Justizia eta bakea

Justizia eta bakea elkarrekin zeharo uztarturik daude. «Bakea eta justiziak elkar musukatzen dute», esango du salmo-kantariak (Sal 85,11). Bakea ez da etortzen zerutik behera, guk saiatu behar dugu lortzen.

Bestalde, justizia eta bakea, errukia eta eskuzabaltasunari lotuak daude. Hala irakurriko dugu Lebitikoan: «Ez zaitez ibili mahastian azken hondarretarainoko guztiak biltzen, eta ez bildu ortuko fruitu eroriak, utzi behartsu eta kanpotarrentzat.» (Lb 19,9).

Era berean, tolerantzia eta abegi onarekin uztartuak daude bakea eta justizia. Lebitikoarekin jarraitzen dugu: «Kanpotar bat zuen artean, zuen lurraldean, bizi bada, ez zanpatu. Zeuon herritar bati bezalaxe begiratuko diozue zuen artean bizi den kanpotarrari, eta zeuon burua bezala maitatu behar duzue.»  (Lb 33-34).

Bestalde, Nazareteko Jesusek zoragarri elkartu zituen fedea eta justizia. Jainkoa non eta lagun hurkoa eta pobrearen aldeko justizia-ekintzan errekonozitu zuen. Hala adierazten digute bai testu sinoptikoek eta bai joanikoek. Hara zer zioen Lukasek: «Gose zirenak ondasunez jantzi zituen, eta aberatsak esku-hutsik bidali.» (Lk 1,51-53). Injustiziaren biktimen aldeko diskriminazio positiboa berri ona zen pobre eta gosetientzat.

Eskala sozialaren mailarik baxuenean kokatu zen Jesus. Batzuen hitzetan, “desklasatu” egin zen; alegia, klasez jaitsi. J.P. Meier-ek dioenez, Behe Galileako nekazari auzo iluneko laiko bat baino ez zelarik, Jesus jada marjinala zen, botere erlijiosoaren jabe zirenentzat, Jerusalemen azaldu zenerako.

Jesus, bizitza publikoari ekin aurretik, familia abandonatu eta Joan Bataiatzailearen taldean sartu zen; Joanek Jordan haranean ziharduen irakasten eta Israelentzat mezu eskatologikoa iragartzen, injustizia salatzen, bekatuen konbertsio eske eta aurki Jainkoak egingo zuen agerraldirako prestatzeko esaten (Mt 3,4ss). Joanen mezuak biziki ukitu zion Jesusi, eta badu zerikusia gero irakatsiko duenarekin.

Hala eta guztiz, Joanengandik bataioa hartu ondoren, bere jardun propioari ekin zion Jesusek: Galilean (jaioterrian) eta Jerusalemen garatu zuen jarduna. Jesusentzat, Maitasun baldintza gabea da Jainkoa. Dei gisa interpretatu zuen Jesusek esperientzia hori eta Jainkoaren Erreinu kontzeptu moduan adierazi. Aitarekin identifikatuko da, eta bere bizia baino garrantzitsuago eta handiagotzat joko du eginkizun hori. Esperientzia berri horrek gainditu egiten ditu Jesusen uste eta esperantzak eta Joanen proiektua txikiegi geratzen zaio. Baina Jainkoaren esperientzia ez da gertatzen beste giza esperientzia batzuekin batera edo aldi berean, esperientzia beroietan baizik.

Inoren minak min ematen dio Jesusi berari ere, eta errukiz betea dago aurrean jartzen zaizkion koitadu eta atsekabetuenganako: legendunak, gosetiak, itsuak… (Mk 1,41; Mt 14,14; Mk 6,34; 8,2; Mt 20,34). Besteren oinazea barneratze horretan ez dugu ikusi behar erreakzio emozional bat, baizik eta Jesusek orain honetako praxi kritiko eta baldintza material berrien eragile eta sortzaile bihurtzen duela, kausa bat edo bestea dela bide, historiaren erreten-zuloan ahazturik aurkitzen direnentzat (Lk 10,30ss). Euskarri ekonomiko ziurrik gabeko behartsu material askorekin konpartitu zuen bizitza Nazareteko Maisuak (langileak, alarguntsak, umezurtzak, atzerritarrak). Horietako asko, gainera, behartsu soziala ziren, dirudun ahaltsuen esplotazio ekonomikoaren erruz; eta umilazio eta zapalkuntzaren mende aurkitzen ziren pertsonak.

Jesusengan eragina izan zuten profezien artean hauxe aipatuko nuke Is 61,1: «Nigan dut Jainko Jaunaren espiritua, Jaunak sagaratu bainau; hark nau bidali behartsuei berri ona hots egitera.» Errukiak bultzatu zuen Jesus gaixoekin, goseti, emakumezko, hildakoen senide eta lur jota zeudenekin solidarizatzera (Mt 14,14; Mk 6,34; 8,2; Lk 7,12-13). Kristau fedearen harira esan daiteke “bestearekin”, behartsuarekin, topo egitea, justiziaren aldeko borroka eta praktika bihurturik, toki eta egoera pribilegiatua dela Jainkoaren presentzia salbagarria esperimentatzeko.

Rahner-en ustetan, kristaua mistikoa izango da, hau da, “zerbait esperimentatu duen pertsona” edo ez da kristaua izango. Fede soziologikoa, esperientzia espiritualik gabe, ez da bideragarria. Jesusen mistikak Jainkoaren bila behekoen, baxuen artean, segitzera gonbidatzen gaitu. Jesusek ez zuen iragarri doktrina bat, bere jarraitzaileen artean hedatzeko; bizitza ikusi eta hartzeko modu berria erakutsi zigun haren jokaerak.

Jainkoaren aitatasunaren parabola aramearrak esan nahi du Epaile edo Botere edo Distantzia baino lehen, bizi iturri, konfiantza-alor, giza duintasunaren ontzi eta askatasunaren gordailu dela Jainkoa. Benenetako gertaera askatzailea izan zen Jesus historikoaren ikerkuntzei esker lorturiko aurkikuntza hori, XX. mendearen bigarren parteko katoliko askorentzat. Artean beldurraren pastoralak agintzen zuen Elizan. Gogoan izango dugu fedearen gure lehenengo sozializazioa Jainkoaren zein irudirekin egin genuen: katekesiko karteletan inkisiziozko begirada, triangelu ekilateroaren erdian egundoko begi tzar batek gizakiaren existentzia osoa hezur-muinetaraino, zorrotz eta bipil, arakatzen zuela.

Jesusen praktikak erradikal batenak dira, nahiz eta harengan ez dugun aurkitzen fariseuena bezalako zorroztasun legalistarik, ezta ere zeloteen gogorkeriarik. Gizakiaren bizitzako arazoen sustraira jotzeko daukan askatasunetik dator Jesusen erradikalismoa. Bulkada espiritual horrek, zuzenean, harira joarazten dio: behartsuen bizitza eta duintasuna; ez dauka inolako kezkarik behar den guztia hankaz gora ipintzeko: larunbata, legea, familia eta konpainia onak, kultua eta tenplua.

Pobreak, esklaboak eta prostitutak ez dira jada zapalkuntza eta umilazioaren objektu pasiboak, baizik eta subjektuak, Jainkoak seme-alabatzat hautatuak izatearen duintasunarekin. Kontzientzia berri horrekin, pobreak, esklaboak eta prostitutak jaiki daitezke egoera makurretik, eta bere buruari eta elkarri lagundu. Jada ez dute onartuko esplotatzaileen balore-sistema, non, horren arabera, aberatsa den benetako pertsona.

Behartsuek boteretsuen baloreak barneratzea sekulako oztopoa da liberatzeko. Kasu horretan, egoera autodestruktibo bilakatzen da pobrezia eta beren buruarekiko gorrotoa sortzen du pobreen artean. Jainkoaren Erreinuaren ebanjelioak, behartsuentzat emana, gainditu egiten du gorroto hori eta behartsuak birgaitu egiten ditu, burua zutik dutela eta makurtu beharrik gabe bizi eta ibil daitezen.

«Izan errukitsuak zuen Aita errukitsua den eran.» (Lk 6,36). Jesusen dei hori ahanzten denean, Jainkoren bila dabilenak kultuaren Jainkora jotzen du, ez profeten Jainkora, eta ez dio entzuten hau dioen Jainkoari: «Errukia nahi dut eta ez sakrifizioa.» Beste gauza guztien gainetik, Jainkoa Maitasuna da.

Jesusen portaerari buruzko daturik seguruenetako bat, mahaia pobreekin konpartitzeaz batera, praktika sendagarriak dira. Gaur gaixo psikikotzat joko genituzkeenak, orduan deabruak harturikotzat jotzen zirenak, ziren Jesusen jardun horren onuradun nagusiak. Jesusen garaian, “deabruak harturiko” asko eta asko orduko egitura injustuen ondorioa ziren. Izan ere, egitura horiei esker, boterea zeukatenek nahi zutena egiten zuten, nahi zuten eran sailkatu, banandu eta baztertu pertsonak. Jesusen jokaera sendagarri eta exorzistak, gauza guztien gainetik, sufritzen zuen pertsonari begiratzen zion. Jesusen ekintza horiek helburu argia dute: Jainkoak pertsona guztientzat nahi duen liberazioa azaldu, eta beste mekanismo batzuen gainean eraiki gizartea; ahulenak zaintzea oinarritzat harturiko erlazioak islatzen dituzten mekanismoak.

Bere eginkizuna bete ostean, misioaren amaieran, Jesusek dio gauzen egungo ordena amaitu dela, beste ordena berri eta definitibo bat hasi dela, Jainkoaren Erreinuak bultzaturik. Baina ez du, Qumran-eko esenioek bezala, tenplu berrituari buruzko adierazpen zabalik aurkeztuko. Haren jarrera, tradizio sinoptikoan zein joanikoan agertzen den eran, gero heriotzara eramango duen ekintza gatazkatsuan islatzen da. Jerusalemgo tenplutik botako ditu Jesusek merkatariak (Mk 11,15-18; Jn 2,14-16).

Jesusen asmoa eta gogoa ez dira tenplu hark errepresentatzen duen instituzio erlijiosoa purifikatzea edo haren abusuak zuzentzea, Jesusen garaiko mugimendu judutar askok egin zuten bezala. Ezta Jesusek berak proiektaturiko beste instituzio berri batez ordezkatzea ere. Jesusen jardun polemikoaren xedea da hau azaltzea: Jainkoaren bizitokia jada ez da espazio akotatu hura, apaiz kastaren mesetan eta herriaren kaltetan,  hiriaren mesedetan eta nekazarien kalketan, juduen mesedetan eta jentilen kaltetan hainbat pribilegio diskriminatzaileren iturri zen espazio edo esparru gogaikarri hura.

Anaiarte unibertsalaren aurrerabide historikoa bultzatuko duen justiziaren praktika izango da Jainkoari eskain dakiokeen egiazko kultua.

Kristautasuna erlijio baten moduan portatu da kasik historiako etapa guztietan. Bada, Jesusen jokaera garbi eta argi dago boterea bere esku eta nahi eran darabilen erlijioaren kontra. Boterea eta Jainkoarekiko lotura definitiboki ezeztaturik geratuko da Nazareteko Jesusen heriotzarekin, eta jarraitzaileen Pazkoa ondoko jokabide eta jardunarekin.

Jesusen portaerak hau ere garbi utziko du: Jainkoaren gaineko ideietan ez daude jokoan  soilik iritzi teologikoak, baita, eta batez ere, injustuki trataturikoen defentsa, behartsuen anparoa eta egiteko hori ahaztu eta baztertzen duten instituzio erlijiosoen kritika ere. Jesusek molestatu egiten du, eta beldurra ematen die ortodoxia judutarraren defendatzaileei.                                                                                                                                                                                                                                         (cf. F.J. Vitoria Cormenzana, ‘Una teología arrodillada e indignada’, CJ, Sal Terrae)

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s