Autodeterminazioaren aldeko arrazoi praktikoak

Ez dago eskubide naturalik, gizakiaren eraikuntzak dira guztiak, etxeak eta gainerako produktuak sortu eta egiten diren bezalaxe eraikiak.

Behiala, «Isiltasunaren garaiak dituk, Rufino», esan zidaten. Eta nik, burua makurturik, men egin nien. Baina horrek bazuen bere kontrapartida: «Biolentziarik gabe, edozertaz mintza daiteke», prometitu ziguten. Literalki erreproduzitzea nahi baduzue, erdaratik zetorrenez, honela zen esaldia: «Biolentziaren absentzian gauza guztiez hitz egin daiteke».

Eta gu pozik, barrenean baikeneraman zorion diferituaren zentzua. Neska nobizia hark ez, noski. Nobizien maistrari sexualitatez mintzatzea otu zitzaion egun batean, honela hasi zitzaien lirioaren pareko neska garbi haiei: «Enetxook, zer balio du, ordea, ordubeteko plazerak eternitate osoaren ondoan?». Eta amaitu zuenean: «Inork galderarik bai?» Neska batek jasotzen du eskua eta, danba!, galdera: «Nola iraunarazi ordubete plazerari?»

Neska argia, dudarik gabe. Eta arrazoi osoz planteatu zuen galdera. Geroko zorion-esperantzak ez du esan nahi oraina baztertu eta mespretxatu behar dugunik. Ezinbestekoak dira bien arteko sintonia eta sinkronizazioa, geroa ere presentea izan dadin, praktikan ez baitago presentea beste denborarik. Gero ikusiko dugu metafora horren islatze praktikoa, autodeterminazioaren kontzeptuari aplikaturik.

Aurrekoan, Xabier Usabiagak ETB1en zuzentzen duen debate-programa ikusten egon nintzen. Partaide batek, beste askok esan ohi duen eran, behin eta berriz azpimarratu zuen autodeterminazioa ez dela eskubidea, hautabide politikoa baizik. Gero beste adjektibo batzuk ere erantsi zizkion: nazionalisten gutizia, mitoa… Gehiago ere esan zuen eta esaten dute koru horretako partaideek; adibidez, Euskal Herriak ez duela sekula izan status politiko propiorik; eta gutizia dezakeen kotarik altuena Estatutua dela, oraingoa edo erreformatua.

Bi gauza esanez jarraituko dut: a) gu isil-isilik egon gara ETAk atentatuak egiteari utzi arte –agindutakoarekin koherenteak izanik–, atentatuak kondenatzeko izan ezik. Baina, lehen, isiltasunaren garaia bazen, orain hitzaren ordua da, eta nik ekin egin nahi diot; b) prest nago aurreko paragrafoan aipatu den hori guztia, lan-hipotesi moduan bederen, onartzeko eta arrazoi emateko. Beraz, laburbilduz, onar dezadan: «Euskal Herriak ez dauka autodeterminazio-eskubiderik».

A!, baina ni horrek ez nau kezkatzen. Ez baldin badauka, eraiki egingo dugu. Non dauzkazu, ordea, behar diren materialak? Puntu batean ados gelditu gara: eskubide guztiak giza eraikuntzak dira. Eta horretarako ez dira behar bi gauza baino: espiritu demokratikoa eta borondate politikoa. Horrekin dena eginda dago, “Konstituzioak ez du onartzen” eta horrelako argudioekin ahaztuta. “Gizakia ez dago Konstituzioarentzat egina, Konstituzioa baizik gizakiarentzat egina”.

Ni erabat neutrala naiz arazo honen aurrean, eta komeni da hori esatea. Esan nahi dut autodeterminazioaren alde nagoela (laster esango dut zergatik), baina ez naizela definitzen edo posizionatzen autodeterminazioak ahalbidetuko lituzkeen status politiko jakin horietako baten alde. Bi arrazoi dauzkat horretarako eta biak ere oso sinpleak dira: a) oraingoz aski da eskubidea lortzeko urratsak lantzearekin (luze joko du), b) zertarako orain posizionatzen hasi, badakit eta nik ez dudala parte hartuko, adibidez, status edo marko politikoa definitzeko erreferendum eta kontsultan?

Behin batean, hargin batek berreraiki zuen lehen beste batek egindako pareta. Pareta egin zuen baserriko nagusiak kezkati: «Manuel, berriz ere eroriko ote da pareta hori?» Harginak: «Bai, eroriko da, eta gure etxera joan abisuarekin, baina ni ez naiz etxean izango».

Konparazio polita iruditu zait. Oraingo belaunaldia eta hurrengo asko ere “ez dira etxean izango” autodeterminazioa praktikan ipintzen denean, oso luzerako estrategia baita. Borondate asko irabazi beharko da; paradoxikoki, oso urrundik hasita, nazioarteko instantzietatik ekinda.

Horrek ez du esan nahi gaurko belaunaldiek ezer egin ez dezaketenik eta hurrengoei testigua eman behar ez dienik. Autodeterminazioaren aldeko estrategia muntatu behar da gaur bertatik, hiru ezaugarri hauekin: baketsua, demokratikoa, eta noizbaiteko aplikazioaren ondorengo emaitzekiko independientea. Unionismo ala separatismo klabean hitz egiten badugu, autodeterminazioak neutroa izan behar du. Hau da, mundu osoak jakin behar du autodeterminazioak, berez, ez duela ezer erabakitzen, baizik eta posibilitateak bideratu.

Horrela, unionistak nahiz separatistak (bi muturrak aipatzearren, nahiz eta tarteko soluziorik ere egon daitekeen) eroso sentitu behar dute autodeterminazioaren aurrean; eroso eta beldurrik eta kezkarik gabe. Beraz, arrazoi praktikoengatik errebindikatu behar da autodeterminazioa. Herria, bake-bidean eta giro politiko jasankorraren dinamikan ipini behar du.

Eta bien bitartean zer? “Arraina eman eta arrantzan irakatsi”.  Daukagunari muzinik egin zen. Dikotomia ez dago estatutua eta autodeterminazioaren artean. Kontrario dialektikoak, izatekotan, dira estatutua eta autodeterminazioaren ondoren planteatzen den marko politikoa. Autodeterminazioa interface baten antzekoa da, bi posturen arteko lotura-elementua.

Gainera, bizimodu normala egiten jarraitu behar dugu. Langilearen jarreraren antzekoa izan behar du gureak. Lanaren soldata jasotzen dugu, baina baita zahartzaroan erretiroa kobratzeko eskubidea ere. Autodeterminazioarekin berdintsu jokatu. Presentean bizi, presentean landu geroko bidea, obsesiorik gabe, estresik gabe, burua behar dena baino gehiago nekatu gabe. Bizitza disfrutatu, pentsamendu bakarrera (autodeterminaziora) murriztu gabe. Errobik zioen bezala, “herria maitatzeko era asko dago”, esanez.

Baina bertsoaren hasierak dioena gertatuko dela sinetsi eta obsesiorik gabeko itxaropenarekin bizi; artaldean kolore guztietako ardiak direla onak pentsatuz bizi; arerio politikoarekin haserretu gabe, erretxindu gabe, pertsona bezala merezi duen tratua ukatu gabe. Sektarismorik gabe, besteek ere iritzia eman dezaten utzi; alferrik da besteak setioan eduki nahia. Hortik ez da ezer onik etorriko.

Esta entrada fue publicada en 1 Iritzia/gogoeta. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s