Nire ustez, potorik ez

Komentario dezente entzuten da Aitor Mendiluzek puntuka poto egin ote zuen. Hona nire iritzia. Lehenik, bertsoa bera, Elortza hasita:

Noski bion artean
hobe izango da-ta,
ia ba sartzen geran
elkarri tiraka.
Azkenik egin dugu
langintza aparta,
eskerrak, ia Errege
Eguna bada-ta!

Elortzak, esaldi nagusia zein izango den “zantzurik gabe”, mendeko esaldi batekin (kausala) ekiten dio.

Mendiluzeren meritua ikaragarria da: Elortzaren hasiera Mendiluzeren jarraipenak justifikatzen du guztiz, horrek bakarrik; ez hala edo ez hainbeste, bederen, Elortzaren beraren bigarren puntuak.

Bereari jarraipena eman baino areago, badirudi berbaldi berriari ematen diola hasiera Elortzak bere bigarren puntuarekin.

Eta horri ere zein dotore eta zorrotz erantzuten dion Mendiluzek eta zeinen ongi janzten duen lagunarena ere!

Diskurtso eta komunikazio aldetik 10ekoa da Mendiluzeren jarduna.

Poto ote? Nire ustez ez. Eta poto bada ere, zigortzeko adinakoa ez, hain diskurtso koherentearen azpian inolako indarrik gabe geratzen da-eta.

Begira zer dioen araudiak potoari buruz. Erabat kasu berdina ez bada ere, hurrengo atal honetan aurki dezakegu erantzuna:

Aditz laguntzaile monosilaboak (da, du, naiz, dut…) eta zenbaki monosilaboak (bat eta bi) ez dira poto, baldin eta aurreko hitzek errimatzen badute. Bestela bai. Beti baliabide aberatsa izango ez bada ere, ez da poto. Ezta “hartu du” eta “sartu du” ere.

Monosilabo baten aurrean gaude. (-eta, -ta bihurturik). Bistakoa da aurreko hitzek errimatzen dutela: da/bada. Kontua da hitz berdintzat jo behar al diren. Ez dut uste. Ba-, baldintza nahiz baieztapen-partikula enfatiko/modalizatzaile (galdegai) moduan,  erantsita doa, hitz bakarra osatzen duela, eta aditzaren funtziona zeharo aldarazten du. Adibidez, goazen, ordua da-ta eta goazen, ordua bada-ta!, ez dira gauza bera. Lehengo esaldia guztiz neutroa da; bigarrenak, berriz, erabat nabarmentzen du enuntziatzailearen animo-egoera.

Mendiluzek esan izan balu: eskerrak, jada Errege Eguna da-ta  (etena gaizki dago, baina adibide gisa balio du), poto garbia izateaz gain, diskurtsoa zeharo motelduko zukeen; ez zen ariko gauza bera komunikatzen, ez zen esklamazio-oihua izango.

Beraz, nire epaia: azterketa honen ondoren, 10ekoa izaten jarraitzen du Mendiluzeren lanak.

P.D. Pozik jasoko nuke beste iritziren bat.

Esta entrada fue publicada en 1 Bertsoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Nire ustez, potorik ez

  1. Nire ustez poto da ba.

    Aurreko hitzak da/bada izan ez balira, zalantza gehiago egingo nukeen, baina amaierako “ta” hori gabe ere, da/bada errimatzera inor gutxi ausartuko da, potoaren mugan ibiliko delako (bada baldintzazkoa ez bada behintzat). da/bada hori potoaren mugan ibilita, horiek badira “ta”ren aurretik doazelako zalantzatatik aterako gaituzten hitzak, poto da.

    Hobe izango da ta / eguna bada ta.
    Biak dira “eta”ren laburdurak, biak zentzu berean erabilita (asko jota beretsuan). Baina dena den, arautegiak monosilaboen kasua aditz laguntzaile edo zenbakientzat bakarrik kontenplatzen du monosilaboena, ez bestelako hitz motentzat, eta are gutxiago monosilabo bihurtutako laburdurentzat.

    Hori bai, puntukako saio honetako gauzarik aipagarriena ez da potoa, Mendiluzeren erakustaldia baizik. Elortza hasita:

    Kontuz nirekin daude
    CIA eta NASA
    ta halare sartzeko
    etzera kapaza
    ez didazu ipintzen
    ez bide erraza
    lagun handiak baina
    laguntza eskasa

    Ikaragarria batez ere bertso horretako erakustaldia; bai hasierako erantzunean, bai bukaeran. Kolpea zer den erakustaldi gorena ematen duen erantzuna; besteak planteatutakoari erantzunez, eta biderik itxi gabe, baina erdiz-erdi joz. Estetika, narrazioa, lirika… bertsolarien baliabideak dira jendearengana iristeko eta bertsoa gustagarri egiteko, eta kolpea beste baliabide bat da -bertsoak bereen duenetako bat gainera-, gaitasun bezala lantzeko oso zaila dena beste batzuen aldean, eta jendeak biziki estimatzen duena. Bikaina saioa.

    • kafarnaum dijo:

      Mila esker erantzunagatik. Iritziak iritzi, poto bada ere, ez du zigor handirik merezi. Gainera, potoa baino gauza okerragoak asko dira bertsotan.

      Rufino.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s