu ahal izatea, bankuak etxea kentzearen ondorioz jendea kale gorrian ‘biluzik’ uztea… Zertarako da Parlamentua denen eskubideak eta berdintasun-printzipioak defenditzeko kapaz ez bada?

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s