Errukia eta esker-ona

28. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-10-13, Lk: 17, 11-19

 Jerusalemera bidean, Samaria eta Galilean barrena zihoan Jesus. Herri batean sartzerakoan, hamar legendun atera zitzaizkion bidera. Urruti geratu ziren, eta handik deiadarka esaten zioten:

―Jesus, maisu, erruki zakizkigu!

Haiek ikustean, esan zien:

―Zoazte apaizengana.

Eta bidean zihoala, garbi geratu ziren. Haietako bat, sendaturik zegoela ikustean, Jainkoa deiadarka goretsiz itzuli, Jesusen oinetan ahuspez jarri eta eskerrak eman zizkion; samariarra zen.

Jesusek hitza hartu zuen, eta esan:

―Ez al dira hamarrak garbi geratu?; beste bederatziak, non dira? Ez al da atzerritar hau besterik itzuli Jainkoa gorestera?

Eta esan zion:  

―Jaiki eta zoaz; zure fedeak salbatu zaitu.

           ********************************************

ERRUKIAN ETA ESKER-ONEAN HAZI

Legena –hitz horren bidez azaleko gaitz asko adierazten baziren ere– gaixotasun beldurgarria zen, gaitz hori zuen pertsonarentzat ondorio sozial eta erlijiosoak latzak zirela bide.

Bekataritzat hartuak eta ostrazismora kondenatuak, herria eta gizaki guztiengandik urrunduak, eta pertsona sano batengana hurbiltzeko debeku zorrotzarekin, legendunak egoera negargarrian bizi ziren, heriotzaren zain, nahiko talde jendetsuetan elkarturik. 

Konprenitzekoa da, egoera horretan, errukia eskatzea. Beti zaigu beharrezko, besteak «gure larruazalean jar daitezen», gure egoera eta portaera konpreni ditzaten. Baina zenbat eta ahul eta zaurigarriago sentitzen garen hainbat eta larriagoa da premia hori.

Hori da «erruki» hitzaren esanahi sakona: bestearekin batera sentitu eta horren arabera jokatu, premia-egoera horren erremedio bila saiatuz.

Jesusek apaizengana bidaltzen ditu –legeak zioenez, legenduna ez zitekeen birtxerta gizartean, apaizaren ziurtagiriak sendatu zela baieztatzen zuenean baizik– eta bidean sendatu!

Testuak sakon azpimarratzen du –Jesusen harridura nabarmentzeraino– bakarrak zekiela esker-ona zer den.

Errukia eta Esker-ona, bi jokaera funtsezko. Batetik, pertsonaren heldutasuna adierazten dute, eta, bestetik, elkarbizitza harmoniatsu eta konstruktiboa ahalbideratzen dute.

Baina, edozein jokaerak bezala, edozein arteren moduan, eguneroko zaintza zehatza behar dute. Errukia eta esker-onari dagokionez, bakoitzak daukan bizipen-egoera onarturik, beti da posible aurrerapausoak ematea, errukitsu eta esker-onekoak izaten kontzienteki saiatuz.

Behin eta berriz aipatzen dut aldez aurretiko onarpenaren garrantzia, zeren bizitzeko zailtasunak oso zaharrak izan ohi dira, batzuetan gure zerebroan grabaturik egoteraino eta, batez ere, inkontzienteak.

Errukiaren oinarri neurologikoak aurkitzen ari dira neurozientifikoak. Daniel Siegelen arabera, «zerebroa organo soziala da… “gu” bat izateko jaio gara.» (D.J. SIEGEL, Mindsight. La nueva ciencia de la transformación personal, Paidós, Barcelona 2011, pp.278 y 334).

«Neurona ispilu» deritzotenek, agi denean, besteen asmoak eta sentimenduak atzemango balituzte bezala jarduten dute, guregan erresonantzia emozionala sortu eta besteen portaera imitarazirik. Neurologikoki, hor oinarritzen da enpatia- eta erruki- gaitasuna. Gabezia emozional batzuk direla medio, zirkuitu horiek itzaltzen direnean, gaitasun haiek gutxiturik edo, agian, deuseztaturik geratuko dira.

Adibidez, atxikimendu ez-ziurra –desegurra, anbibalentea, iheslea– bizi den familien kasuan, ez da izaten «gu» bat sortzen duten erresonantzia-momenturik.

«Nire erresonantzia-zirkuituak aktibatzen direnean, senti dezaket beste pertsona batek sentitzen duena… Inorekin identifikatu ezin banaiz, ordea, erresonantzia-zirkuitu horiek itzali egingo dira. Besteak objektu gisa ikusiko ditut, “beraiek” gisa eta ez “gu” bezala. Ez ditut aktibatuko beharrezko zirkuituak, besteek ere badutela barne bizi mentala ikusteko. Erruki-zirkuituen indargabetze hori izan liteke, espezie moduan, gure historia biolentoaren esplikazioa.» (Ibid., p.332).

 “Atxikimendu iheslea” bizi izan denean, umeak, frogaturik dagoenez, hurbiltasun eta konexio bila dabiltzan zirkuituak ixtera jotzen du; hau da, eskuineko hemisferio erlazionala, emozionala eta alderdi somatikoan zentratua ixten du. Deskonektatu egiten du sentimenduen barne mundutik eta gorputz-sentsazioetatik, errealitate azpikortikalarekin lokabeturik geratzeraino. Bestalde, “atxikimendu desegurra” bizi izan denean, pertsona heldua, gaina hartu dioten sentimendu mingarriz josita aurkitzen da. Kontrolik gabeko erreakzioek adierazten dute kortex prefrontala deskonektatu egin dela eta eskuin hemisferioko prozesuek anulatu egiten dutela ezker hemisferioaren eragin orekatzailea.

Nolanahi ere, bakoitzak bizi dezakeenaren onarpenetik abiaturik, posible da errukian eta esker-onean hazten joatea. Eta, seguruenik, bide onak hor ekingo dio norbereganako erruki sanoa garatzeari; gero, ezarian-ezarian, beste guztiengana hedatuko dena.

 

www.enriquemartinezlozano.com

rufino iraolaren itzulpen librea.

 

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s