Xantiren logika

 Logikaz jokatuz gero, munduko problema gehienak konponduta omen leudeke

 «Ez zekiat zergatik gertatzen zaizkidan horrelakoak, Rufino», esaten zidan aurrekoan Txanberlainek. ‘Txanberlain’ deitzen diogu. Seguruenik, bere belarri xabalek eta sudur luxeak itxura berezi samarra ematen diotelako eta, batik bat, barre errazekoa delako eta txiste txar asko kontatzen duelako. «Hi, Xantik jo zidak adarra –jarraitu zuen gero–. Nik herrian egin ditudan lanak, eta ez omen nagok batere kontsideratua; aldekoak baino kontrakoak gehiago omen diat.»

«Xantik bazekik bestelako kontuak esaten ere –lasaitu nahi izan nuen–. Ez al haiz gogoratzen, oraindik denbora asko ez dela, Lizarragako tunelean bazkatzen ari ginela, zelako lata eman zigun, bere filosofia berria zela eta ez zela?»

Xantiren hitz magikoa ‘logika’ da. Logikaz jokatuz gero, munduko problema gehienak konponduta omen leudeke. Seguru nago Txanberlainen kasuan ere, honezkero, aurkitu duela atearen maratila, ‘logikari’ esker. «Hik, heure burua, haizen bezala eta dituan zirkunstantziekin onartu behar duk; logikak ez dik hutsik egiten!», esango dio.

Eta zein da Xantiren logika elkarrekiko harreman eta erlazioetan? Jende zibilizatuaren moduan jokatzea, errespetu apur batez, askotan irakurri izan dugun hau bezalako harrokerietan erori gabe: «Lagunak neuk aukeratzen ditut.» Xantiren lema beste bat da: «Nik ez ditut lagunak aukeratzen, baina aukeratzen nautenen oso laguna naiz.»

Xantiren logika umiltasuna eta egiari lotzea dira. Horrek esan nahi du, hasteko eta behin –beti ere Xantiren hintzetan–, garen bezala geure burua onartzea, dimentsio guztietan: fisiko, psikiko, espiritual eta biografikoan. Aldatzeko ere garena onartu behar omen da aurrena.

Xantik ez al dizkigu, Txanberlain eta gainerakoei, lan gaiztoak ipintzen? Bai horixe!  «Umiltasuna ez duk duintasunaren etsaia, egiarekin bat egitea baizik», aldarrikatuko du. Eta segituan gehituko du atseden eta barne bake eta askatasunaren iturri dela umiltasuna.

Besteekin zer tratabide-modu izan behar den adierazi nahian-edo, hala esaten dio Txanberlaini eta, bide batez, denoi: «Lagun bi elkarrekin liskarrean ikusten badituk, badaezpada ere ez sartu tartera makila hautsiarekin, ea hurrena beren artean adiskidetu eta heuri eraso egiten diaten!»

Beste hau ere ondo Xantirena da: «Hirekin ondo portatzen ez badira ere, hik beti ongi portatu behar duk besteekin, logikoa denez, haiek bezalakoa izan nahi ez baduk. Ez zagok egiterik gauza bat kritikatu eta gero berdin jokatu.»

Esta entrada fue publicada en 1 Artikulua/Prentsa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s