Metaforen indarra

33. Igandea, Denbora Arrunta, 2013-11-17, Lk: 21, 5-19

Behin batean, batzuk tenpluari buruz ari ziren, harri eta eskaintzen kalitatea ikusirik. Orduan, Jesusek esan zuen: 

Etorriko da garaia, hor ikusten duzuen horretatik harririk harri gainean geldituko ez dena: dena suntsituko dute

Eta haiek galdetu zioten:

―Maisu, noiz gertatuko da hori?, eta zertan antzemango da hori gertatzera doala?

Eta hark erantzun:

―Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! Zeren asko etorriko nire izena beretzat hartu eta hau esanez: «Ni naiz Mesias», edo «laster da ordua»; ez joan halakoei segika.

Gerra- eta iraultza-hotsak entzutean, ez izutu.

Zeren hori da lehenbizi gertatu beharrekoa, baina amaiera ez da berehala izango.

Gero esan zien: 

―Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra hasiko dira, lurrikara handiak izango, eta, herrialde askotan, izurri eta goseteak.

Ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.

Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua erantsiko dizuete, pertsegitu egingo, tribunalen eskuetan ipini eta kartzelan sartu, eta errege eta agintarien aurrera eramango zaituztete nire izena dela medio: testigantza emateko aukera eskainiko dizue horrek guztiak.

Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendituko kezkatan egon beharrik; neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaiek ez dute izango horri aurre egiterik, horri erantzuterik.

Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko, eta gorrotatuko zaituztete niregatik. 

Baina ez duzue buruko ile bakarrik ere galduko: ez duzue etsiko iraupenari esker salbatuko dituzue zuen arimak.

**************************************************

 Ziurtasun bakarra

Gertaerak baino geroagoko kontakizuna, nahiz eta gero hitz horiek Jesusen ezpainetan ipini. Tenpluaren suntsiketari dagozkio. 70ean gertatu zen hori, armada erromatarraren inbasioaren ondorioz. Marrazten zaigun koadroa ez da polita eta gozoa: gerrak, mesias faltsuen agerpena eta Jesusen jarraitzaileen kontrako erasoak; gainera, askotan, beren senideen aldetik.

Hori guztia, aipatu dugun eran, gertaturikoaren argazki antzeko bat da. Erraz irudika dezakegu lehen komunitate haien egoera larria, artean erlijio juduaren orbitan egonik, nahiz eta adar bat gehiago izan haren barnean.

Lurralde osoa birrindurik, Jerusalemgo tenplua zeharo suntsituta… Panorama hitsa begien aurrean. Judaismoa bera ere desagertzeko zorian dago. Berreraikitzen hastean denean, Jamniako asanbladako erabakietan eta fariseuen ideietan oinarriturik, Jesusen jarraitzaileak eskumikatu egingo dituzte eta, handik aurrera, pertsegituak izango dira.

Horrelako kaos-egoeran, ez zen izango erraza fideltasun eta konfiantzari eustea. Eta litekeena da komunitateetako kide asko, inondik ere, urte haietan hain ugariak ziren mesias haietakoren baten atzetik joatea.

Arrisku horien aurrean egiten den oharra da kontakizun hau. Gertaturikoaren aurretiko (deskribapen) gisa azaldu eta Jesusen hitz bezala aurkeztean, komunitateen konfiantza indartu nahi dute, esanez bezala ez zela gertatzen aurreikusirik eta iragarrita ez zegoen ezer.

Eta, beldurrak astindurik, bi gauzetan eragin nahi du: batetik, Jesus beraren presentzia dutela lagun eta horrek eman behar dien konfiantza, harengandik lortuko baitituzte tribunalei aurre egiteko hitz egokiak eta jakinduria; eta, besterik, krisiaren aurrean etsi gabe iraun dezatela, segurtasun osoa bermatzen duen irudiaren bidez azaldua: «Baina ez duzue buruko ile bakarrik ere galduko.»

Buruko ileen metaforak ziurtasun osoa izateko bidean ipintzen gaitu; badugu heldulekua: benetan garenari ez diezaioke ezerk erasan negatiboki. Garena beti eta arrisku guztietatik zaindu eta gordea dago. Zeren, azken finean, ez baita ezberdina DENArekiko.

Iraunkor ez den guztia erasangarria da. Formen munduan dena, salbuespenik gabe, etengabeko aldaketen mende dago, eta gauza bakoitzak badu bere kontrarioa edo beste poloa. Formak baino haratago, ordea, DA da dena.

Baliteke pertsona erlijiosoa, kontzienteki, Jesusen presentziara irekitzea; egia esateko, Harengan, DEN guztiarekin konektatzen ari da, zentzumenen eta gogamenaren bidez hautematen dugunaren gainetik. Pertsona fededunak, Jainkoa komeni zaion neurriko idolo bihurtzen ez badu, Harengana irekitzean, den Erreal guztiaren azken Misterioan kokatzen dihardu, horregandik ez-banandu sentitzeraino, eta orduan dena salbu dagoela, dena ondo dagoela nabarituko du.

Izango dira gerrak, izurriteak, pertsekuzioak… Baina gure benetako identitatearen Kontzientzia badugu (ez, noski, egoa herio-mehatxuka, baizik eta Kontzientzia BAT), salbatuak sentituko gara beti eta nonahi.

www.enriquemartinezlozano.com

(rufino iraolaren itzulpen librea).

P.D.

Ikusten duzuen eran, honela amaitzen du E. M. Lozanok joan den igandeko ebanjelioaren gaineko komentarioa: «… eta orduan dena salbu dagoela, dena ondo dagoela nabarituko du. Izango dira gerrak, izurriteak, pertsekuzioak… Baina gure benetako identitatearen Kontzientzia badugu, ‘salbatuak’ sentituko gara beti eta nonahi.» (itzulpena nirea da, noski).

Zail egiten zait komentario hori ulertzea eta, batez ere, asimilatzea. Posible al da gerra, izurrite, pertsekuzio eta orain Filipinetan Hayan tifoiak egin dituen triskantzen ondoren edo historian zehar gertatu diren eta gertuko diren milaka ezbehar natural eta bestelakoren aurrean, «dena salbu dago, dena ondo dago» esatea?

Horrek esplikazioren bat behar du. Hauxe  nik aurkitu diodana:

Ez da ezer aurreratzen ezbeharren aurrean kikilduta eta aitarenka geratuta. Ez da praktikoa, zeharo hunkiturik, emozio-mailan gelditzea, oso txarra baizik.

Nire adiskide bati gertaturikoa kontatuko dizuet: behin batean, sekulako bularreko minez etxeratu zen. Emaztea, zeharo bloketarik, medikuari deitzeko gai ez zela geratu zen, eta nire adiskide horrek berak deitu behar izan zion.

Antzeko gauza da sarritan ezbehar eta hondamendi handiekin gertatzen zaiguna. Nik uste dut, «Dena ondo dago» esatean, adierazi nahi dugula gai garela gizaki bezala dagokigun moduan erreakzionatzeko. Horrelakoetan bai azkar pentsatu behar dugula «biziak aurrera jarraitu behar du.» Egoera honek ez diezaguke erasan erantzun-gaitasuna deuseztatzeraino.  

Tenplea, inoiz erakustekotan, horrelakoetan erakutsi behar dira. Emoziotik jokaera praktikorako bidea egin behar du prozesuak. Modu zibilizatu eta logikoan erreakzionatu behar da. Enpatia eta errukia sentitu eta horiek laguntza praktikoa ematera bultzatu beharko gintuzke. Jakina, salaketa ere egin behar da, ikusten dugulako, ezbehar guztietan, behartsuenak direla, beti betikoak, ondoriorik larrienak nozitzen dituztenak. Munduko ordena horri, beren interesengatik, eutsi nahi diotenen kontrako borroka ezinbestekoa da.

Inportantea, era berean, depresioak jotzeraino pasatutakoari buruan bueltak ematen ez jardutea. Edo afektatuekin ‘bihar’ zer gertatuko ote den pentsatzen gehiegi ez estutzea, hortik datorren antsietateak mendean har ez gaitzan.  

Hortik aurrera, horixe baietz!, ‘dena ondo dago’. Lasai eta geure burua eta munduarekin adiskide jarraitu behar dugu. Badakigu zein baldintzetan etorri ginen hona. Kontzienteak garenean, ‘dena ondo dago’.

Esta entrada fue publicada en 1 Igandeko ebanjelioa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s