Jainko idoloa

“Jainkoa”. Ondo hitz gastatua, alajainetan!, erabiliaren erabiliz. Hitz eta kontzeptu zeharo manipulagarria. Jainkoak bere irudira egin zuela gizakia, diote. Alderantziz, esango nuke nik: gizakiak egin du Jainkoa bere irudira, bere premia eta beharrean arabera, bere jokabideak justifikatzeko, interesak defenditzeko. Edo ongi senti dadin eta barneko hustasuna arintzeko. Jainkoari entzun?, geure barrenari entzun? (gauza bera da). Utikan! Trapu zaharrak bezala, edozein ipurt-zerbitzutan erabiltzeko sortu dugu Jainkoa.

Sarritan, pertsona elizkoi eta “santujaleen” suhartasuna ozta-ozta iristen da elizako ateraino (barne aldetik). Kaleratuz gero, segituan hozten dira. Kabestruak jantzitzako mandoaren antzera, aurrera egiten dute. Ez dute ikusten lagun hurkoaren premia eta beharrik, pobre guztiak desagertu egiten dira haien begietarako, immigranteak ez dira konpetentzia desleiala egiten diharduten mantero azal lodiko batzuk baino. Nork bere lurraldea eta etnia defenditzea esaten diote xenofobiari. Elizatik kanpo ez dute nahi harremanik Jainkoarekin: ez zaie posible iruditzen. Baina, hain zuzen, non dago Jainkoren esperientzia, elizan ala kalean? Elizan, soilik aurkituko dugu Jainkoaren kontzeptua, Jainkoaren ideia, geuk zizelatu dugun Jainkoaren irudia: idoloa.

Nola imajinatuko dugu Jainkoa, atomoa —are gutxiago bizi subatomikoa edo makro-unibertsoa— imajinatu ezin badugu? Ondorioak bizi eta esperimentatzen ditugu. Jainkoa ez daiteke imajinatu, Misterioaren esperientzia bizi baizik. Bibliak debekatu egiten zuen Jainkoaren irudiak egitea. Ederki egina! Hari buruz ez daiteke ezer esan, metafora eta parabolez bidez ez bada. Beste guztia da gure ideiak, nahiak, beldurrak, haserreak harengan proiektatzea. «Hura han bizi duk bere zeruan», esango du abeslariak. «Guk idolo bihurturik», erantsi beharko genioke. Irudi eta ideion arabera, Jainkoak Kreazioa egin, hantxe utzi eta, erremintak bizkarrean zituela, etxeratu, afaldu eta lotara joan zen. Oraindik ere jarrai ote dezakegu infantilismo horren iturritik edaten?

Orain ohartzen naiz, gainera,  mundu bat ez baizik bi sortu dituela, eta bata bestearen kontrakoa: lurra versus zerua, sakratua/profanoa, espirituala/materiala, naturaz gaindikoa/natualara, erlijioso/laikoa, fedea/bizitza… beraz, pertsona bi mundutan bizi da aldi berean; horri ez al zaio eskizofrenia esaten? Neuk behin batean (1991-X-12) idatzi nuen pasartea gogoratuko dut:

Beraz nik, gogoz eta desioz, hemen hasi eta hemen amaitu nahi dut. Erraza da konprenitzea: gularen plazera txuleta batez asetzen ari naizen guztian, beste mundurako merituak galtzen ari naiz. Kafe bar hartzen dihardudanean, beste mundurako puntuazioa jaisten ari naiz. Amodioa egiten ari naizenean, zer esanik ez! Horrela, mundu honetako gozamenik nimiñoena, besterako karga negatibo bihurtzen da. Baina dena! Ez esan esajeratzen ari naizenik! Pentsatu eta gero hitz egin. Beste mundurako merituak inbertsoki proportzionalak dira mundu honetan sufritzen dugunarekiko. Hori uka dezakeen teologorik ez da nire aurrean jarriko.

Beste batean, esan nuen zientziak aurrera egin ahala Jainkoa erretiratzen joan zela munduko gertakizunetan parte hartzetik. Adibide sinple hau ipintzen nuen: “Jainkoa” tximista eta trumoika hasten zenean, guk erramu bedeinkatua sartzen genion suari, eta atarian ur bedeinkatua bota, lehenbailehen bare zedin. Azkenik, dena naturako legeen eskuetan uzteraino erretiratu da Jainkoa. Orain oso “urrun” dago.

Alafede!, zientziak Jainkoa urruntzea ez da milagro. Harritzekoa da erlijioarentzat ere urrun geratu dela. Erlijioak ere, poetak zioen moduan, han goiko zeru urrunean kokatu du Jainkoa. Gero, hura eta gure arteko tartea nolabait bete behar eta, Ama Birjina, santuak eta aingeruak ipini ditugu bitartekaritza lanetan, subiranoaganako eskailera-maila gisa. Maiestate infinitua bera, eta Adanen seme ezerezok nola joango harengana ate-joka?. Eta hementxe errenditu behar, Ahalguztidunari bururatzen zaizkion kapritxo eta gutizien mende. Izaki guztiz arbitrarioa Jainkoa, enetxook!

Paradigma zaharraren arabera, Jainkoa hemen zebilen beti gure atzetik, eta aurretik, biradera eskuan, ontziari, ondo ala gaizki, gogoak emandako tokira eraginez, gertaera guztietan parte hartuz, gaiztoak zigortu eta onak sarituz, ongia sustatu eta gaizkia permitituz.

Idoloa. Epaile gorena. Borrerorik sadikoena kapaza izango ez litzatekeen zigorrak ematen. Hori dena, pertsona oso erlijiosoen ahotik entzun izan dugu. Hori da, finean, gizon erlijiosoak eraiki eta irakatsi digun jainkoa.

Ebanjeliora itzuli

Baina lasai! Badu konponbidea: luzapenik gabe ebanjeliora itzuli eta Jesusen hitzen abaroan gerizpetu. Transmititzen digun konfiantzara esnatu, Jesusen Jainkoa beste bat baita. Izanarazten eta biziarazten gaituen Jainkoa da Jesusena, eta ez zigorra eskuetan duela mehatxatzen gaituena. Geure barne sakonera begira ipiniko gaitu, eta, horrela, Misterioarengana hurbilaraziko, bat eginaraziko. Jainkoa ez da banandurik dagoen norbait. Jainkoak bere baitan hartzen gaitu, itsasoak olatua hartzen duen era berean. Ekialdeko maisu espiritualek dioten moduan, olatuak eta itsasoak izaera bera dute: ura dira. Ez dira bi gauza, ez da bakarra: elkarturik daude, nahasketarik gabe, baina banaketarik gabe ere bai. Dibinitatearen barnean dago dena (Hilario de Potiers).

Jainkoagan sinestea bizian sinestea da, Jainkoa bizia baita. Biziak, izango bada, behar du sustrai bat, horixe da Jainkoa. Jainkoa ez dago biziaren ondoan, bizia bera da. Idealik handiena da, esperientzia izan duzulako, fede beharrik ez izatea. Jesusek ez zuen sinetsi beharrik izan, Jainkoaren esperientzia bizi izan zuen.

Jainkoaren esperientzia bila elizara doa jende asko. Ebanjelioak, aldiz, beste toki bat apuntatzen du: behartsu, baztertu, biktima eta gaixoa dauden tokia da egokiena. Erlijioaren aurrean beti espiritu kritikoa da antidotorik onena, Jesusek izan zuen bezala. Bizitzaren inguruan dugun jokabidean ikusiko da Jainkoaganako gure hurbiltasuna ala urruntasuna. Bestetik, Jesusek ez zuen erlijio berririk sortu, ez zuen ikusten beharrik; mesede baino kalte gehiago ikusten zion.

Formulak eta dogmak. Hori ez da fedea. Hori inposizioa da. Gure barnetik sortzen den esperientziak emango digu Misterioarekiko lotura. Beno, beti egon gara lotuak, ohartzea falta.

Sarritan entzun dugu Jainkoaren esperientzia transformatzailea dela. Baina zenbat pertsonak dauka Jainkoaren esperientzia pertsonala, biziari lotua, maitasunean oinarritua?  Mundu erlijiosoan asko dira Jainkoari buruzko kontzeptuak, ideiak, baina ez dago Jainkoaren esperientziarik. Eta konbikzioa esperientziatik baino ez daiteke etor. Bestea, lehenago esan dudan eran, inposizio dogmatikoa da.

Jainkoaren esperientziarik ez dagoenean, erlijioa perbertitu egiten da. Benetako esperientziarik ez dagoenean, erlijioa instrumentalizatu egiten da, eta edozein erakunderen moduan funtzionatzen hasi, dena bere inguruan bueltaka ipinirik.

Nola ireki Jainkoaren esperientziara? Horixe da teologia, espiritualtasuna eta pastoralaren galdera urgentea. Horrexek dauka lehentasuna. Esperientzia horretara irekitzeko, lehenengo egin behar dena da: Misterioaren aurrean dena eten eta harridura eta hunkidura sentitu. Bigarren, Ebanjelioko egien aurrean indarberritu eta lanean hasi.

Ez da lan erraza. Hasteko eta behin, ezin bestekoa da pertsonak bere esperientzia egitea. Nola pentsa dezaket Jainkoa nigan esperimentatzea neure burua esperimentatu ezin baldin badut? Norberarekiko lehen esperientzia horretatik hasi daiteke pertsona, Jainkoaren esperientzia egiteko prestatzen, biziaren esperientziara bost zentzumenekin ireki ondoren.

Jainkoaren esperientzia izateak esan nahi du maitatua izan izanaren esperientzia edukitzea, debalde eta baldintza gabeko maitasuna. Sinestea ez da errealitatetik ihes egitea, mundutik baztertzea, baizik eta munduarekin gehiago inplikatzea, premiak aztertu eta sakontzea, Misterioarekin gero eta batuago bizitzea, edo DENA bat dela ohartzea.

(cf. El gozo de ser persona, E. M. Lozano, narcea)

Esta entrada fue publicada en 1 Espiritualitatea/gogoeta y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s